Maltzagatik: 18/98: auzipetuen une gogorra

Azken txanpan sartu da 18/98 makroauzia, zigorren eremuan edo amesgaiztoarekin bukatzeko unean. Denetarik egongo baita ezker abertzalea kriminalizatzeko inoiz izan den epaiketarik handienean. Urtebetetik gora asteroko Madrilgo jipoia jasan ondoren, une gogorrenetakoari egin beharko diote aurre auziperatuek, batetik orain ezagutuko dituztelako zigor eskaerak mantendu ala aldatzen diren; bestetik, laster epaiketa bukatuko delako.

Epaiketan zehar anabasa nagusitu da eta akusazioen ahuldadea agerian geratu da, baina alde horretatik ez da berrikuntzarik, hasieratik ezaguna zelako operazio juridikoa baino operazio politikoa zela. Epai honek bi aurrekari ditu, bata ona eta bestea txarra: Haika-Segi auziko epaia da txarra eta Egunkaria auziko fiskalaren artxibatze eskaera ona. Egunkariarena Barajasekoaren aurrekoa da, ezker abertzaleko gazteena ostekoa.

Martxoaren lehenengo hamabost aldirako espero da epaiketaren amaiera, eta martxoaren 10ean J'Accuse kanpainaren amaiera aurreikusten da, eskubide politiko eta zibilen aldeko manifestazio batekin. Azken finean, une politikoaren termometro bat gehiago da auzia eta honen inguruan hartuko diren erabakiak.

The Times-ek agerkari digitalean plazaratu duen argazkiak Iñaki de Juanaren egoera larria agertu du, lehenbiziz irudiz. Astelehenean aztertuko du bere kasua Espainiako Auzitegi Gorenak eta jadanik denetarik argitaratzen ari da Espainiako komunikabideetan.

Hasiera batean bost epaileri zegokien gaia jorratzea, baina azkenean Zigor Aretoko osoko bilkura osatzen duten 13 epailek erabaki beharko dute; hauetatik zortzi kontserbadoreak ei dira eta bost aurrerakoiak.

Hipotesi ugari ari da kaleratzen, baina presoaren behin-behineko askatasunaz Entzutegi Nazionalak erabakitakoaren ondoren ezkortasuna handia da.

De Juanak eutsi diezaioke bere egungo egoerari, agian beste 50 egunez edo gehiagoz, GRAPOko presoen aurrekariak hor dira, eta akaso bihar bertan hil, medikuek ohartarazi duten moduan. Auzi-epaiaz bakarrik ez, Goreneko togadunek De Juanaren heriotzaz ere erabaki beharko dute.

Milakabilaka, Bider mila, Konponbide.com, Bilboko gotzaitegiko ekitaldia, Kataluniakoak... Herritarrek bake prozesu batean duten garrantziaz ohartu bide dira orain indar politiko eta instituzioak; Barajasekoaren aurretik ere lantzen ari ziren ekimenak dira, baina ostean erabateko zentzua hartu dute.

Bake prozesua krisi larrian dago, baina oraindik ez da guztiz hautsi. Ikusten dugunetik abiatuta, denak adierazten du lur azpiko korrontean ura badabilela; ikusiko da ea azaleratzea lortzen duen edo ez.


ASTEKARIA
2007ko otsailaren 11
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude