Hipoteka berriak eta garestiagoak


2007ko urtarrilaren 21an
Hipotekak gero eta garestiagoak dira. Hain zuzen, gazteei eragingo die gehien, batez ere beraiek erabiltzen baitute mailegu hipotekarioa lehenengo etxebizitzaren erosketa finantzatzeko. Horixe ondoriozta daiteke adituek epe motzera egindako azterketa eta aurreikuspenetatik. Horiek horrela, epe motzean hipotekak 1.300 euro arte igo daitezke urtean, 2007-2008 urteetan Euribor indizea 1,50 euro igotzen bada. 2006ko amaieran %4koa zen Euriborra eta aipaturiko igoera hori gertatzen bada, %5,11koa izango da Espainiako Hipoteka Elkarteak (EHE) egindako aurreikuspenen arabera. Euriborra zer den eta azken urteetan nola garatu den jakiteko, irakurleak ondoko orriko koadroan azalpen txiki bat aurkituko du.

Kontuan izan behar dugu kreditu hipotekarioen %98,15ek interes-tasa aldakorra dutela, eta %1,9k interes-tasa finkoa. Interes-tasa aldakorren artean, Euriborra izan zen hipotekak egiterakoan erabiliena, eta kontratu berrien %83,7tan erabili da. Datu horiek ofizialak dira eta Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (EIN) argitaraturikoak.

2007tik aurrera, ordea, hein batean, hipotekak ez dira horren garestiak izango. Hipoteka aldatzea -interes aldakorretik finkora edo alderantziz- edo beste banketxe batera eramatea -errentagarriagoa delako- merkeagoa izango da. Izan ere, urte honen erdialdea baino lehen indarrean sartuko den lege baten arabera, mailegu bat epea amaitu aurretik kitatzeagatik banketxeek eta kutxek bezeroei kobratzen dieten komisio maximoa %1etik %0,5era murriztea aurreikusten du Espainiako Gobernuak. Notariotzako eta erregistroko gastuak ere %40 murriztuko dira hipoteka kitatu, aldatu edo subrogatzen denean.


Mailegu hipotekario berrienak, garestiago

Epe motzean, mailegu hipotekario berrienak, hau da, 2002tik kontrataturikoak, garestituko dira gehien. Urtean 900 eta 1.200 euro artean garestituko dira, litekeena delako Euriborra 1,5 puntu igotzea, eta batez beste 0,75eko diferentziala izango dutelako. Kontrataturiko hipoteka zenbat eta zaharragoa izan igoera hori ez da horren handia izango. Horiek horrela, 1997 eta 2001 urteen artean formalizaturiko mailegu hipotekarioak 500 eta 800 euro artean garestituko dira urtean. 1997. urtea baino lehen kontrataturiko maileguak, berriz, 500 euro baino gutxiago garestituko dira urtean.

Espainiako Hipoteka Elkarteak egoeraren aurreikuspen ezkorragoa egin du, kuota hipotekarioak kalkulatzeko ohiko erreferentzia indizeak epe ertain edo luzean -bi eta sei urte artean- Europako Diru Batasuna sortu zenetik izandako maila handienera iristen badira (6,390). Hori gertatuko balitz, hipotekak 1.800 euro garestituko lirateke urtean. Elkarteak egindako kalkuluen arabera, kalte gehien mailegu berriek jasango lukete, urtean 1.200 eta 1.800 euro artean garestituko lirateke eta. 1997 eta 2001 urteen artean kontrataturikoak 700 eta 1.000 euro artean garestituko lirateke, eta zaharragoak, gehienez ere 700 euro urtean. Aurreikuspen horien arabera, hilabete honetan batez beste 137.000 euro inguruko hipotekaren bat kontratatzen dutenek, 26 urteren buruan itzultzeko, egungo tasekin 8.271 euro ordainduko dituzte urtean. Kopuru hori 10.290 eurokoa izatera iritsi daiteke epe motzean, eta 10.826 eurokoa epe ertain eta luzean.

Bankuak eta Aurrezki Kutxak dira kredituen politika honetako onuradun nagusiak. Hain zuzen, 2006an bankuko kontuetan kreditu hipotekarioak hazi dira gehien. Eta hari horretatik, bankuen eta aurrezki kutxen irabaziak hipotekak garestitu direlako handitu dira. Espainiar Estatuko bost banku talde handiek (BBVA barne) 12.892 milioi euro irabazi zituzten lehenengo bederatzi hilabeteetan -2005ean baino %41 gehiago- eta Espainiar Estatuko Aurrezki Kutxa guztiek -euskal aurrezki kutxek barne- 6.234 milioi irabazi zituzten -2005ean baino %33 gehiago-.

65 urtetik gorakoentzako hipotekak
Bideratzen ari diren lege hipotekarioaren arabera, 2007tik aurrera, 65 urtetik gorakoek edo mendeko pertsonek mailegu hipotekarioa eskatu ahal izango dute beren ohiko etxebizitzarako, erretiroa hobetzeko, etxebizitza hobetzeko lanak egiteko edo eragiketaren bat egiteko, zaintzaile bati ordaintzeko, negozio bat zabaltzeko, eta abar. «Alderantzizko hipoteka» da. Hainbat finantza erakunde produktu hori merkaturatzen ari dira eta etorkizun handikoa dirudi negozio hipotekarioarentzat, 2050ean herritarren %30 65 urtetik gorakoak izango baitira.

Mendeko pertsona bati edo 65 urtetik gorako pertsona bati -adineko pertsonen %87 inguru beren jabetzako etxebizitzan bizi dira eta %81ek ez dute zorrik- ohiko etxebizitzarekin bermatutako mailegu bat da. Etxebizitza tasatu ostean, hipoteka eskatzen duenak etxebizitzaren balioaren gainean nahi duen ehunekoaren mailegua eskatu ahal izango du -balioaren %20koa, %50ekoa edota %100ekoa- eta dirua hilero, urtero edo aldi batean jasoko du.

Kobratze horiengatik ez dituzte zergak ordainduko. Finantza erakundeak jabeari ematen dion alokairua xahutu arren, alderantzizko hipotekaren titularrak bere etxean jarraitu ahal izango du hil arte, eta tarte horretan interesak pilatu egingo dira, erakundeak eta eskatzaileak adosturikoaren arabera. Bezeroa izango da beti etxearen titularra. Hil ostean, oinordekoek etxea saldu ahal izango dute, bankuak edo kutxak emandakoa itzulita -interesak barne-. Bestela, zorra ordaindu eta etxea berreskuratzeko modua ere izango dute. Gainera, etxebizitzaren oinordekoek ez diote beren ondare pertsonalarekin erantzungo zorrari.

Zer da Euriborra?
Kreditu hipotekarioen tasak negoziatzean erabiltzen den erreferentziako interes-tasa aldagarria da Euriborra. Hortaz, erreferentzia hipotekario nagusia da. Interes-tasa hori zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta gastu gutxiago sortuko dira mailegu hipotekarioan. Aldiz, tasa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta garestiagoak izango dira maileguak. Orain dela bi urtetik interes-tasa hori handitzen ari da etengabe eta ondorioz, kreditu edo mailegu hipotekarioak egunetik egunera gero eta garestiagoak dira. Hari horretatik, 2005ean Euriborra %2,78koa izan zen, 2002ko abendutik -orduan %2,87koa izan zen- izandako prezio garestiena, hain zuzen. 2006ko urtarrilean, berriz, interes-tasa hori %2,86koa zen. 2006ko ekitaldiaren amaieran, interes-tasa %4koa da ia.

Orain dela urtebete, Espainiako Hipoteka Elkarteak egindako aurreikuspen guztiak bete dira, eta zenbaitetan gainditu ere bai. Epe luzean -bi eta sei urte bitartean- Euriborra Europar Batasunean inoiz izan ez duen mailara iritsiko dela aurreikusi du elkarteak, %6,39ra alegia. Euribor eta antzeko erreferentzia adierazleak nola aldatzen diren gertutik jakiteko lagungarria da oso Espainiako Hipoteka Elkartearen web orrialdea. www.ahe.es atarian hiru hilez behin eguneratzen dira datuak.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude