Net Hurbil: Korea eta Kuba: petroliorik gabeko etorkizun eredu bi


2007ko urtarrilaren 07an
Sobiet Batasuna hondoratzean, 1989an, haren antzeko sistema ekonomiko eta sozialak zituzten estatuak berekin batera lehertzeaz gain, bi herrialdetan energi krisirik handiena eragin zuen. Ipar Korean eta Kuban.
Ekologistek eta energi krisiaren militanteek behin baino gehiagotan aipatu dituzte Ipar Korea eta Kuba, krisiari erantzuteko eredu kontrajarri gisa. Duela gutxi bi kasuak erkatu zituen Dale Jiajun Wen idazleak Yes Magazine aldizkari elektronikoan. 2003an berriz, From The Wilderness buletin elektronikoan Dale Allen Pfeiffer-ek izenburu hau zeraman artikulua plazaratu zuen: «Esperientziatik ikasi; Ipar Korea eta Kubako nekazaritza krisiak».

Pfeifferrek estreina Ipar Korearen kasua aztertu du. Honetan ekonomia nekazaritza industrializatuan oinarritzen zen. Sobiet Batasunaren hondoratzeaz gain, ondoko urteetan, uholde eta lehorteak jasan zituen. Baina energiarik eza izan da hamazazpi urteotan Ipar Korearen arazo nagusia. Teknologia sobietikoan oinarritutako industria osoa zaharkituta geratu zen berehala, eta eskuragai zegoen energia -elektrizitatea, ikatza... - nola garraiaturik ez zegoen. Besterik ezean, korearrek egurra erre behar izan dute beren beharretarako, eta basoak suntsitutakoan are larriagoak izan dira uholdeak.

1996rako energi kontsumoa bost urte lehenagokoaren %51 zen. Energiarik ezak berekin ekarri zuen laster janaririk eza, eta urteotan hiru milioi korear hil direla uste da. Ipar Koreako nekazaritzak urtean 700.000 tona ongarri kimiko behar ditu; lehen horien %80-%90 bertan ekoizten zuten, baina krisia iritsitakoan ez dute laurdena baino produzitu. Berehala murriztu ziren uztak, eta horiekin herritarren janariak. Ipar Koreako soroak berriro lehengoratzeko, nahi den adina ongarri izanez ere urteak beharko lirateke.

Abonoez gain gasoila falta da Korean. Hango 70.000 traktoreek eta gainerako motorrek 1990ean 120.000 tona diesel erabili zuten, eta geroztik kopuru horiek 25.000-35.000taraino murriztu dira. Ipar Koreako agintariek markatu dituzten lehentasunetan, militarrak datoz aurrena, eta haien energia beharrak asetakoan geratzen dena banatzen da gainerako beharretarako. 1998an kanpotik joandako begiraleek kontatu zuten alorretan traktoreak geldirik ikusi zituztela, haien ondoan nekazariak eskuz ari zirela lanean, soroetan zereal pila handiak zeudela etxera eraman ezinda.

Koreako laborantza arrozean oinarritzen denez, argindar beharra handia da erregatzeko ponpatarako. Hauek ere beren herenean aritu dira urteotan lanean. Eta arroz produkzioa izugarri urritu da.

Azkenean, energi krisia orokorra da. Argindarra Ipar Korea osoan murriztu da, kalean bezala baserrietan. Ikatza behar denaren erdia baino gutxiago iristen da etxeetara baina baita eskola eta ospitaletara ere. Eta ororen buru, Afrikako herririk txiroenaren pareko gosea dago hemen. Haurren erdiak baino gehiagok dauzka desnutrizio sintomak.

Ipar Koreak urte gutxitan modernizatu zuen bere nekazaritza, eta orain lur jota dago. Estatuak daukan diru eta energia pixarra armatan inbertitzea erabaki du, tartean bonba atomiko batean. Pfeifferrek idatzi du: «Energi krisia kudeatzea, garraiobide eta energi iturri alternatiboak bilatu eta nekazaritza organikora itzultzea baino gehiago da. (...) Sistema konplexuek bat-bateko aldaketa gertatzean hondoa jotzeko joera dute eta».


Kimikarik gabeko nekazaritza

Krisi sakon berari oso bestelako erantzuna eman diote Kuban urteotan. Hemen laguntzaile izan dute klima beroa, gizakia askoz kaloria gutxiagorekin bizirik egotea baimentzen duena. Beste aldetik, herritarren artean Ipar Korean baino zientzialari, ingeniari eta mediku gehiago zegoen.

Nekazaritza ekologikoa lehendik ari ziren aztertzen Kuban, eta krisia iritsitakoan «eskualdeka ikerketa zentroak zeuzkaten -idatzi du Pfeifferrek- eta nekazariei informazioa azkar banatzeko zabalkunde zerbitzuak zeuzkaten». Kuban iraultzaz geroztik laborantzako hirugarren erreforma handia ekarri zuen energi krisiak 1990eko hamarkadan. Ipar Korearen aldean elikagai gutxi ekoizten zen Kuban, hemen nekazaritzaren %75 azukretan ari zen, eta ordainetan janarien %60 inportatu egiten zuten kubatarrek. Pestizida gehienak, ongarrien erdia eta aziendentzako pentsu asko bezala. Petrolio gehiena ere kanpotik erosi behar zen.

Harreman horiek guztiak pikutara joandakoan, janarien inportazioa erdira jaitsita, kubatarren dieta izugarri urritu zen: kaloriak %36an, proteinak %40an eta grasak %65ean. Herritar gehienak argaldu ziren lehen urteetan. Goseari La Habanako gobernuak erantzun zion batetik ahulenentzako -zaharrak, ama berriak, haurrak...- janari programekin eta bestetik herritarrentzako arrazionamendu txartelarekin.

Baina Kuban nekazaritza osoa birmoldatu zuten eta 1995etik urtero hazi da laborantzaren produkzioa. Fruituetan krisiaren aurreko kopuruetara iritsi dira, barazkiak ere izugarri ugaldu dira eta 2003rako berriro herritarren dieta 2.470 kaloriataraino iritsia zen. Hori, gringoen blokeoaren gainetik, Munduko Bankuaren laguntzarik gabe. «Kubak -idatzi du Pfeifferrek- deuseztu du nekazaritza ekologikoarekin herrialde moderno bat ase ezin dela zioen mitoa».

Urteotan petrolioa behar duen nekazaritza mota utzi eta bestelako eredu batera aldatu behar izan dute. Lehengo teknika usadiozkoak berreskuratu dituzte laborariek, baina aldi berean teknologia berriak ezagutu eta biopestizida eta ongarri ekologikoak egin eta erabiltzen ikasi dute. Traktoreen ordez idi eta zamarietara jo dute berriro. Azukre-kainaberatan ari ziren granja asko ere txikiagoetan berrantolatu da. Batzuk «Unidad Básica de Producción Cooperativa» bihurtu dira. Bi mila kooperatiba baino gehiago sortu dira. Eta horiez gain, nekazari pribatuei bidea erraztu zaie, beti ere lurra estatuaren jabego izanik.

Mundu osoan sona handia izan dute Kubako hiri baratzeek. Une batean ortu horietan ekoizten zen kubatarrek kontsumitzen dituzten barazki guztien %60. Agintariek horien jabegoa eta funtzionamendua arautu behar izan zuten, eta 2000. urtean 190.000 herritarrek zeukaten baratze zatiren bat. Horientzako hazi, ongarri eta bestelako hornikuntzak saldu eta erosteko komertzioa arautu zen, eta barazkien salerosketa ere bai. Pfeifferren datuetan, aziendatan askoz mantsoago dabiltza kubatarrak, krisi baten ondoren abelazkuntza ekologikoa antolatzea konplikatuagoa den seinale.

Kuba bezala Ipar Korea bizirik daude, eta bietako bakoitzak segiko du eboluzionatzen, alde batera edo bestera. Baina energi eskasiak nekazaritza modernoan eragiten duen krisiak zer ondorio dituen erakutsi digute. Hasteko, janaririk eza. Nolakoak izango ziren gure Eguberriak jateko kaloriak %36an, proteinak %40an eta grasak %60an urritu balizkigute?

--------------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


ASTEKARIA
2007ko urtarrilaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude