Independentziarekin euskara salbaturik ote?


2007ko urtarrilaren 07an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Badakigu independentziarik gabe euskara luzaroan galdu egingo dela. Beharrezko izango ez delako. Gu euskaldunok gutxi gara, eta bi hizkuntza erraldoien artean gaude. Eta bi hizkuntzoi bi Estatu handik erabat laguntzen diete. Eta gure hizkuntza txikiari ahal dituzten trabarik gehienak ezarri. Euskara heriotara emana dago, Leizarragaren moldea erabiliz. Eta jakina. Hor dago galdera zintzilika. Independentziarekin euskara salbaturik al dago?

Kezkatzeko kontua da. Hor dugu Irlanda. Independentzia lortu zuen eta bere hizkuntza, gaelikoa, galzorian dago. Euskal Herriak independentzia lortzen badu, bi indar nolakoak diren kontutan eduki beharko da. Herriarena eta Gobernuarena.
Egungo eguneko giroa ezaguturik, Euskal Herrian jendea guztira euskararen alde dagoela esan liteke. Irlandan gertatzen ez dena, hemen herritarrak euskararen alde daude. Beste indar garrantzitsua independentziaren ondoan ze Gobernu sortzen den izango da. Nork zuzenduko du Euskal Herria? Badago hemen kezkatzeko motiborik.

Gaur daukagun Gobernuan badira benetan euskaltzale zintzoak. Guztiok ezagutzen ditugu eta maitatzen. Ez dira ordea guztiak horrelakoak. Hasteko, zenbat dira egungo egunean Gobernuan daudenen artean independentziaren alde daudenak? Zenbat euskararen alde?

Guztiok ditugu burutan Alderdi nagusian kargu handia ukan zuenaren hitzak: «Para qué queremos la independencia si es para comer berzas?». Horrek berak idatzi zuen: «Estoy obsesionado por la economía». Ze etorkizun dago horrelakoekin?

Lauaxeta eta Ariztimuño piztuko balira, negar egingo lukete gaurko gorabehera batzuk ikusita. Hor dugu, adibidez, Ertzaintza. Lautik batek bakarrik daki euskaraz. Gobernuaren eskuetan izan da erakunde horretan sartzeko euskara eskatzea. Ez du egin. Aldatuko al litzateke Gobernuaren jokabidea independentzia lortuz gero?

Negargarria izan zen Osasun sailburuak esan zuena. Osakidetzan aski zela bost medikutarik batek euskaraz jakitea. Arrazoi handiz eraso zion Aralarrek eta harekin batera euskaltzale askok. Aldatuko al da Bilbon dagoen unibertsitate bat, oraindik ere ikasgaietan euskaraz guztira % 10 gai baino gutxiago erakusten duena? Hauek adibidetxo batzuk bakarrik dira. Beste kontu asko aldatu beharko lirateke.

Badira itxaropena ematen duten pertsonak. Hor dugu, adibidez, Ibarretxe. Independentziaren ondoko Gobernuan bera bezalako asko balira, euskara salbaturik legoke.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude