Hotzarena kenduta


2007ko urtarrilaren 07an
Geure buruko ganbarako nahasmenak ez dira nolanahikoak. Negua egun beltzekin lotzen dugu, baina ez eguna, egun-argia luzatzearekin, eguzki gehiagorekin. Aurten bada, eguna luzatzen hasia den garai honetara arte itxaron du hotzak bere izotz erretzailea erakusteko: lehor, egunez eta gauez oskarbi, erreka-lainoak eta izotz galantak. Udazkena bakiotarra, tropikala, egin digu eta epelzaleak, geu tartean, gozo. Badira ordea, landare hotzaleak eta areago, zaleak baino gehiago bere bizitzako klimaxeratzeko, lorea-fruitua-hazia garatzeko, hotza nahitaezkoa dutenak ere. Hauek bai orain gozo, azken beltzeko neguan.

Kardua (Cynara cardunculus ssp. cardunculus) loratu aurretik jaten dugu eta, gezurra badirudi ere, neguaren zakarrenean da samurren, leunen. Hotzak beratzen dizkio, agi danean, geroago jan ezean lore bilakatuko liratekeen erreserba gozo lodiak. Erreserba guri horiek ahogozatuta geu loratuko gara hotzetan.

Karduaren bestengusua da orburua (alkatxofa edo artixota), Cynara cardunculus ssp. scolymus. Hura bezala hotzak beratzen du hau ere eta beratutako jakien esentzia gero jango dugun lorean pilatuta topatuko du ahosabaiak.

Endibia (Cichorium intybus var. foliosum), senide dituen beste barazkiak bezala (uraza edo letxua, eskarola, txikoria...), argitatik gordetzean zuritzen da eta eskatzen zaion mikatz arrasto zipitza garatzen du. Lurperatuz edo trenbide-tunelak bezalakoetan landatuz egiten da lan hau. Hotza beharrezkoa du bilakaera hau pulamentuz osatzeko.

Porrua ere bere onenera iritsi da. Uda eta udazken eztietan lerden hazi dena orain tinkatzera etzango da, ederrenean hostoak are gehiago bilduz. Eta brokuli, azalore, romanesko, ilar, baba... Gu behinik behin bai ederki; hauek denak eskuera, hotzarena kenduagatik gozo...


ASTEKARIA
2007ko urtarrilaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude