Nazionalismo ekonomikoa


2006ko urriaren 29an
Globalizazioaren garaian ere testuinguru sozioekonomikoak zein instituzionalak erabakiorrak dira enpresen bategiteek eta erosketek esparru geo-ekonomiko desberdinetan hartzen duten era zehatzean. Honela Espainiako ekonomian eraikuntzak, energiak eta finantza-sistemak duten garrantziak eta babes instituzionalak azken asteotako erosketen eta bategiteen ildoak eta norabidea zedarritzen dute.

Espainiako ekonomian azken urtean eraikuntza sektoreak %13 ekarri dio Estatuko BPGri, Europako Batasunean (EB) eraikuntzaren ekarpena bertako produktuan batez besteko %6-7 ingurukoa izan den bitartean. Diferentzia horrek azaltzen du neurri handian azken urteotako Espainiako -eta neurri apalagoan bada ere, baita Hego Euskal Herriko- ekonomiak EBkoarekiko izan duen hazkunde garaiagoa. Arlo honetan Estatuko eraikuntza-enpresek hartu duten tamaina hain da erraldoia ezen bertako zazpi enpresa handiak munduko azpiegituretako 11 kudeatzaile garrantzitsuenen artean kokatu ziren 2005ean. Eta munduko lehena ACS eraikuntza-enpresa izan zen. Beraz, eraikuntzako nazioarteko oligopolioak enpresa espainiarrek ezarri dituzte hein handi batez. Horren oinarrian sektore horretan Estatuan bizi izan den kapitalen kontzentrazio prozesua dago, izan ere duela 50 urte zeuden 182 enpresetatik 7 talde handi baino ez dira geratzen eraikuntzan. Nolanahi ere, gakoa EBko integrazioa izan zen, aurrekontu laguntza erraldoiak iritsi baitziren Espainiako Estatura kohesio eta egiturazko fondoei esker azpiegiturak eta lan publiko erraldoiak garatzeko. Ondorengoa da etxegintzaren sukarra zeina eraikuntza-enpresek egitura politiko zein instituzionalean lortu duten botere mailak suspertu duen, neurri handi batean.

Dena den, eraikuntza-enpresek metatutako negozioak aurrera egiteko bide berriak urratzen hasiak dira, merkatuaren balizko saturazio hurbil baten beldur edota interes tasen igoeraren aitzinean. Bide bat izan da beste herrialde batzuetara eraikuntza negozioa zabaltzea, Hego Amerikara eta batez ere Europara alegia. Halere, eraikuntza-etxe handi hauen apustu berria da deigarriena, azken astetan beste sektore batzuetara ematen ari diren urratsen berri izan dugu, sektore elektrikoan esku hartzeko saioa, kasu. Estrategia honen helburua: beste sektore horietan eraikuntzan aurreikus litekeen mozkinen barealdia berrorekatzea eta oligopolio nazionalak indartzea.

Lehendik ere eraikuntza-enpresa hauek jorratu dute dibertsifikazioaren estrategia baina beti ere hurbileko adarretan, hala nola hiri edo ingurugiro zerbitzuetan. Oraingoan sektore elektrikoan esku hartzeko urratsa eman dute, Acciona taldeak Endesaren %10 eta ACS-k Iberdrolaren %10 erosiz eta biek ere %25era iristeko asmoa nabarmenduz. Globalizazioaren kontestuan Espainiako Estatuko kapitalaren baitan ematen ari den berrosaketan lehen mailako rola jokatzeko prest daudela erakusten dute eraikuntza-enpresa handi hauek. Berrosaketa honetan Espainiako Gobernuaren eskua aise soma daiteke iparorratz bat gogoan: atzerriko esku hartzea saihestu Estatu mailako bi konpainia elektriko eraikiz bi eraikuntza-enpresa hauen habeetan oinarrituz eta bi finantza-talde handien babesarekin (BSCH erakundeak Accionaren eragiketa eta BBVAk ACSrena finantzatu dute). Lehendik ere sektore elektrikoan egondako kontzentrazioaren bidea tinkatu egin da, enpresa nazionalen estrategia hobetsiz. Espainiako Gobernuaren hautua nazionalismo ekonomikoaren eta oligopolioen aldekoa da beraz. EBko beste estatu handietan hartutako bidea ildo beretik doa. Lezio aparta globalizazioaren garaian nazio-ekonomien eta estatuaren esku hartzearen ahitzea iragartzen dutenentzat.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude