Maltzagatik: De Juana auziaren baldarkeria


Ur lasterretan dirudi euskal politikak, baina ez dago horren samur ur jauziek jolasa edo haserrea adierazten duten. Urria giltzarri izango dela iragartzen ari da azken asteotan, baina hilaren azken txanpara goaz eta oraingoz ezer gutxi ikus daiteke adierazpen eta gertakarien zurrunbilotik haratago Iñaki de Juanak gose greba utzi eta 27an egin beharko dio aurre Audientzia Nazionalari, 62 eguneko borroka luzearen zauriak oraindik ere guztiz itxi barik. Sinestezina bada ere, drama honen atzean irudika dezakegun guztiak itxaropena pizten du, bai De Juanari berari dagokionagatik, bai horrek prozesuaren egoeraz adierazten duenagatik. Azken finean, auziaz negoziatu egin dela sumatzen dugu guztiok. Eta sumatu baino gehiago ere bai.

Hala ere, hemen ere geratzen dira galderak airean: zergatik emango bide du amore fiskalak bere 96 urteko espetxe eskaeran eta zer zentzu du honek? Pentsa liteke negoziazio horretagik izan dela dena, edo baita auziaren joskera ikuspegi juridikotik era baldarrenean egin delako ere. Auziaren akusazioen ahulezia oso agerikoa da kanpotik ikusita, eta fiskalak orain arte erabili duen akusaziorako idazkia funtsik gabekoa: «Gallizo» eta «El Escudo» artikulu ospetsuak agertzen ditu, baina delitua zehatz mehatz non dagoen adierazi barik; areago, ez du zehazten De Juanak ustez mehatxatzen dituen pertsonak zein diren eta mehatxua zertan datzan. Ulertezina egiten da auziek nola egin dezaketen aurrera tamainako akusazioekin, tamainako txapuzekin, baina zoritxarrez Auzitegi Nazionalean ohituegi gaude halakoetara. Hain ohituak, ze Anna Politkovskaia kazetariaren bukatu gabeko Txetxeniako bere artikulua irakurtzen dugunean gehiena ezagun egiten zaigun.

Horrexegatik bakarrik, Ibarretxe lehendakaria, Arnaldo Otegi, Juan Joxe Petrikorena eta Pernando Barrenaren aurkako auziperatzearena ondo ulertzen dugu gehienok. Helburua judiziala baino politikoa dela agerikoa da, baina oraingoan EAEko Auzitegi Gorenak egindakoa da. Lehenago Espainiako Auzitegi Gorenak egin zuen bezala. Eta gutxiagotan, baina Konstituzionalak ere egin izan duen moduan. Horrexegatik azken hiruzpalau urteetako astakeria judizialen aurrean Estrasburgok bere iritzia noiz jaurtiko duen zain gaude, datorrenean amorrua baino arrazoi izatearen irribar bihurria piztuko duen esperantzan; ordurako, logikoa den bezala, gatazka politikoak auzitegien beharrik izango ez duen baikortasunean.

Bitartean, badugu nora begiratu, azaroaren 7rako bukatzen baitu bere agintaldia Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) eta berau berritzeko gehiengo nagusi zabalak behar direlako Senatuan eta Kongresuan. Ez bide da aurreikusten akordiorik PPren eta PSOEren artean eta beraz, denbora batez behintzat oso posible da CGPJk funtziotan aritu behar izatea. Harri koskor bat gehiago zirrikitu bila ari diren alderdi politikoetako negoziatzaileen oinetakoetan.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude