Agenda 22


2006ko urriaren 22an

Umorea

Bertsolaritzaren inguruan inkesta bat burutu da joan den urtean zehar. Emaitzak gainbegiratu baino ez ditut egin oraindik. Atentzioa eman didan lehen datua: bertsozaleek bertsolariengan gehien estimatzen duten ezaugarria umorearena da. Zenbaiti ez zaio harrigarri gertatuko erantzun hori, bertsolaritzaz ari garela. Baina susmoa dut ez dela bertso arlora mugatzen jendearen umore irrika. Iaz eta aurten estreinatu diren bi euskal filmeak ere -Aupa Etxebeste! eta Kutsidazu bidea Ixabel- bide beretik doaz, ñabardurak ñabardura. Ez dut uste kasualitate hutsa denik. Lekutan geratu dira «Ez kanta, ez dantza... herria lutuz dago-ta»ren garai haiek! Eta bestela balirudike ere, tamalez, etsipenarekin du zerikusia umoreak, ez etsipen ezarekin. Umoreak ez du balio gizartea aldatzeko. Balio du, aldatu ezinak aho-sabaian uzten duen lizun-zaporea goxatzeko. Ez da gutxi.


Bertso botagabea

Kursaalean entzun nuen lehengoan. Historiako lehen txalo zaparrada, bota gabeko bertsoari. Niri ere algara eragin zidan eta txalo jo nion. Kutsidazu...n gertatzen da. Ez noa azalpen joriagorik ematera, bestela gag hori indargabetuko nuke eta. Grazia egin zidan ordea. Bizitza osoa daramagu bertsoak bota eta bota noiz algararen bat lortuko, eta bota gabeko bertso batek lortu du aspaldian sumatu dudan arrakastarik handiena.


Hiru ala bat

Udan, tarteka, egokitzen dira bi bertso saio edo hiru egin beharreko egunak ere. Horrelakoetan, ingurukoek aurpegieran errukia dutela botako dizute: «Gaur hiru saio? A ze nekatua!». Ez da zuzena ingurukoen ikuspegia. Urteen poderioz jabetu gara, egunean hiru saio eginez gutxiago nekatzen dela bakarra eginda baino, bakar hori egun-pasa bete betea bada behintzat. Hiru saio egin behar direlarik, «iritsi-egin-joan» baino ez dezakezu egin. Desgaste urriko jarduera da, ez baita denborarik izaten joandako lekuan bertakotzen hasteko ere. Egun-pasek bestelako martxa dakarte: bertakoek adina ordu eman beharra. Txorakeria mordoa esan eta entzutea. Jan, edan, erre... jaietan dabilenak adinaxe. Bertakotu egiten zara, alegia. Atsedenik ez duzu hartzen... «Gehiago entretenitzen zaretela batetik bestera, esan nahi duk?» bota zidan hizpide hau atera zelarik aitona edadez osatu batek. «Ja! Hori ez duk berria! Beti izan duk hala. Nik ezkonduta berrogeitaka urte zeramatzat eta bazekiat ongi ari haizela».


Hondarribia

Beti zerbait esan beharra gogorra da. Eta egoera ez du beti samurtzen bat batean, eta batik bat, aurrez aurre dagoenari esan beharrak. Askotan, gauzak modu batera antolatzen dira eta oso bestelakoan burutu. Udako jaialdirik politenetakoa izateko traza osoa zuen. Hondarribian, irailaren bian, Kontxako lehen igandearen bezperan, «bertso-estropadak» lelopean eta gai-jartzaile nahiz bertsolari arraun-zale garen taldetxoa. Inork espero ez zuela, bi egun lehenago, Hondarribi Kontxatik kanpo geratu zen ordea. Festara joateko asmoa genuen eta hileta-elizkizunetako bertsoen antzekoak bota beharko genituela sinetsita bertaratu ginen. Ez zen hainbesterako izan, nahiz entzulegoaren minak gure euforia ezkutatzera, gure ziriak kamustera eta tentuz kantatzera bultzatu gintuen. Ezinbestean. Guk ez baitugu lan sekula bakarrik egiten. Gu eta gure egoera, komunikazio zirkuituaren erdia baino ez baita. Horretan sentitzen gara zortedun: margolariak, kantariak, poetak... berdin berdin burutuko zuketen euren lana Hondarribian, «Ama Guadalupekoa» Kontxan sartu edo ez sartu.


Beste laurogei urtean

Txirritak asmatu zuen bere buruari buruzko aurrikuspena. Ia laurogei urte joan dira lurperatu zutenetik, eta ez da inguruotan bere aipamenik falta. Lazkao-txiki - «t» hori letra larriz jartzea txikitasunaren aurkako atentatua iruditu zait- jaio zela bete dira laurogei urte joan den irailean. Oroitzapenen zabuan kulunkatzeko parada polita. Ez dut era bakar batean oroitzen Joxe Miel. Ez naiz bere izaera ezaugarri bakarrera biltzeko gai. Poliedrikoa ezagutu nuen oso, nahiz aurpegi bakarra izan. Bertsolari gazteokin abegitsu eta harro-joerarik gabea, umore kutsatzaile sarri, piper tarteka, sentibera beti, ume-maitea zeharo, bertso saio berean desastre hasi eta onena baino askoz hobeto bukatzeko gai. Txirritaren erronka bera lasai jo zezakeen Lazkao-txikik ere. Laurogei urte joan dira eta beste laurogeita gehiagoan izango dira aipamenak. Bere bertsoak geratuko zaizkigu denoi; pasadizoak eta ateraldiak askori; bizipenak, sekula pasatzen ez direnak eta barruenetik atera ezineko horiek, bere jiran egokitzeko zoria izan genuenoi.


Ametsetan

Lan-mundua euskalduntzeko ahaleginean ari direnak bildu berri dira Miramongo eraikin batean. Niri bertsotara deitu zidaten, bertsolariak langiletik baino alferretik gehiago izan duela ahaztuta akaso. Enpresari, sindikalista, Jaurlaritzako, Kontseiluko... bat etorri ziren etorkizun ametsetakoa irudikatzerakoan: gizarte bat non lan-harremanak euskaraz burutuko diren, natural natural. Amesten hasirik, niri bestelako kontuak etorri zitzaizkidan gogora. Bale. Konforme. Baina ezin al da hori guztia lortu, «lana» hiztegitik eta bizimodutik ezkutarazita?


Ezina

Emakume sofistikatu bati buruz adiskide bati entzun nion duela gutxi: «Gaztetxe bateko atea baino pintatuagoa zagok hori!». Grazia egin zidan ateraldiak. Tolosako Bonberenean, atea ez dakit, guk zabalik harrapatu genuen eta, baina gainerakoa pintatuta dago. Txukun pintatuta, txukuntasuna baliotzat daukatenek gaizki pentsa ez dezaten. Autogestioaren bide-zidorrean aurrera doaz bide idorra izan daitekeela uste dutenen iritziaren aurka. Baina Tolosatik bueltan beste gogoetagai bat nuen buruan jiraka. Bakarkako gaiak jota utzi ninduen. «Zu psikologoa zara. Gaur ekarri dute zure kontsultara neskato bat. Aitak bortxatu egiten zuen. Amak, bitartean, bideoz grabatzen zuen eszena». Zer esan ez nekiela geratu nintzen. Bertsolari izatea zaila dela pentsatu nuen lehen unean. Gero, lasaixeago, psikologo ez nukeela sekula izan nahiko. Pertsona izan nahi dudan ere dudan neukan azkenerako.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude