Patxi Urrutia: «Hegoalderako bi mahai planteatzen dituenak bi Hego Euskal Herria onartzen ditu»


2006ko urriaren 15an
Ezkerreko ideologia hizpide abiatu dugu solasaldia Patxi Urrutia baztandarrarekin: «Egun ezker politika bat ikusteko kontinenteak korritu beharko dituzu eta nekez ikusiko hala ere. Egia da, marxismoa ez da erreferentzia nagusia jada, baina esplotazioak segitzen du eta teoria marxista hor dago betiere, klase borroka ez da inoiz bukatuko. Zoritxarrez, ideologiak ez du ia elikatzen gizartea, liberalismoak badu zerikusia horretan eta egoera honi are gogo gehiagoz ekin beharko genioke ezker ikuspegitik».

Bake eta normalizazioa hizpide: PSEko Buen Lacambrak prozesua ez dela blokeatua esan digu orriotan berriki.
Prozesuaren eraginkortasuna ibiliz ikusten da: ETAren su-etenarekin eta Zapateroren adierazpenekin lehen pausoak eman ziren. Harrezkero ez dugu bide horretan pauso berririk ikusi, izatekotan pausoak kontrako norabidean eman dira. Prozesu batean distentsioa behar da eta gurean distentsioa baino tentsioa ageri da. Nahi dutena esan dezakete, baina praktikak horixe erakusten du.

Agenda eta tempoarekin denek jokatzen omen duzue hauteskundeei begira.
Begira, etxe bat egin behar duzularik lehen kezka oinarri sendoak jartzea da. Presaka hasten bazara, baliteke etxea eraikitzea, baina baita deusetarako balio ez izatea ere. Hori da momentu honetan ezker abertzaleak duen kezka. Guretzat hauteskundeak behar-beharrezkoak dira, kontuan har ezazu azken lau urteetan instituzioetatik kanpoan gaudela, horrek ekartzen duen guztiarekin. Guk beste inork ez du nahi gu legeztatzea eta hauteskundeak ondo prestatzea, bermerik gabe ez du balio legalitatera itzultzea ordea, eta gu berme horiek sendoak izatea bilatzen ari gara.

Batasunak Alderdien Legea onartzea da Gobernuarentzat irtenbidea, antza.
Lege horrekin ezingo gara inoiz izan legeztatuak, lehenik zenbait gauza adostu behar dira elkarrizketen bidez. Legalak izan gaitezke baina edozein unean ilegalak bihurtu berriz ere. Horregatik, pauso bat emateko berme batzuk behar ditugu, baita deuseztapenak eta gure aurkako erasoak ez direla berriz izanen ziur egoteko ere.

Alderdien mahaia hizpide: nola gauzatu daiteke mahai bakarra UPN eta CDNren jarrerak kontuan hartuta?
Ez da bakarrik nola gauza daitekeen mahaia, baizik eta gauzatuko dela, ziur gaude...

Euskal Herri osorako?
Hego Euskal Herriaz ari naiz orain. Nola? Giro arras arraroa bizi dugu eta komeni da historiari begiratzea: Nafarroak joan den mendearen lehen herenean Estatutu berean sartzeko apustua egin zuen gainerako beste hiru lurraldeekin batera. Areago, zenbait lekutan eskuindarrek ere bidea onetsi zuten, beren alternatiba proposatuz. Gerraren ondorioz Nafarroan 3.000 pertsona hil zituzten eta egoera aldatu zen. Diktaduratik demokraziarako trantsizioan 1936-39 urteetako giro hura berpiztu zen berriz ere, nafar eskuina ezkerrera zeuden sektoreak erosten hasi zen. Lehenbiziko salerosketa PSOErekin egin zuen. Nafarroako lehendakaritza erraztu zion. PSNk nahi beste ebatsi zuen lehenik, eta ondoren UPNk agintaldia lortu zuen. Nafarroako politikaren prozesua UPNren salerosketaren prozesua da trantsizioz gero: PSN lehenik, UGT, CCOO eta EB ondoren. Egun Aralar, Batzarre eta EAJ salerosketa horren atzetik doaz, helburua Gobernuan egotea dutelarik.

EA ez?
EAk mahai bakarraren ideia mantentzen du, alderdien mahaiari eta Nafarroari dagokionean jarrera ezberdina du. Eskuinak ongi daki Nafarroan mahai bat eraiki daitekeela hiru probintziekin batera. Horretarako giro demokratikoa eta erabakitzeko eskubidea bermatu behar da.

Zein epetan?
Politikan epeak ezin dira markatu, gertaerak iragan ahala gauzatzen da politika. Nafarroako Estatutuari buruzko erreferendumik ez zen egin. Alderdien mahaiaren gaia dela eta, eskuinak inork baino hobeki daki hori, baita atzean zer dagoen ere. Eltzearen tapakia irekitzea da kontua, eta lehenago edo geroago irekitzea lortuko dugu. Gaurtik biharrera ez dugu egingo, bien bitartean, salerosketek hainbat jende eta alderdi liluratuko ditu, baina ez dago beste biderik. Herri hau demokratikoki eraikiko bada ez da beste biderik.

Mahai bakarrarena ez omen da errealista. Zuek bakarra aipatu bai, baina Iparraldekoa ahazten duzuela dio Aralarrek.
Auzia konpontzeko Nafarroa Euskal Herriaren parte dela onartzea ezinbestekoa da. Printzipio bat da, ez du praktikotasunarekin deus ikustekorik. Euskal Herria herria dela eta erabakitzeko eskubidea duela onartzen den unetik auzia gainditzeko pauso garrantzizkoa emango da. Aralarrek eta beste alderdiek bi mahaien apustua egin dute eta honezkero arazoak dituzte beren jendeekin. Baina nola saldu diezaiekete nafarrei bi mahaien planteamendua? Bi mahaietan esertzea ez da bakarrik bi mahai ezberdin izatea, Hego Euskal Herria bi daudela onartzea baizik. Hegoalderako bi mahai planteatzen dutenek bi Hego Euskal Herria daudela onartzen dute, eta UPN edota PSNren nahiei amore eman ere bai. Guk mahai bat antolatu behar dela erraten dugu, eta Euskal Herria -oraingoz Hegoaldeaz ari gara- bakarra dela definizioz. Hor dago gakoa. Lehenik hori argitu dezagun eta gero behar diren mahaiak antolatuko ditugu, Iparralderako barne.

Ipar Euskal Herrirako zer eta nola?
Politikan, baldin eta zenbait gauza errotzen badira gutxien espero duzunean gertatzen dira aldaketak. Iparraldea kanpotarrei salduta dago, bistan da, baina mugimendu politikoa hasi da. Ez da Hegoaldea, jakina. Baina Hegoaldeak aurrera egiten badu, han ere gaia sozializatuz joanen da eta aurrerapauso handiak emango dira. Noraino? Noiz? Nola?

Nafarroako Gobernua aldatzeko garaia dela diozue Batasunetik. Nola?
Nafarroaz mintzatzean gauza bat azpimarratu behar da: Estatuko Autonomia Gobernu bakar batean ez da presidente bakar bat kanporatua izan ustelkeria dela medio. Nafarroan bai. Eta hau ez da kasualitatea. Hemen ustelkeria boterean erroturiko zeregina da. Sistema hau gaurdaino iritsi da eta azken legealdi honetan sendotu modu ikaragarrian. Horren sustraituta dagoenez ez da ageri, ohitura bihurtu da. Batasuna legez kanporatu ondoren are estaliagoa dago ustelkeria, berau salatzeko tresnak kendu baitizkigute.

Nola gauzatu UPNren alternatiba orduan?
UPN Gobernutik kentzeak printzipioz ez duela ezer bermatzen argi utzi nahi dugu. Gogoratu behar da UPN Gobernuan dela baina ez gehiengoa duelako, baizik eta iruzurra izan zelako. Batasunari hiru zinegotzi zegozkion eta horiekin UPNk ez zuen gehiengoa lortuko. Eta errua ez da UPNrena eta PSNrena soilik, gainerako alderdiena ere bada, onartu baitzuten egoera antidemokratiko hau. UPN ebasten ari dena inork gutxik daki: ebatsi, ebatsi eta ebatsi ari da. UPNko jendearen negozioak ikaragarriak dira eta denak atxiki nahi ditu.

Nola kendu UPN boteretik ordea?
Batasunak bere esku duen guztia egingo du UPN Gobernutik kentzeko. Hauteskunde programa egingo dugu eta lehenbizi berau nahi duenarekin eztabaidatuko dugu. Baina ez dudarik egin, gure botoak mahai gainean jarriko ditugu UPN Gobernutik botatzeko.

Alternatiba izan dadin PSN kontuan hartu beharko da, ordea.
Alternatiba gauzatzeko gakoa hauteskunde programa serioa lantzea da, eta ez PSNrekin nolanahi negoziatu. PSNk gure programa aintzat hartzen badu gure sostengua izan lezake, baina aldaketa asko eman beharko du horretarako. Hasteko, UPNk herriaren aurka hartutako erabaki asko aldatu beharko lirateke. Nolako aukerak halako bidea jorratuko dugu, guk mesfidantza asko dugu alderdi sozialistarekin, PSNk ezer interesgarri egin dezakeenik zalantzan jartzen dugu, aldez aurretik ez du gure botoa, jakina, baina ez dugu aterik ixten ere.

Nafarroa Bai (Na-Bai) gabe ere alternatibarik ez dago.
Na-Bai alternatibarako bitartekoa da dudarik gabe. Baina Na-Bai hauteskundetarako aukera da, mahai baten inguruan ez da egitura sendoa. Lau alderdik osatua da, oso hierarkizatua eta bere barruan parte hartzea oso zaila da, oraingo zuzendaritzak bizitza politiko laburra du.

Na-Bairi buruz ez duzue iritzi onik.
Bizitza laburreko lorea da. Loreak politak dira, baina loreari zer iraupen duen begiratu behar zaio. Na-Baik ez du alternatiba politikarik eskaintzen, sentimendu baten agerpena da. Saltzeko ideia ona da eta horrekin iraunen du, baina haien interesak horren ezberdinak izanda, hauteskundeen biharamunean beren arteko giroa arrunt aldatuko da. Sentimenduarekin bakarrik ezin da politikarik egin. Beren boto emaileak ez dira orain horretaz ohartzen, baina euren zoritxarrerako esperientzia honek ez du iraunen.

Zuek Batasuna izena duzue, baina batasunik ez omen duzue lantzen.
Hau garbi utzi nahi dut: Na-Bai sortuz gero bilera bakar-bakarrean bildu da Batasunarekin, eta hura guk eskatuta. Prentsaren bitartez hainbat tontakeria erran dute, baina besterik ez. Eta bilera bakar horretan sartu orduko EAJko ordezkariak «hauek sartzen badira gu bagoaz kanpora» erran zuen. Ez zen bertzerik izan. Areago, bilera horren prentsa oharra, prentsara bidalia zegoen bilera egin baino lehen. Beraz, hori izan zen bilera bakarra eta ez ginen eseri ere egin.

«Puras konfiantza gutxiko pertsona da»
«Lizarbe PSNko idazkaritzatik kendu zutenak ustelkerian murgildutako pertsonak dira, horien artean Anzizar, UGTko idazkari nagusi ohia. Talde horrek PSNren agintea eskuratu zuen eta Carlos Chivite idazkari ezarri. UPNrekin alimaleko espekulazioa egiten dute, eraikuntzan bereziki. UPN gustura zegoen PSNrekin akordioak bermatuak ikusten baitzituen. Orain ordea, Madrilek Fernando Puras hautatu du UPNren alternatiba prestatzen joateko. Carlos Chivite eta UGTko idazkari nagusia Juan Antonio Cabrero baztertu dituzte, hauek oztopo nagusiak baitziren. Cabrerok UPN edo PSN boterean tinko egotea defendatu du beti. Fernando Puras konfiantza gutxiko pertsona da hala ere. Purasek EEN (Energía Eléctrica de Navarra) enpresa publikoa multinazional bati «oparitu» dio, oparitu erraten dut, ondasun publiko bat saltzeko bi arau bete behar baitira: batetik, salmenta justifikatzen duen txostena legezkoa izatea, eta bertzetik, enkantean saltzea. Bi baldintza hauek bete gabe Acciona-ri saldu diote EEN. UPNk saldu du, baina PSN oposizioa egin beharrean, isildu egin da. Izan ere, Puras Accionako aholkularia da. Nola sinets dezakegu gizon honek alternatibarik, aldaketarik edo ezer onik ekarriko duenik, aitzinetik saldukerietan ari bada. Politikari zorrotza eta demokrata balitz aholkularitzatik dimititu beharko luke gutxienez, edo Legebiltzarretik».

«Aralar ezker abertzaletik aldentzen ari da»
«Ezkertiar eta abertzale sentitu naiz beti, bi kontzeptu horiek hobekien ordezkatzen zituzten alderdietan (LKI eta Batzarre) aritu naiz orain arte. Egun ez dut zalantzarik, Batasuna da kontzeptu horiek praktikara hobekien eraman ahal dituena. Ezker abertzaleak meritu handia egin du azkeneko 40 urteko bizialdian. Francoren denborako hainbat aldarrikapen alde batera utzi dituzte alderdi gehienek, eta Nafarroan bereziki, memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginetan Batasuna da aitzindari. Demokrazia garaia deritzan honetan ezker abertzaleari esker aldarrikapen hauek mantendu dira, ezker abertzalea ez balitz modu ezberdinean egongo ginateke, eta horrek ez du erran nahi akatsik egin ez duenik. Etorkizunean ezker abertzalea berrosatuko da, baina taldeen izenak baino garrantzizkoagoak horretan dabiltzan jendeak izanen dira. Ezker abertzale bakarra izanen da derrigorrez, Aralar, adibidez, desagertuko da. Aralar azkeneko bolada honetan burutzen ari den politika ezker abertzalearen kontzeptuetatik aldentzen ari da. Bere proposamenak elektoralistak dira, biziraupen politikoa bermatzeko adierazpenak bertzerik ez ditu egiten».


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude