Munduko langileen sindikatu berri horretan, aurreikusita dago egun SAENK (jendetsuena) eta LMK (zaharrena) sindikatuen kide diren erakundeek parte hartuko dutela, ez bateko ez besteko kide ez diren beste erakunde batzuekin batera. Oinarri eta balio berak dituzte: demokrazia; gobernu, eliza, enpresaburu, elkarte politiko eta abarren aurrean autonomia; sindikatu mugimenduan eta langileen eta Herrien giza eskubideetan dagoen aniztasuna, haien artean sindikatu askatasuna. Horiek denak nazioarteko hitzarmenetan jasoak, batez ere Lanaren Nazioarteko Erakundean.
Horrela adierazi zion Bruselatik ARGIAri Eduardo Estévezek, LMKren idazkari orokorrak. Eta gaineratu zuen ekimen hau internazionalismo berri bat sortzera bideratuta dagoela, langileen indarra antolatuz, gizarte zibilaren beste erakundeekin batera, egungo mundu ikuskeraren orientazioan aldaketa handi bat eragiteko gai dena, mundua neoliberalismoaren mende baitago. Estévezen ustez, «gizarte berri bat bideratu nahi dugu. Gizarte horretan gizabanakoa izango da ardatz, lana ondasunen gainetik egongo da, estatu demokratiko parte-hartzailea eta herrikoia izango du eta estatu hori merkatu indarrak gizarte osoaren mesedetarako menderatzeko gai izango da».