Reckitt Benchiser eta Güeñes


2006ko urriaren 01ean
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Reckitt Benchiser garbigarriak egiten dituen multinazionalak Gueñesen (Bizkaian) duen lantegia ixteko erabakia hartu du, 190 langileak kaleratuko ditu eta ekoizpena beste herrialderen batera eramango du. Deslokalizazioaren arazoa piztu da berriz. Multinazionalek, Euskal Herrian, 32.000 langileri baino gehiagori ematen diote lana zuzenean eta 100.000 baino gehiagori zeharka. Lana sortzeagatik zerga-laguntzak eta diru-laguntza publikoak izan dituzte. Hala ere, alde egiten dute onura gehiago lortuko dituzten lekuak aurkitutakoan. Herri-Administrazioek, beraz, berebiziko ardura dute diru-laguntza hauek ematerakoan eta multinazional hauek hobeto kontrolatu beharko lituzkete. Gueñesen kasuan, beste gai kezkagarri bat ere bada: Reckitt-ek, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta bertako udalaren laguntzarekin, bere lurzoruen milioi askoko birkalifikazioa lortu zuen, ixtera zihoala esan baino hilabete lehenago, 148 etxebizitza eraikitzeko. Enpresak 1999an erosi zituen lurrok 780.000 eurotan eta eraikitzaile bati 6 milioi eurotan saldu. Ibarretxek, axolagabe, esan zuen enpresa hau ixten bazen enplegu bikoitza sortuko zuela. Hobe luke benetako ikerketa bultzatuko balu eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Udalaren laguntzarekin, multinazional horrek, antza denez, eragin duen «hirigintza afera»ren arduradunak aurkituko balitu. Langileak eta sindikatuak prest daude multinazionalak egin dezakeen xantaiari aurre egiteko, hau da, enplegu murrizketari eta soldata- eta gizarte- hobekuntzen txikitzeari erantzuteko.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude