Foka motarik handienaren igeri egiteko ohiturei probetxua atera nahi die AEBetako Santa Cruz-en dagoen Kaliforniako Unibertsitateko Dan Costa Biologoak. Ikerlari honek Hego Poloko izozpean dauden itsas korronteak ezagutzea du helburu.
1998. urtean, Costak bederatzi itsas elefanteri tenperatura, sakonera eta kokapena neurtzen zituzten hargailuak jarri zizkien. Saiakera horren helburua El Niño izenarekin Ozeano Pazifikoan sortzen diren korronte beroen aurrean animaliek dituzten ohiturak ezagutzea izan zen. Ikerketa hartan, ikusi zuten beste emaitza batzuen artean, itsas elefanteak itsasoan egunero batez beste 60 aldiz murgiltzen zirela eta lortzen zuten sakonera batzuetan 2.000 metrokoa zela. Datu horiekin, itsasoko tenperatura aldaketen profil oso zehatzak eskaini ditzaketela ere ikusi zuten.
Orain arte, horrelako neurketak egin ahal izateko buiak edo itsaspekoak erabili izan dira. Baina kontuan hartzen badugu Hego Poloko izozpean ezin dela urpekorik erabili eta buiek igortzen dituzten seinaleek ezin dutela izotz geruza zeharkatu, itsas elefanteek aukera berria eskaintzen digute.
Ideia hori baliatuz, Costak Hego Poloko itsas elefanteak erabili nahi ditu urtero bertako itsasoari buruzko 10.000 datu lortzeko.
Lehenbizi emeak eta arrak ondoren
Carpodacus mexicanus deituriko txori emeak arrautzak bi txandatan jartzen ditu; lehenbizi emeei dagozkienak eta ondoren arrei dagozkienak. Arizonako Unibertsitateko Alexander Badyaev eta bere taldeak arestian esandakoaren zergatia argitu berri dute.
Antza, txoria leku erdi idorretan bizi denez, habia egin bezain azkar Pellonyssus reedi deituriko akaroen inbasioa jasaten du eta hauek kumeak akabatu ditzakete. Aipatu txorien kasuan, hormonengatik emeak arrak baino indartsuagoak direnez, txoriak lehenengo emeei dagozkien arrautzak ipintzen ditu eta egun batzuk beranduago, arrarenak. Hala, lehenbizi emeak jaiotzen direnez, parasitoekin borrokatzen dira eta habia dezente garbitzen dute; hartara, arrak jaiotzean parasitoekin borroka gutxiago egin behar izaten dute.
Heltzean, arrak eta emeak tamaina berdinekoak izaten dira, baina arrautza jartzeko sistema honi esker, txori arren heriotza kopurua ia %15 gutxitzen da.