Maite Idirin:"Emeki-emeki nire baitan aldatu egin zen musika egiteko manera"


2021eko uztailaren 16an
Kantuak ekarri nau zuregana, baina zu, hasieran, dantzak eraman zintuen plazara...
Gaztetxo ginela dantza-taldea sortu zuten Ugaon eta inguruko herrietan dantzatzen genuen. Sekulako aktibitatea! Nerbioi bailara horretan ez zegoen ezer. Ez Arrankudiagan, ez Luiandon, ez Urduñan, ez Arrigorriagan, ez inon zegoen talderik. Basaurin bai, Arizeko taldea zegoen; aurten 50 urte bete dituela uste dut. Inguruko herrietan dantza-talderik ez, Ugaon izan ezik. Gure etxean abertzaleak ziren, ama abertzaleago aita baino, baina biak abertzale, eta dantza-taldeak bidea eman zion gure abertzaletasunari. Gauza kuriosoa da; Gipuzkoan folklorekeriatzat jo izan da dantza-taldeen kontua. Militanteen giroan ere bai. Ez zen aintzakotzat hartzen. Bada, ez. Dantza-taldeek sekulako lana egin zuten, jendea kohesionatzen. Egia da garai hartan gehienak PNVkoak zirela, hori ere bai. Baina ekintza asko sortzen ziren dantza-taldeetatik. Eta ez kultur ekintzak, derrigorrean.

Zer esan nahi duzu, "ez kultur ekintzak".
Aberri egunera joatea, adibidez. Gasteiza joan ginen aberri egunean. Lehenengoetako aberri eguna izango zen. Giroa hotz, eta gasteiztarrak hotzak!, hura eguna. Kalean ez zen inor ageri, bizkaitar batzuk beste inor ez. Urbiako festara ere joan ginen; han ikurrinak atera zituzten eta guretzat ikaragarria izan zen, ikurrinak ikustea! Biarritzera ere etorri ginen, Agileran egin zen ekitaldi batera. Dantzari txiki eguna bezalakoa izan zen. Biarritzen konturatu ginen hemen ere bazela Euskal Herri bat. Bertakoek esan ziguten baietz, Iparraldean ere bazegoela giroa. Horrela hasi ginen izpiritua irekitzen.

Dantza-taldeak bere lana egin zuen.
Baita orfeoiak ere. Garai bateko apaiz karlista hil zenean, apaiz berriak etorri ziren, berritzaileak. "Berritzaileak", baina Escriva Balaguerren Bidearekin etorri ziren. Berritzaileak! Eta gogoeta jardunak. Eta Bidea batetik, eta gogoeta jardunak bestetik. Begoñara eta joaten ginen. Eta hura buru jana! Bekatua gora eta bekatua behera! Dena zen bekatu! Baina orfeoia osatu zuten. Nik hamalau urte nituela izango zen: apaiz bat gaixotu eta beste bat etorri zen, gaztea. Hark ez zuen esaten abertzalea zenik, baina abertzalea zen. Orfeoia egin zuen, euskal kantu batzuk sartu... Dena dela, lehenago, Inazio Sagarduirekin ikasi nuen lehenengo solfeoa. Harekin joaten ginen zartzuela ikustera Bilbora. Guridiren El caserio eta La rosa del azafran... Harekin hasi ginen euskarazko kantu batzuk ikasten, elizakoak. Koral hartan dena ez zen euskal kantua, bistan dena. Perosiren meza, Angelis meza... latinez kantatzen genITuen, Vatikano bigarrena arte latina izan zelako elizaren hizkuntza. Eta kontzertuak egiten genituen. Gero, sermoi bat egin zuela eta, desterratu egin zuten apaiz hura. Ondoren beste apaiz bat etorri zen. Euskalduna zen baina...

Gitarrarekin nola hasi zinen jakin nahi nuke nik. 1968ko kontua.
Bilbora joan nintzen merkataritza ikasketak egitera. Ikasketa horiek egiten ari nintzela San Anton orfeoian hasi nintzen. Haiek euskaraz kantatzen zuten dena. Oso abertzaleak ziren denak. Hantxe zegoen Gallastegi, jakina. Guardia zibilak haren sermoiak entzutera joaten ziren! 67 inguruan, ni Bilbon ikasten, orfeoian sartuta, dantza-taldean ere bai... orduantxe ETAren lehenengo hotsak, eta Atahualpa Yupanqui etorri zen Bilbora. Eta joan nintzen entzutera. Buenos Aires antzokira etorri zen, bi, hiru mila jende bildu zen. Bilboko antzoki handiena, beteta. Gaztelaniazko kantu asko entzuten zen irratian, Espainiakoa, baina baita Hego Amerikakoa ere. Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra... Kantu asko zegoen nire inguruan eta, halako batean, amak esan zidan: "Asko kantatzen duzu eta gitarra bat erosi behar dizut!".

Amaren burutazioa!
Bai. Nire zaletasuna ikusi eta gitarra erosi zidan amak. Eta gitarra ikasten hasi nintzen Bilbon. Atahualpa entzun nuenean, berriz, txundituta geratu nintzen. Caminito del indio eta. Indioen defentsa egiten zuen, kantu soziala.

Beraz gitarrarekin kantatzen hasi zinen, euskaraz
68ko maiatza zen, Zeberion, Arkulanda auzoan, gitarra hartu eta kantatzen hasi nintzenean. Bertsolariek ere saioa egin zutela oroitzen naiz. Koruan soloak egiten nituen eta inguruan hasi zitzaizkidan: "Ea ba gitarra hartu eta kantatzen duzun!". Horrela. Zeberioko hartan folkloretik hartutako kantuak kantatu nituela uste dut. Aita San Antonio, Cuando sali de Cuba -euskaraz Ondarroako Argoitia anaiek euskaraz kantatzen zuten eta-, eta horrelakoren bat. Dena dela, ez dakit, zuzen, zer kantatu nuen. Kantatu eta Ares izeneko bat agertu zitzaidan disko bat grabatu behar genuela esanez. Xabier Gereñoren Cinsa etxearekin lan egiten zuen. Argoitia anaiekin diskoa egin berria zutela eta nirea nahi zutela.

Eta Atahualpa Yupanquiren diskoa etorri zen...
Bai. Artean ez zen denbora asko Atahualpa entzun nuela Bilbon. Ikaragarria iruditu zitzaidan haren gizarte kezka. Haren kantak hartu eta itzultzeko eskatzera joan nintzen Gabriel Arestirengana. Gero, Paulo Iztueta ezagutu nuen, Areatzan zegoen eta, fraide, eta hark ere itzuli zituen bi.

Gabriel Aresti eta Paulo Iztueta!
Atahualparen bina kanta itzuli zituzten. Paulok itzuli zituen Viento, viento eta Caminito del indio, eta Arestik, Piedra y camino eta Un dia. Paulok berehala esan zidan baietz. Aresti, berriz, super pozik! Ez zuen besterik nahi! Limonada eta ardoa atera zigun eta sekulako konbertsazioa egin genuen. "Kantariek, bai, kantariek ematen diozu bizitza poesiari!". Oso pozik geratu zen. Hain pozik, euskarazko hitzak jasotzera joan nintzenean, beste kantu bat eman zidan: Aitaren etxea defendituko dut. Arrizabalagak kantu hauek musikatu dizkit: Aitaren etxea eta Egun da santi mamiña. Joxe Mari Arrizabalaga organogile eta organo jolea da. Katalunian bizi zen, bertan ezkonduta. "Ea gustatzen zaizun!", eta kasete bat eman zidan, kantu haiekin, Arrizabalagak berak kantatua. Ikaragarri gustatu zitzaidan.

(Eta kantatu egiten du)
Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra, injustiziaren kontra, defenditu eginen dut... Eta gaineratu zidan Arestik: "Bata Laboari eman nion eta bestea zuri emango dizut". Eta ni ere super pozik. Nire kantuen musika batzuk Joxe Mari Arrizabalagarenak dira. Lehenengo, musika bat edo beste egin zigun. Hurrena, Bartzelonara joan behar genuen batera, berarekin egon eta zenbait poemarentzako musika egiteko agindu genion: Kontrapas, Mosen Bernat jakin bahu, Emazteen fabore eta Judizio jenerala. Laster, berrogei urte beteko dira kanta haiek lehenengo aldiz grabatu nituenetik eta, nahiko nituzke, berriz grabatu. Kanta onenak, behintzat.

Gitarra zeuk jotzen zenuela grabatu zenuen lehen diskoa.
Nik artean ez nekien akorde batzuk jotzen besterik eta Xabi Villaverdek lagundu zidan kantuetan. Atahualparen diskoa hari eman nion eta handik ikasiz lagundu zidan. Taberna batean grabatu genuen. 68an atera zen diskoa, Durangorako! Hango elexportalean -guk esaten dugun bezala-, Cinsak jarri zuen saltzen, beste disko batzuekin batera. Argazkiak egin nituen, ile mototsetan, eta erreseina batzuk egin zizkidaten egunkarietan. Eta kantatzen hasi nintzen, herri guztietan! Bizkai guztia korritu nuen nire gitarrarekin. Oso garai ederra bezala gogoratzen dut.

Ez dok amairurekin harremanik izan zenuen?
Bizkaiko jaialdietan elkarrekin gertatzen ginen batzuetan. Hala ere, Bizkaian, Herrikoi taldea osatu genuen: Bittor Egurrola, Beti Alai, Zintzoak eta abar... Zintzoak taldeko Saez anaietako bat futbolari izan zen, Athleticen. Bestea, Portugaleteko bandako zuzendari da. Ez dok amairurekin kantatu ere egin nuen, Bizkaira ere etortzen ziren eta. Lurdesekin, Xabierrekin, Benitorekin... kantatu nuen. Gogoan dut 68an, kantaldi bat egin genuela Ondarroan. Jaialdia baino lehen hitzak zentsurara bidali behar ziren. Ondarroako hartan, kantuak bidali eta bat edo bi utzi zidaten kantatzen. Benito Lertxundik, eta Ondarroa bertako Argoitia anaiek ere kantatu zuten. Guardia zibila han zegoela, ez zegoela... ez genuen askorik kantatu. Ikastolaren aldeko jaialdia zenez, jendeak txaloka hartu zuen gure saioa. Ekitaldi militante izugarria izan zen hura. Han gertatutakoa ikusita, zera egiten hasi ginen, zentsurara folkloreko kantuak bidaltzen, eta jaialdian, berriz, bestelakoak kantatzen.

Auñamendi entziklopedian irakurri dudanez, gertakari publikoak zirela eta, Parisa jo zenuen 68an, erbestera. "Gertakari publikoak". Zer izan zen?
Kantatzen ez genuen problemarik, zentsura izan ezik. ETA hasita zegoen ordurako. Gauza handirik ez genekien baina zer edo zer. Gure taldeko batzuk han sartu ziren. Ni kantaria nintzen, baina bestelako jendez inguratuta bizi nintzen. Eta, egun batetik bestera, zeharo aldatu zen nire bizitza. Programatuta neuzkan kantaldiak Azpeitian, Bergaran, Bilbon... Bilbon, Pi de la Serrak eta biok egin behar genuen. Egun batzuk lehenago, dei bat, lagun batena: "Maite, Mikel zauritu dute. Sendagaiak behar ditugu". Egunkarian irakurri genuenez, komando bat zen, Santandertik etorri zena, Bilboko Parte Zaharrean ezkutatu zena. Poliziak lokalizatu eta harrapatu egin. Burgosko prozesukoak izan ziren haietariko anitz! Mikel hura, zauritua, baserri batean gordeta zegoela jakin genuen. Sendagaiak behar zituen eta, ahal bagenuen, medikua. Batera eta bestera jo eta sendagaiak inguratu genituen. Gero, Mikelek ihes egin ahal izan zuen, baina baserriko denak harrapatu zituzten. Gu bi egun ibili ginen etxetik kanpora. Herrira itzultzerakoan, auzoko andre bat, nire zain zegoen: "Maite, ez joan etxera. Irratia ere ari da zure izena aipatzen eta badaezpada ez joan etxera". Eta ez nintzen joan. Ondarroan egon nintzen ezkutatuta hilabete batzuetan. Kantaldiak nituen baina ez nintzen joaten, urrutira ez behintzat. Hala ere, Azpeitian kantatu nuen, Ondarroatik hara mozorrotuta joanda. Azkenean, Iparraldera joan hobeto nuela esan zidaten, polizia Bilboko jaialdira, Pi de la Serrarekin nuen hartara azaldu zela eta. Bermeoko arrantzale batzuek hartu eta eraman ninduten Baionara.

"Gertakari publikoak"
Eta Baionara joan nintzen. Bikote baten etxean egon nintzen. Arraroak! ETAkoak izango ziren, baina langile frontekoak edo auskalo! Beti eztabaidan ari ziren. Gaixotzen ari nintzen etxe hartan eta Oñatiko batzuek hartu ninduten berenean. Han oso ondo egon nintzen. Kabratarrak ziren. Jende ona, ona gero! Kabrak bazekien zein militante hautatu!, ze ETAn ere denetarik egon da. Jende ona, oso ona, eta bestelako batzuk ere bai. Etxe hartan nengoela, bi neska etorri zitzaizkien Paristik. Oñatiarrak, Parisen ikasten ari zirenak. Haiek bultzatu ninduten Parisera joateko. Dena dela, Baionako giro hura ez zitzaidan gustatu. Bilkura batzuk egiten genituen, bai, kulturalak, baina jendeak... txikiteoa! Horixe zuen, barretik barrera. Niri ez zitzaidan gustatzen. Atzerakada egiten zidan: Baionako karrikak jendez betetzen genituen, orroka, eta hemengo jendea beste manera batekoa zen: isilak, beti etxean... Orduan ezagutu nuen Txikia, kultur bilkura haietako batean. Nik ikasi egin nahi nuen, frantsesa, euskara, ikasketak egin... Baina hemen inork ez zuen frantsesa ikasten, denak erdaraz. Eta ni nazkatzen ari nintzen. Ez dut esan nahi giro txarra zela, ez, baina ez zen nire giroa. Paristik etorri ziren bi neska haien giroak gehiago erakartzen ninduen, eta joan nintzen.

Txikia ezagutu zenuela esan duzu. Haren Egun xintak gaua dakar... grabatu zenuen...
Kultur bilkura batean Eustakio ezagutu genuen, hemen Iparraldean, Ugaotik ihesi etorri nintzenean. Ni, gero, Parisera joan nintzen eta han nengoela jaso nuen haren poema, Egun xintak gaua dakar... berak bidalita. Hitzak gustatu zitzaizkidan eta, urte batzuk geroago, grabatu egin nuen. Euskal kantu batetik hartu nuen hasierako melodia eta neurea gehitu nion. Konposizio bat egin nuen justu Txikiaren hitz haientzat. Kantu polita zen. Kantu polita da, oso polita

Zer berri izan zen Parisen?
Auzo latinoan egon nintzen. Lehenengo, neska haien gelan eta gero, beste batean. Euskal etxera joaten ere hasi nintzen. Han hainbat iheslari eta ikasle euskaldun ezagutu nuen. Euskarazko eskolak ematen zituzten euskal etxean, eta hara hasi nintzen, alfabetatzera. Hura bai, nire giroa zen. Frantsesa ikasi nuen eta Vincennesen eman nuen izena, soziologia ikasteko. Bankako neska bat zegoen hango unibertsitateko bulegoetan, eta hark lagundu zidan paperak egiten. Bertan da oraindik, lanean. Hark paperak egiten laguntzen zigun. Sartu nintzen eta oso pozik. Frantsesa ere ulertzen nuen ordurako. Irakasleak ere, intelektual izugarriak genituen. 68ko maiatza ondoren, Frantziako estatuak unibertsitate bat sortzea erabaki zuen, protestagileei gustu emateko. Frantzian sekulako protestak izan ziren eta, izugarriak.

Haren ondorio onak jaso zenituela esaten ari zara?
Bai. Unibertsitate horren berezitasuna izan zen klasiko ez izatea. Ez zen Sorbona bezalakoa: irakasleen espitxa edo hitzaldia oharrak hartu... Vincennesen, irakasleek hitz egiten zuten, baina gainerako guztiek ere bai. Eztabaida sortzen zen eta oso aberatsa zen hura. Gainera, nola Frantzian beti egon den hitzaren artea, gu harrituta, ikasleek nola hitz egiten zuten ikusita. Izan ere, gure mundukoak beti isilik ohituta geunden. Eta beti isilik, ez duzu ezer adierazten ikasten. Han, berriz, ikasleen hitz egiteko erraztasuna!

Auñamendi entziklopediak dio kantari ibili zinela Parisen, auzo latinoan, hantxe atera zenuela bizimodua. Ez du besterik esaten...
Lehenengo, Candelaria kafe-antzokian. 1970ean hasi nintzela uste dut. Euskal etxean ginen, alfabetatzen, Axularren Gerorekin. Han nintzela, norbaitek esan zidan: "Maite, kantaria zara eta, zergatik ez zara Candelariara joaten. Kafe-antzokia da, auzo latinoan dago eta euskalduna da nagusia". Migel Arozena zen, gipuzkoarra. Nonbait, kantu ikastera joana zen Italiara gaztetan -ordurako adina zuen-, baina ez zitzaion ondo atera eta bueltan, Parisetik pasatu eta Candelaria ireki zuen bertan. Joan nintzen eta kantatzeko esan zidan. Nik, euskarazkoa. Berak: "Oso ondo. Zergatik ez ba! Kantatu euskaraz!". Izan ere, garai hartan, han, gehienak hego-amerikarrak ziren, Argentinako eta Txileko diktaduretatik ihesi. Hego-amerikar pila! Han ziren Los Calchaquis taldekoak ere. Candelarian kantatzen zuten.

Zer kantatzen zenuen?
Atahualparen haiek, euskaraz. Eta Guridiren konposizio batzuk eta.

Arestiren Aitaren etxea eta?
Oraindik ez. Kafe-antzokia zen hura eta han musika melodikoa kantatzen zen batez ere. Hiru urte egon nintzen kafe-antzoki hartan, eta handik bizi nintzen. Nik paperak ere egin nahi nituen, baina horretan ez zuen sartu nahi izan Arozenak.

Gaur egun bezala...
Hori da. Eta ez nuen paperik lortu. Hiru urte eta erdi han egin arren.

1973an itzuli zinen, Jokin Apalategiren ezkonduta eta Ur semea altzoan... Parisa joan aurreko Iparraldeko giroa ez zitzaizun gustatu. Eta itzulikoa?
Ez zen gauza bera. Itzuli ginenean bagenekien zertara gentozen, zer nahi genuen. Semearekin gentozen! Ikasketak eginda, helburu batzuk beteta etorri ginen. Eta umea genuen, familia bat ginen, ez nintzen ni bakarrik. Asmo batzuk geneuzkan. Jokin hasita zegoen Beobiderentzako itzulpenak egiten, eta nik diskoak ere eginak nituen; bat Cinsarekin eta beste bi Goiztirirekin, Parisen. Etxepareren kantuak dituena, haurdun nengoela, Arratiako Oihartzunak taldearekin. Eta Iparraldera etorri eta liburu denda baten asmoa ekarri genuen. Baina beste batzuek ere asmo hori zuten.

Horrela hasi zinen, beraz, Zabal liburu dendan...
Bai. Hogeita bost urte egin nuen lan denda hartan. Guk asmo hura ekarri genuen Paristik eta norbaitek esan zigun hemen ere bazela besteren bat asmo hura zuena. Joseba Jaka zen. Etorri zitzaigun eta entzun zuela zer asmo genuen, berak ere horixe nahi zuela, entzun zuela ni kantaria nintzela eta horrek gauzak errazten zituela... "Oso ondo", esan genion guk. "Beti da hobeki norbaitekin hastea". Horrela hasi ginen. Merke hartu genuen alokairuan...

Baionako Pannecau karrikan...
54 zenbakian.

Ume txikia, musika, eta liburu dendan. Hiruretan aritzen zinen!?
Hasieran Jokinek egin zuen lan han. Ni arratsaldeetan joaten nintzen.

Han ikusi zintudan azkena, gaur baino lehen. Liburu denda hesteko zorian zineten. Ez zeunden oso pozik...
Bistan dena. Elkarkidetzaren izpirituan oinarritu genuen Zabal, sorrera beretik. Gero, Hegoaldera guk sortu genuen eredua eramatean, erabat bortxatu egin zuten izpiritu hori. Eta ibilian-ibilian Baionaraino esportatu zuten. Ugazabak eta langileak bereizi eta hierarkizatu zituzten. Esparru bereko gainerako dendak ito eta irensteko erabakia hartu zuten. Eta oraindik ez dira aspertu euskal liburugintzan monopolioa lantzen.

Zabal ireki eta kantari jardun zenuen garai hartan?
Bai! Paristik etorri eta kantaldi asko egin nituen, zeren orduan sortu ziren hemengo ikastolak. Biarritzekoa ere orduan egin genuen. Gure semea hogeita bi hilabeterekin joan zen ikastolara. Ume gutxi zituztela esan ziguten, eta eramateko. "Eta garbitu behar bada, neuk garbituko dut! Ekarri umea!", esan zigun andereñoak. Auto zahar bat erosi genuen eta gure Ur ere zenbat kantalditara etorri ote zen, ene! Kantaldietan, standa jartzen genuen, liburuekin. Denbora luzean egin genuen hori. Zabal dendan liburu gehiago, elkarkidetzaren izpiritua genuen... Urteak egin genituen horretan. Nik Zabalen lan egiten nuen baina kantaldietan irabazten nuen bizitzeko diru apurtxo bat. Halako batean, 80an edo, rockeroak etorri ziren eta krisia etorri zen guretzat.

Musika ikasketak egiten hasi zinen...
Krisi hori baino lehen hasi nintzen kontserbatorioan, 1975 aldera.

Musika ikasketak egin eta Urrezko domina jaso zenuen 1979an Baionan, eta 81ean Bordelen.
Egiten nuena hobetzeko asmotan sartu nintzen kontserbatorioan, nahiz eta musika eta kantu klasikoa beti maite izan nuen. Ahotsa lantzen hasi nintzen. Gero etorri ziren urrezko dominak. Eta, egun batean, neska batzuek hots egin zidaten Donostiatik, talde batean kantatzeko eskainiz. Egia da emeki-emeki nire baitan ere aldatu egin zela musika egiteko manera. Ikasi ere egin nuen eta konturatu nintzen inork ez zuela gure herri musika landua edo kultoa ezagutzen. Aita Donostia, Guridi, Rematxa... hainbat musikagile zegoen, lotan baleude bezala. Nik haien bidetik jotzera erabaki nuen, haien lanak berreskuratu. Horrela hasi nintzen kantatzen. Camerata contemporanea jarri zioten taldeari izena. Gero, izena ere euskalduntzen saiatu nintzen eta Euskal Kamerata jarri genion. Handel, Bach...Euskal Klasikoak eta batez ere, Musika barrokoa egiten genuen. Horrela hasi eta horrela segitzen dut. Arrazoia, horixe, rockeroak indarrean sartu ziren Euskal Herrian eta kantari askok utzi zioten kantatzeari. Ni ere, horrela gelditu nintzen: "Zer egingo dut, utzi, ala klasikoaren bidetik segitu?". Neska haiek azaldu zirenean, esanez "Maite, zergatik ez zara gurekin etortzen?", zera esan nion nire buruari: "Tira, ateraldia bilatu dut!".

2008an berrogei urte izango dira kantari hasi zinenetik.
Bai. Eta hastapenera itzuli nahi nuke, orduko kanta hoberenak, landu eta berriz argitaratu. 40 urteko aldi hori nire bizitzako ziklo oso bat bezala hartu nahi nuke. Bestalde, duela gutxi Eibarko kontserbatorioan kantatu dut. Emakume talde batek antolatu zuen saioa eta emakumezko musikagileen piezak interpretatzeko eskatu zidaten . Hainbat emakumezkoren lanak kantatu nituen eta orain disko bat prestatzen ari gara. Ikerketa maite dut.

Nortasun agiria

Maite Idirin (Ugao, 1943). Kantaria. Gaztetan, gerra osteko abertzaleen gora nahiak jo zuen, dantza-taldean eta koruan. Musika zaletasunak eraman zuen kantu mundura, gitarra eta poema batzuk, onak, lagun harturik. 1968an hasi zen herriz herri kantari baina 1969an ihes egin behar izan zuen Baionara lehenengo eta Parisa gero. Auzo latineko Candelaria kafe-antzokian kantatuz atera zuen bizimodua. Soziologia ikasi zuen Vincennesen. Jokin Apalategi egin zuen senar. Ikasketak bukatu eta itzuli ziren Baionara, artean errefuxiatu. Baionako Zabal liburu denda ireki zuten eta kontserbatorioan ikasten hasi zen, ordurako bizpahiru disko txiki eta luze bat (Aitaren etxea) grabatuta zituela. Ahizpatasuna izeneko diskoa grabatu zuen gero baina musika klasikoaren bidetik jo zuen ondoren. Horretan da gaur egun, Euskal musika klasikoa kanatatuz eta grabatuz eta Euskadi Irratian musika klasikoari buruzko irratsaioa eginez.

Primizia
2005ean, Donostiako Musika Hamabostaldiak aukera eman zidan, Saran kontzertua eskainiz, 1936ko belaunaldiko iheslari izandako hainbat intelektual eta musikagile omentzeko. Aita Donostia, J.Guridi, F.Rematxa, J.Uruñuela, F.Escudero, M.Labeguerie eta R.Castro musikarien kantuak eman nituen. Orduan egindako lanean oinarrituz diskoa osatu dugu Alejandro Zabalak eta biok. Durangoko azokarako irtengo da. Hamar bat kantu inedito sartu ditugu. Sei R.Castrorenak dira. Horietarik lau poema G. Arestirenak dira. Beti bezala sakonak eta bikainak. Poeta berak R.Castrori musika jartzeko emanak. Azken honek gordeak hainbat urtez, eta azkenik konposizio zoragarri bihurtuak. Harrigarria ere F.Escuderok Gandiagaren poema batekin egindako konposizio musikala. Inoiz inork grabatu ez dituen kantuak dira; Rematxak konpondu ditu. Izango dugu denbora ondoko asteetan honetaz gehiago eta bereziki hitz egiteko. Primizia duzu.

Zabal liburu denda
Zabal ireki genuenean, asmoa militantea zen, gure partetik behintzat. Soldata berdinak eta. Bi langile, Jokin eta Jaka. Geroago, langile berriak etorri zirenean, berdintasuna aplikatzen jarraitu genuen Zabalen.Hasieran liburu gutxi eta leku asko genuen eta erdia liburu denda eta beste erdia erakusketa-areto egin genuen. Lehenengo, Pantxoa Santestebenerekin egin genuen. eta geroxeago jesus Etxebarria eskulturagilearen lanak jarri genituen. Etxebarria Baranbiokoa zen, gerrako errefuxiatua. Horrela hasi ginen. Gero, liburu asko Paristik ekarri genituen, Ruedo Ibericokoak eta. Izan ere, Hegoaldetik liburu asko eskatzen hasi ziren, han zentsuratuta zeudenak: komunismoa, marxismoa, Mao… Liburuak, diskoak, afixak… Zenbat saldu ote ziren afixak! Ostiral arratsaldean eta larunbatean Hegoaldekoa zen jendea!

Parisko Mutualité aretoan
"Bost herri borrokan" zen kantaldiaren lema. Eta han izan nintzen. Bi urtetan kantatu nuen han. Batean, Etxamendi eta Larralde ere izan ziren jaialdi hartan. Sekulako kantaldia izan zen. Beste batean, unibertsitate hirian ere kantatu nuen Llachekin, baina berehala ikusi genuen katalanak eta euskaldunak oso diferenteak ginela. Llach Parisera joan zen… agentearekin! Ea, esan niri noiz hasi diren agenteak Euskal Herrian! Llach, agentearekin. Ni, Candelarian. Garai hartan, frantses editore ezagun batek disko bat grabatzeko eskaintza egin zidan. Ni, ados. Baina, gero: "Kanta politiko horiek kendu egin beharko dituzu". Ez dakit Aitaren etxea kantatzen nuen, baina hori esan zidan, bederen. Ni, ofenditu egin nintzen: "Bada, ez. Naizen bezala hartzen ez banauzu, ez!". Gero damutu egin nintzen, oso ona izango zen eta niretzat. Militantismo hura… Ez nuen diskoa grabatu baina kantatzen segitu nuen, asko.

Labur
Ugao
Sorterria, euskal izena berreskuratu duena, lehen "Miravalles" baitzen.

Paris
Kultur tokia

Pannecau karrika
Nire kultur militantzia gauzatu nueneko tokia.

Txikia
Ezagutu nuen.

Argala.
Gizon oso argia.

Gabriel Aresti
Poeta handia eta pertsona atsegina

Joxe Mari Arrizabalaga
Oso ezaguna ere ez da Euskal Herrian baina Gabriel Arestiren eta beste hainbaten poemaK musikatu ditu.

Aitaren etxea defendituko dut
Aspaldian, "amaren etxea" esaten dut.

Ur Apalategi
Gure seme maitea. Ongi atera zaigun gauza eder bat.

Jokin (Apalategi)
Senar, lagun, adiskide… elkarren ondoan hilko garela uste dut.

Iparraldea, Hegoaldea
Oso ezberdinak izanik ere, hurbiltzen ari dira.

ETA
Ikaragarri gaizki bizi izan nuen Lizarra-Garazi garaiko tregua haustea.

Francoren garaiko Euskal Herria
Zapalkuntza, zapalkuntza.

Euskal Herria
Inkognita.

Kantagileak
Garai bakoitzean bizia kontatzen eta kantatzen dutenak

Musika klasikoa
Prestakuntza handiagoarekin, berdin egiten dena.

Maite Idirin sopranoa
Bide luze baten ondoriozkoa. Gauza diferenteak egin ditu baina denak gustura.

Maite Idirin emakumea
Nahiko errebeldea, inork zapaltzerik onartzen ez duena.

Maite iheslaria
Bat gehiago, hainbesteren artean.


Azkenak
2024-12-02 | ARGIA
ARGIA Durangoko Azokan: zer, noiz eta non?

Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]


Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude