Hitzak, hitzak, hitzak


2006ko urriaren 01an

Pepponismoa eta beste

Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrizketaren aldeko kanpaina bati ekin dio. Euskarazko bertsioan, asto baten irudia baliatu dute batzuk burugogorrak dira lemarekin. Gaztelaniazkoan, berriz, bi bisigu ageri dira el diálogo no es de besugos esaldiaren azpian.

Negoziazio garaian omen gaudenez, mezu subliminal ez hain ezkutukoa dakar kanpainak? Horretara eraman nau ni lehen begi kolpeak eta, hori bada kanpaina abian jarri dutenen asmoa, ez da oso astoa izan behar eta ezta hain bisigu begi tristea ere asmatzeko zeintzuk ageri diren elkarrizketarik nahi ez duten asto gisa, zeintzuk ari diren portatzen dialogoari beto erabatekoa jarri dioten bisigu tristeen moduan. Negoziazioaz gainera, pepponeak ere etorri zaizkit gogora. Italian halaxe deitzen diete elkarrizketarik nahi ez duten kaskagogorrei eta pepponismoa, berriz, elkarrizketa ukatzen dutenen jarrera sektarioari. Guareschiren Don Camilo nobela-zikloko Peppone alkate komunista ultra ortodoxoaren ondran eta alabantzan sortutako espresioa da. Orain berrogei bat urte komunistak eta kristauak hizketan hasi zireneko kontuak dira, komunista ortodoxoenak eta kristau integristenak elkarrizketon kontra agertu ziren garaikoak.

Sagua habia egiten ari da katuaren belarrian! Hala salatzen zuten peppone haiek, hala salatzen dute gure arteko asto eta bisigu begi triste pepponeek ere: bizitzaren logika bakarra katua saguaren atzetik ibiltzea dela sinestarazi nahi digute. Edonola ere den: gaitz erdi irudituko litzaidake baldin mutur batean bakarrik baleude elkarrizketarik nahi ez duten astoak, bisigu begi tristeak eta peponneak oro.


Hitzak, hitzak, hitzak


Elkarrizketaren izenean, ez ahal da dena hitzontzikeria izango.

Hamlet ez da ekintza gizon bat, eta bere inguruak zerbait egitera behartzen badu, hitzetan bilatzen du zer egin eta nola jokatu. Erretorikan. Eta Poloniok galdetzen dionean zer irakurtzen ari den, Hamletek erantzuten dio, begirada liburutik altxatu gabe: words, words, words (hitzak, hitzak, hitzak).

Hamlet ez da jada Erdi Aroko gerlariaren estereotipoa, Errenazimenduko printzearena baizik, eta hitzak baliatzen ditu ezpataren ordez eta ezpata gisa. Hitzak dira bere arma eta esan dezakegu Hamlet dugula politika modernoa definitu eta abian jarri duen lehen pertsonaia literarioa: hitzak, hitzak, hitzak. Politikari moderno bat da Hamlet, gaurko politika egiteko modu nagusiaren aitzindaria. Inor hil edo ezer suntsitu aurretik, edo egintza gogor bati ekin baino lehen, egintzok zurituko dituzten hitzak bilatzen ditu kosta ahala kosta. Lehendabizi, izugarrikeria estaliko duen zelofana aurkitu behar du. Gero, izugarrikeriari ekin. Hitz egokien jabe egiten denean, zernahi burutzeko gauza da.

Erretorika da bere ezpata, eta heriotzako orduan ere, Hamletek hitzari hitz segituko du, horrekin heriotzari izkin egingo diolakoan. Baina hitzek ezin baitute Herioren egia estali, the rest is silence (gainerakoa isiltasuna da) esango digu Hamletek azken hatsarekin batera.

Hitzak, hitzak, hitzak. Hitzontzikeria eta erretorika batetik, isiltasuna bestetik. Tartean ez dago beste ezer? Bai. Baina zerbait egon dadin, hitzek balioren bat izan dezaten, erabiliaren erabilian hitzei eransten zaizkien herdoilari eta gezur usainari erreparatu behar.

Ez da erraza.


Gezurra esan nuen Etxe Zurian

Ez, ez da erraza. Halako batean, Bushek CIAren kartzelen existentzia onartu du. Orain arte, ukatu eta ukatu aritu da. Bushek zioen Husseinek suntsiketa masiboak eragiteko armak zeuzkala. Gezurretan aritu izana onartu behar izan zuen.

Gutxitan ikusi genuen hain garbi gezurra gezurraren gainean eraikitako aginte demokratiko (?) bat. Gutxiagogatik hondoratu zuten Nixon. Zer gertatu da ordutik hona? Ameriketako Estatu Batuetako prentsak eta herri iritziak zergatik jokatu dute hain malgu Bushekin?

Dorre bikien erasoak edo terrorismoaren arriskuak ez du dena esplikatzen. Hizkuntzaren aldaketa ere gertatu da eta, batez ere, fenomeno berri baten aurrean gaude: terrorismoaren kontra denak balio badu, baita gezurrak ere. Zergatik ez? Lehen ere baliatzen zen gezurra, egia da, baina tortura edo ustelkeria bezala: ezkutuan. Orain agerian eta mikrofonoen aurrean.

Kontu jakina da: terrorismoaren kontra, denak balio du.


Sarea
Gustuko ditudan nobeletan, pertsonaia nagusiek bizirik segitzen dute liburua itxi ondoren ere. Galderak egiten dizkidate, nirekin ibiltzen dira bolada batean, askotan susmatzen dut ez naizela ni izan, pertsonaia horietakoren bat baizik, nik izenpetu berri dudan lan horren idazlea.

Fikziozkoak omen dira pertsonaiok, baina modu errealean eragiten didate, ez bakarrik nire pentsamendu-jokabideetan, ez bakarrik nire lanetan: urliaren hatsa senti dezaket poeta horren poemagintzan, berendiaren itzala ikusi ipuin hartan.

Lotura ia ikusezinez ehundutako sarea baita literatura, horra irizpide bat literatura juzkatzeko: saretik kanpo badago, sarerik ehuntzen ez badu, ez da literatura.

Amesgaiztoa

Amets egin dut eskultura erraldoi bat zebilela airean. Halako batean nire etxearen gainean geratu da eta eskultura tzarrak binbili-bonbolo egiten zuen nire begien aurrean. Eroriko ote zen beldurrez nengoen ni, eta erortzen bazen, etxea suntsituko zigula eta bertan galduko ginela ni eta gehien maite ditudanak. Eskulturak gero eta bizkorrago egiten zuen binbili-bonbolo eta nik oihu egin dut, oihu lazgarria. Izerdi patsetan esnatu naiz. Ez da harritzekoa, eta ez gaur egiten duen bero heze astunagatik bakarrik.

Siesta garaiko amesgaizto bat. Lasaitzen hasita nago.

Aharrausi batzuk egin, eta ondoan botata neukan periodikoa hartu dut prentsaren otarrera eramateko. Orduan ohartu naiz zein izan den amesgaiztoa eragin didan amesgaiztoa: periodikoaren portadan, Zaragozako Akademia Militarretik kendu duten eskulturaren argazkia. Hogeita hamar urte pasatu omen dira eskulturako mandoduna -ez dut zalduna deituko- hil zenetik, baina ez da hil. Bizirik segitzen du hainbat kale-izen, eliza eta erakundetan. Bizirik, hainbaten kaskezurrean eta praktika politikoan. Bizirik eta mehatxuka aldian behin izaten ditudan amesgaiztoetan.


Globoan

Globalizazioak, ugariak izan arren bere alde positiboak, sarkasmo izugarri bat gordetzen du bere baitan, ikusi besterik ez dago zer gertatzen ari den azken hilabeteotan Kanaria irletara uholdeka iristen ari diren etorkinekin. Mendebaldea da globalizazioa. Lehen inperialismoa deitzen zitzaion; baita kolonialismoa ere. Mende batzuk aurrerago guk baino konplexu gutxiago zuten eta konkista deitzen zioten.

Atzo eta gaur, eta bertsio guztietan, ustiaketa da mendebaldarrok praktikatzen ari garena. Globalizazio hitzak, José Luis Sampedrok ondo esan zuen, gorantz doan globo baten irudia ematen du, baina globo horretan zibilizatua deitzen den mundu aurreratu esklabista bakarrik kabitzen da. Han behean, globalizazioaren globotik kanpo, globalizatuak, konkistatuak, ustiatuak, Frantz Fanonen lurreko kondenatuak kaiuko eta pateretan.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Eguneraketa berriak daude