Kilometroak 2006: Primeran pasa... pasatu gabe


2006ko irailaren 24an
1967an herritar talde baten bultzadarekin sortu zen Haurtzaro Ikastola. Etxepe batean eman zituzten lehendabiziko eskolak Ines Olaziregi eta Arantxa Madariaga irakasleek. Elizaren babesarekin sortu zen ikastolak laster hartu zuen izaera herrikoia, elizatik bereizten joan eta herritarren artean bono bilketa egin baitzuten. Egun gurasoek eta langileek osaturiko kooperatiba da Haurtzaro Ikastola. 1977an oinarrizko eraikina egin zuten eta 1989an Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikina gaineratu. 0-18 urte arteko 850 ikasle biltzen ditu ikastolak.


Hobetuz eta egokituz

Hezkuntzak dinamikoa eta eguneratua izan behar duela uste dute Haurtzaro Ikastolako kideek eta ideia honi jarraituz malgutasuna, errealismoa eta integrazioa dira beren hezkuntza proiektuaren ardatzetako batzuk. Eguneko beharrei egokitzen zaion eta errealitateari aurre egiten dion ikastola da Haurtzaro; komunikazio eta informazioaren garapenean aitzindariak izan ziren bere garaian, baita Eleanitz proiektuan ere, eta gizarteko errealitate bati helduz, droga-menpekotasunaren gaia lantzen dute DBHko ikasleekin Askagintza erakundearen laguntzaz.


«Drogak larrugorrian»

Askagintza erakundeak hamar urte baino gehiago daramatza udaletxe eta ikastetxeekin elkarlanean Osasun Heziketa eta Droga-menpekotasunen prebentzio programak gauzatuz. Gipuzkoako 25 bat ikastetxetan dabiltza lanean Drogak larrugorrian programarekin; drogak zer diren, kontsumo motak eta dituzten alde onak nahiz txarrak lantzen dituzte, besteak beste. Gaiarekin arduratua dagoen ikastetxea izan ohi da Askagintzari gaia lantzeko eskaera egiten diona. Txus Congil Askagintza taldeko kideak adierazi duenez, «askotan ikastetxeetatik deitzen gaituzte, drogak txarrak direla eta kalteak dituztela esatera joateko, baina, gure irizpidea ez da debekatzailea, hezitzailea baizik».

Programa honetan ikastola osatzen duten hiru taldeek hartzen dute parte; ikasle, irakasle eta gurasoek. Lehendabizi ikastetxeko klaustro eta gurasoekin biltzen dira, ikasleekin zer gai landuko dituzten azaltzeko eta orokorrean errealitatearen azterketa egiteko: egoera zein den, substantziak, nerabeen inguruko azterketa. Jokabide batzuk zehazten dira gaiaren inguruan. Ondoren, tutoreekin biltzen dira, azken finean beraiek baitira gaia ikasleekin landuko dutenak. Hala, unitate didaktikoak, galdera-sortak eta erabiliko duten materiala erakusten dizkiete.

Tutoreek Askagintzako adituekin prestaturikoa ikasleekin lantzen dute tutoretza edota etika orduetan. Drogen gaiarekin batera, bizikidetzan eragiten duten beste hainbat alor ere jorratzen dituzte; komunikazioa, talde presioa, arauak, adiskidantza... Azkeneko saioan, berriz, Askagintzako adituak hurbiltzen dira ikastetxeetara, ikasleen zalantza eta galderei erantzuteko. Txus Congilen iritziz, «informazio nahasketa handia dago. Drogak txarrak direla edo drogak onak direla entzuten dute beraiek. Eta ez da hala; drogen erabilera da arazoa. Informazio eta formazio bidez, erre edo edan nahi badute zertan dabiltzan jakitea da helburua, hots, drogen aurrean arduraz jokatzeko gai izatea».


Haurtzaron, programa txertatua

Haurtzaro Ikastolan programa hau jada DBHko curriculumean barneratuta dute. Errealismoa eta integrazioa dira Haurtzaro Ikastolaren printzipioetariko bi eta horrexegatik hasi ziren gaia ikastolan lantzen. «Gu ikastolan edo inguruan ez gara topatu arazo berezi batekin. Ez gara hasi arazoa ikusi dugulako, kaleko errealitatea delako baizik. Hezkuntzan gauza horiek teorian integratzen ari dira eta praktikan ere zerbait egin behar da. Lotan geratzen bazara, arazoak jan egiten zaitu», dio Arantza Manterola ikastolako lehendakariak. Sorkunde Lekuona, Haurtzaro Ikastolako zuzendariaren hitzetan, «esfortzu bat da gaia lantzea, eskola orduz kanpoko koordinazioa eskatzen du, formazio bat, baina gure printzipioekin bat dator, integrazioarekin. Ez du balio eskola integrala garela esateak, eta gero ezer ez egiteak. Merezi duen esfortzua da».

Zazpi urte daramatzate, 12tik 16ra bitarteko gazteekin eta euren gurasoekin gaia lantzen. Sorkunde Lekuonak dioenez, «adin horretako ikasleak drogen mundua deskubritzen hasten dira eta positiboa da gaia lantzea. Horrek ez du esan nahi ez dutela droga probatuko, baina hori ez da lortu nahi duguna. Helburua, drogekin modu arduratsuan bizitzen jakitea eta osasuna ez kaltetzea da». Gaiaren lanketa interesgarritzat eta beharrezkotzat dute Haurtzaro Ikastolan. Gurasoen parte hartzea handia izaten da eta ikasleek ere gaia serio hartzen dutela azaldu du zuzendariak. Ikastolan lantzeaz gain, Kilometroetan ere landuko dute gaia.


«Primeran pasa, pasatu gabe»

«Gizartea aldatu den eran dena aldatu da eta jaiak dimentsio izugarria hartu du», dio Igor Elortza Kilometroetako koordinatzaileak. Beste edozein jaietan gertatzen den moduan, gazte askok jai hau alkoholarekin lehen probak egiteko erabiltzen dutela badakite antolatzaileek eta kezka horri heldu nahi izan diote. Horretarako, Askagintzarekin batera Primeran pasa, pasatu gabe proiektua prestatu dute.

Proiektu honekin drogekin pasatzen den gazteari, pasatu gabe ere ondo ibiliko dela erakutsi nahi diote: «Hiru ardatz helarazi nahi ditugu: zure osasuna zaindu, kontsumitzen jakin eta errespetatu ondokoa, natura eta ingurunea», dio Igor Elortzak. Kanpaina honen barruan, ez da graduazio altuko alkoholik zerbitzatuko txosnetan: «Alkohola gutxi banatzen da, baina jendeak erosita ekartzen du. Guk ezin dugu dena kontrolatu. Gizarteak ere aldatu beharko du eta horrekin batera beste ohitura batzuk hartu», dio Sorkunde Lekuonak. Hori kontuan izanik, botilaz inguraturik dagoen lagun taldeentzako prebentzio batzorde bat egongo da: «Koadrila bat baldin badago edari askorekin eta nahasketak egiten, pertsona bat hurbilduko da beraiengana, ez edaria kentzeko, baina bai kontsumoarekin izan ditzaketen arriskuez hitz egiteko», azaldu du Txus Congilek.


Arazoa gizartean

Gaiarekin kezkatuta badaude ere, Kilometroetako antolatzaileek garbi dute arazoa gizartearena dela: «Ezin da kezka hau ikastolen gain utzi, kezka hau edozein jaietan dago. Badirudi alkohola ikastolen jaietan baino ez dela edaten eta ez da hala. Alkohola edonork edaten du edozein jaitan. Ikastolak konpondu behar al ditu gazteek dituzten alkohol arazoak? Ezin zaigu guri eman irtenbidea aurkitzeko ardura», dio Arantza Manterolak. Igor Elortzak dioenez, «ez dut uste arazoa esaten den adinakoa denik. Ez dut ukatuko mozkorrik egoten ez denik, baina 100.000 pertsonen artean denetarik dago eta horrelakoak ere tokatzen zaizkigu».

Kilometroak antolatzeko kontseilu erretoreak garaturiko dekalogoan gai honi aurre egiteko asmoa agertu zen, eta hala kontzertuak eta guneak antolatzerako orduan gaia kontuan hartzeko eskatu zen. Izan ere, antolatzaileen iritziz, guneen antolaketa eta kontzertuetan zenbait musika taldek ematen duten mezua ere zaindu behar da. Hain zuzen ere, ikasleek beraiek eskatu diete musika taldeak kontratatzerakoan hauek ematen dituzten mezuak kontuan hartzeko: «Ikastolan lanketa bat egiten ari gara esanez drogak arduraz erabili behar direla, eta kontzertu baten diskurtsoa bestelakoa bada kontraesana dago, taldea guk ordaintzen dugulako. Ekarriko diren taldeek betetzen dute mezu hori», dio Arantza Manterolak.

Primeran pasa, pasatu gabe kanpainarekin badakite arazoa ez dutela datorren urterako konponduko, baina lehen pausoa eman nahi izan dute. «Hau abiapuntua izango da, eta helburua gainontzeko jaietan txertatzea da», dio Sorkunde Lekuonak. Nafarroa Oinezen ere gauzatuko da proiektua.

Eraikin berriaren premia

Haurtzaro Ikastolaren oinarrizko eraikina 1977koa dute eta 1989an DBHrako beste eraikin bat gehitu zuten. Matrikulazio kopuruak gorantz egin duen bezala eta hezkuntza legeak aldatu diren heinean gela berriak sortzen joan dira. Horretarako, ikastolak berak zituen etxepeko gelak itxi dituzte. Egun ordea, espazio falta dute ikastolan eta Kilometroetan lorturiko diruarekin eraikin berria egin nahi dute: «Kalitatezko hezkuntza eskaintzen dugu, zenbait proiektutan aitzindariak gara, baina horrek baliabideen beharra dakar. Giza baliabideak onak ditugu, borondate ona, baina espazio gehiago behar dugu. Matrikulazioa gorantz doa eta jende horri baliabide fisiko onak eskaini behar zaizkio», dio Arantza Manterolak. Eraikin berriarekin antolamendu hobea eman nahi diote ikastolari, zerbitzu guztiak eraikin zaharrean behar bezala jarriz.

Baina eraikin berria egitea ez da duten inbertsio bakarra. Azken bi urtetan inbertsio handia egin dute gela berriak eginez eta jangela hirukoiztuz. Hala, bitarteko ekonomikoak ziurtatu nahi dituzte.

Xede ekonomikoekin batera badituzte bestelako helburuak ere. Ikastolen arteko elkarkidetza bultzatu nahi dute, Iparraldeko eta Nafarroako ikastolekiko elkartasun bideak sustatuz. Bestalde, herrian naturaren inguruan sortzen ari den proiektuaren alderdi hezitzaileak indartu nahi dituzte.

Herritarrek bultzatu eta lagundutako ikastola da Haurtzaro. Hala, herriarekin izan duen harremana trinkotu eta ikasle ohiekin nahiz gainerako laguntzaileekin duten harremana sendotzeko asmoa dute. Hain zuzen ere, herritarrak omenduko dituzte urte hauetan guztietan jaso duten laguntza eskertzeko. Horretarako, garaian garaiko lehendakaria omenduko da, garai bakoitzeko herritarrei eskerrak emanez.


ASTEKARIA
2006ko irailaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#4
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


Eguneraketa berriak daude