Net Hurbil: Bada bigarren Ekialde Hurbil bat: Mendebal Afrika


2021eko uztailaren 19an

«Jendea, ideiak, ekintza, justizia globalaren aldeko borrokan» dio bere goiburuak. Munduaren egoera ikuspegi aurrerazale batekin aztertzen duen aldizkaria da New Internationalist. Hemengo kioskoetara paperean iristen ez denez, harpidedun ez egitekotan Internetez irakurtzea daukagu. Orain itxuraldatu berria du bere gunea, eta erantsi dioten «Artxiboetatik» atalean duela bi urteko artikulu interesgarria ekarri dute lehen orrira, gaur orduan adina balio duelako.

Mendebaldeko Afrikan etengabe sutan dauden gerrak aztertu ditu Katharina Ainger-ek The scramble for Africa (Afrikagatik borrokan) artikuluan. Afrikari egokitu zaizkio sekulako aberastasunak harribitxi, metal, mineral eta beste baliabide naturaletan, baina galdetu behar da ea hori bere zorionerako ala zoritxarrerako gertatu zaion. Askotan aipatu den kezka da, baina begien bistan dago topiko hutsala ez dela.

Aingerren artikulua hasten da Joseph Conraden Heart of Darkness liburu famatuaren aipamenekin (Ilunbeen Bihotzean izenburuarekin plazaratu zuen euskaraz Iñaki Ibañezek duela 15 urte). Conradek 1899an plazaratutako eleberri horrek agerian jarri zuen orduan Kongo belgikarra zenean Afrikako beltzak zibilizatzeko aitzakiarekin kolonizatzaileak sekulako basakeriak ari zirela egiten. Diotenez, Conraden pertsonaietan oinarritu zen askoz beranduago Francis Ford Coppola zuzendaria Apocalypse Now filma egiteko. Alegia, mende bat lehenago kolonietako buruzagiez eta haien ankerkeriez egindako deskribapenak balio izan zion Coppolari Indotxinan militar yankiek egindakoak azaltzeko.

Conradek bere liburuan gogortasun handiz erakutsi zuen Afrikatik Europara -Londres iluneraino- ekarritako ondasunak kutsatuta daudela kolonialistek Kongon burututako holokaustoaren odolez. Ehun urte beranduago, Conradek maisuki erakutsitako Londresko kaietara jo du Katharina Aingerrek, haietan ikusi ditu urrutitik etorritako zura, mineralak eta beste hainbat ondasun eta idatzi du: «Ez dago gaur ere urrutiko gerrak pagatzeko saldu den zura inportatzea galeraziko duen ezer. Diamanteak Heathrowko aireportura iristen dira -kai horietatik hurbil- eta mugazainek ezin dute detektatu arma trukean saldutako harribitxiek dakarten odola. Kongoko borrokalari krudelek saldutako koltan mineralez eginiko sakelako telefonoak nonahi daude».

Afrikako Mendebaldea, mende bat beranduago, sutan dago. Jauntxo gerrazaleak, eskrupulurik gabeko korporazioak, arma trafikatzaileak... denak bildu dira lehengaiez hain aberatsa den eskualde horretan, nork zer eramango. Globalizazioak itxura berria erantsi die gainera Afrikako gatazka zaharrei, zeren eta orain munduko edozein buruzagi, agintari edo talde armatuk munduko beste muturretik lortu baititzake armak.

Belgikako Leopold erregearen ustelkeria eta izaera basatia Anberesko portuko langile batek atera omen zuen argitara. 1897an Edward Morel egon zen hango kai batean ikusten nola deskargatzen zuten Kongotik zetorren ontzi bat. Ohartu zen ontzitik dirutzak balio zituen marfila eta kautxua lehorreratu zituztela eta trukean Kongora ez zutela bidali balak eta fusilak besterik. Bitxikeria honek esplikazio bat baizik ezin zuen eduki: esklabo-lana. Edward Morelek kontatutakotik abiatu zen Kongoko egoera aldatzeko kanpaina.

Baina, dio Aingerrek, Anberesko nasan Morelek irudi oso grafikoan ikusi zuen kolonialismoaren alde ezkutua, eta aldiz, gaur egun autoari gasolina sartzen diogunean, urrezko bitxi bat oparitzen dugunean edo sakelako bat erosten dugunean, zailagoa zaigu ohartzea guk egin dugun salerosketaren atzean zenbat odol eta miseria dagoen.


Lapurretarako onena, izua zabaltzea

«Oparotasunaren paradoxa», formula horretan laburbildu du Aingerrek Afrikaren zoritxarra. Alegia, herrialde bat zenbat eta aberatsagoa izan lehengaietan eta horien menpekoagoa izan, orduan eta beherago egongo dela giza garapen indizeetan. Sierra Leona oso aberatsa baita diamantetan, bere herritarren bizi itxaropena 34,5 urtekoa da. Angolak oparotasun handia du diamante eta petroliotan, eta bere lau haurretatik bat bost urtetara ez da iristen.

Azpiegitura gutxi eduki, baina diru erraza azkar egiteko aukerak dituen herrialde batek horiek gabeko beste baten bost halako probabilitate ditu gerran sartzeko. Petrolioaren eta mineral produkzioaren arras mende dagoen herrialdeak, normalean, agintari oso ustelduak eta autoritarioak dauzka, aurrekontuen zati handiena arma eta militarretan xahutzen dutenak. Botswana aipatzen da tipo honetako herrialdeen artean salbuespen bakarretakoa bailitzan.

«Baliabideengatiko gerretan -idatzi du Aingerrek- sarri populazioaren kontrako basakeriak egiten dira, zeren eta gobernu ustelen agintea baliabideetan oinarritzen baita, ez herritarren babesean. Era berean, matxinoek ez dute harrapakina baizik nahi, ez dabiltza jendeen bihotz eta buruak berenganatu nahian. Alderantziz, sakeatzaileek, kontrolatu nahi dituzten eskualdeak zibil jendea ikaratuz garbitzen dituzte, bortxaketa eta tortura sistematikoki usatuz, eta herritar asko prostituta, ia esklabo eta haur soldadu gisa erabiliz».

Gero, Afrikan harrapatu eta merke saldutako zur, metal, harribitxi edo petrolio horiek gure eskuetaraino iritsi behar dute. Bide horretan, saltzaile, garraiatzaile eta arma trafikatzaile ugarik hartzen dute parte. Aditu batzuen ustez, ez luke oso zaila izan behar kate horretan eskua sartzea, Afrikara doazen arma labur gehienen hornitzaileak 120 pertsona omen dira mundu osoan, adibidez. Nolaz ez du inork eten kate hori oraindaino? 1998 eta 2003 artean Kongoko gerran 3,8 milioi herritar hil baziren, erremediorik nola ez da jarri?

Erantzunaren parte handi bat Munduko Bankuak eman dezake, bere buruan -George W. Bush AEBetako lehendakariak ipinita- 2005etik Paul Wolfowitz neokontserbadorea daukanak. Gisa honetako herrialdeentzako formula zaharra aplikatzen du beti Munduko Bankuak: lehengaien erauztea bultzatu horrek garapena ekarriko dielakoan. Aldiz, bakearen aldeko Gobernuz Kanpoko Erakunde nagusienek mila aldiz errepikatu dute lehengaien erauzketa eta gerra gauza ziklikoak direla horietan.

Alabaina, Mendebaldeak behar ditu Gineako Golko inguruko lehengaiak. Energiatan aditu batzuek Mendebaldeko Afrikako herrialdeak -Nigeria, Ekuatore Ginea, Sao Tome eta Principe, Txad, Kamerun, Gabon, Kongo eta Angola- «Ekialde Hurbileko Golko Berria» izendatzen dituzte, lur eta itsasoetan dauden petrolio pilak direla eta. Amerikako Estatu Batuek zonalde horrek berentzako «national strategic interest» daukala iragarri dute, 2015erako yankiek behar duten petrolioaren %25 hortik iritsiko zaiela kalkulatu dutelako. NATOko militarrek ere, beren plan estrategikoetan eskualde hori sartu dute. Igarriko diote Afrikan.

---------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona

Urduritasunaren alarmak mugikorrekoak baino ordubete lehenago jota hasi da niretzat Donostiako 72. Zinemaldia, edo halabeharrak edo oparitu didan rol honetan. Goiz gosaldu eta akreditazioaren bila joan ostean, Victoria Eugenia antzokira hurbildu naiz 9:00etarako saiora, Emilia... [+]


Bonba-jostailuen oroimena oraindik bizirik da Libanon

Ekialde Erdia dantzan jarri dute pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak lehergailu bihurtu dituzten erasoek. Israel isilik da, baina inork gutxik jartzen du zalantzan erasoen atzean hura dela. Besteak beste, iraganean aritu delako jada jolas hilgarri horietan, eta akusazio... [+]


2024-09-20 | Sustatu
Euskarabildua topaketa urriaren 17an: “Artifiziala ez den teknologia”

Aurtengo Euskarabildua topaketa teknologikoa (iAmetzak antolatzen duena urtero) urriaren 17an izango da Donostian, San Telmo Museoan. "Artifiziala ez den teknologia" jarri diote goiburu gisa, adimen artifizialaren oldarraldi garai honetan "inoiz baino... [+]


Sail Ofiziala. Irekierako filma
Apar gutxiko desioa


2024-09-20 | Gedar
Aurten ere, udako erailketa matxisten %15 egin dute poliziek edo polizia ohiek Espainiako Estatuan

Uda honetan, gutxienez hemeretzi erailketa matxista izan dira, eta horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak dira hiltzaileak. Donostian, gainera, erailketa saiakera bat ere izan da ertzain baten partetik: bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuan.


2024-09-20 | George Beebe
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko

(Baina Kievek Errusiari eraso egiten uzteak gerrara eraman gaitzake zuzenean).

George Beebe CIAko Errusiako analisi zuzendari ohia da eta bere artikulu hau Rafael Poch kazetariaren blogean argitaratu dute gaztelaniaz eta Brave New Europe webgunean ingelesez.


Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


Mozal Legearen erreforma eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak

Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.


2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


2024-09-20 | Gedar
Balmasedako Glefaran enpresak etengabe gainditu ditu ezarritako kutsadura-mugak

2016tik 2023ra bitartean, Pastguren paper-fabrika izandakoa erraustegi modura erabili zuen Glefaranek, elektrizitatea ekoizteko. Zazpi urte horietan zehar, errauts-partikulen isurketa-mugak urratu zituen, eta "gizakien eta ingurugiroaren osasuna arriskuan jarri" zuen... [+]


Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]


2.500 euroko isuna ezarri die Ertzaintzak sei aiaraldearri, iazko greba feminista orokorragatik

"Mozal legea" baliatuta jarri ditu poliziak isunak. Tubacexen eginiko piketegatik izan dira zigor gehienak.


Eguneraketa berriak daude