Tawantinsuyu espedizioa: Boliviak berriz askatu nahi du


2006ko irailaren 10an
Behatza altxatu baino lehen azaltzen zaio taxia La Pazen azal zuriari. «A donde los llevo compañeros?» «A la casa del cambio hermanito!» «Ahorita mismo». Baina taxista onak enbrageari baino lehen eragiten dio mingainari: «Zer, turismoa egiten?» «Ez, kazetariak gara, lanean gabiltza». «Ah...! Eta, zenbat denbora daramazue Bolivian?» «Hogei egun». «Hogei egun nomas?!!! Hau ongi ezagutzeko gutxienez hogei urte behar dira!» «Nik hogeita bi dauzkat». «Hogeita bi? Orduan bozkatu zenezake». «Noren alde?» «Ez dakit, hemen presidenteak mahometarrek emazteak baino sarriago aldatzen ditugu!» «Hainbesteraino?» «Iazkoa da errekorra: hogei minutuan hiru presidente izan genituen!»... Listua irentsi eta gero bota nion hitza: «Asko falta al da casa del cambio horretara iristeko?». Klaxona mintzarazi zuen lehenik, eta gero hasi zen bera: «Hau mugitzen ez bada, hiru presidente bai gutxienez!».

Eta joan ziren hiru, eta beste hiru, eta beste hiru presidente... eta aldaketarik ez. Hiruaren biderketa taulatik atera ere egin zen, segi eta segi, arbelaren mugak ere estuegi, eta paretan segitu zuen idazten, bider hiru, bider hiru, bider hiru... zenbat bider... zenbat hiru... pareta guztiak zikindu arte azkenean... Hogei minutuan ere ezin litezke esan Boliviak izan dituen presidente guztien izenak. Zergatik? Horrexegatik, politika hori baino ez delako: hiru zuhurren kontua.

Politika ez omen du matematikak ulertzen, baina eskolan erakutsi ez zizkieten biderketa taulak badakizkite boliviarrek. Hiru aldiz hogei badakite zenbat den, hirurogei. Eta hiru aldiz hirurogei ere bai, ehun eta laurogei. Ehun eta laurogei urte ziren independentzia aldarrikatu zutela. Ehun eta laurogei urte Simon de Bolivar Boliviako Errepublikako lehen presidentea izan zela. 1825. Joan dira geroztik urteak, eta etorri dira presidenteak. Etorri eta joan, urtaroak bezala, urte baino presidente gehiago izateraino azkenean, ehun eta laurogei presidente baino gehiago Bolivian. Eta neguak erakutsirik, badakizkite boliviarrek biderketa taulak. Hiru aldiz hogei badakite zenbat den, hirurogei. Eta hogei aldiz hirurogei ere bai, hogei minutu. Pentsa zenbat hogei minutu joan ote diren ehun eta laurogei urtean.

Abuztuaren 6an bete berri da ehun eta laurogeita batgarrena, independentzia urteurrena. Hautsi da hiruko taula, huts egin du matematikak. Ea orain politika hasten den koadratzen.


Ederraren desgrazia

Evo Morales Ayma iritsi denetik gobernura indigenak burua altxatzen hasi dira. Duintasuna iratzarri da. Goizeko bostetan, eguzkiak lehen nagiak ateratzen dituenean, El Altotik La Pazera jaisten hasten dira aimarak. Autopista bidea da, baina bizkarra tontorturik eta oinezko pausoan doanak ez du abiadura handirik hartzen. Eguzkiaren atzetik iritsiko da La Pazera. Baina lehen ez bezala pauso seguru batek dakar, burua tenteago jaiki zaio, eguzkiaren argitan lotsarik gabe dator, harro, begirada aurrean duela. Lehenago, indigenak ez zizun inoiz begietara begiratuko, beti behera, begiekin ere isilik egotera kondenatua balego bezala, zapaldua betiko. Orain begiak eskainiko dizkizu, beltzak eta belztuak, aurpegia emango dizu, ilunaz gain ilundua, paparra aterako dizu, estua eta estutua... baina zu, metamorfosiaz jabetuta, irribarre egitera zoazkionean, eskua erakutsiko dizu: «Eman iezadazu boliviano bat mesedez. Harrotasunak ez du urdaila betetzen».

Ruandan ba omen zen neskatxa bat gorputza bi begiekin gerritik heltzeko modukoa zuena, gorputza baino finagoko aurpegia; edertasunari artista batek egindako giza irudia zirudien. ...huraxe bai polita han politik bazan... Baina orduan Europan erromeria zan, eta hantxe ibili zuten, zakilez zakil, txoria baino ere arinago dantzan... Ikatzetarako ere ez omen zuen balio azkenean. Hala diote berandu iritsi zirenek. Eta diote, ispilu hautsi baten kristal zatiekin zainak ebaki baino lehen, azken hitzak malkoz idatzi zituela: «Bi zorigaizto izan ditut bizitzan. Lehena Ruandan jaioa. Eta bigarrena ederra egin ninduela amak. Itsusia izan banintz ez zidaten gorputzik ostuko, eta gutxiago sufrituko nuen». Miseria hain da gorria, ederra izatea ere desgrazi bihurtzen badakiela. Eta hori hala da Haitin, Errumanian, eta Ruandan.

Bolivia ere ederra egin zuen amak (edo, ederra egin zion amak). Ama lurrak, pachamamak, alegia. Itsasoa gerran galdu zutenez, lurretik bizi dira boliviarrak. Eta pachamamak munduko gairik baliotsuenez jantzi zituen; dena gas eta dena petrolio, dena zilar eta dena eztainu, dena urre eta dena kautxu... Baina azal zuriak lur beltzera sartu zirenetik ederraren desgrazia sufritu behar izan du; etxerako on ez balitz bezala, mundura saldu dute. Begirik ere apenas utzi dioten, eta bostehun urte pasa ditu esperantzarik ikusi gabe ia.


Potositik kanpo zorrera

Potosik badaki ederraren desgraziaren berri. Mendia eta hiria da Potosi, eta hotz egiten du orain oso. Ez zen bero handiagoa izango 1545ean. Huallpa indioak koba barruan hartu behar izan zuen babes su txiki baten argitan. Suari putz egitea ahazturik bildu zituen begiak, eta amets bat izango balitz bezala, su txikia koba hartako zilar zaina urtzen hasi zen. Huallpa baino lehenago esnatu ziren espainiarrak, eta laster azaldu ziren han beren zaldi eta beren gizon. Zilarrarekin urrezko inperioa eraiki zuten, mendiak mendeak eman zituen, eta Kolonek ez omen zuen handik aurrera erregearen ezpainetan ezezkorik ezagutu. Munduko hiririk handienetakoa bihurtu zen Potosi, eta handiena ere izango zen, baldin eta zortzi milioi indigena ez balira zilar meategietan hil. Asmatu izan balute errege-erreginek giza hezurrei probetxua ateratzen zilarretik baino gehiago aberastuko ziratekeen ziur. Baina zortzi milioi indigena haiek espainiarrei bost, kolonizatzaileei ardura ziena Potositik Sevillara eramandako hamasei milioi kilo zilarrak ziren. Indigena bakoitza bi zilar kilo aterata hil izan balitz bezala.

Potosi handi bat da Bolivia; barren hustua, izorratua, zorpetua. Potosi mendiak eta Boliviak zulo handi bat dute, eta kolokan bizi dira, beren burua barrurantz amiltzeko beldur. Matematikak bezala ekonomiak ere ez du hiru zuhurren kontuaz asko ulertzen. Eta hamasei milioi kilo zilar eman zituenak sekulako kanpo zorra du. Mila milioika dolarretan kontatzen dena. Aspaldi ordaindua gainera, baina zuloaren kontraesana bizi du interes altuko kanpo zorrak. Zuloa, kendu eta kendu, orduan eta handiago, eta kanpo zorra, eman eta eman, orduan eta gehiago zor. Zilarretik jada ezin, eta larrutik ari da Bolivia kanpo zorra ordaintzen. Baina indigena, inozentea izan. Soziologoak galdetu zionean ea nork ordaintzen duen kanpo zorra, honek «Estatuak! Nork bestela?» bota zion seguru. «Ez, estatua ez da bitartekari bat baino, kanpo zorra zuek ari zarete ordaintzen». Eta indigena barrez hasi zitzaion, «gu, hain pobreak, eta nola ordainduko dugu kanpo zorra!».


Non dira gasa eta petrolioa?

Diruari «plata» deitzen diote boliviarrek hizkera kolokialean, kolonialean. «Zilarra duenak dena dezake» esaten dute. Gasa duenak ere dena lezakeela pentsa liteke gaurko munduan, eta pentsa petrolioa duenak... Baina pentsatzen duenak ere ez du beti asmatzen. Bolivia kasik gasik gehien duen herria da Hego Amerikan, Venezuelaren atzetik bigarrena, sekulako hobiak ditu. Baina ehun boliviarretik laurogeita hemezortzik ez daki berogailua zer den. Repsoli eta Petrobrasi galdetuz gero jakingo dute agian. Horiek baitira gaseodukto denen zainak kanpora zabaldu dituztenak. Fruitua ere kanpora emango dute noski. Boliviarrak, neguko hotzetan, suarekin berotu beharrean dira. Eta suarekin lo hartzen duten guztiei ez zaie zilarra ateratzen.

Ez petrolioa ere. Baina La Pazen bai. La Pazen petrolioa aurkitu dutela esanaz esnatu dira. Lehenaz gain urre beltzez jantziko da Bolivia, petrolio faltarik ez omen du izango. Baina taxista guztiak aldapan behera punto muertoan jaisten ikusi ditugu guk. Eta guk aurkitutako petrolio erreserba bakarrak taxisten autoetako argi gorri txiki piztuak izan dira. Askotan, kezka eragiteraino: «Compañero, iritsiko al gara casa del cambiora?» «Ez dakit, ez dakit, petrolioak ere lagundu beharko digu hermanito».

«Proxima estacion, esperanza.» Aldapan behera goazenetan Manu Chaoren ahotsa garbi-garbi entzuten da kasetetik. Ia pareta margotuen ahotsak bezain garbi. Hormak hizketan aritzen baitira La Pazen: «Nacionalizacion de los hidrocarburos, reforma agraria, asamblea constituyente. Evo cumple». Pareta garbitzaileek ere ez dute hori ukatuko, Evok hitza bete du.


Bolivia dardara batean

Dardarka sumatzen da jendea Bolivian. Esperantzaren eta beldurraren plakek elkar jo izan balute bezala. Eta normala da, lurrikara etortzen denean, harrizkoak ere ez dira zut egoten. Hankak lurrean dituena dardarka hasten da. Horixe gertatzen da Bolivian. Gasa eta petrolioa nazionalizatu zituen Evok, lurren erreformari ekin dio, eta orain konstituzioa aldatzera doa. Galdera guztiak daude airean, hasi herriaren izenetik, eta antolakuntza ekonomiko-politikoak nolakoa behar dueneraino: kolonizatzaileen sistema liberala, edo indigenen sistema komunala, non presidenterik ere agian ez legokeen. Evok igeltseroak biltzea egin du, eta bederatzi hilabetean etxea goitik behera eta eskuinetik ezkerrera erreformatzera doa. Usteldutako zutabe zaharra bota, eta Bolivia berria eraiki behar du. Lanak bukatzean etxekoek esango dute gustatzen zaien edo ez.

«Bertan gara hermanitos! Iritsi gara casa del cambiora» «Zenbat da compañero?» «Hamalau boliviano biena» «Ongi da». Hartu nituen hogei sakelatik eta esku batekin atea zabaltzen nuen bitartean, beste eskuaz hogeiko billetea luzatu nion. «Plazer bat izan da compañero, ea berriro elkar ikusteko aukerarik dugun». «Eta kanbioa?» «Ez, ez, compañero, kanbioa zuentzat. Balia ezazue ongi».

Gregorio Iriarte: «Boliviatik etorkizuna baikortasunez ikusten da»
Gregorio Iriarte Pozueta Nafarroako Olatzagutia herrixkan jaio zen 1925eko azaroaren 28an. 1950ean lehenengo meza eman eta Hego Amerika aldera abiatu zen. Argentinan eta Uruguayn urte batzuk egin ondoren 1964an plantatu zen Bolivian. Ekonomialaria, soziologoa, teologoa, komunikabideetan aditua, idazlea, unibertsitateko irakaslea, ez dago Gregorio Iriarte ez denik. Hogei liburutik gora ditu idatziak, eta batzuk hamabosgarren edizioan doaz. Bolivian erreferentzia garrantzitsua bihurtu da, eta Evok Asamblea Constituyentearen irekiera ekitaldira bost pertsona gonbidatu behar bazituen, bost horietan lehena izan zen Gregorio Iriarte.

Nolakoa irudikatzen zenuen Hego Amerika etorri aurretik?
Etorri aurretik pentsatzen duzuna da salbaiak izango direla, kulturarik ez dutela izango. Etorri eta ikusten duzu, zurea ez, baizik eta beste kultura bat dutela, eta beste balore batzuk. Eta borondate onez bazatoz, pixkanaka herri hau maitatzen hasten zara, beste molde batera bizitzen. Gu beraiek konbertitzekotan etorri ginen, eta azkenean beraiek konbertitu gintuzten gu. Askok uste du sakrifizio handia egiten dugula hemen bizituta, baina ez da hala, niri pertsonalki askoz gehiago kostako litzaidake Espainian bizitzea, han dagoen materialismo praktikoan, hango indibidualismoan. Gehiago identifikatzen naiz hemengoarekin, eta kanpotarra han naiz, hara joatean.

Baina hemendik ere kanporatu izan zaituzte, kartzelan sartu ere bai...
Boliviara etorri nintzenean Pio XII irratian hasi nintzen lanean, meategietako zuzendariei-eta lagunduz, gobernuarekin arazo larriak baitzituzten. Meategia nazionalizatua zen, eta batetik silikosia zegoen, bestalde askotan ez zuten soldatarik jasotzen, enpresak elikagaiak ematen zizkien hilabete sari moduan. Irratiaren bidez salaketa asko izan ziren, eta arazoak izan genituen gobernuarekin, ejertzitoarekin, inoiz irratia dinamitatu ere egiten zuten. Ni gobernuak hiru aldiz kanporatu ninduen Boliviatik, eta hirutan kartzelan sartu. Lehenengoan meategiko gidariak edo beste gidari politikoak parrokian gordetzen zirelako. Gero, giza eskubideen taldea sortu genuelako. Eta hirugarrenez emakumezkoen greba sostengatzeagatik. Banzerren gobernua erori zen greba hartan. Baina esan nezake gotzainek beti babestu nindutela, banuen elizaren garantia moduko bat. Banzerren gobernuak, Mesaren gobernuak, nahiz eta diktadoreak eta krudelak izan oso katolikotzat zuten euren burua, gotzainekin aski ongi eraman nahi izaten zuten, eta beti egon zen halako joko bat.

Zenbat tituluren jabe zara?
Ez dut titulu ofizial bakar bat ere. Ekonomia ikasi dut, soziologia ere bai, komunikabideak, baina beti saiatu izan naiz ahalik eta modurik praktikoenean ikasten. Bizitza eta konpromisoa lotuz ikasten dut. Eta kurtsoak ematen ditudanean neroni ari naiz aldi berean ikasten. Ikasteko modurik onena konpartitzea da. Konpartitzen duzun neurrian jakintza hori sakontzen joaten da, ez baldin baduzu konpartitzen dakizun hori lurrundu egiten da, joan. Uste dut gehiago ikasi dudala konpartituz estudiatuz baino. Noski, konpartitzeko eskemak egin behar izaten ditut, jendeak uler dezan. Adibidez, bihar marrazki bat landu behar dut, eta marrazki horretan mundua piramide bat bezala osatua dagoela ikusiko da. Zenbat daukan munduko %20 aberatsenak, zenbat %20 erdikoak, zenbat %20 txiroenak, zenbat Boliviako piramide sozialak... Lehenik, irudia egiten dut, eta gero arrazoiak eman: trukaketa komertzialen okerrerako joera, kanpo zorraren auzia, politikoen iruzurra... Bigarren zatia beti izaten da juizioarena. Kausarik ezagutzen ez badugu ez baita benetako ezagutza. Fenomeno sozialen kausak ikusi ondoren, hirugarren galdera dator: «Zer egingo dugu hori aldatzeko?». Hor dator auzi praktikoa, eta kasik kurtso guztiak horrela izaten dira, bai komunikabideekin, bai teologiaren aferarekin. Beti pasatzen gara ikustetik juzgatzera, eta juzgatzetik ekitera.

Eta pobreziaren kausaz galdetzen badizugu?
Zuk aimarei hori galdetzen badiezu, pobreziaren kausa beraiek direla erantzuten dute. «Nola baina» «Bai, gutxi lan egiten dugu!», esango dizute. Eta gero bazoaz Argentinara, edo Brasilera, eta «uf, boliviarrek lan asko egiten dute!», entzuten duzu. Boliviak duen arazoetako bat autoestima apala da, ez dute beraien buruarengan sinesten. Azkargortak ere, hautatzailea zenean, hori esaten zuen, boliviarrek bi arazo dituztela, autoestima falta, eta antolakuntza eskasa. Baina oraingo aro berri honekin badago autoestimaren pizte bat, «ahal dugu, posible dugu, egingo dugu, lortuko dugu...», sinesten hasiak dira. Eta Evok hori azpimarratzen du beti, «hainbeste mendetan izan gara esplotatuak, zapalduak, orain da gure momentua!». Beraz oso ordezkatuak sentitzen dira Evorekin.

Zein da Evok halako arrakasta izatearen arrazoia?
Bat behintzat hori, herri zapalduari duintasuna eman diola, eta bigarrenik, moralitatea, etika, ez lapurtzea, administrazio garbi bat edukitzea, eta nepotismoaren zepoan erortzen diren lagun horiek likidatzea. Pentsa, zazpi hilabete besterik ez daramatza, eta dagoeneko hiru ministro orde aldatu ditu. Evok babes handia du, eta ez indigenen babesa bakarrik, erdiko klaseak ere Evo bozkatu du, hori da bere indarra. Batzuk esaten dute: «Bai, indigena da eta horregatik...», ez, ez, ez, benetako boterea da.

Bolivia berriz jaio izan balitz bezala da?
Bai.

Eta posible al du miseriatik ateratzea?
Boliviak baditu pobreziatik ateratzeko aukerak, dohain handiak baititu, batzuk jada errealitate bihurtu direnak gainera. Batetik gasa, gas askoko herria da, bigarrenik petrolioa ere badu, eta badu zilarrezko meategi bat ere, hurrengo urtean ustiatzen hasiko direna, eta segur aski meategi hori izango da munduko bigarren zilar ekoizlea. Txinatik eta Indiatik eskaera handia dator, beraz alor hori ere dinamizatu egin da. Azken bi urtean esportazioak bikoiztu eta gehiago egin dira, aurten ere haziko dira, moneta oso segurua da, bankuetako erreserbak izugarri hazi dira... Alegia, Boliviatik etorkizuna optimismoz ikusten da. Lehen okerrena iruzurra zen, eta gobernu berria iruzur hori sustraietatik ebakitzen ari da.

Askotan aipatzen dira Kuba eta Venezuela, aliantza moduko bat osatua al dago?
Askok akusatu du Evo totalitarismo arrisku batean balego bezala, agian komunismora infiltratuko dela. Baina Fidel Castrok askotan esan izan du berak ez duela komunismoa esportatu nahi, leku bakoitzean atera behar duela bere dinamismo propiotik. Medikuntza arloan Kuba asko ari da laguntzen. Hiru puntako ospitalea eraikitzen ari dira Bolivian, eta 1.700 sendagile kubatar daude Boliviako gunerik baztertuenetan, 30.000 ordenagailu ere iritsi dira eskoletara. Bestalde Chavezek arlo ekonomikoan laguntzen du, petrolioaren prezio altuaren ondorioz diru likido asko du, eta Boliviari lagundu nahi dio. Baina ez da bi herrialde horiekiko harremana bakarrik, Argentinarekikoa ere badago, Lularekikoa ere bai, eta baita Txilerekikoa ere. Evo, askok oso itxitzat juzgatzen zutena, alderantziz, Bolivian inoiz izan dugunik eta presidenterik irekiena da. Indigenak, hain gaizki tratatu dituzte, denek badute halako gutxitasun konplexu bat, baina Evok ez dauka inolako konplexurik, egon liteke erregearen aurrean, ministroaren aurrean, edozeinen aurrean, eta bera seguru sentitzen da. Pentsa, hezkuntzako bigarren zikloan bi urte baino egin ez dituen pertsona bat da, eta lehen zikloa penagarri, zailtasunak ditu irakurtzeko, baina oso sortzailea da, oso inteligentea, segidan jasotzen du, jakin nahi du, ikasi nahi du, eta ahozko hitzak segidan harrapatzen ditu, irakurketa oral ona du

Zein da Boliviak jokatu behar duen rola Hego Amerikako kontestu geopolitikoan? Posible da Simon de Bolivarren ametsa gauzatzea?
Momentu honetan Evo CANeko presidentea da, (Andeetako Nazioen Komunitatea), lehen Andeetako paktua deitzen geniona. Baina momenturik txarrenean egokitu zaio. Chavezek behin eta berriz esan du CAN hila dagoela. Evok ere esan zuen: «AEBekin komertzio librerako tratatua izenpetzea herri hauen heriotza izenpetzea da», eta Kolonbiak izenpetu zuen, Peru ere izenpetzekotan da... Eta oraintxe egokitu zaio lehendakaritza hartzea. Berak ahalegindu behar du Chavez CANetik hurbil mantentzen, eta bigarrenik CAN eta Mercosur-ekin bat egiten. Evok duen misio handi bat hori da, Latino Amerikako herriak benetan integratzea.

--------------------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/bolivia helbidean, elkarrizketaren pasarte gehiago bideoan
Indigenen arkitektura:
sistema komunitarioa
Indigena da Bolivian gehiengoa: bederatzi milioi biztanleetatik lau milioi ketxuak dira, bi milioi aimarak, eta bostehun mila guaraniak. Ahantzi gabe beste hogeita hamar bat indigena talde txiki. Eta indigenak ez daki presidente bat zer den, ezta demokraziak zer esan nahi duen ere, indigenak bere arkitektura politiko propioa du: sistema komunitarioa. Komunitatean bizi dira, eta komunitatearen lurretan eta erremintekin egiten dute lan. Trukean, komunitatearen antolakuntza taldean parte hartu behar du indigenak, kudeaketa politikoan, herriari zerbitzu hori eman behar dio. Ardura horretatik herritar guztiak pasatzen dira, txandan-txandan, sistema errotatibo baten bidez. Horixe da indigenaren arkitektura politikoaren oinarria. Liderrik ez dago, eta denak dira agintari. Eta Evok etxea erreformatzen duenean, sistema liberala eraitsi, eta sistema komunitarioa estatu eredura moldatzea izango du erronka. Bere figurari lepoa moztuko liokeen lehen presidentea izango litzateke, txandakako ardura bailitzateke kudeaketa politikoarena ere, epea edozein delarik. Konstituzioa berritzean, indigenen hizkuntzak, erritoak, eta kulturak indartzen baditu, etxeari teilatua aldatuko dio, baina barne egiturarik ez. Gaur egungo Bolivia Mendebaldeko arkitektura politikoan eraikitako etxea da, eta indigenek badute beraien arkitektura, nola politikoa hala ekonomikoa, eta ez da ezinezkoa horrekin estatu bat eraikitzea.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude