Net Hurbil: Union Fenosa, itzuli gure argia eta fuera Nikaraguatik

Zoazte Espainiara zuen karabelak hartuta!» oihukatzen omen zuten abuztuan Nikaraguako Managuan bildutako protestariek. Eslogan horren berririk ez dugu izan Europan. Hemen egunkariek -ekonomiako orrietan, lerro urri batzuen bidez- esan dutena zera izan da: Nikaraguak eten egin duela Fenosa multinazionalari hango elektrizitatea monopolio gisa kudeatu zezan eman zion baimena. Ez da osoki egia oraindik, zeren eta erabaki hori Contraloría General delako erakundeak (Kontuen Auzitegiak) proposatu baitu, eta gobernuak ez du neurria gauzatu. Askok uste dute Nikaraguako lehendakari Enrique Bolaños-ek ez duela sekula sinatuko.

Albiste hau energiarekin zerikusia duen beste batzuekin bateratsu gertatu denez, Repsol multinazional espainiarrak Bolivian Evo Moralesen gobernuarekin dauzkan problemekin alegia, norbaitek pentsa lezake Nikaraguan ere antzeko nazionalizazio bati ekin diotela. Baina justu alderantzizkoa da hemen gertatu dena. Uda honetan bere gordinenean nozitu dituzte nikaraguarrek orain dela urte gutxi erabakitako pribatizazio baten ondorioak, herrialde osoa paralizatuta geratu da energia ezagatik eta azkenean Contraloría Generalaren proposamenak nolabaiteko irtenbidea eskaini nahi luke. Nikaraguakoa, alabaina, herrialde aberatsetatik kanpo energiarekin gertatzen ari denaren adierazgarria da.

Crisis Energética izeneko webguneak hedatu du hemen gertakizun horien albistea. Crisis Energética petrolio eta gasaren krisiaz eta bere ondorioez ari da, oinarri ezagun honen gainean: munduan eskuragai ditugun erregai fosil horien erdia xahutua dugula dagoenekoz eta Peak Oil deitu den puntu horretatik aurrera, XX. mendean loratutako zibilizazio industriala erremediorik gabeko gainbeheran sartzera omen doala.

Duela urte batzuk Nikaraguako estatuak argindarraren banaketa Union Fenosa multinazional espainiarrari saldu zion, Munduko Bankuak herri txiro askori behartuta ezarritako beste liberalizazio neurriekin batera. Argindarra sortzea beste enpresa batzuek egiten dute, estaturenak nagusiki, eta Fenosa banaketaren jabe egin zen. Tratua egiterakoan konpainiak agindu zuen inbertsio handiak egingo zituela, eta ordainetan Managuako gobernuak onartu zuen Fenosa izatea Nikaraguako elektrizitate monopolioa.

Fenosak egin argindarraren kudeaketak protesta asko piztarazi ditu hasieratik Erdialdeko Amerikan, baina joan den udaberritik Nikaraguako ekonomia, itotzeko punturaino hondatu du. Maiatzean elektrizitate murrizketak iragarri zituen konpainiak, eta berehala ikusi zen ez bakarrik herritarren etxeak, enpresak ere kolapso betera zihoazela. Industria Ganberako eta Merkatal Ganberako lehendakariek jendaurrean erakutsi behar izan zuten beren kexua eta kezka herrialdea milioika dolar galtzen ari zelako.


Nikaragua indarrik gabe

Aski da Nikaraguako komunikabideetako blogetan irakurleek kontatzen dituztenak irakurtzea ohartzeko zer nolako hondamendian murgildu diren han udaberritik. Egunaren edozein ordutan mozten diete argia, egunero 6-8 orduz elektrizitaterik ez dute izaten, abisatu gabe egiten dizkiete mozketak eta elektrizitatea berriro eman ere bat... Ekonomiaren sektore osoak paralizatu dira, asko dira itxi egin behar izan diren negozioak, eta etxeetan argindarraren gorabeherekin tresna elektriko ugari hondatu dira. Argindarra moztutakoan, ezer ez dabil: industriak geldirik, bulego guztiak berdin, nekazaritzaren zati bat ere bai... Elektrizitatea mozteak gainera ur eskasia ekarri du, bonba bakar batek ere ez duelako txukun lan egiten. Hitz batez: herrialdea hankaz gora dago.

Faktore bat baino gehiago metatu dira horretaraino iristeko. Hasteko, lehenago aipatu dugu, Fenosa dela elektrizitatearen banatzaile monopolista... paradoxa galanta, horretara Munduko Bankuaren neurri liberalizatzailearen eskutik iritsi dela pentsatzen badugu. Bestetik, banatzaileak errua elektrizitatea generatzen dutenei egozten die; alegia, diote nikaraguarrek egunetik egunera argindar gehiago gastatzen duten arren zentralek lehen baino gehiago ez dutela ekoizten. Eta hirugarrenik, petrolioaren prezio igoerak lehertarazi du guztia. Fenosak banaketa monopolioa hartu zuenean zeuden prezio eta baldintzak gaurkoen oso bestelakoak ziren, kontuan badugu hor sortzen den argindar gehiena petrolioak darabiltzan zentraletan egiten dela.

Enpresak eta herritarrak harrapatu dituzte saltsa horretan gatibu. Ekonomiak lehendik zeukan indar ahula galdu du, langabezia handitu da, Fenosak argindarraren prezioak etengabe igo ditu eta monopolioek ohi duten agintekeriaz zanpatu ditu herritarrak, bizi maila izugarri jaitsi da... Azkenean, etxean argia nahi dutenek generadore garestiak erosi behar dituzte, horiek elikatzeko petrolioa batez beste litroko dolarra pagatuta. Aberatsentzako adabakia.

Petrolioaren gain bizi den mundu honetan azken hilabeteotan ikusi da segurtasunerako erreserbak oso urriak direla, eskaria eskaintzaren mailaraino iritsi delako, eta zibilizazioaren odol beltzaren prezioa edozein albiste txarrek igoarazten du segituan: gaur ekaitzak jo duelako birfindegi bat, bihar tirabiraren batengatik Ekialde Hurbilean... Gauzak horrela, petroliorik eza txiroek nozitzen dute estraina; mundu mailan, herrialde txiroek, eta herrialde pobreetan, bertako jende pobreenek. Afrikan gertatu zen zenbait lekutan iaz. Amerikan orain Nikaraguan gertatu da. Eta gero eta usuago ikusiko dugun gauza da.

Udan protestak gogortu egin ziren Managuan hasita. Abuztuaren 14an Santa Rosa, Bello Horizonte eta beste auzo batzuetako biztanleak kalera atera ziren. Batzuek bost egun zeramatzaten urik gabe, denek ere argindar mozketa izugarriak jasaten zituzten. Ontziak hartuta atera ziren karrikara aldarri egitera, auzo elkarteek deituta. Radio La Primerísima-k bere gunean honela zioen biharamunean: «Deialdia iritsi zen Union Fenosak argindar mozketak handitzeko erabakia jakinarazi ostean. Neurri horren ondorioz, orain arte lau edo sei orduko mozketak zirenak asteartean 12 eta 18 ordutara iritsi dira Managua, Matagalpa, Estelí, Chinandega, Madriz eta beste departamentu batzuetan».

Nikaraguan azaroan izango dira hauteskundeak, eta kanpainako gai nagusia energiagatiko itolarri hau gerta daiteke. Hala ere, abuztuan gobernuak esku hartzen ez zuela ikusirik, eta erreboltari erantzunez, Contraloríak Union Fenosarekiko tratua etetea proposatu du. Ikusteke dago azkenean erabakia mamituko duten, luzea baita multinazionalen eskua. Union Fenosak iazko urtean 815 milioi euro irabazi zituen, aurreko urteko bi halako, eta hori Nikaragua osoak daukan Barne Produktu Gordinaren %80 adinakoa da. Union Fenosa multinazional espainiarreko akziodun nagusia Florentino Perez da. Ezagutzen?

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak


ASTEKARIA
2006ko irailaren 10a
Azoka
Azkenak
Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Nafarroan egunean sexu-transmisioko hiru infekzio detektatzen dira

Iaz 1.343 infekzio erregistratu ziren, duela zazpi urteko zifrak laukoiztu dira. Adituen arabera "arriskuaren pertzepzioa galtzen ari da" eta hartara prebentzio neurri gutxiago hartzen dira.


Zortzigarren polizia infiltratua: bi urte pasatu ditu Madrilgo hainbat mugimendu sozialetan

"Juancar" izenaren pean infiltratuta egon da Carlos P.M. agentea Madrilgo hainbat mugimendutan. 2020an sartu zen Espainiako Polizian, hain justu ere infiltrazio kasu gehiagoren jatorrian dagoen zentro berean egon ondoren. El Salto-k argitaratu du informazioa.


2024-05-14 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Hanlonen printzipioa Spratly uharteetan

Hanlonen printzipioaren juzgu egin beharko da, agian: “Inoiz ez iezaiozu gaiztakeriari egotzi ergelkeriak ederki esplika dezakeena”. Protagonista nagusiek biziro hobesten dute aukera hori.


Eguneraketa berriak daude