Juan Mari Beltran: «Denok gara Orhiko xoria azken batean»


2006ko irailaren 03an
Zure lehen bakarlana Arditurri izan zen. Zertan bereizten da lan berria?
Niri iruditzen zait ildo beretik doala. Hala ere, badaude zenbait ezberdintasun. Arditurri gure herri musikaren baitan osteratxoa egitea bezala zela esan nuen, txokorik txoko ibili eta dauzkagun perlak ikusi... Oraingo honetan ez dakit osteratxoa ala hegaldia den, txoria baita tituluaren protagonista, baina lurrera ere jaisten gara. Beraz, gonbidapena aurrekoaren berdintsua da. Baina dena beste era batera ikusten da. Arditurrirekin egon ginen toki batzuetan berriro gelditu gara, Gorrotxategitarrenean, adibidez, aurrekoan fandangoa eta bueltea izan ziren, oraingoan, berriz, martxa oso berezia. Zuberoan ere gelditu ginen aurrekoan Xarmangarri bat badut kantuarekin, oraingoan berriz oso ezberdina den kantua, Bortian ahuzki grabatu dugu. Plazara ere jaitsi gara berriro eta neurri aldetik oso konplexua den dantza batekin egin dugu topo, Muneinak, kaos erabat ordenatua, Zuberoan ezagutzen dudan kanta luzeena. Arraroa da oraindik XXI. mendean Europan halako dantza konplexuak irautea zortzikoa nagusitu zela 200 urte pasa direnean.

Beraz, zein ezberdintasun daude bi diskoen artean? Alde batetik gauza bera dela esaten ari naiz, baina bestetik ezberdina dela. Aurrekoan kaletar giroan ere sartu ginen, baina oraingoan are gehiago: XVIII. mendeko txistularien errepertoriotik hartutako kontradantza eta oso kaletarra den erraldoi eta buru handien konpartsa.

Zergatik Orhiko xoria?
Diskoan dagoen kanta baten titulua da. Abesti horren hitzak oso gaurkoak direla iruditzen zait eta ziurrenik diskoan agertzen diren zaharrenak dira. Gaur egun oso zabaldua dago unibertsalismoa eta globalizazioa, baina azken batean gu geu gara. Munduko guztietaz ari naiz. Eta lurra lurra da, eta bakoitzak bere lurra du. Kanta honek hori adierazten duela uste dut. Orhiko Xoria azken batean denok gara. Nongoa zaren galdetzen dizutenean beti erantzun bat daukazu eta lur horrekin lotura daukazu. Txori horrek bere lurraldeari abesten dio eta iruditzen zait ezin hobe abesten diola gainera. Izan ere, ez du inongo apologiarik egiten, ez du esaten bere lurra hoberena denik. Bere lurra dela besterik ez du esaten eta larre-sasi horietan gustura bizi dela. Momentu honetan gainera begira zenbat kanpotar dagoen Euskal Herrian, horiek ere badute beren lurra! Eta guri ere komeniko litzaiguke zein diren eta nondik datozen ezagutzea, eta haiengandik ikasi. Beraz, Orhiko xoria kanta zaharra da oso, baina oso egungoa era berean.

Ote jotzea irudietan aurki dezakegu diskoan. Gauza berezia oso.
Askotan irudiak hitzak baino hobeto adierazten du eta ote jotzea irudietan grabatu eta diskoan sartzeko aukera zegoenez parada probestu nuen. Nik otejotzea hemen, Ergoiengo Sarobe baserrian ikasi nuen. Baina han otaxka desmuntatuta zutela-eta Urnietako Aierdi baserrira joan ginen. Otaxka jarri, otea bildu... Asmoa horixe zen, ote jotzen ari zarela musika egin daitekeela erakustea.

Txalapartarekin antzekotasunik badu ezta?
Nire ustez txalapartaren beste aldaera bat da. Liburu bat argitaratua dut horren inguruan eta hori aipatzen dut, hain zuzen ere.

Urte asko daramatzazu musika munduan, zein uste duzu izan dela zure garapena musikari gisa?
Gero eta jantziago nagoela uste dut. Gero eta gehiago ezagutzen dut musika, momentuz behintzat musika ulertzeko gero eta gaitasun gehiago dudala uste dut. Eta agian musika egiteko ere bai. Ni hainbeste aritu naiz ikasten eta oraindik ikasten dihardut egunero; edozein tokitan gainera. Lehengoan hemen bertan izan zen igeltseroa zenbait konponketa egiten, Altzibarko Joxe, nola kantatzen zuen berak!!! Estiloa eta joera! Hari arretaz entzun eta ikasten izan nintzen orduan. Grabatzen ahalegindu nintzen, baina ez zuen nahi izan eta buruan grabatu behar izan nuen. Txiki-txikitatik bi aldeetan ibili naiz, alde batetik musika akademian, Etxarriko musika akademian, El solfeo de los solfeos liburu zahar harekin, eta klarinetea ikasten. Gero Donostiako Kontserbatorioan ere izan nintzen. Baina txikitatik sukaldeetako kultura ere ezagutu dut. Alegia, artoa zuritzen biltzen ginen auzoko haurrak izebak istorioak kontatu eta kantatzen zuen bitartean. Hortik ere ikasi dut beraz. Urtezahar gauean, adibidez, Etxarriko gazte koadrila etortzen zen kantatzera eta nik ohetik entzuten nituen. Ohetik entzunda dakizkit kanta horiek. Ama, berriz, larraundarra genuen eta han ere pasatu izan ditugu Eguberriak; han beste modu batera abesten ziren kantu horiek. Batetik eta bestetik ikasten joan naiz. Gero Donostian Isidro Ansorena eta bere taldea ezagutu nituen, haren bitartez gero baserriz baserri txistua jotzen hasi nintzen... Eta jada erabat engantxatuta gelditu nintzen. Gerokoa abentura bat izan da niretzat. Tartean gidari Oteiza ere izan genuen, haren eraginez musika beste modu batera ikusi eta ulertzen hasi ginen. Eta bat-batean Mauriziok jotzen zuena ez zen gauza zaharra, biharko gauza bat bilakatzen zen. Nola jolasten zuen musikarekin gizon horrek! Gorrotxategitarrek hiru-lau minutuz esaldi bera errepikatzen zutela entzun, baina aldiro ezberdina zela konturatzen hasi ginen. Hori jolasteko modu berezia! Beraz, norbera gauza horiek aztertu eta gauza bera egiteko gai izango den galdezka hasten da.

Irakasle diharduzu Hernaniko musika eskolan. Herri musikari dagokionez, gazteak ari al dira lekukoa hartzen beteranoei?
Gazteak dira ikasten ari direnak. Helduak ez dira inguratzen. Hernaniko musika eskolan itxaron zerrenda gazteez osatuta dago. Hogeita bat urte daramatzat Hernanin eskolak ematen. Hasieran bazen 17 urteko gazte bat edo beste txalaparta ikasten, baina beste guztiak 35 eta 45 urte artekoak ziren. Orain zortzi eta bederatzi urteko umeak datoz alboka ikastera beraien borondatez eta askotan gurasoen gogoaren kontra. Ez dago zalantzarik, gazteak dira gauza hauetara gerturatzen direnak. Albokari gaztetxoek Leon-en piezak fenomeno jotzen dituzte eta baita kanta berriak ere. Kontua da inguru ezberdinetan hazi direla gazte hauek Leon-ekin konparatuta. Bestalde, Leon-ek noiz jo behar izaten zuen hogei minutu baino gehiago? Gutxitan. Gaztetxo hauek, berriz, San Juanetan mugarik gabe irteten dira kalera. Horregatik kanta berriak ikasi behar dituzte. Beraz, abestiak albokarekin jotzeko moldatzen ditugu. Albokako eskoletan ia berrehun piezatako errepertorioa erabiltzen dugu. Rap-a eta guzti jotzen dute.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude