Mexikon mirakuluz nagusitu da Calderón


2006ko uztailaren 30an
Zerbait usteldu da Mexikon. Floridako kirats bera dago hemen. Agintzen duen alderdiak, Washington-en laguna den Partido de Acción Nacional-ek, lehendakaritza irabazi duela aldarrikatu du, berea ‘tortilla’ baino meheagoko garaipena izan arren, Mexikoko lehen hauteskunde ‘garbia’ izan omen den honetan. Baina horretarako guk ezikusia egin beharko genieke boto kontaketako zenbait gertakizun iluni. Gertakizunok Bush familiak 2000.ean Floridan egin zituen jokaldien tankera dute. Eta aditzera ematen dute lehendakaritza honen lapurretan ere esku hartu dutela».

Honela mintzo da Greg Palast, Erresuma Batuan eta AEBetan bizi den kazetari ikerketan berezitua. 1989an Alaska petrolioz kutsatu zuen Exxon Valdez ontziaren istripua ikertu zuen. 2000. urtean Al Gore-ri George Bushek irabaz ziezaion Floridan honen anaia gobernadoreak hauteskundeetan egin tranpak plazaratu zituen, artikulu, liburu eta filmetan. Lau urte beranduago, Kerry hautagai demokratak Ohio eta New Mexikon gaizki kontatutako botoak zirela medio galdu zuela erakutsi zuen Palastek. Bere liburuak oso ondo saltzen omen dira; orain modan dago bere The Armed Madhouse, Eroetxe Armatua, artikulu bilduma.

Mexikoko bozketen kronikari Floridan bezain lotsagabe ipini dio lerroburuan Palastek The Guardian egunkarian. Democracy Nowrako idatzi duenari Hauteskunde lapurreta Mexikon. Honetan kontatzen du Londresen zegoela uztailaren 3an telefono dei bat jaso zuela Mexikotik: «Aizu, eman begiratu bat Mexikoko egunkariei». Hauteskunde bulegoetako atarietan egindako inkestek erakusten zuten argi eta garbi Andres Manuel López Obrador hautagai ezkerrekoak irabaziko zuela, baina azkenean kontaketa ofizialak Bushen lagun Felipe Calderón eskuindarrari eman zion garaipena. «Hmmm... -pentsatu omen zuen Greg Palastek- ipuin hau beste nonbait ikusita daukat». Izan ere, Ohion 2004ko hauteskundeetan John Kerry Bushen aurretik zihoan, eta berdin Al Gore 2000koetan. Baina bietan George Bushek irabazi zuen azken zenbaketa ofizialean.

Ahal zuenik eta azkarren abioia hartu eta Mexikora jo zuen Palastek, erantzun bila galdera honentzako: «Agintean dagoen PANeko hautagai Calderónek lehendakaritarako hauteskundeak garbi irabazi ditu ala 'Florida con Salsa' gertatu da hor?».

Mexikon estatistiketan adituen artean jakintsuenetakoa den Victor Romero ikusi zuen estraina. Romero irakasleak 113.000 boto-bulegoetatik zetozen datu ofizialen jarraipena egina zuen, eta ikusi zuen bozketaren ondorengo gau osoan Obrador aurretik joan zela kontaketan, %2 ingurugatik; baina azken orduetan, oso berandu, hasi ziren azaltzen bulego batzuk non PANek 10-1 irabazten zuen, eta azkenerako 100-1 ere bai. Azken minutuetan Calderón nagusitu zen. Hau Romerori estatistika aldetik oso ulergaitza iruditu zitzaion. Hori izan zen bozketetako lehen «miraria».


Bushek garbituko dizkizu paperak

Bigarren miraria: Romerok boto kontaketarako Guanajuatoko mahai batean bete duten orria erakutsi dio kazetariari: Calderónek 192, Obradorrek 12. «Ipini bagenu bideo bat bulego horretan, ikusiko zenuen norbaitek sartu zituela kontaketa baino lehen usatu gabeko botoak kutxan. Oso erraza da egiten, Mexikoko baserri inguruetan kontrol eskasa dago».

Hurrengo miraria, hirugarrena: Obradorrek 300.000 boto gutxiago bildu zituela bere alderdiko senadoreek baino (senadoreak ere hautatzen ziren uztailaren 3an). Horrelako hauteskunde egun batean logikak alderantzizkoa gertatu behar duela dio. Aldiz, PRDko herritar askok botoa senadoreari eman eta lehendakaritarakoa «jan» egin zuen, itxuraz.

Bada laugarren mirakulu bat ere. Milioi bat boto zuri azaldu ziren, mahaietako arduradunek baliogabekotzat jota. Kopuru harrigarria. Honetan ere Palast kazetariak Floridakoaren antza hartzen dio Mexikokoari, han 179.000 boto zuri izan baitzen 2000.ean. Floridan boto kontaketa guztiak eskuz egiteko eskatu zen, baina agintariek lortu zuten eskaria zaborrontzira iristea. Hain zuzen, hori zen lerrook idazteko unean Mexikon eztabaidatzen ari zena, herri mobilizazio handiak tarteko. Hauteskunde biharamunean saio txiki bat egin zuten bozketaren ardura duten funtzionariek; boto zurien %1 txekeatu zuten eskuz, eta -Palastek dioenez- orduan ikusi zen baliorik gabeko boto horietatik gehienak Obradorren aldekoak zirela.

«Baina ez dituzte kaxa guztiak irekiko», Palasten ustez. Kazetari honek azpimarratu du presa handia hartu zuela AEBetako Bush lehendakariak Calderón irabazle jotzeko, artean Europar Batasuna kontaketa ofizialaren zain zegoenean. Bazuen motibo bat baino gehiago.

Estatu Batuek oso gertutik zaindu dituzte beti Mexikoko hauteskundeak. Kanadarrekin batera, mexikarrak dira yankien lehen auzoak. Ekonomia eta enpresen alorrean gero eta integratuagoak daude bi herrialdeak, eta Mexikok lehengai asko dauzka -petrolioa tartean- AEBentzako garrantzitsuak direnak.

Hori dela eta, azken hauteskundeotan bere hautagaia -Calderón eskuindarra- lehendakari atera zedin Bushek diruaz gain azpiegitura ere antolatu diola argudiatu du Greg Palastek. Adibidetzat, hona gauza asko esplikatzen dituen kointzidentzia bat: ChoicePoint enpresa, AEBetako Georgiakoa, hauteskundeon saltsan sartuta ibili dela. «Bush lehendakariaren anaia Jeb-ek (Floridako gobernadorea) baliorik gabeko botoen afera hura antolatu zuen enpresa pribatua ChoicePoint izan zen. Eta orain, dirudienez, ChoicePoint dago Mexikon Bushen gobernuaren agindupean hautesle zerrenden kudeaketan. Duela gutxi nire eskuetan eduki nuen FBIren paper bat, 'secret' izendatua, aipatzen zuena kontratu bat ‘atzerriko kontra-terrorismo ikerketen informazioa’ biltzeko. (...) Gezurra dirudien arren, kontratuak esaten zuen eskuratu behar zirela hauteskunde zerrendak Venezuela, Brasil eta... Mexikokoak».

Munduko telebistetan jadanik desagertu dira Mexikoko hauteskundeetako irudiak. Israelek lehendabizi Gazan hasi eta Libanon jarraitu duen erasoa nagusitu da gure etxeetako ekranetan. Gaur Iraken hasi eta Palestinaraino hedatuta dagoen suteak gogorrera jotzen badu, datorren irailean Mexikoko hauteskundeak baino lehenagoko buruhausteak izango dituzte ARGIAko irakurleek. Baina guk haien aferak ahaztuagatik, mexikar askok esan diote Greg Palast kazetariari López Obradorrek ez duela amore emango boto kontaketa berriro eta txukun egin arte. Estatu Batuetan bakeagatik amore eman zuten Al Gore eta John Kerry lehendakarigaiek Bushen aurrean, baina Mexikon ez omen da hala gertatuko. Ikusitakoan sinetsiko dugu.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude