Ezker independentista independientea, plis


2006ko uztailaren 30an
"Zer eskatzen du herriak? Askatasuna". Askotan pentsatu dut herri honetan askatasuna hitza zentzu mugatuegian erabili dugula; kanpora begirako askatasunaz aritzeko bakarrik moduan. Baina ez dut sinesten herri baten askatasuna aldarrikatu eta lortu daitekeenik norbere buruari pentsatzen duena esateko askatasunik onartzen ez diogunean. Tamalez, autozentsurak eta isilik geratzeak gehiegi balio izan dute gurean.

Zenbaitzuk isilik ez geratzea erabaki genuen duela hainbat urte, benetan sinesten dugulako herri honetako ezkertiar eta abertzaleok merezi dugula askatasun osoz ariko den eragile politikoa izatea.

Eta premia hau areagotu egiten zaigu ETAk gai politikoetan zeresana izan nahi duela gogorarazten digun bakoitzean edo beste batzuk gogorarazten digutenean. Azkena Gara egunkaria; haren arabera, ETAk gu guztion erabakitzeko eskubidea onartarazi dio Estatuari.

2006an horrelako gauzak irakurtzeak eragiten digun aluzinazioa alde batera utzita, hiru gogoeta/galdera airera:

Bat: Zergatik behar duzue euskal gizarteak hau sinestea? 46 urte luzez borroka armatua praktikatu ondoren, ia 1.000 hildako eta milaka iheslari eta preso sortu ondoren, ETA inoiz baino ahulagoa dagoenean, orain lortu du erakunde armatuak -eta berak bakarrik gainera- Estatuak inoiz onartu ez duen euskal herritarron erabakitzeko eskubidea. Hori bai, ez dakigu eskubide hori non eta nola jasotzen den, ez eta ordenamendu juridikoan nola txertatzen den. Dakiguna da ezker abertzale ofizialaren bertsioaren arabera, ezkutuko paperen batean bada ere, euskal herritarrok gure eskubide nazionalak lortuak omen ditugula. Baina bada Euskal Herrian hau sinestuko duen inor? Zergatik jarraitu norbere buruari gezurrak kontatuz eta autozentsura praktikatuz? Zergatik ez onartu gainontzeko guztiok ikusten duguna? Alegia, borroka armatuak ez duela zentzurik, ez duela balio gatazka politikoak konpontzeko -areagotzeko baizik- eta horrek eragindako sufrimenduarekin -biktimak, presoak- amaitzea dela bake-prozesuaren arrazoia?

Bi: Gertakizunen bertsio honek gainera, borroka politikoa desaktibatu nahi duela dirudi. Ez legoke autodeterminazioaren aldeko borrokan jarraitu beharrik -ezta politikoki ere- dagoeneko ETAk eskubide hau lortua izango lukeelako. Eta desaktibazio mezu horrek kezkatu egiten gaitu. Izan ere, ez al da orain inoiz baino gehiago indarrak bildu eta gure eskubideen alde modu bateratuan lan egiteko garaia?

Hiru: ETAk Estatuarekin adostu izan balu erabakitzeko eskubidea, zein paper geratuko litzaieke alderdi politikoei? Zertarako orduan alderdien mahaia? Aita santuen artean ustez adostutakoa bedeinkatzeko?

Kezkagarriena da ezker abertzale ofizialak edo MLNVk oraindik ere abangoardiari ematen jarraitzen dion garrantzia. Batzuek oraindik ere salbatzaileak behar dituzte: beldurra diotela dirudi politika egiteari beste inoren laguntzarik gabe; beldurra askatasunari: «Hobe ETAk konpontzen badu, guk ez dakigu gai izango garen eta».

Zorionez gero eta gehiago gara, ezkerrekoak eta abertzaleak izanik, eragile politiko erabat independentea nahi dugunak: errealismo politikotik politika egiten arituko dena eta gai zehatzen inguruan ihes egin beharrean ezkerretik eraikitako alternatiba egingarriak plazaratuko dituena. Ikusi besterik ez dago AB eta Aralarren bideak Iparraldean eta Nafarroan hartu duen indarra. Euskal Herriko hiru eremuetatik bitan ezker abertzale independentea lehenengo indar abertzalea da. EAEko ezkertiar eta abertzaleok ere merezi dugu eta horretan ahalegina egiten jarraituko dugu. Espazio hori indartuz bakarrik lortuko dugulako ezkertiarrok sinesgarritasuna gizartearen aurrean bai eta alternatiba sendo bat eraikitzea. Borroka armatuaren luzapenak ezinezkoa egin duena posible egin behar dugu ETAren ondorengo garai berri honetan: ezker independentista independentea, please.


Eguneraketa berriak daude