Sidenor eta Arcelor multinazionalen atzaparretan

  • Euskal siderurgia deslokalizazio prozesu larrian dago. Gero eta zeresan handiagoa dute gure herritik urrun dauden multinazionalek hartzen dituzten erabakiek. Azkeneko kasuak Sidenor eta Arcelor talde boteretsuenak dira: zazpi euskal lurraldeetan dauzkate plantak, 10.000 pertsona inguru dituzte lanean, eta guztien lanpostuak arriskuan egon litezke orain.

2006ko uztailaren 02an
Tradizioz hainbat euskal familiek kontrolatu izan duten euskal siderurgian gero eta zeresan handiagoa daukate hemendik urrun hartzen diren erabakiek, zenbait multinazional hasiak dira plantak Euskal Herrian banatuta dauzkaten siderurgiako talde enblematiko batzuen kontrola hartzen. Egoera horretan daude gaur egun Sidenor eta Arcelor taldeak. Lehenengoak Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban dauzka plantak, eta baita gure mugetatik kanpo ere: Espainiako Estatuan eta Brasilen. Bigarrenak, berriz, hamaika planta dauzka Euskal Herrian. Horietako bat Baionan (Lapurdin) zegoen, baina saldu berria du. Bi taldeen artean 10.000 pertsonari lan ematen diote.

Egia da euskal siderurgiaren sektorea zabalagoa dela, baina bi talde horiek dira garrantzitsuenak. Sidenor eta Arcelorrez gain, Euskal Herrian beste talde batzuk dauzkagu. Honakoak ditugu garrantzitsuenak: Celsa taldearen barruan dauden Celsa, Nervacero eta azken horren filiala den Laminaciones Arregui; GSB; Tubos Reunidos; Tubacex eta abar. Ez dugu ahaztu behar multinazionalen irentsi nahiak eta gainean daukagun etengabeko globalizazioak edozein unetan harrapa ditzakeela beste euskal talde siderurgiko batzuk ere.


Sidenor erosi du Brasilgo Gerdau multinazionalak

Altzairu berezien Sidenor euskal taldea, 1995ean 13 milioi eurorengatik pribatizatutakoa, 443,8 milioi euroren truke erosi du Gerdau multinazionalak, horrela Sidenorren kapitalaren %40aren jabe eginez. Multinazional horrekin bat egin dute Grupo Santanderrek (%40aren jabetza hartu du) eta zenbait zuzendarik, Jose Antonio Aguinaga kontseilari delegatua buru dutelarik (%20a hartu dute). Pelotazo siderurgiko horren zuzeneko onuraduna Sabino Arrieta izan da, 2004. urtera arte Sidenorreko lehendakaria izandakoa eta gaur egun balore zorroa kudeatzeko Ilesa sozietateko akzionista talde baten ageriko buru dena. Arrietak 53 urte ditu, eta Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu izandakoaren anaia da. Bera ere EAJtik dator, eta izan duen azken kargu publikoa Gasteizko Gobernuaren Herrizaingo sailburuordearena izan da.

Alabaina, pelotazoaren ondorioak jasango dituztenak Sidenor taldeko langileak izango dira. Taldeak 2.300 langile ditu Espainiako Estatuan eta horietatik 1.400 Basauri, Gasteiz eta Elgetako plantetan daude. Espainiako Estatuko gainontzeko plantak Reinosan (Kantabrian) eta Villalban (Madrilen) daude. Aipatutako plantillari Acos Villares Brasilgo filialean euskal taldearentzat lanean ari diren beste 2.700 langile gehitu behar zaizkio. Brasilgo multinazionalaren lehendakariak egindako lehenengo adierazpenen arabera, plantilla osoak lanean jarraituko badu ere, langileak eta sindikatuak beldur dira multinazional brasildarrak edozein unetan lanpostuak eta ekoizpenak doituko ote dituen.

Sidenor taldea altzairu berezien sektoreko buru da Espainiako Estatuan. 800.000 tonatik gora ekoizten ditu. Ekoizpenaren %93 Europako merkatura bidaltzen du, automozioaren industriara nagusiki. 2004. urtean 551 milioi euro inguru fakturatu eta 50 milioi euroko irabazi garbia eskuratu zuen, eta 2005ean kopuru hori biderkatu eta 100 milioi eurotik gora lortu zituen. 1996tik 2003ra arteko urteetan gutxi gorabehera 300 milioi euro inbertitu zituen.

Gerdau multinazionalari dagokionez, Amerikako altzairu luzeen ekoizlerik handiena da, eta 29 planta dauzka kontinente horretako zazpi herrialdetan, Estatu Batuak eta Kanada ere tartean direla. Urtean 16,4 tona altzairu ekoizten ditu, eta horrenbestez enpresa siderurgikoen munduko sailkapenean hamabigarrena da. 2005. urtean 9.000 milioi dolarretik gora fakturatu eta 1.000 milioitik gorako etekina atera zuen. Sao Pauloko burtsan kotizatzen du.

Arcelor, munduko siderurgia nagusiak pertsegitua

Siderurgiako multinazional europarra, Arcelor taldea, siderurgian mundu mailan nagusi den Mittal Steel-ek beregana lezake. Multinazional horren ia kontrol osoa abizen bereko familia indiarraren eskuetan dago. Hain zuzen ere joan den urtarrilean, altzairuaren munduko lider horrek akzioak erosteko eskaintza publiko (EEP) areriotsua jaurti zuen, sektoreko bigarren enpresa den Arcelor taldearen %100a bereganatzeko; 18.600 milioi eurokoa izan zen eskaintza. Operazioak aurrera egiten badu, altzairuaren sektorean izango den munduko erraldoirik handiena eratuko da, eta 120 milioi tona altzairu ekoizteko gaitasuna izango du (69 milioi Mittal Steel-ek eta 51 milioi Arcelorrek). Hurrengo ekoizlea, Nipon Steel, 32 milioi tonako ekoizpenarekin geldituko litzateke.

Arcelor taldea 2002an sortu zen, Aceraliak (Espainiakoa), Usinor-ek (Frantziakoa) eta Arbed-ek (Luxenburgokoa) bat egin zutenean. Luxenburgon dauka egoitza soziala. Munduan 95.000 langile dauzka, horietatik 78.000 Europar Batasunean. Azken horietatik 15.000 Espainiako Estatuko 18 plantetan daude (Asturias, Madril, Valentzia, Zaragoza eta Euskal Herrian). Euskal Herrian hamaika planta dauzka 4.000 langilerekin. Irabazi gordinen marka hautsi zuen 2005. urtean, 5.600 milioi euro eskuratuta. Akzioak modu honetan dauzka banatuta: Luxenburgok dauka %5,6; Aristrain familiak (euskalduna) %3,5; Sogepak (Belgikakoa) %2,4; langileek %2; eta burtsak %85,7. Siderurgiaren munduko liderrak, Mittal Steel-ek, aldiz, Herbehereetan dauka egoitza soziala. 164.000 langile dauzka, eta 2004an salmenten bidez 26.000 milioi euro eskuratu zituen. Mittal familia indiarrak kontrolatzen du multinazionalaren kapitalaren %87,6.

Mittal Steel multinazional indiarrak Arcelor multinazional europarra «irentsiko» al du? Gaurko egunean oraindik inork ez daki erantzuna. Multinazional indiarrak jaurtitako EEP areriotsua atzera botatzea da Arcelorren politika. Testuinguru horretan, akzionisten artean akzio bakoitzeko 1,20 euroko dibidenduak banatzea erabaki du talde europarreko administrazio kontseiluak, banatutako dibidenduen balioa 2004an banatutakoekin alderatuta %85 handituz. Horrela, bere akzionistak konpentsatu eta altzairuaren munduko erraldoiaren EEP areriotsua geldiarazi nahi du.

Bestalde, Arcelor taldeak gastuak gutxitzeko politikarekin jarraitzen du. Orain dela gutxi aurkeztu du 2006-2008 aldirako plan estrategikoa, eta aurkezpenean adierazi zuen langile murrizketa egiteko asmoa duela. Hala ere, ez zuen zehaztu murrizketa nola egingo duen eta zein plantari eragingo dion. Euskal sindikatuek dagoeneko azaldu dute murrizketak direla-eta daukaten kezka. Lehen ere Arcelor taldeak saldu zituen Zalaingo eta Berrioplanoko plantak Nafarroan; Azpeitia eta Lasao auzokoak (Azpeitia) Gipuzkoan; eta Acería del Atlántico, ADA, Ipar Euskal Herrian. Mittal Steel multinazional ingeles-indiarrak, baieztatu du Arcelorren kontrola bereganatzen badu bermatu egingo dituela talde horren plantetako ekoizpena eta lanpostuak.



Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude