Net Hurbil: Baratzeak zeuden Los Angeleseko hormigoi artean


2006ko uztailaren 02an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Los Angelesek bazuen soro hiritar handi bat, ekainaren 15a arte. Hango baratzeetan ehunka familia txikano behartsuk berreskuratu zuten duintasuna, haietatik eramaten zituzten etxera beharrezko jaki asko, eta haietan umotu zuten autogestiozko elkarlana. Ekainaren 15ean, alkatetzara txikanoen botoekin iritsitako Antonio Villaraigosak bidali polizia eta bulldozerrek birrindu zituzten hango etxola, zuhaitz, landare eta tresnak.

AEBetako Los Angeles hirian Alameda Street etorbidearen 41ean dago South Central Farm etxaldea. 14 akreko -5 hektarea eta erdi, 16 bat golde- lurzoru hau 1992tik auzolanean landutako baratze saila izan da. 360 txataletan zatiturik egon da, eta AEBetako hiriko ortu handiena zen. 1980an Los Angelesko udalak erosi zuen zaborrak erretzeko erraustegi bat eraikitzeko, baina herritarren artean sutu zen protestaren ondorioz paper hutsean geratu zen intzineradora.

Kronikek diotenez, borroka hartan indar handia erakutsi zuen Los Angelesko South Central zonaldeko herritarren koordinakundeak, eta udalak inbertsio talde bati desjabetutako lur saila hiriko txiroenen bizimodua hobetzeko erabiltzea onartu zuen. 1992an udalak erabaki zuen bizimodua ateratzeko nekeak zituzten herritarrek leku hartan beren baratzeak egin ahal izatea, eta operazioa bideratu zuen eskualdeko Foodbank edo Janarien Bankuaren bidez.

Hala ere, laster hasi ziren udalean berriro lurrok saltzeko azpijokoakmenduak. Gorabehera askoren ostean, 2003an Los Angelesko udalak sinatu zuen South Central Farmeko lurrak 5 milioi dolarretan saltzea inbertsio talde bati. Alkateak jakinarazi zion ebazpena Janarien Bankuari, eta honek ohartarazi zituen baratzeetan ari ziren familiak. Berehala hasi ziren erresistentzia antolatzen.

Hamar urte zeramatzaten 350 familiak South Central Farmen baratzeak lantzen. Ortu horietan -batzuk txabolatxoa ere bazeukaten eraikia- barazkiak, fruta-arbolak eta animalia txikiak hazten zituzten, etxean kontsumitzeko. Baina gainera, South Central Farmek auzolan gisa funtzionatu izan du urteotan. Nork daki horixe izan ote den hiri barruko etxaldea errauts bihurtzeko arrazoietako bat.

Lurrak Los Angeleseko udalak Janarien Bankuaren bitartez utzi zizkien herritar txiroei -Mexikotik etorritakoak gehienak- baina hauek ongintzako funtzionarien kontrolpetik aldendu ziren laster. Okerragoa dena, Foodbankeko funtzionarien agintekeria eta xantaiak salatu zituzten hasieratik. South Central Farmers Feedings Families elkartea sortu zuten, eta ez zuten onartu beren lur muturrak ongintzako erakundeari bakarka erostea; talde gisan negoziatu eta kudeatzea exijitu zuten.

Kanporatzeko mehatxuak are gehiago elkarrenganatu zituen baratzezainok, eta 2004tik denen izenean mintzo diren liderrak izendatuta zeuzkaten, nahiz eta erabaki nagusiak batzarretan hartzen ziren. Buruzagi nagusia Tezozomoc izeneko gizon bat da. Elkarte bizitza horrek eragin du baratzezain batzuk orain oso ezagunak izatea inguruko auzoetako mugimenduetan ere.


Mugarik gabeko hormigoiak

South Central Farmeko ortuzain asko jatorriz nekazariak diren arren, beste asko Mexikoko aldirietako txiro urbanoak dira, eta etxalde honetan ikasi dituzte lurra lantzeko eta animalia txikiak hazteko teknikak. Elkartekoek diotenez, badira bakan batzuk baratzeotan aitzurketan ikasi eta ofizioan trebatu ondoren gaur laborari lanetan beste nonbait kokatu direnak.

Hilean behin egiten zuten hemengo baratzezainek azoka. Haziak erosi ordez, bertan edo kanpoko beste ortuzainekin truke bidez eskuratzeko sarea zeukaten osatuta. Emakumeek baizik parte hartzen ez zuten gune kooperatiboa bazuten eratua. Baita hilean elizkizun katoliko bat eta beste bat protestantea ere. Bestelako jaialdi mundutarrago gehiago ospatzen zituzten, eta afixetan ikus daitekeenez ingelesez eta gazteleraz funtzionatu du South Central Farmek. Beren lider Tezozomocek daraman izenak XV. mendeko Azkapotzalko etniako buruzagi batena oroitarazten du.

2003ko irailean Los Angelesko udalak eremu hau saltzea erabaki zuenetik suma zitekeen akabera gainean zela. Baratzezainen elkarteak erregutu zion alkateari ez saltzeko, 350 familia behartsuren biziraupena eta duintasuna zeudela jokoan. Baina errepidez eta industrigunez inguratutako bost hektarea eta erdiok mokadu goxotxoa ziren; argudio erromantikoek ez zituzten agintariak hunkitu.

Azken orduan zenbait mugimenduk lagundu zieten etxalde honetako biztanleei beren lur muturrak erosteko dirua biltzen, baina dagoeneko beranduegi zen. Lurra erosi duten inbertsiogileek iragarri zuten urbanizatu eta saltzeko operazioa lotuta zegoela; komunikabideren batek aipatu zuen bertan joango dela beste Wal Mart bat.

Epaitegietako bideari ere ekin zioten ortuzainok, giza eskubideen buruzagien eta zenbait mugimendu sozialen babesarekin. Horrelakoetan ohikoa den kalbarioa sufritu behar izan duten hilabeteotan: auzitegi honetan irabazi, goragokoan galdu, hemen atzerapena lortu, hurrengoan dena nahastu... 2005eko urrian galdu zuen auzia South Central Farmers Feeding Families elkarteak Kaliforniako Auzitegi Gorenean, eta legearen zirriztuak erabiliz afera luzatzen jarraitu arren, aurtengo udaberrian nabarmena zen dena galdua zutela.

Orduan okupazioari ekin zioten. Ortuzainei laguntzera etorri ziren Kalifornia osotik militanteak. Haiekin batera antolatu zen ekintza saila: etxaldearen sarreretan kanpin egiten jendea, bilkurak, musika, komunikabideentzako harrera... Star systemaren barruan horrelako arazoez pittin bat kezkatzen diren pertsonaiak hurbildu ziren, beren laguntza pixarra ematera; beharbada gure artean famatuena Daryl Hannah antzezle ederra: beste militante batzuekin batera, San Antonio egunean, bertako zuhaitzetako batera igo eta protestan egon zen, guztiak suhiltzaileek eta poliziek jaitsi zituzten arte.

Ekainaren 15ean sartu ziren bulldozerrak etxaldean, bertako baratze, arbola, txabola, erreminta eta ametsak zanpatzera. Istilu bakan batzuk izan ziren eta Los Angelesko sheriffek ziento erdi bat ekintzaile arrestatu zuten. Egun horretan, Antonio Villaraigosa alkate hispanoak -bere kanpainan South Central Farm defendatu eta txikanoen boto mordoa jasotakoak- esan zuen gai honetaz ez zeukala ezer esateko. Baratzezainen buruzagi Tezozomocek gutun batez eskertu zituen laguntza guztiak: «50 lagun baino gehiago atxilotu dituzte, protestari batzuk odoletan utzi dituzte beren makilekin poliziek, bulldozerrak sartu eta suntsitu dituzte fruitutan dauden uztak, bertan sortutako landareak eta baserri honetan 14 urtetan ipini dugun maitasuna. Baina guk gogor eutsiko diogu, begiak malkotan».


www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Los Angeles hiriko zaborrak kixkaltzeko erraustegia eraiki behar zuten lurretan, 14 urtez 350 familiak baratze bana jorratu dute South Central Farm etxaldean. Nork bere etxera eramateko barazkiak lantzeaz gain, komunitate bizitza aberatsa laboratu dute etorkin txiro horiek urteotan. Asfaltoz inguratutako ortu horietako bizimoduko irudiak ikus daitezke ondoko argazkietan. Batean, elkarteko jaialdi batean bildu direnentzako taloak ari dira erretzen bi emakume. Beste batean, senar-emazte zaharrek beren nola-halako txabolan argazkilariari mizpira japoniarren fruitu bildu berriak erakusten dizkiote. Hirugarrenean adinak eta nekeek makurtutako aitona dago bere baratze muturrean. Eta laugarrenean, hileroko azokako mahai batean kale-baserritar batzuk elkarren artean haziak ari dira banatzen. Ekainaren 15ean urratu zuten bulldozerrek South Central Farm etxaldea, etxeak eta hiper bat eraikitzeko.


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude