Ezpalak


2006ko uztailaren 02an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zuekin zuzenean...

Ekainaren 21eko Musikaren Nazioarteko Egunaren ondotik musika egunak datoz, jaialdi mordoa izango baita asteburuan Euskal Herriko hainbat puntatan. Euskal Herria Zuzenean jaialdiak makina bat talde eta zale bilduko ditu Idauze Mendin (Zuberoa). Izango da zer gozaturik: Yan Tiersen, Berri Txarrak, Babylon Circus, La Kinki Beat, All Jazz'era... Kontzertuaz gain hitzaldi eta tailer andana izango dira arrazakeria, internazionalismoa eta ingurumenaren gainean. Sopuertan Mendebala jaialdia izango da. Bertan Kantauri aldeko herrien musika entzun ahal izango da: Xuacu Amieva, Mal de Ojo, Carlos Nuñez... Tolosandblues jaialdiak Elkano Browning Cream, Amama Luisa Brass Band eta Stay Blues taldeak ekarriko ditu Tolosara. Getxo, aldiz, jazz doinuek hartuko dute, jazzaldien aroari hasiera emanez. Besteak beste, Eddie Palmieri eta Billy Cobham arituko dira. zuzenean.


Jakinen 50 urte Interneten

Euskara eta kulturari buruzko hausnarketak, gogoetak, eztabaidak eta artikuluak plazaratzen aitzindaria dugu Jakin pentsamendu eta jakintza aldizkaria. Denetarik bizi izan du: debekuak, eztabaidak, euskara batuaren afera... Berrogeita hamar urte bete ditu aldizkariak aurten eta zenbaki guztiak Interneten jarri ditu denon eskura,www.jakingunea.com helbidean; hamaika gairi buruz mila pertsonak idatzitako 2.400 artikulu guztira. Berrogeita hamar urteotan bi aro bizi izan ditu Jakinek: 1956etik 1975era arte eta Franco hil ostean, 1977etik gaurdaino.


Bestelako marrazkiak Montehermoson

Itxaso mendiluze artistak marrazkien euskarriei buruz hausnarketa egiteko eskatu zien sei artistari »Manu Arregi, Bene Bergado, Blami, Abigail Lazkoz, Edu López eta Miriam Ocariz», komunikabideak marrazkiaren berezko euskarriak ordezkatzen ari direla argudiatuta. Horren emaitza da Montehermoso kulturunean uztailaren 6a bitarte izango den Bestelako Marrazkiak erakusketa. Sei artistok komikia, bideoa, nahiz moda bezalako prozesu eta teknikak landu dituzte.


Lekuz Leku berriz

Iaz abiatu zuen La Fundición aretoak Lekuz Leku Nazioarteko Dantza eta Bideosormen Jaialdia. Aurten ere apustuari eutsi dio eta hala, ekainaren 29tik uztailaren 1a arte Bilboko Abandoibarra pasealekua hartuko du dantzak. Besteak beste, honako dantzari eta konpainiek parte hartuko dute: Cesc Gelabert (Bartzelona), Eva Rechacha (Zaragoza), John Jasperse (AEB) eta Euskal Herriko Blanca Arrieta, Ertza eta Moare. Hiru egunotako irudiak izango dituzte oinarri bideosormen lehiaketan parte hartuko duten artistek. Horiez gain, bideo-dantzaren gaineko eztabaida eta haurrentzako dantza tailerrak izango dira.


Kalealdia Bilbon

Zirkua, magia, antzerkia, musika... denetarik izango da kaleko antzerki eta arteen Kalealdia jaialdian, Bilbon. Zazpigarren urtez egingo da eta bi ekimenetan banatuko da. Uztailaren 4 eta 5ean Artisten kale nagusia goiburupean, Azulquillas, Niño Costrini eta Malaje Soloren lanak ikusi ahal izango dira, besteren artean. 11, 12 eta 13an Antzerkiaren zazpi kaleak egitasmoaren baitan, emanaldi andana izango da Donejakue, Unamuno, Arriaga eta Barria plazetan. Eoyal de Luxe-La gran reyneta talde frantziarraren Roman photo ikusgarria, Trapu Zaharraren Vis a vis eta Gaitzerdiren Arnasa ikus ahal izango dira.


Mugatxoan Artelekun

Ikerketa egitea eta bide berriak abiatzea du helburu Mugatxoan egitasmoak. Donostiako Artelekuk eta Portoko (Portugal) Serralves fundazioak atondutako programan arte garaikideko alor ugari landuko dituzte. Performanceak, showak, bideoak, soinuak ikusi eta entzun ahal izango dira. Uztailaren 1ean burutuko da egitasmoa Artelekun, baina ez da guztiz bukatuko, izan ere, egun horretatik aurrera Porton izango du segida. Uztailaren 15a arte Donostian aurkeztutako performance batzuk eta aurkeztu gabeko beste batzuk egingo dituzte Porton.


Barañaingo Auditoriuma laguntzarik gabe

Duela hiru urte zabaldu zuten Auditoriuma Barañainen, baina hiru urteotan ez du Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik jaso. Barañaingo alkateak, Josu Senosiainek (PSN) dioenez, gobernua «alderdikeria erabiltzen ari dira haiek gobernatzen ez dituzten udalen aurka». Iruñean Baluarte eraiki aurretik zabaldu zuten Barañaingo Auditoriuma, eta eraikinaren arduradunen iritziz, aretoa ez dago Baluarte eta Gaiarre antzokiarekin lehian. Auditoriumak milioi bat euroko aurrekontua du. Iaz 430.000 euro eskuratu zituen Udaletik eta gainerakoa sarreren eta aretoaren alokairuaren bitartez erdietsi zuen. Arduradunen esanetan, autofinantziaketa maila altuenetakoa du.


ASTEKARIA
2006ko uztailaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Eguneraketa berriak daude