Industira, multinazionalen mehatxupean


2006ko ekainaren 25an

Azken asteotan, Euskal Herria multinazionalen xantaiaren eta mehatxu lotsagarrien lekuko izan da, munduko beste hainbat lekutan bezala, enpresek produkzioaren deslokalizazioa kostuak txikitzeko eta etekinak handitzeko tresna bihurtu baitute. Gure herrialdeko bi adibide paradigmatiko automobilgintzaren sektoreko bi multinazional alemaniar dira: Iruñean eta Gasteizen kokatutako Volkswagen (VW) eta Mercedes Benz (MB). Ez dira lehenak eta ez dira azkenak izango. Urtea amaitu aurretik kasu berriak ager daitezke. Fenomenoak kalte handiak eta latzak eragin ditzake bai sektoreko langileentzat, bai inguruko industria laguntzaileentzat, eta automobilgintzaren kasuan enpresa txiki eta ertain asko kaltetu ditzake Euskal Herrian.

Ezin ahantz dezakegu gure lurraldean multinazionalek pisu handia dutela. Lapurdi kasu adierazgarria da, enpresa lapurtar gehienak kanpoko enpresen esku daudelako. Era berean, Nafarroako manufakturazio industriaren gehiengoa atzerriko multinazionalen mende dago. Bestela, gainerako lurralde euskaldunetan zenbait multinazionalen presentzia sumatzen den arren, kanpoko eragina ez da hain nabarmena, nahiz eta zenbait eremutan oso indartsua den.


Wolkswagen Iruñean eta Mercedes Gasteizen

VW eta MB enpresek urteak daramatzate manufakturazioaren arloko talde multinazionaletako sindikatuak estutzen. Horren helburua zazpi urtetan gastuak %30 jaistea da, eta horretarako, prest daude produkzioen deslokalizazioaren mehatxua astintzeko. Lantegiak Europa ekialdera edo Hego Afrikara eramango dituztela zabaltzen dute. Gauza bere egin zuten Alemanian bertan, egoitza nagusia herrialde horretan izanagatik. Eta orain politika hori Euskal Herriko instalazioetara iritsi da. 8.500 langile euskaldun dituzten bi multinazionalek 6.035 milioi euro fakturatu zituzten iaz Euskal Herrian.

VW multinazionalaren kasuan, 2006ko lehen hiruhilabetekoan 327 milioi euro irabazi ditu eta horrek esan nahi du iazko irabaziak laukoiztu egin dituela. Fakturazioa %21,4 handiagoa izan zen, partzuergoko salmentek 25.337 milioi eurora igo baitzuten. Aitzitik, multinazionalak kostuak txikitzeko planarekin jarraitzen du eta Landabeneko instalazioen kasuan, dagoeneko iragarri du Nafarroan egiten den Polo produkzioaren herena Eslovakiara eramateko asmoa duela. Horrek izugarri murriztuko luke bertako langileria. Edozein kasutan, multinazional alemaniarrak oraindik ez du planik zehaztu. Guztia lan-hitzarmenaren negoziazioak erabakiko du, duela urte bete hasi zen arren.

MB multinazionalari dagokionez, enpresako buruek 500 milioi euroko murrizketa lortu nahi dute kostuetan. Testuinguru berean mehatxatu zituzten Alemaniako egoitza nagusiko langileak: prest azaldu ziren Mercedeseko modelo berrien produkzioa (Mercedes C klasea) beste bi lantegitara eramateko, bata Alemaniako beste zonalde batean, bestea Hego Afrikan. MBk datozen urteetan Gasteizko pertsonalean 700 langileko murrizketa egiteko aukeraren berri eman du. Multinazionalak, aldiz, irabazi nabarmenak izan ditu azken urteetan Gasteizko lantegian. 2002. urtean 28 milioi euro izan ziren kasik, eta 2004an 58 milioi baino gehiago. Aurreko kasuan bezala, MBko langileriaren murrizketa lan-hitzarmenaren negoziazioarekin lotuta egon daiteke. Zorionez, oraingoz behintzat ez da deslokalizazioaz hitz egin. Halere, kostuak murrizteko erasoaren emaitzak zein diren jakin arte ezingo da ziurtatu bigarren erasoaldiak produkzioaren zati baten deslokalizazioa ekarriko ez duenik.


Euskal Herriko industria laguntzailea arriskuan

Enpresen deslokalizazio prozesu orok edozein sektoretako multinazionalen industria laguntzailea arriskuan jartzen du. Aztergai dugun sektorea automobilgintzarena izanik, segidan VW eta MB enpresek Nafarroan eta Araban hartzen dituzten erabakiek automozioaren industria laguntzailean izan ditzakeen ondorioak zerrendatuko ditugu. Izan ere, VW eta MB multinazionalek Iruñean eta Gasteizen abian jarritako planek sorrarazi duten egoerak ez ditu soilik bi multinazionaletako langileak kaltetuko, automozioaren arloko industria euskalduneko langileek eta merkatuak ere multinazional alemaniarren eragina nabarituko baitute.

Multinazional bien etorkizunak euskal automozioaren industria laguntzailearen etorkizuna baldintzatuko du. Bi enpresen erabakiek ondorio zuzenak dauzkate ibilgailuen osagaien sektorean -hori da automozioaren industria laguntzailea- eta egun Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 325 enpresek lan egiten dute sektore horretan. Sektoreak 9.200 milioi euro fakturatzen ditu urtero eta 48.000 langile dauzka. Hain zuzen, 3.200 lanpostu galdu ditu azken hiru urteetan euskal lantegietan.

Automozioaren sektoreko negozio globalak 30.000 milioi euro inguru mugitu zituen 2005. urtean Espainiako Estatuan. Ia erdia euskal enpresen meritua da, 15.325 milioi euro baino gehiago kudeatu baitzuten 56.000 langileri esker. Zifra globalari, automozioaren industria laguntzailearen datuak gehitzeaz gain, aipatutako bi multinazional alemaniarrenak batu behar zaizkio, iaz 6.035 milioi euro fakturatu baitzituzten 8.500 langilerekin.

Price Waterhouse Coopers aholkularitza multinazionalak automozioaren sektoreko joera globalei buruz egindako txosten baten arabera, munduko ibilgailuen produkzioa 60 milioietatik 65 milioietara igoko da 2010ean. Multinazionalek Asiako hego-ekialdera, batez ere Txinara, eta Europako ekialdera jotzeko erabakiak lotura zuzena dauka eremu horietako automobil-salmentarekin, %14 eta %41 bitarteko hazkundea izatea espero baita. Egoera horrek konnotazio oso serioak dauzka etorkizun hurbilari begira, mundu osoko ibilgailuentzako osagaien hornitzaileen arteko fusioak eta erosketak ugaritu daitezkeelako. Aipatutako aholkularitza enpresak dioenez, 2010erako gaur egun lehen mailan dabiltzan 1.000 enpresa hornitzaileak 20 edo 30 baino ez dira izango. Bigarren mailako hornitzaileak -eta talde horretan kokatzen dira Euskal Herriko osagai-horniketan dabiltzan enpresa gehienak- 800 baino ez dira izango, gaur egun 10.000 diren arren. Ezin ahantz dezakegu lantegian egindako ibilgailuaren %65 eta %75 ekipamendu enpresetatik eta ibilgailuentzako osagaien enpresetatik datorrela. Euskal Herriko automozioaren sektorearen etorkizuna, beraz, ez dago batere argi.

Gertatutako deslokalizazioak eta gertatuko direnak
Euskal automozioaren sektorean gerta litezkeen deslokalizazio prozesuak, VW eta MBrenak, ez dira kasu isolatuak, ez dira bakarrak izan eta ez dira azkenak izango. Deslokalizazio prozesua gero eta nabarmenagoa da Euskal Herrian, eta metalaren eta kimikaren arloak eta merkataritza bera ere kaltetzen ari da. Eta ez dago zalantzarik: egungo globalizazio neoliberalaren baitan gero eta gehiago hedatuko da, gero eta enpresa eta sektore gehiago kaltetuz.

Izan ere, metalaren sektorean deslokalizazio prozesu ugari gertatu dira Euskal Herrian. Horra UNESAko kasuak Etxarri Aranatzen; Novell, Hofesa, Expal, Aretillo, Inovac Rima eta BSH Araban; L&P eta Spring Zamudion; Sed Iberica Moulinex Urnietan; Tesa Irunen eta Eskoriatzan; Schneider Burlatan; Fagor Donibane Lohizunen. Era berean, antzeko prozesu bat abian zegoen BSH enpresak Nafarroan daukan lantegian. Duela zenbait urte ere prozesu berdin samarrak gertatu ziren Iparraldean: horra hor ADA, Chupa Chups eta beste hainbaten kasuak.

Bestalde, oraindik ikusteke dago zein izango den beste bi sozietate euskaldunen bilakaera, orain atzerriko sozietateen mende baitaude eta horrek deslokalizazio prozesuen arriskua areagotzen baitu. Taldeak Sidenor siderurgikoa eta Gamesa aeronautikoa dira. Sidenor orain GERDAU talde brasildarraren eskuetan dago. Taldeko buruek duela gutxi adierazi zutenez, «Sidenor taldea hazkundearen atea izango da, batez ere Ekialdeko Europan». Enpresa euskaldunaren jabe brasildar berriek euren burua «talde ez espekulatzaile gisa» aurkeztu bazuten ere, etorkizuneko erabakiek baldintzatuko dute baieztapena. Gamesa aeronautikoaren kasuan, dagoeneko Gaztela Mantxako Aurrezki Kutxak bultzatutako talde espainiar bati saldu zaio. Oraindik ezin jakin daiteke zer gertatuko den Euskal Herriko instalazioekin, egungo arduradunek mantendu egingo direla ziurtatu duten arren. Aldiz, etorkizuneko inbertsioak laguntzarik handienak jasotzen dituzten lekuetan egingo dituztela adierazi dute. Eta laguntza horiek, oraingoz, Euskal Herritik kanpo aurkitu dituztela esan dute.
Azkenik, euskal siderurgiaren parte handi bat Arcelor Frantziako eta Luxenburgoko multinazionalaren esku dago. Aldi berean, indiako multinazional bat, MITTAL, Arcelorren kontrako OPA bat prestatzen ari da. Zein ote da Arcelorreko euskal lantegien etorkizuna?

Lapurdi eta Nafarroa multinazionalen mende daude
Multinazionalen presentzia gero eta nabarmenagoa izan da azken urteetan Euskal Herrian. Presentzia hori, ordea, askoz ere errazago sumatzen da Ipar Euskal Herrian, batez ere Lapurdin, eta Nafarroan. Horren ondorioz, multinazionalek euskal industria etengabe baldintzatu dute. Era berean, horrek etengabeko arrisku egoeran jartzen du Euskal Herria, multinazionalek gure lurraldetik urrun baitauzkate erabaki-guneak eta ez daukate inolako arazorik, unea helduz gero, herrialdea partzialki edo erabat abandonatzeko, ezta produkzioa partzialki edo erabat deslokalizatzeko ere.

Iparraldeko kasuan, 2003tik -ordutik ez baita enpresa handirik sortu- Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako 19 enpresa garrantzitsuenetatik 13k egoitza nagusia Euskal Herritik kanpo dute eta talde multinazionalen mende daude. Dassault Aviation SA da lanpostu gehien sorrarazitako enpresa: 1.100 langile inguru dauzka. 2000. urtean enpresak Iparraldeko lanpostuen %14,3a zuen, eta orotara 98.652 lanpostu zeuzkan.

Hego Euskal Herrian 50 bat dira batik bat industrian kokatutako talde multinazionalak. Zalantzarik gabe, presentziarik handiena Nafarroan suma daiteke, VWk enpresa berriak erakartzen baititu automozioaren industrian. Euskal Herri osoari dagokionez, talde handiena Arcelor da; Araban MB, Bizkaian Bridgestone -edo lehengo Firestone-, Gipuzkoan Michelin, eta Nafarroan, WV.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude