Etxeko langileak: zerbitzari bai, menpeko ez


2006ko ekainaren 25ean
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Etxeko Langileen Elkarteak (ELEk) Bilbon daukan egoitzan egin dugu hitzordua. Hantxe hartu gaituzte Pili Gilek eta Lis Quintanak, elkartearen jaiotza gogoratuz lehenbizi: "Etxeko langileen egoera arautzen duen errege-dekretua indarrean jartzearekin batera sortu zen, 1986 inguruan. Batzarra egin eta jende asko hurreratu zitzaigun. Gero, legedia ahalik eta modurik txarrenean aplikatzen ari zela ikusita, hasierako adorea desagertuz joan zen, eta egun elkarte txikia gara". Bizkaia dute lan-eremu, eta Espainiako estatuan iraun duten talde bakanetakoa dira, 80ko hamarkadako loraldia ihartu eta gero.

1424/85 Errege-Dekretuak, izan ere, itxaropen ugari piztu zuen, baina baita arin zapuztu ere. Behintzat, ordura arteko hutsunea estali zuen. Hura baino lehenago, 1969ko beste dekretu batek baino ez zuen zertxobait arautzen etxe-zerbitzarien lana, eta hori ere haien kalterako. "Dekretu horren bidez Gizarte-Segurantzako erregimen berezia ezarri zen etxeko langileentzat, zeharo diskriminatzailea". Langileok Erregimen Orokorretik kanpo utzi zituzten beraz, eta halaxe segitzen dute, frankismoko dekretu hark indarrean iraun baitu gaur arte.

Edozein lanbideri dagozkion gainerako alderdi guztiak -kontratazioak, soldatak, oporrak, lanaldi eta atsedenaldiak...-, legerik gabeko linboan jarraitu zuten zorioneko 1986ra arte. Edo hobe zoritxarreko esatea. Izan ere, ELEko kideek dioskutenez, 1424/85 Errege-Dekretuak ez ditu etxeko langileen eskubideak babesten, eta gainera sarritan hausten da; hauslearentzako ondorio larriegirik gabe, antza: "Guk hamaika salaketa egin dugu Lan-Ikuskaritzan, baina gutxitan egin dute zerbait", dio Pili Gilek.


Erabateko diskriminazioa

Legeriaren hutsuneak bateko, eta berau haustea nahiko merke gertatzen dela besteko, etxeko langileenganako diskriminazioak aurpegi asko agertzen ditu. Hasteko, ia hamarretik zazpi langile ez dago Gizarte-Segurantzan alta emanda. Atzerritarrei dagokienez, ia denek oztopo bera dute horretarako: ez daukate lan-baimenik. Bertoko asko, berriz, euren borondatez daude Gizarte-Segurantzatik kanpo, barruan egoteak dirua galarazten die eta. ELEk dioenez, enplegatzaile askok langilearen soldatatik kentzen dute Gizarte-Segurantzari ordaindu beharrekoa. Langile ugarik, honenbestez, nahiago du diru gehiago irabazi eta ekonomia ezkutuan egon. Bestalde, askotan nagusiak berak ukatzen dio aukera hori langileari.

Bestetik, langile askok gehiegizko lan ordu kopurua egiten du, kaleratzea libre da praktikan, soldatak barregarriak dira maiz... "Gainera -diosku Lis Quintanak- enplegatzaileak soldataren zati bat ken diezaioke langileari (%45era hel daiteke) hark lantokian jateagatik edo, barne-zerbitzaria bada, bertan lo egiteagatik". Kontratu gehienak ahozkoak izaki -legeriak hartarako aukera ematen baitu-, gatazka sortzean langileak ez dauka diskriminazioa frogatzerik. Sarritan, salatuaren etxean lan egin duenik ere ez.


Auzo dotoreetatik kanpo ere bai

Etxeko langileak urte gehiegi daukan legerian harrapatuta daude, nola arraina sarean. Baina dekretuek bere horretan iraun badute hamarkadetan zehar, ez da gauza bera gertatu protagonistekin, nagusi nahiz mirabe. "Lehen, etxean neskamea zeukana Bilbo erdigunekoa edo Eskuin Ibarrekoa zen", gogorarazi du Pili Gilek, "baina gaur edonon topa ditzakezu etxeko langileak. Soldatak oso txikiak direnez, edozein bikotek ordain ditzake".

Langileei dagokienez ere, antzinako estereotipoak hautsi egin dira. "Ni gaztetan etorri nintzenean, gehienak landako jendea ginen, ikasketarik gabeak", dio Gilek. Gaur egun, berriz, denetik dago, unibertsitatean dabiltzan neska gazteak zein familiako ekonomiari laguntzeko lanean jarri diren emakume helduak. Hamarretik zazpik burutua du derrigorrezko hezkuntza, eta atzerritarren kasuan nahiko handia da goi-mailako tituluren bat daukatenen portzentajea: bostetik bat.


Aldaketak ikusiko al ditugu laster?

Etxeko lanen "ikusezintasuna" aipatu dugu erreportaje honi laguntzeko egindako testu osagarrietako batean. Orain, antza, askok begiak zabaldu dituzte. Etxe-zerbitzariak, halako batean, ikusgarri bihurtu dira, eta horrekin batera agerian geratu da jasaten duten diskriminazioa.

Egoera iraultzeko ekimenak ere abiatu dira, noski. Erakunde publikoek gaiari heldu diote, eta baliteke hobekuntzak izatea luze gabe. 2004ko irailean, kasu baterako, Nafarroako Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Aralarren mozio bat, Espainiako Gobernuari etxeko langileentzako lan-araudi berria eskatzeko.

ELEk ere aurkeztu du, EAEko hainbat sindikaturekin batera, lege-proposamen bat Madrilgo Legebiltzarrean. Bai Nafarroako bai EAEko proposamenek, funtsean, gauza bera dute helburu: gaur egun sektorea arautzen duten dekretuak bertan behera uztea, langileen eskubideak benetan babestuko dituen legeria berria eraikiz haien ordez. "Ea zorioneko ‘talantea’ dela eta ez dela, zerbait lortzen dugun", adierazi digu, itxaropentsu, Lis Quintanak.

"Talantearen" gotorlekura jo dugu, bada, Lan eta Gizarte Gaien Ministeriora zehatzago esateko, eta han adierazi digutenez, gai hau kontuan hartu dute Gizarte-Segurantza aldatzeko egiten ari diren elkarrizketetan. Hain zuzen, Espainiar Gobernuak gizarte-eragileei helarazi dizkien proposamenetan bada etxeko langileei buruzko aipamen txikia. Helburua, haien Erregimen Berezia Erregimen Orokorrean txertatzea apurka-apurka. Ikusi behar zer ematen duen gobernu eta eragileen arteko elkarrizketak. Eta, batez ere, noizko. Momentuz, pazientzia.

Ospe handirik gabeko lanbidea

Iazko uztailean, Emakundek EAEko etxeko langileen lan baldintzen diagnostikoa kaleratu zuen. Txostena kontraesan bat salatuz hasten da: etxeko lanak gu guztion ongizaterako nahitaezkoak izanagatik, ez dute behar adinako onespenik gizartean. Areago, eta norberaren etxe barruko lanez ari garela beti ere, "ikusezinak" direla dio txosten egileak, gizarte kapitalistak eremu pribatu eta publikoaren artean egindako zatiketa erabatekoaren kariaz -gai honetaz informazio sakonagoa izateko, ikus ARGIAren 2.024. zenbakia-.

Etxeko lanak norberaren etxetik kanpo -eta soldata baten truke- egiteak "ikustezintasun" hori deusezteko balio dezake, merkatuan diru-balio bat ezartzen baitio lan horri. Haatik, etxeko lan ordainduak ez dauka gizartearen onespenik. Lan erraza omen da, prestakuntza berezirik eskatzen ez duena, edo edonork ikas lezakeena, jardun hutsez.

"Hala -dio Emakunderen txostenak- lana ez ezik, haren egileak ere ikustezin bihurtzen dira. Izan ere, etxeko lana ez da sekula lantzat hartu, zeregintzat baizik. Eta horregatik, langileek ez dute uste eurek egiten dutena lanbidea denik, okupazio edo zeregin hutsa baino". Lanbide kontzientziarik ezak sektore modura antolatzeko oztopoak dakartza batetik, eta gizarteak lan horrenganako daukan jarrera elikatzen du bestetik. "Etxe-zerbitzariek badakite euren lanak ez daukala ospe onik, eta beraietako batzuek ere beste lanbide batzuk baino eskasagoa dela uste dute. Sarritan, sektore honetan jardutea estigmatzat hartzen da, eta zerbitzari batzuk ez dute nahi izaten zertan lan egiten duten inork jakiterik".

EAEko zenbait datu

Emakundek iaz plazaratutako EAEko etxeko langileen lan baldintzen diagnostikoak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 550 etxe-zerbitzariri egindako galdeketa du oinarri. Denak ziren, esan gabe doa, andrazkoak. Hona hemen txosten horretako daturik aipagarrienetako batzuk:
- %69 Hego edo Ertamerikakoak dira.

- %67 ez dago Gizarte-Segurantzan alta emanda. Bertokoen kasuan, portzentajea %76 da.

- 2005eko maiatzean, 12.000 lagun inguru zeuden Etxeko Langileen Erregimen Berezian izena emanda EAEn. %90etik gora emakumezkoak ziren. Ez dago zehatz-mehatz jakiterik zenbatek diharduen guztira lanbide honetan, askoz gehiago baitira Gizarte-Segurantzan ez daudenak.

- Atzerritarrei dagokienez, gizarte-segurantzan alta eman gabe egoteko arrazoia lan-baimenik eza da ia kasu guztietan (%96). Bertokoengan, berriz, ez diela merezi da argudiorik erabiliena (%40).

- %73k ez dauka idatzizko kontraturik, ahozkoa baizik.

- Barne-langileen (lan egiten duten etxean bizi direnak) %85ek eguneko hamar ordu baino gehiago egiten du lan, 1424/85 Errege-Dekretuak lanaldia gehienez ere bederatzi ordukoa izan behar dela dioen arren. %52ak, gainera, zortzi ordu baino gutxiago dauka lanaldi biren artean atseden hartzeko, dekretuari muzin eginez horretan ere.

- Kanpo-langileei dagokienez, astean 40 ordu edo gutxiagoko lanaldia daukaten gehienek Lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) baino soldata handiagoa jasotzen dute, baina lanaldia luzatzeak ez dakar berez soldata handitzea. Hala, 50 edo 60 ordutik gora jarduten dutenek ez dute, Emakunderen txostenak dioenez, euren lanaren araberako diru-saria poltsikoratzen.


Azkenak
Espainiako Gobernua Kanarietan dauden 827 asilo eskatzaile lekualdatzen hasi da

Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]


Getariako Salbatore jaietan emakume baten aurkako “eraso larri” bat salatu, eta egitaraua bertan behera utzi dute

Getariako txosnagunean eta Aian egin dute elkarretaratze isila. Jai batzordeak txosnak itxi zituen.


Gizon bat atxilotu dute Erriberagoitian beste bat hiltzea leporatuta

Gizona Bilorian (Araba) hil dute, ustezko hiltzailea atxilotu dute Añanan (Araba).  


Al Jazeerako bost kazetari hil ditu Israelek

Hildako kazetarietako bat Anas al-Sharif da, palestinarren genozidioa zerrendatik kontatzen dutenen artean ezagunenetako bat. Al Jazeera hedabideak adierazi du Israel errudun dela Gazako sarraskia barnetik azaleratzen duten kazetariak nahita hiltzeagatik, eta horrela sarraskia... [+]


Zarrakazteluko sutea kontrolatzeko lanetan jarraitzen dute suhiltzaileek

Larunbat gauean hasi zen sutea Zarrakaztelu eta Figerol lotzen dituen errepideko pinudi batean. Herritarrentzat arriskurik ez dago momentuz, gobernuak adierazi duenez. Gizakiek eragindako sutea dela jakinarazi du gobernuak.


Emakumeak gizonenak ziren lekuak hartzen

Bizikleta hartu eta errepidera ateratzeko gogoa. Olatu gainean surf egiteak zein sentsazio eragiten duen probatzeko irrika. Mendirik mendi ibiltzearen plazera sentitzea. Mendian, hainbestean, baina emakumeak ez du erraza izan gizonenak izan diren kirol eremuetan sartzea... [+]


2025-08-11 | ARGIA
Editoriala
Hartu edo utzi

Okindegiko ilaran, bi emakume. Itxuraz erdi-ezagunak, hitz egiteko duten moduagatik. Pareko egunkaria hartzeko keinua egin du bietan zaharrena dirudienak, eta zera esan dio besteari: “Dauden albisteekin, agian gaur nahiago izango dut animalien dokumental bat ipini”... [+]


“Gaza militarki okupatzeko plana berehala gelditu behar du Netanyahuk”, esan du nazioarteak

Ostiral goizeko albisteak erreakzio ugari piztu ditu Israelen zein nazioartean. Aurka agertu dira Israelgo bahituen familiak eta NBE. Alemaniak, Israelen aliatu tradizionalak, armak saltzeari utziko diola jakinarazi du.


Pazienteek 25 egun itxaron behar dituzte, batez beste, Osasun Mentaleko Zentruetan arta jasotzeko

25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude. 


Non dago Maider?

Lau hilabete daramatzagu greba mugagabean, hitzarmen propio baten eta lan-baldintza duinen alde. Lau hilabeteko greba honetan, udaltzainek piketeetan bortizkeriaz zapaldu gaituzte, hirian jarraitzen gaituzten eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzten polizia... [+]


Oñatiko egoitza batera mugituko dituzte Donostian kale egoeran bizi ziren migratzaile maliarrak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Oñatiko Arantzazu egoitza eskaini dute maliar migratzaileentzat. Bertan geldituko dira Espainiako Gobernuak haien asilo eskariak ebazten dituen bitartean.


“Intentsitate altuko” bi sexu eraso salatu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak ostegun gauean

Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak. 


Gaza Hiria okupatzeko plana onartu du Israelgo Segurtasun Kontseiluak

Ostiral goizaldean eman du erabakiaren berri Israelgo Gobernuak, hamar orduz luzatu den bilera baten ondoren. Dena den, okupazioa gauzatzeko, gobernu osoaren baiezkoa behar du Netanyahuk: igandean izan daiteke bilera. Segurtasun Kontseiluak, halaber, mugak jarri dizkio... [+]


Oholtza denontzat?
Feminista izango da, edo ez da izango

Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]


2025-08-08 | ARGIA
GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]


Eguneraketa berriak daude