Potemkin: «Rockaren gerlariak gara eta borroka egitera gatoz»


2006ko ekainaren 18an
Diskoaren azala oinarri hartuta, gitarrak al dira zuen armak?
Balio dute ondo pasatzeko, adrenalina botatzeko eta sudur puntan jartzen zaiguna esateko. Azalaren diseinuak transmititu nahi du zerbait zuzena eta indartsua aurkituko duzula, rockaren gerlariak garela gu eta borroka egitera gatozela.

Latzenetik etortzeak ateak zabaldu dizkizue edo zerotik hasi behar izan duzue?
Hiru urteotan edozein talde hasiberrik egin behar izaten dituen lanak egin ditugu: abestiak eta taldea landu, kontzertuak bilatu, entseatu, batzuen ezezkoak jaso, sariketatan parte hartu… ez da bidezidorrik egon. Diskoa ere gure kontu egin dugu. Ez du inork gure aldeko apusturik egin gure izenengatik. Talde eta abesti onak ikusi dituztelako baizik, eta ikusi dituztenean egin dute apustua. Oihukari edo Matxitxari zerbait kaskarra eskaini izan bagenio ez zuten gure alde egingo.

Orain rock&roll bizia egiten duzue, baina melodiari garrantzia handia ematen diozue. Hori ezinbestekoa al da?
Ez gara kontziente izan, baina agian arrazoia duzu. Kaña maite dugu, indarra, aurpegira begira gogor jotzea, baina abestiak hitzak duen zentzu zabalenean maite ditugu, bukatzen direnean zerbait erakutsi dizuten abestiak. Melodia bat, riff bat, abestiak helduleku bat behar du. Atsegin ditugu melodiak, horren bilatzaileak gara, baina ikuspuntu rockero, gitarrero eta zaratatsu batetik.

Karlos Txapek frogatu al du medio gutxirekin soinu ona lor daitekeela?
Emaitzaz gain, guretzat prozesua bera ere oso pozgarria eta betegarria izan da. Ja merezi izango luke grabatzeak bizi izan ditugun momentuengatik. Oso gustura egon gara, Bonbereneakoekin zorretan gaude. Txap gidari izugarria izan da grabaketan eta nahasketan. Izugarrizko konfiantza eman zigun nahi genuena %100ean egiteko. Gure ahalmenen ehuneko oso altua atera zuen gugandik.

* * * * * * * * * * * * * *

Potemkin
Potemkin
oihuka
Iraupena: 46' 49'' 14,45 euro

Rock&Roll indartsuaren eta melodiaren artean

Orain dela hiru urte Latzeneko Joxe Mari eta Ikerrek sonoritate indartsua daukan talde hau jarri zuten martxan Ibanen laguntzarekin. Abestiak egiten hasi eta Aixibar abeslari kementsuak borobildu zuen taldea. Oñatiar hauen estreinako lanean Eskandinaviako Hellacopters edota Turbonegro taldeen pareko rock&roll indartsuaren eta high-energyaren arrasto handiak aurkitu ditugu: erritmo gogorrak, gitarra bizi-biziak eta melodia dezente, euskaraz abestuta. Horrez gain, euren iragana zizelkatu zuen Latzen taldearen aztarnak ere egon badaude, Maite dudan guztia eta Lehertu kantuak kasu. Karlos Txap soinu ekoizleak taldearen onena ateratzen jakin du. Bide honetan jarraituz gero, Kuraia taldeari gerra egiteko moduan egongo dira taula gainean zein infernuan, txinpartak botatzen dituzte-eta.


ASTEKARIA
2006ko ekainaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude