ARGIA.eus

2022ko abenduaren 09a

Euskal dantza tradizionala: Etorkizuna dantzan eta zalantzan

Unai Brea @unaibrea2
2006ko ekainaren 18a
Ia 40 urte dira aldizkari honek, artean Zeruko ARGIA zela, Juan Antonio Urbeltzen ondoko hitzak jaso zituela: «Guk gaur eguneko euskaldun bezela dantza egiteko modua aurkitu nahi dugu, baiñan ortarako lehenengo gure dantza zaharrak aztertu ta inbestigatu nahi ditugu». 1967 zen eta euskara baturik ere ez zegoen, agerikoa denez. Urbeltz, ordurako, bazebilen lan eskerga horretan murgilduta, alegia, gure dantza zaharrak «aztertzen ta inbestigatzen». Ezagun da emaitza txalogarriak lortu zituela tradizio berreskurapenean.

Baina iruindar ikerlariak ondo gogoan zeukan bere esaldiaren lehenengo zatia ere, geroxeago erakutsi zuenez. «Gaur eguneko euskaldun bezela dantza egiteko modua» aurkitu nahirik, Argia dantza taldea sortu zuen, bilatze horretarako lanabes. Lehenbizi, eta hogei urtez-edo, tokian tokiko dantzak biltzen eta Argiaren bitartez erakusten jardun zuen, jatorrizko dantzakerari estu atxikiz. 1987an, berriz, taldeak bide berriei ekin zien tradiziotik abiatuz, Irradaka eta Zortziko bezalako lanak aurkeztuz. Hura izan zitekeen, apika, euskaldunon gaur egungo dantza egiteko modua.

Kontua da Argiaren lehen aroak eragin handia eduki zuela euskal dantza talde askotan, noiz eta Espainiako estatuko aldaketa politikoen harira herritarrak euskalduntasun adierazpen egarriz zebiltzanean. Oier Araolaza dantzari eibartarrak gogoratzen duenez, 70eko hamarkadan, eta 80koan oraindik ere, dantza talde asko sortu zen, inoiz baino dantzari gehiago zegoen, inoiz baino emanaldi gehiago egiten zen. Nortasuna adierazteko bide bilakatu zen dantza, nortasuna adieraztea premia zen garai batean.

Gaur egun gauzak motelago dabiltza, baina beharbada garai harekin konparatzen dugulako iruditzen zaigu hala. «Krisian ote gauden sentipena dago, baina ni ez nago hain seguru», uste du Araolazak, «dantza tradizionalak indarra dauka oraindik herri honetan, gailenduz doazen baloreak zeintzuk diren kontuan hartuta. Beharbada orain 30 urtekoa ez zen normala; beharbada gauzak beren onera itzuli dira».

Zein da dantza taldeen lekua?
Dena dela, eibartarrak aipatutako krisi sentipena egon badago, eta berak ere onartzen du horretarako sintomarik badela. Non atzematen da hori? «Bada, oraindik ere dantza taldeok ez dakigula zein izan behar den gure tokia gizartean. Ez gara konturatzen lehengo egoera artifizial samarra zela, eta ez daukala zerikusirik dantzak eduki beharko lukeen zereginarekin».

Eredu bat gailendu da dantza taldeetan: Euskal Herri osoko dantzak bildu, ikasi, eta ordu eta erdiko ikuskizuna prestatu. Gero, ikuskizun hori herriz herri eramaten da. «Eredu hori 80ko hamarkadan jarri zen martxan, eta balio lezake, baldin eta talde gutxi batzuek egingo balute», dio Araolazak. Alegia, horrelako emanaldiak kalitate handiz egiteko gauza diren taldeak, dozena erdi inguru dira Euskal Herri osoan Araolazaren ustez. Gaur egungo egoera, aldiz, oso bestelakoa da: talde asko dago, batez besteko kalitatea erdipurdikotzat jo genezake, eta ez dago hainbeste emanalditarako ikusle nahikorik. «Merkatua erre dugu», dio Araolazak.

Xabier Mendizabal, Euskal Dantzarien Biltzarreko presidentea, bat dator Araolazarekin hein batean. «Hala ere, dantza eta dantza taldeak bereiziko nituzke. Eta ez nuke esango dantzaren egoera berez txarra denik. Dantza tradizionalak egin egiten dira beren jatorrizko herrietan: Zuberoan, Durangaldean, Oñatin, Otsagabin... Alde horretatik ondo gaude, akaso azpiegitura faltan. Alegia, non ikasi dantza? Nork irakatsi? Dantza tradizionalak ez dauka beste kultur arlo batzuek bezain egituraketa sendoa».


Hirietako taldeen arazoak

Mendizabalek, berriz, Araolazak aipatutako arazo berak ikusten ditu hirietako taldeetan, hau da, berezko tradiziorik gabeko taldeetan. «Asko gara, eta hori ona eta txarra da aldi berean. Ona da leku askotan gaudelako, baina txarra da emanaldiak guztion artean banatu behar ditugulako, eta gaur egun ez da hainbeste dantzaldi antolatzen». Hala, talde gehienek bizpahiru aldiz baino ez dute dantzatzen euren herrietatik kanpo. Kontuan hartu behar da Euskal Herrian 350 talde inguru dagoela Mendizabalen esanetan, horietatik 300en bat Biltzarreko kide direlarik. «Ezin denak kalitate handikoak izan. Eta ez dira izan behar. Erronka bestelakoa da, alegia, talde bakoitzak bere helburuak ongi finkatzea». Oier Araolazak garbi dauka zein izan behar den helburua dantza talde gehienentzat: «Izugarrizko kalitatea ez dugunok, hau da, gehienok, argi eduki behar dugu gure lekua, lehenik eta behin, gure herria dela. Eta nago alderantziz gaudela antolatuta, kanpora begira batez ere».


Arazo larriena, irakasle falta

Kalitatea behin baino gehiagotan agertu zaigu dagoeneko, eta horrek goraxeago aipatutako arazo batera garamatza: nork irakasten du euskal dantza tradizionala gaur egun? Eta batez ere, nola? Jon Maya dantzari errenteriarrak horrekiko kezka agertu digu: «Ni dantza tradizional irakaslea naiz lanbidez, baina ez daukat inongo titulurik, ez baitago non eskuratu». Dantza munduko eragile gehienek duten kezka da hori, eta handienetakoa gainera, erakunde publikoei askotan jakinarazi dietenez. Fruiturik gabe, momentuz.

Gauzak horrela, ez dago, eta ez da epe laburrean egongo, dantza tradizional irakasleak prestatuko dituen ikastetxe ofizialik. Ahal dutenek irakasten dute, eta ahal duten moduan, eta sarritan ez da modurik egokiena izaten. Horrek taldeen kalitateari eragiten die noski. Jende gazteak bereganatu ohi du ardura hori, dantzari modura pilatutako eskarmentua beste armarik ez duela.


Folklorea arriskuan?

Dantza tradizionalaz ari gara eta inork ez dauka zalantzarik tradizioari eustea dela horretan dihardutenen helburu nagusietako bat. Baina alderdi horretan ere bada desadostasunik. Sabin Egiguren, Bizkai Folklore Elkarteko presidentea, Dantza Etxea izeneko egitasmoa gauzatzeko ahaleginetan ibili da orain gutxi arte. Azkenean, bere burua bakarregi ikusita-edo, amore eman du, baina berdin-berdin eusten die proiektu haren zutabe ziren aldarrikapenei: dantza tradizionalaren arima galduz doa, dantza taldeen erruz hain zuzen ere, eta arima hori gordetzeko ahalegina egin behar da kosta ahala kosta. «Nik aurresku txapelketa irabazi nuen 1962an, baina handik gutxira jakin nuen hura ez zela gure benetako aurreskua. Musika bai, baina dantza ez. Ni bilbotarra naiz; halako batean Garaira joan nintzen, eta hantxe hartu nuen ezustea. Zer da hau? pentsatu nuen. Eta orduan konturatu nintzen gu egiten ari ginenak ez zeukala zerikusirik benetako euskal tradizioarekin. Esan gabe doa berehala hasi nintzela Durangaldeko dantzakera jator hura ikasten».


Balletizazioa

Egigurenen ustez, balletizazioa gailendu da euskal dantza tradizionalean. «Denak ari dira ikuskizunak egiten, dena goitik behera aldatzen. Eta ni ez nago dantza tradizionala, antzezlekura eramateko egokitzearen aurka. Aitzitik, oso alde nago. Baina hori ez da folklorea, dantza egiteko modu horrek ez dauka zerikusirik euskal baserritarren dantza egiteko erarekin, eta kezkatu egiten nau batzuek folkloretzat aurkeztea hala ez dena». Folklorea, honenbestez, baztertuta ikusten du Egigurenek: «Iparraldean, esaterako, Euskal Dantzarien Biltzarra dantza berri txapelketak antolatzen ari da. Nor eta Euskal Dantzarien Biltzarra, tradizioa defendatzeko sortu zena!».

Dantza munduan, oro har, gutxik egiten dute bat Egigurenek tradizioaz daukan ikuspegi horrekin. «Ikuspegi ‘salbazionista’ da hori -iritzi dio Oier Araolazak-, XX. mende hasieran oso indartsu zebilena antropologian. Modernismoaren eta industrializazioaren aurrean, balore zintzo eta ederrek nekazal-giroetan irauten zutela uste zuten, eta horiek garbi-garbi gorde beharra aldarrikatzen zen. Baina gaur egun tradizioaren ikuspegi dinamikoa da nagusi».


Berreskuratu edo birsortu?

Tradizioa finkoa ez dela azaltzen duten adibide bi aipatuko ditugu. Jakina da berreskurapen lan handia egin dela euskal dantza tradizionalaren esparruan. Galtzeko zorian egon zitezkeen zenbait dantza zulo beltzetik atera dituzte ikerlariek, eta plazetara eraman. Batzutan ordea, hain zen txikia geratzen zen arrastoa, non berreskurapenaz baino birsortzeaz hitz egin behar dugun ia. Ez hutsetik abiatuta agian, baina bai hutsaren hurrengotik.

Jaurrieta herriko dantza ezaguna esandakoaren adibide ederra da. Gaur egun talde gehienen errepertorioan sendo txertatutako dantza da, eta Jaurrietan bertan badago urtero antzezten duen neska talde bat. Ezin esan ordea tradizio handikoa denik tradizioa denbora-unitateekin neurtu behar bada behinik behin. Juan Antonio Urbeltzek Jaurrietan aurkitutako doinu bat eta Baztango mutil-dantzen zenbait urrats elkartu zituen, eta halaxe sortu zen, orain 30 urte inguru, jende askok betidanikotzat daukan dantza hori. Eta betidaniko ez, baina tradizionala denik ezin ukatu, honezkero ondo irabazita baitauka eskubide hori.

Berriagoa da Zangotzako dantzarien ekimena. Orain bospasei urte, hiru mendez desagertuta egon den dantza-sorta bat berreskuratu dute. «Hori birsortzea da», dio Oier Araolazak, «ia hutsetik abiatu baitira, duela 300 urtekoaz arrastorik ez zegoen eta». Hala ere, sorkuntza horrek tradizioan lekua merezi duela uste du Araolazak, inguruko folklorearen moldeei jarraitu egin baitzaie dantza berrian: janzkerak, koreografiak... Gaur egungo tradiziorik zaharrenak ere, noizbait behar zuten sortu berri.

Errusiar balleten eragina

Tradizioaren ikuspegia oso bestelakoa izan arren, Araolaza bat dator Egigurenekin, euskal dantza tradizionalak balletizazioa jasan duela esatean. «Egia da horrek kalte egin ziola dantzakera jatorrizko eta naturalari. Balletizazio hori 1920-30 hamarkadan etorri zen, errusiar balleten arrakasta izugarria eraginda hein handi batean. Folklorea ulertzeko modu berriak agertu ziren, eta horrek euskal dantzan ere eragin zuen». Hala ere, Araolazak ez du uste balletizazioa hain zabalduta dagoenik Euskal Herriko taldeetan. Besteak beste, 70eko hamarkadan Urbeltzen Argiak edo Sabin Egigurenek berak jatorrizko formen alde egindako lanak oraindik ere eragina daukalako.

Kinka horretan dugu dantza tradizionala, zenbait eztabaidatan murgilduta eta biderik egokiena aurkitu nahian. Esan behar dugu hala ere, kezkak kezka itxaropena dela nagusi sektorean. Halaxe adierazi digute hitzez eta halaxe sumatu dugu geuk ere.

Gordelekurik gabeko ondare eskerga
Xabier Mendizabal EDBko presidentearen ustez, euskal folkloreak duen gabezietako bat dokumentazio-gune baten falta da. «Folkloreaz jakinmina daukana, nora joan kontsulta bat egitera? Non gorde ondare hori?». Sabin Egigurenek atsekabez dioskunez, euskal etxeetako ganbaretan hamaika jantzi, partitura eta Super-8ko pelikula zahar daude hauts azpian, norbaitek argitara ateratzeko zain. Nork ordea? »Juan Antonio Urbeltzek, Sabin Egigurenek berak... izugarrizko lana egin dute alde horretatik -diosku Mendizabalek-, baina beti ere norberaren borondatearen araberako lana izan da, ez da sistematizaziorik egon. Beharbada EDBk abiaraz lezake horrelako ekimen bat, baina ez dut uste bakar batena izan behar denik ardura hori. Hemen, zerbait egitekotan, denak hartu behar lirateke kontuan; Urbeltz eta Egiguren bezalako bik, esaterako, derrigorrez hartu beharko lukete parte, ondare izugarria daukatelako jasota». Azken batean, balizko dokumentazio-gune hori publikoa izan beharko litzateke Mendizabalen iritziz. «Gainera, baliabideak beharko dira halako zerbait sortzeko. Hau da, erakundeek diruz lagundu beharko lukete».

Nola aurre egin dantza tradizionalaren arazoei? (Juan Antonio Urbeltz, idazle eta koreografoa.)
Gaur egun euskal dantza tradizionalak dituen arazoak anitzak eta konplexuak dira eta arazo horiei azken berrogeita hamar urtetan gertatu diren aldaketa sakonak gehitu behar zaizkie. Aldez aurretik gai horiei buruzko hausnarketarik egin gabe, zalantza handia dut irtenbide egokiak proposa daitezkeenik.

Beraz, garrantzitsuena hasieratik hastea da. Eta hasiera hori 30eko hamarkadan dago. Garai hartan, dantza ikuspegi selektibo batetik bideratu zen eta ez zen kontuan hartu euskal kulturaren baitan zeuden era askotariko dantza adierazpenak, generozkoak edo dantza motak. Informazio egoki batek -orduan existitu ez, baina, dudarik gabe, beharrezkoa zena- dantza beste era batera lantzen lagunduko zuen. Bestalde, eta honek kontuan hartzeko balio du, garai hartan herriko dantzak sailkatzeko erabiltzen ziren sistemak -ezinbesteko lehen urratsa eskuartean dagoen ondarearen balantzea egiteko-, argi eta garbi erakusten du zein gogoeta eskasa egina zegoen. Egoera hori, Ilustrazioaren ondorio zuzena, herriko tradizioek orokorrean zuten ospe urriaren emaitza baino ez zen.

Ezpatadantza da ikuspegi selektibo horren adibide bat: antzinako dantzaren paradigma modura bultzatu zen, gerraren eta gizontasunaren paradigma modura, gaztetxoek dantzatzeko ezin hobea. Baina aldez aurretik dantza horren estiloari egindako moldaketak bere bizitasunaren zati bat kendu zuen.

Hogeita hamargarren hamarkadan, dantza sozialen praktikan bizi zen krisia antzemanda zegoen, baina ez zen aurkitu egoera bideratzeko irtenbide egokirik. Zera egin zen: lehiaketak sustatu dantza herrikoien hainbat estilo suspertzeko. Horrek gero eta manierismo estilistiko handiagoa sorrarazi du, zeinak, bere adierazpen kitsch gorenean, forma «garaikideak» erabiltzen dituen.

Lehenik eta behin, eta aztergai hau berriro bideratzeko, beharrezkoa da gaia ezagutzea eta aurrera egiteko borondatea izatea; errealitate bereko bi alde, zoritxarrez, elkarren ondoan ez doazenak, ikusten dudanez. Arazoak anitzak eta konplexuak dira, baina Europan baditugu gure egoera ezberdinetara aplika daitezkeen eredu bikainak -beti ere, hobera egin nahi bada, eta horretaz ere ez nago oso seguru-. Aurrekoari lotuta, dantza-taldeak ditugu. Gaur egun, herentzia kultural horren gordailuzainak dira, eta, ondorioz, eragile garrantzitsutzat hartu behar ditugu, denboran iraungo badute. Alabaina, orientazio egokirik gabe, ez dakit nola gordeko duten sentsibilitate eta ezagutza handiz zaintzea eskatzen duen ondare bat, bere izaera bereko beste edozein ondare bezala.

Azkenik, eta esandakoa esanda ere, itxaropenerako tarte bat gorde behar dugula uste dut. Buruz eta tentuz erabiltzen badugu, motibazioetan eta praktikan bizitzea egokitu zaigun garaira moldatzen badugu; eta, gainera, gure kultur identitatearen zati garrantzitsutzat hartzen badugu, dantza tradizionalak izan dezake, dudarik gabe, etorkizun bikain bat.

Eusko Jaurlaritzak sektorearen erradiografia eskatu du
Eusko Jaurlaritzak euskal dantza tradizionalaren egoera ezagutu nahi du, eta horretarako ikerketa egiteko eskatu dio Xabide enpresari. Ikerketa amaituta dago, baina Jaurlaritzak ez ditu oraindik ondorioak ezagutarazi, eta litekeena da udazkenera arte ez egitea. Jaurlaritzak orain hiru urte jarri zuen abian Kulturaren Euskal Plana, Imanol Arana Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako langileak azaldu digunez. «Dantzari dagokionez, sumatu egin genuen datu falta zegoela, eta ezer baino lehen alor horretan zer eta zenbat daukagun jakin behar genuela. Bai dantza tradizionalari zein bestelakoei dagokienez». Erradiografia egiteaz gain, Kultura Sailak dantza munduan dabiltzanen proposamenak jaso nahi izan ditu, etorkizunean sakonago aztertzeko xedez.

Oier Araolazaren ustez, beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak esku hartzea, «urteak daramatzatelako utzikeriaz jokatzen. Garbi ikusten dute sektorea ez dagoela ondo, baina ez da lehentasunezkoa beraientzat. Nahiko sektore desegituratua dela ikusten dute, eta orain hanka bat sartzen saiatuz gero zartako gehiago jaso ditzaketela laudorioak baino. Horrez gain, ez dute ikusten entitate handiko elkarterik, proiektu sinesgarri bat eskaintzen dionik, beraz ogi apur batzuk botatzen dituzte noizean behin, eta hor konpon». Orain abiatutako planari, berriz, primerakoa deritzo Araolazak, ez ordea egiteko moduari, «bitartekariak sartu dituztelako tartean, enpresak alegia, eta ez dakit horren emaitza zenbateraino izango den dantza tradizionalak behar duena».

Gauzak askoz okerrago daude Nafar Gobernuan, EDBko presidente Xabier Mendizabalen esanetan: «Lehen laguntza batzuk ematen zizkioten gure elkarteko nafar ordezkaritzari, baina orain erabat itxita daukate iturria. Betikoa da, izenean ‘Euskal Herria’ hitzak dauzkan edozeri bideak ixten zaizkio. Onartzen dute, noski, dantza asko beraien ondarea direla, baina gero laguntzak ukatzen dizkiote EDBren nafar ordezkaritzari». Zaharrak berri.

Dantza txapelketa ereduaren krisialdia
Zazpi alditan aurresku txapeldun izan den Jon Mayak kontraesan baten berri eman digu: dantzarien maila gero eta hobea den arren, edo hain zuzen horregatik, txapelketetan gainbehera dago azken urteotan. «Nik aurreskua ezagutzen dut batez ere, baina fandango eta arin-arinarekin ere antzera gertatzen dela uste dut: lehiakide kopurua urtetik urtera gutxituz doa. Lehen edozein dantza taldetakoak etortzen ziren, baina pixkanaka oso dantzakera eredu jakinak gailendu dira, eta estilo horretatik kanpo zeudenak urrundu egin dira, txapelketa elite txiki batentzat utziz».

Orain dela aste gutxi egin zen Euskal Herriko Aurresku Txapelketa (Euskal Herri osokoa den ere ezbaian dago), eta Mayak, aspaldiko partez, ez zuen parte hartu, iaz hartutako erabakiari kasu eginez. «Uste dut txapelketen nondik norakoa aztertzeko unea dela. Ea beharrezkoak ote diren. Eta beharrezkoak badira, nola, zer dantza eredurekin».

Txapelketak desagertzeari gehiegizko haustura deritzo Mayak hala ere, besteak beste badituztelako beren onurak. Esaterako, euskal dantza tradizionala gizarteratzeko tresna egokiak izan daitezkeela. «Hor daukagu bertsolari txapelketaren eredua: lau urtean behin sekulako eztanda eragiten du bertsolaritzan». Kontua da gaur egun, eta telebistari esker besteak beste, txapelketak dantza egiteko modu bakarra ari direla gizarteratzen, eta horri buruzko hausnarketa eskatzen du Mayak: «Aberastasuna galdu da». Eta aberastasuna ez ezik, indarra ere bai. «Gaur egun txapelketek gizartean dantza zabaltzeko ere ez dute balio, eta zalantza sortzen da: zertarako egin?».

Batzuek salatu egiten dute Euskal Herrikotzat aurkezten den txapelketa Gipuzkoakoa baino ez dela. Euskal Herriko Aurresku Txapelketa gipuzkoar aurresku txapelketa baita, izan. Are gehiago, azken urteotako parte hartzaile gehienak Gipuzkoako bailara bakar batekoak izan dira. Beste horrenbeste gertatzen da Seguran egin ohi den dantza solteko txapelketarekin. Euskal Herrikoa da izenez, baina hamabost bikotetik hamalau gipuzkoarrak izaten dira, orain dela aste gutxi Oier Araolazak ARGIAn idatzitako artikuluan agertu zuenez: «Funtsean, Segurako dantza txapelketa baino ez da», zioen eibartarrak, «dantza soltetan egiteko modu berezia garatu duen txapelketa: eredu gimnastiko, tente eta lerdena. Plazetako dantza soltearekin zerikusi gutxi dauka eredu horrek, baina txapela jantzi nahi duenak modu horretan aritu beharko du».


Azkenak
“Ukrainako gerra gelditu behar da, nahiz eta lurraldea galdu”

Esta gerra no termina en Ucrania (Gerra hau ez da Ukrainan amaitzen / Katakrak) liburua idatzi berri du Raúl Sánchez Cedillok (Madril, 1969). Ukrainarren defentsarako eskubidea ulertuta ere, gerra gelditzea aldarrikatzen du, hori delako modu egokiena ukrainar... [+]


Hautsa finkatzen denean

Jendearen joan-etorria etengabea da Jordaniako Mafraq erdiguneko kale eta dendetan 11:00ak jo berri direnean. Trafikoaren zalapartak eta martxa motelak gauzak patxadaz eta arnas sakon batek akuilatuta hartzera behartzen gaitu. Zaatariko errefuxiatuen kanpalekutik hamabost... [+]


Aldirietako trena. Helmuga: Durango

Hainbeste liburu publikatu da aurten ere Durangoko Azokara begira, Landakon itsu-itsuan sartuz gero galtzea erraza dela. Hiri ezezagun bateko estazio batean bezain erraza. Lasai, zerbitzu publikoa emateko gaude hemen: generoka antolatutako bost linea aurkezten dizkizugu,... [+]


2022-12-11 | Jon Torner Zabala
Gazteak eta sare sozialak
Erakusleiho digitalean eta hari begira haztearen berezitasunak

Teknologia digitalaren garapenak aldaketa handiak eragin ditu harremanetarako moduetan eta gure nortasuna osatzeko prozesuan. Interneten zer kontsumitu eta sare sozialetan zein rol jokatzen dugun, horiek ere definitzen dute nor garen. Areago ingurune digital batean jaio diren... [+]


2022-12-11 | Nicolas Goñi
COP27-ak klima kudeatzeko eredu falta eta legedia ekonomikoen indarra agerian utzi ditu

Aurten Egipton iragan den COP27 gailurrak emaitza gazi-gozo bat eman du: klima aldaketaren aurrean estatu zaurgarrienen galerak eta kalteak konpentsatzeko funts baten sorrera. Garaipen historikoa izanik ere, funts hori oraindik mekanismo ahula da, eta zehaztu gabeko osagai asko... [+]



Irakurrienak
ASTEKARIA
2006ko ekainaren 18a
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude