Bestearen larruazala


2006ko ekainaren 4an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Lehengo astean, Josu Penades idazle lagunak Etxea bere eleberriaren aurkezpenean zioen berak literatura ulertzeko modu jakin bat zuela, eta, denbora-pasako literatura gaitzetsi gabe, berak beste zerbait bilatzen zuela. Beste "zerbait" hori zer zen azaldu nahian ari zela, aipatu zuen gauzetako bat izan zen "besteen larruazalean jartzeko aukera" ematen ziola literaturak.

Egiaz da kitzikagarria idazleari aurrean jartzen zaion aukera hori. Ez dut uste literaturaz ari zenik Santi Auzmendi jostuna ARGIA honetako azalean bertan esaten zuelarik "beti arropa berdinarekin dabilenak aspertu egiten duela jendea", baina literaturaz ere ari zitekeen. Kitzikagarria da, beraz, besteen larruazalean sartzea, ez ordea, edo ez bakarrik, besteen larruazalean sartuta harenak hobeto uler daitezkeelako, harenean ongi egokituta, norberarena -akatsak, miseriak eta bertuteak- biluziago agertzen direlako baizik, eta, bide batez, arrozte horretan gotortuta, errazago urratzen delako norberaren larruazala borroka hasten denean. Eta nik bai, literaturari zerbait eskatzekotan, noizbehinka zauriren bat azalaraz dezala eskatzen diot.

Izan ere, badira autobiografiak idazten hasi, eta odolik batere isurarazten ez duten autoreak, zauririk eta zikinik inoiz izan ez balute bezala ari direnak. Eta badira, are okerrago, beren bizitzak kontatzen hasi eta gai ez direnak orain hogeita hamar urte izan ziren gazte haren larruazalean sartzeko ere, oraingo larrutik ari direlako. Eta oraingo larrua sendo samarra izan nonbait.

* * *

Autoen zirkulazioa mantsotu eta trinkotzen denean, ugaritu egiten dira puntu beltzak hirian barrena. Arazo horrek konponbide erraza omen du administrazioarentzat: zuhur gidatu beharra dago eta seinaleei arreta ipini behar zaie. Eta administrazioak? Zer egiten du administrazioak? A, guk biribilguneak eraikitzen ditugu! Ez al da nahikoa?

Atzo, euria goian behean, biribilgune horietako batean geldi-geldi sartzen ari nintzela zergaduna baizen ez zen auto askoren konpainian, buruak eman zidan ez zela, arraioak ez badu, errezeta txarra administrazioarena esku artean darabilgun bake prozesurako ere.

Errepide zail eta bihurgunez betea da prozesu hori, eta hori gutxi balitz, esan digutenez, luzea ere izango da. Bidegurutze arriskutsu asko dagoela susmatzen dugu, bide seinaleak gaizki jarrita daudela ez daukagu dudarik (batzuk nahita), eta, dena nahasteko, semaforoak oker sinkronizatuak daude. Denok heldu nahi dugu helburura onik eta osorik, bidean bizia utzitakoak gehiegi dira eta.

Batzuetan pentsatzen dut bake kontu horietan ona izango litzatekeela zuzenean harira ez joatea, biribilgunean lasai bueltaka aritzea, atzerako ispiluak bere lekuan ipini, argi keinukariak egoki erabili, "bidea eman" seinaleak errespetatu eta zuzengunera ez irtetea, harik eta arrazoiak eta zentzu komunak agintzen ez duen arte.

Hala ere, biribilguneak eraginkorrak izan daitezen ez da nahikoa gidabaimena patrikan izatea, trebetasun apur bat ere behar da. Eta hotsa da gaur egun edonori ematen diotela gidabaimena.

* * *

Nago, literaturari buruz goian esan dudana oso baliagarria izan daitekeela esan berri dudana osatzeko. Azken batean, noizbait bakea ikusiko badugu, bestearen larruazalean sartzea nahitaezkoa baitugu, ez bakarrik haren miseriak salatzeko, haren talaiatik gureak hobeto ikusteko baizik. Errazago hartuko dugu zuzengunea, biribilgunean elkar zainduz, baina hura nire autoan eta ni harenean pare bat buelta eman baditugu.

Baina beharbada nahiago dugu denbora-pasako literatura.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude