Rikardo Arregi: «Niretzat elbarritasun bakarra burukoa da»


2006ko maiatzaren 28an
Noiz pentsatu zenuen handitan mediku izan nahi zenuela?
Nire arreba Helena malformazio batzuekin jaio zen, sei bat aldiz operatu zuten, eta lehen bi urtetan ama eta bera beti Madrila bueltaka ibili ziren. Medikuntzaren munduak ostiko handi bat jo zuen gure etxean, eta sei-zazpi urterekin medikuak, negarrak, eta sufrimendua ikusi nituen inguruan. Uste dut orduan erabaki nuela, giza erreakzio logiko baten bidez, medikuntza ikastea. Handitan mediku izan nahi nuen nire arrebari lagundu ahal izateko.

Esan eta izan, neurozirujaua zara orain, eguneko ordu asko operatzen pasatzen dituzu. Pazientearentzat kirofanoak zer usain duen badakigu, medikuak nola bizi du kirofanoa?
Guk gehien kirofanoan disfrutatzen dugu, operatzen. Jendeak beldurra dio kirofanoari, baina nire leku naturala huraxe da, eta han gozatzen dut gehien. Orain, egia da ez dela berdina kirofano batera zutik sartu, edo esku-ohean etzanda sartu. Nik ere, esku-ohean etzanda sartu izan naizenetan, beste begi batzuetatik ikusi izan dut.

Zu lehenengoz kirofanoan sartu zinenetik hona zenbat aldatu da neurokirurgia?
Ni neurokirurgian hasi nintzenean, bazen maxima bat: hirurogei urtetik gorako paziente bat kirurgikoki arta ezintzat planteatzen zen. Orain, laurogeita hamarretik gorakoak ere operatzen ditugu. Gure alorrean sekulako iraultza eman da, orain deus zabaldu gabe atera genezake garunaren barruko argazki bat. Genetika asko aurreratu da, transplanteen alorra, eta pentsa orain zer datorren ama zelulekin. Horren guztiaren emaitza da bizi iraupena luzatu dela, gehiago bizi gara eta hobeto. Baina txasisa da eusten ez duena, eta horregatik ari gara protesiak alde guzietan jartzen. Hemendik hogeita hamar urtera ikusiko dutenean orain zer egiten dugun, «hauek ziren hauek barbarotzarrak! Bizkarrean torlojuak sartzen zituzten» harrituko dira. Ordurako kola bereziak egongo dira, edo gorputz ehuna birsortzen duten sustantziak. Medikuntzak daraman martxa ikusita, ondorioa argia da: giza arrazak izugarri iraungo du, non eta ez dugun planeta lehenago lehertzen.

Eta txasisa zenbateraino berritu daiteke?
Txasisa pixkanaka titaniozkoa egiten ari gara. Nik uste dut azkenean Robocop existituko dela.

Robocopera iritsiko gara. Matrix ere iritsiko al da?
Dagoeneko neurokirurgia robotikoa egina dago, eta uste dut momentua iritsiko dela edozein gauza egiteko makina bat aski izango zaiguna. Gainera makina bat ez da inoiz haserre egoten, ez du erretzen, ez du edaten, ez da disgustura egoten, eta beti berdin egiten du lan. Agian iritsiko gara Matrixera.

Gaur egun, nolako teknologia darabilzue kirofanoan?
Orain bertan tumore baten aurrean erresonantziaren edo eskanerraren irudiak hiru dimentsiotakoak bihur ditzakegu, mugi ditzakegu, zatiak kendu, kirurgia birtuala deitzen dioguna egin genezake. Hartara aurretiaz dakigu zein den tumore horri heltzeko biderik egokiena, zer aurkituko dugun, noraino iristen den, zer ukitzen duen eta zer ez... Kirofano barruan neuronabigazioko sistema informatiboak ere baditugu, eta momentu oro esaten digute non goazen. Baditugu azken belaunaldiko mikroskopioak, eta horien bidez interbentzioak DVDan graba ditzakegu eta kirofano osoa ari liteke interbentzioa zuzenean ikusten. Mikroskopio horretan bertan erresonantziaren irudiak sar ditzakegu, kalkulu geometrikoak egin, eta hala tumorea kentzen ari garen bitartean gero zer geldituko den ikusten ari gara. Bestalde, nik ebakuntza palko batetik zuzentzen dut. Mikroskopio teleskopiko bat dut bi eskuleku dituena, eta gurpil batzuekin gerturatzen naiz operatu behar den zatira. Eskulekuetan eskura ditut botoi guztiak, nahi dudan lekuan jartzen dut mikroskopioa, zooma zapaltzen dut, enfokatzen dut, igotzen dut, jaisten, ateratzen dut... dena eskutan daukat. Playstation bat da, nahi bada. Horrelaxe operatzen dut nik, moto gainean banindoa bezala.

Operatzen hasi zinen garaian esan izan balizute hori guztia?
Galdetuko nuen ea zein zinetan ematen zuten film hori.

Eta teknologia gero eta aurreratuago horren erdian non gelditzen da medikua pertsona? Medikuaren alde humanoa?
Askotan ahaztu egiten zaigu, teknologiak gainditzen gaitu eta gure giza kondizioaz ahazten gara. Ni haurra nintzela Irunen bazen mediku bat, Ramon Larrañaga, zoritxarrez gure etxera askotan etortzen zena. Beti etorri ohi zen bazkari ordutsuan, eta ez zait sekula ahaztuko nola esertzen zen sukaldean, amak txikito bat ateratzen zion eta beti aritzen zen amarekin hizketan, «Junkal, ez zaitez kezkatu, animo, aurrera aterako da...». Gure amak drama bat zuen etxean, eta ongi oroitzen naiz hark nola tratatzen zuen. Geroztik ni beti saiatzen naiz Don Ramon medikuaren giza alde hura nire egiten, guk gure espezialitatea baitugu, oso teknologia sofistikatuarekin egiten baitugu lan, baina ez badugu pazientearekin denborarik galtzen, ez badiogu esplikatzen zer duen, ez badiogu behar duen goxotasuna ematen, ez gara mediku onak izango. Medikuaren alde humanoa hil ala bizikoa da askotan.

Eta Matrixera iristen garenean, eta robotak izango direnean zirujauak, nor joango da familiarekin hitz egitera?
Robota ez behintzat. Robotak erakusten badu pertsona baino askoz hobea dela operatzen, ni dudarik gabe robotaren aldekoa izango naiz. Baina robotak ezingo du inoiz ere ulertu eta hitz egin giza kondizioaz, ezingo da familia animatzera joan. Hori medikuoi dagokigu, eta zoritxarrez askotan ahaztu egiten zaigu.

Medikuntza sekulako abiaduran doa, baina oraindik ez da pertsonaren sekretu guztien jabe. Zuen alorrean zein da enigmarik handiena?
Neurologiarentzat enigmarik handiena garuna da. Zer gaitasun dugu garunean? Noraino irits gaitezke gure materia gris honekin? Burmuinak sekretu asko gordetzen ditu. Eta bada bat nire ustez oso zaila izango dena deskubritzen: gure pentsamenduaren elaborazioa. Niaren kontzientzia nondik sortzen den, askatasunaren kontzientzia zerk ematen duen... guk gauza asko jakin genitzake baina sekula ez dugu jakingo beste pertsona bat zer ari den pentsatzen, zer ari den sentitzen, eta pentsamenduen gai hori definitzea eta argitzea nik uste ezinezkoa izango dela. Burmuineko gero eta atal espezializatu gehiago ari gara ezagutzen, non dagoen lengoaia musikala, non sortzen den lengoaia idatzia, epe laburreko memoria non jasotzen den, non epe luzekoa, inteligentzia artifizialari dagokionez ere asko aurreratu da, neurotransmisioari buruz eta burmuinaren funtzionamenduari buruz izugarri ari gara jakiten, baina pentsamenduaren eta sentimenduen alor osoa, pertsona bakoitzak berea duen mundu hori, uste dut oso zaila izango dela deskubritzen, eta ez dakit interesgarria izango ote litzatekeen ere dena jakitea.

Pentsamendu eta sentimendu ilunak maiz notizia txar batek sortzen ditu, zu egunero ariko zara berri onak eta berri txarrak ematen. Beti egia esaten al diezue gaixoei?
Familiek askotan nahiago izaten dute gaixoari egia ezkutatzea, eta hori errespetatu egin behar dugu guk. Baina gauza bat da egia ezkutatzea eta bestea gezurra esatea. Niri gaixo batek berak zer duen galdetu izan didanean, profesionalki gezurrik inoiz ez diot esan. Medikuarentzat askoz ere hobea da, nahiz eta izugarri gogorra izan, pazientearekin hitz egin eta egia esatea. Baina bitxia da, egoera larrietan pazienteak inoiz ez du galdetzen zer duen. Galdetu izan didatena da: «Sendagile jauna, zenbat hilabeteko bizia gelditzen zait?». Eta erantzunaren arabera, esan izan didate: «Ba arren, egin ezazu ahal duzun guztia, opera nazazu, eman iezadazu kimioterapia, dena delakoa»; edo alderantziz: «Aizu, entzun, utzi ezazu, Marbellara joango naiz arrantzara, nire ametsa hori zen eta hori egitera joango naiz lasai-lasai». Pertsona bakoitza mundu bat da, eta horregatik esaten dugu maiz, medikuntzan, ez daudela gaixotasunak, gaixoak daudela. Gaixotasun bera oso ezberdina izan daiteke bi gaixoren larruan.

Eutanasiaren alde al zaude?
Ez naiz eutanasia aktiboaren aldekoa, pertsona bati farmakoak sartuz hiltzen laguntzearen aurka nago. Eutanasia pasiboa, aldiz, onesten dut, atzera bueltarik gabeko egoeretan bizitza luzatzea ez dut ongi ikusten, eta ikuspuntu farmakologikotik tratamendua moztearen alde nago. Eta hori familiarekin hitz egin eta askotan egin izan dugu. Baina legalki ezin dugu arnasa hartzeko gailua itzali, edozeinek salaketa jar diezaguke, erailketagatik edo homizidioagatik, ez dakit. Gainera familiari berari ere esango bagenio «paziente honek ez du inolako aukerarik bizitzeko, hil egin nahi du, joan eta itzal ezazue makina», seguru ezetz esango lukeela. Beraz, zergatik egingo dugu guk? Nik uste dut ikuspuntu moraletik eta etikotik buelta asko eman behar zaizkiola afera honi legeak argi eta garbi idatz dezan zein egoeratan den posible zer.

Mar Adentro filma ikusi al zenuen?
Bai, ikusi nuen. Baina ni egona naiz paraplegikoen zentro nazionalean, eta ikusi ditut mutiko gaztetxoak, ez tetraplegia batekin, pentaplegia batekin! Ezin bururik ere mugitu! Eta hogei bat urteko mutiko bat ikusi nuen ahoarekin ordenagailua nik baino askoz ere azkarrago mugitzen zuena. Niretzat elbarritasun bakarra burukoa da. Ados nago, zenbait egoera bizitzea oso dramatikoa da, baina planteamendu hori ontzat emanez gero, alzheimerra duten gaixo guztiekin, harreman bizitzarik ez duten guztiekin, arazo neurologiko bat dutenekin, zer egin behar litzateke? Nik ulertzen dut bideragarritasunik ez duen bizitza bat ezin dela luzatu, eta hori legeak onartu beharko lukeela, baina hortik beste egoera batzuetan modu aktiboan sartzera... ez dakit ba. Ni kasu bakoitza banaka aztertzearen alde nago, gainera gaur egun badira min fisikoa ia guztiz desagerrarazi dezaketen farmakoak eta drogak, beraz oraintxe zerbaiten alde egin behar banu, esango nuke, eutanasia pasiboa bai, eutanasia aktiboa ez.

Goazen beraz mendira. Al Filo de lo Imposibleko medikua zara, normalean telefonoz egiten duzu lana, baina bi espediziotan zuzenean parte hartua zara, lehena 1992an Everesten. Nolakoa da mendi espedizio bat barrutik?
Everesten egon nintzenean ohartu nintzen espedizio bat kirol abentura bat izateaz gainera abentura pertsonal bat ere badela, norberak bere buruarekin duen abentura bat.

Zuk nolako abentura izan zenuen?
Niri lanak oso ongi erakutsi dit zer den bizitza eta zer den heriotza, urte asko dira oso notizia onak eta oso notizia txarrak ematen ari naizela. Eta zurrunbilo horren barruan sartuta zaudenean ez duzu denborarik zeuregan pentsatzeko, pentsatzeko ea bizitzan egiten ari zarenak merezi ote duen, zure buruarekin gustura ote zauden. Han baduzu gogoetarako denbora, eta zure buruari halako azterketa bat pasatzen diozu. Gainera han, baldintza klimatikoengatik edo, sentitzen duzuna intentsitate handian sentitzen duzu. Maite duzuna izugarri maite duzu, eta maite ez duzuna ez duzu batere maite. Sufritu egiten duzu, egokitzea kosta egiten da, paradisuetara igotzen zara eta infernuetara jaisten zara, eta azkenean zure buruarekin egiten duzu topo. Eta zure burua ezagutu ondoren itzul zaitezke oso pozik, edo itzul zaitezke oso haserre. Nik, handik bueltan, nire bizitzari aldaketa batzuk egitea erabaki nuen, bai ikuspuntu profesionaletik, bai beste ikuspuntu batzuetatik.

Espedizio hartan zure gailur propioa eta zure bide propioa zenituen: altueran gorputzak jasaten dituen aldaketak aztertu zenituen. Zein zen zure lan metodoa?
Nire laborategitxoa nuen han, hamabostean behin odola ateratzen nien alpinistei, analisiak egiten nituen, hemoglobina eta hematokritoa neurtu, testak egin, eta horrez gain nire kontsultara zetozen gaixo guztiak artatzen nituen, beste espedizioetakoak ere bai, noski. Batean sherpa bat arrakala batera erori zen eta gau osoan bizirik mantentzea lortu genuen, onik atera genuen helikopteroan. Pentsa, helikopteroak sherpa bategatik egin zuen hegan! Eta handik hilabete batera edo, ni kanpin dendako janlekuan nengoen, eta Zeelanda Berriko espedizioko chefa sartu zen sherpa batekin barrura, Pashang Nuru bera zen, hiltzear egon eta bizirik atera genuen sherpa, propio igo zen han goraino niri eskerrak ematera. Nire bizitzan gertatu zaidan emozio beroena izan da.

Zure azter lanera itzuliz, zer konklusio atera zenituen?
Organismoa altuerara nola egokitzen zen ikusi genuen. Parametro metaboliko bat baino gehiago aztertu genituen, ikerketa neurologikoak ere egin genituen, ikerketa psikologikoak, ospitale osoak parte hartu zuen azkenean. Ohartu ginen altuerako airean dagoen presioagatik oxigenoa biriketara eta odolera iristeko organismoak askoz ere globulu gorri gehiago produzitu behar duela, eta hematokritoa igotzen dela. Han 8 milioi globulu gorri edukitzera iritsi ginen, eta 70etik gora hematokrito. Pentsa, baldintza normaletan gorputzak lauzpabost milioi globulu gorri izaten ditu, eta Tourrean 50etik gora hematokrito dituenak positibo ematen du. Baina guztien artetik ondorio deigarriena memoriaren alterazioarena egin zitzaigun. Ohartu ginen altueran memoriak alterazio handi samarra jasaten duela. Nire kasua esplikatuko dut, neroni ere, han nengoenez, aldi berean aztertzaile eta aztergai bainintzen. Hara joan aurretik arazorik gabe egiten nuen, besteak beste, memoria bisuala neurtzen duen Figura compleja de rey-ren testa, eta itzuleran, ezin nuen bukatu. Zaragozara iritsi nintzenean, patrikan ez nuen sosik, eta txartela hartuta dirua ateratzera joan nintzen. Iritsi kutxazainera, txartela sartu, PIN kodea galdetu zidan, eta... ez nintzela zenbakiaz oroitzen! Ez nuen zenbakiaren aztarrenik ere! Gero, pixkanaka errekuperatzen zara, eta memoria itzultzen zaizu baina harrigarria da hango egonaldiak nola uzten zaituen.

Artikulu batean zenion 7.000 metrotik gora heriotzaren eremua hasten dela.
Altuera batetik gora ez dago bizitzarik, ez dago landaretzarik, natura ez da bizi, ez dago ezer, eta gizakia ez dago kalkulatua baldintza horietan bizitzeko. Beraz, gailurrera doazen alpinistek azkar egin behar dute igo eta jaitsi, bestela hantxe gelditzen dira. Heriotza bizi den goi hartatik bizitza zati bat erreskatatuko balute bezala da. Han ezinezkoa da bizirautea denbora poxi batean ere.

Zenbat da denbora poxi hori?
Ez nuke asmatuko esaten. Altuerako iraupenaren errekorra ez dakit zenbat egunean egongo den, baina ez egun askoan, eta oraintxe bertan zu hartuko bazintuzte eta Everesteko gailurrean utzi ez dakit zenbat biziraungo zenukeen, baina oso ordu gutxi.

Alpinista asko ezagutzen dituzu. Zer dute berezi?
Alberto Iñurrategi, Felix zena, Juanjo Sansebastian, Josu Bereziartua, Kike de Pablo, Jon Lazkano, Jon Beloki... denak pazienteak izan ditut, eta denei antzematen zaie gurearengandik ezberdina den bizitza ulertzeko modu bat. Ez dakit zein zen, baina batek bere burua bizitza urbanoaren naufrago bezala definitzen zuen. Baina ez dira mitifikatu ere egin behar. Mendiko munduan eguneroko bizitzan ematen diren jarrera berdinak aurkitzen dira; badira lagunarengatik bizitza eman dutenak, lagunaren bizitza salbatzearren beren anatomiaren parte bat sakrifikatu dutenak, baina baita beren zilborra salbatzearren, edo berena arriskuan ez jartzearren, ondoko mendizalea hiltzen utzi dutenak ere. Ez da pentsatu behar denak zoragarriak direnik. Asko dira nobela handi bat idazteko eta jendeari ezagutzera emateko bezain duin diren pasarteak idatzitakoak, esateko modukoak: «Zein pertsonaia zoragarria!», baina kabroiak ere badira. Horregatik esaten dute alpinistek, joan aurretik, oso garrantzitsua dela han gora norekin zoazen jakitea.

Batez ere alpinistei izozteak artatzen dizkiezulako zara ezaguna. Zure begiak hamaika ikusitakoak izango dira honezkero...
Oso lesio larriak ikusi ditut, eta berdin batere ezaguna ez den jendearena. Asko izan da beren lehen zortzimilakotik zauri larriekin itzuli dena, minak ez baitu abisatzen: «Izozten ari zara». Asko dira, inongo arazorik gabe mendira igo eta jaitsi, bota babestekoa eta bota kendu, eta derrepente sekulako marroia bilatu dutenak. Ez ziren ohartu ere izozten ari zirenik. Baina hori lehen aldian izaten da, oso arraroa da behin kongelatu dena bi aldiz kongelatzea. Nik errekor triste bat dut nirekin, hamalau zortzimilakoetako kongelatuak erabili ditut eskuetan. Dena den kongelazioak ez dira 8.000 metroko kontuak bakarrik. Pirinioetan badira izozteak, badira Alpeetan, Andeetan, poloetan, Alaskan, hirian ere gertatu izan dira. Etxerik gabeko norbait ere artatu behar izan dugu, alkohola edanda parkean gelditutako jendea, hanketan sekulako izozteekin etorritakoak. Eta bada hipotermiaz hil den jendea ere.

Behatz guztiak moztu beharra askotan gertatu zaizu?
Zorionez ez dut inoren eskurik behatzik gabe utzi, baina baditut hankak behatzik gabe utziak, Joanito Oiartzabalena bat.

Eta behatzik gabeko hanka bat nola gelditzen da?
Ongi. Behatzak garrantzitsuak dira, baina ez dugu hanka behatzen gainean ibiltzen. Hanka behatz lodia baino barruragoko hezur zatiaren gainean pausatzen dugu, beraz horra arte salbatzea lortzen badugu arazorik gabe ibil gaitezke. Eta funtsean, behatzak moztutako denak itzuli dira mendira. Ni hasieran horrekin harritzen nintzen gehien. Alpinistak ezagutzen hasi nintzenean eta kongelazioekin nigana etortzen zirenean beti galdera bera egiten zidaten: «Noiz itzuliko naiz mendira?». Harri eta zur gelditzen nintzen. Irudikatu, hankako behatzak kristo bat eginak, eskuak zartatuak, ezeren itxurarik ez, eta lehen galdera: «Noiz itzuliko naiz mendira?».

Nortasun agiria

1952ko irailaren 19an sortu zen, Irunen. Lau senidetan bigarrena. Aitak gas eta elektrizitate tailerra zuen eta amak etxeko martxa zeraman. Baina Rikardok kirolean eta kale jolasean eman zuen haurtzaroa. Eskubaloian egin zezakeen bidea, baina hogeita bat urterekin orkatila txikitu zuen eta han bukatu ziren bere kirol ametsak. La Sallen, San Martzialeko fraideekin ikasi zuen aurrena, eta gero Zaragozara aldatu zen medikuntza ikastera. Han egin zen Medikuntzan eta Kirurgian doktore. Orain, Zaragozako MAZ ospitaleko Neurokirurgia taldeko burua da, eta azken hogei urteotan Al Filo de lo Imposible abentura talde eta telebista programako medikua ere bada. Bi espediziotan hartu du zuzenean parte, 1992an Everesten eta 1999an Ipar Poloan. Everestetik liburu eta guzti itzuli zen, El quirofano del hielo, han egindako azterlan zientifikoak biltzen dituen liburua. Espainiako eta Euskal Herriko eliteko alpinista gehienak bere eskuetatik pasa dira izozteak sendatzeko. CAI Aragon lehen mailako eskubaloi taldeko presidentea ere bada. Alargunduta dago, eta Zaragozan bizi da bere bi semeekin.

Eskubaloia, CAI Zaragozako presidentea
«Eskubaloia beti izan da nire kirola, txikitatik praktikatu nuena, nire ibilbide pertsonalera oso lotua egon dena, eta kasualitate batek eraman nau CAIko presidente izatera. Eskubaloia oso krisian zegoen hemen eta laguntza eske deitu zidaten, hasieran ezetz esan nien ez nuelako denborarik, baina berriz deitu zuten hurrengo urtean, eta azkenean baietz. Eta beti gertatzen zaidana, behin proiektu batean sartzen naizenean buru belarri sartzen naiz. Gustura nabil, kluba profesionalizatzen ari gara, eta gaztetxoekin ere ilusioz ari gara lanean. Denbora kentzen didala? Bai, baina baita eman ere».

K2ren madarikazioa
«K2 mendiak orain gutxi arte marka ilun bat bazuen; K2 igotako emakumerik ez zegoen bizirik munduan, batzuk K2n bertan hil ziren beherakoan, eta besteak beste mendiren batean, baina K2 igotako emakumerik ez zen bizirik gelditzen, mendi horrek madarikazio bat balu bezala. Eta orain bi urte Edurne Pasabanek igo zuen. Beraz, Edurne da momentu honetan munduan K2 igo eta bizirik gelditzen den emakume bakarra. Espero dut luzaroan izango dela errekor horren jabe. Tira, beste emakume batzuk ere igo daitezela, baina berak ez dezala titulu hori galdu».

Liz Hawley
«Himalaiako amona da, gailurra zapaldu duzula baiesten duena. Goitik bueltan datorren alpinista bakoitzari galdeketa bat luzatzen dio tontorra zapaldu duela frogatzeko: ‘Ikuspegi honetatik zer ikusten da? Beste hartatik zer?’. Harrigarriena da bera ez dela inoiz igo mendi horietara, eta hala ere oso ongi ezagutzen ditu. Erritotik ere izango du ohitura horrek, baina nonbait, igo ez eta igo dela esan duenari gezurra harrapatu izan dio. Han ez baitago argazkirik helmugara iritsi zarela erakusten duenik, ez eta inor zure zain saria emateko, eta gerta liteke zuk daramazun argazki kamera bidean izoztea. Beraz, gailurrera iritsi diren nik ezagutu ditudan kasu guztietan Liz Hawleyrengana joan dira alpinistak gailurra zapaldu dutela baiestera».

Bertsoa

Doinua: Lagundurikan danoi

Galdutako neurria,
ez duten beldurra,
historia, ospea,
amestea, Lurra?
Zergatik hartzen dute
halako egurra?
Zergatik, itzulera
ez bada ziurra?
Zergatik ez aurkitu
nork bere gailurra?


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude