Ibilaldia 2006: Txintxirri ikastolak du lekukoa


2006ko maiatzaren 21an
1968an sortu zen Elorrioko Txintxirri ikastola. Haur eskolako gela bat zabaldu zuten Parrokiko Misiolarien mojen komunitateak utzitako egoitzan. Bizpahiru lekutan egon ondoren marianisten eraikuntza bat, Txintxirri jauregia, salmentan zegoela jakin eta berau erosi zuten. Bost gurasok bermatutako diru maileguarekin erosi zuten Elorrioko ikastolaren egoitza berria. XVIII. mendeko jauregia dela diote batzuk, XVII.ekoa beste batzuk. Ez dago datu zehatzik. Hori bai, Txintxirri Jauregi eder hori da gaur egun ere ikastolaren aterpe.

Historia luze bezain gorabeheratsua izan du Elorrioko ikastolak. Publifikatzea zela eta, 1993an gatazka handia egon zen barruan. Ikasleen erdia edo gehiago ikastetxe publikora joan zen. Hala ere, ikastolak bere ibilbidea jarraitu zuen. Iñaki Erroz zuzendaria orduan heldu zen Txintxirrira, baina orduko berri badu: «Oso garai gogorrak izan ziren. Horren ostean ikastola birjaiotze eta indar berritze prozesu batean murgildu zen». Krisialdi horretatik ateratzeko edota ikastolari birjaiotzen laguntzeko langileen konpromisoa handia izan zen. Orain ere hala da. «EFQM inkesta asko egin dira eta behin eta berriro agertzen da langileen inplikazioa ez dela normala. Neurri handi batean soldatarekin ere ahaztu gara». Baina ez bakarrik langileena, gurasoen konpromisoa ere garrantzitsua izan zen, betiko ikastolaren aldeko apustua eginez. «Hasieran gela batzuetan oso ume gutxi genituen». Hala ere, urte gutxitan gora egin du ikasle kopuruak eta zenbait kasutan hirukoiztu ere egin da. «Ikasleen banaketa era piramidalean daukagu». Haurtzaindegian ume asko daude, baina krisialdiko umeak DBHn daude oraindik. Hor ikasle kopurua txikia da.


Aurrera begira


Ikastola sortu zeneko filosofia mantentzen den arren, aurrera begira dago Txintxirri ikastola. XXI. mendean kokatu nahi du bere burua. «Zer da batzen gaituena? Lehen zerk batzen gintuen eta aurrera begira zerk batuko gaitu. Hezkuntza proiektua berritu nahi dugu Ibilaldiaren aitzakiarekin». Ikastolaren betiko ezaugarri nagusiei -euskara eta euskal kultura zabaltzea, kooperatiba izaera, naturarekiko sentiberatasuna, ikasleak baino pertsonak heztea...- beste batzuk gehitu dizkiete urte hauetan. Hala nola, EFQM kudeaketa sistema, etorkinen trataera, teknologia berrien aldeko apustua... Batzen gaituena da Ibilaldiaren aurtengo leloa eta horiek dira Txintxirri ikastolakoak batzen dituen zenbait ezaugarri.

Ikastolaren helburu nagusietako bat kalitatezko hezkuntza euskalduna eskaintzea da. Horrekin batera, ikasleak baino pertsonak hezi nahi dituzte euren osotasunean. «Balore egokiekin hornitu eta bizitzarako prestatzea». Bizitzarako prestatzeak hainbat konpetentzia garatzea esan nahi du, Euskal Curriculumaren ildotik. Konpetentzia horiek ikasgaietan eta ikastolaren hezkuntza proiektuaren bitartez lantzen dira. Ikastolak baditu ezaugarri jakin batzuk egituraketan, izaeran zein antolaketan.

Batzuk aipatzearren, ikastola kooperatiba da eta horrek arlo guztietan dauka eragina. «Funtzionamenduan, partaidetzan, komunitate sen horretan zerikusia dauka. Demokratikoak izaten saiatzen gara. Ikastola txikia da, baina oso hurbila». Aniztasunak ere pisu handia dauka ikastolan. «Aniztasunak aberasten gaituela behin eta berriz esaten dugu». Jarraipen hurbila ere egiten dute ikastolan eta hori da euren «altxorretako bat». Ez dute ikastola erraldoia izan gura. Gurasoek haurrak Txintxirrira eramateko arrazoi nagusietako bat hori baita Errozen esanetan: hurbiltasuna.

Naturarekiko konpromisoa ere ikastolaren ardatzetako bat da. Begiratzea baino ez dago ikastolaren kanpoaldean dagoen negutegi edota lorategia.

Eleaniztasuna ere garrantzitsua da Txintxirrin. Hau da, hizkuntzen trataera. «Ikastolen elkarteak badauka metodologia propioa ingelesa lantzeko». Zelan ez, euskara eta euskal kultura mantentzea ere bada ikastolaren zeregina. «Herritik mundura eta mundutik herrirako pasabide hori egitea. Geurean oinarrituta eta mundura zabalik».


1999an lehenengo Ibilaldia

1999an antolatu zuten lehenengo Ibilaldia Elorrion Loran gago lemapean. Ordukoan Durangoko Ibaizabalekin batera antolatu zuten. Krisialdi ostea zen eta, beraz, neurri handi batean atzera begira egin zen. "Genuen krisialdi potolo horrek sortu zituen hutsuneak (ekonomikoak eta abar) gainditzea zen helburua. Zuloak estaltzeko egin genuen. Biziraupena ziurtatzeko». 2006ko Ibilaldia bestelakoa da. Askoz baikorrago egoteko motiboak badituzte eta indartsu daude. «Hain momentu zailak bizi izan ditugunez, oso indartsu bihurtu gara. Orain ez gaude hutsuneei begira».

Aurtengo Ibilaldiaren helburuak ere bestelakoak dira. Ainhoa Apaolaza Ibilaldiko arduradunaren esanetan hiru dira nagusiki. "Lehenengoa herria ikastolara hurbiltzea. Ikastola bera ere herrira zabaltzea. Bigarrena guztion arteko elkarlana bultzatzea eta azkena etekin ekonomiko ahalik eta handiena ateratzea eraikuntza hau XXI. mendera egokitzeko». Batzen duten dirua zertan erabili izango dute dudarik gabe. Errozen esanetan, aurreikuspenen arabera leku falta izango dute laster eta oraingo egoitzaren atzealdean eraikin berri bat egin nahi dute. Era berean eraikina jauregia denez, berrikuntza lanak ere egin beharko dituzte. Jauregia izateak alde txar hori dauka.

Teknologia berrietan ere aurrera egin nahi dute eta horretarako ere beharrezko dute dirua. Irabazi asmorik gabeko elkartea edo erakundea diren arren, dirua beharrezko dute Errozen esanetan.

Ibilaldia antolatzeak esfortzu handia dakar berekin, baina langile zein gurasoak buru-belarri dabiltza lanean. Hamazazpi talde sortu dituzte gurasoekin.

Ikastola txikia da, 90 familiak osatzen dute. «Ikastola txikia izanda 100.000 pertsona bilduko dituen jaialdia antolatzeko zelako gaitasuna daukagun erakusten dugu» dio Errozek.


Proiektu bizia

Hainbat proiektu daude martxan ikastolan. Adibidez, 0-6 bitarteko umeekin metodo berriak eta prebentzio metodoak lantzen ari dira. Hor kokatzen da Padovan metodoa. Beatriz Padovan pedagogoa eta logopeda brasildarrak sortutako metodoa da. Madril, Bartzelona zein Brasiletik hainbat aditu joan dira Elorrioko ikastolara, euren esperientzia transmititu asmoz.

Eleaniztasunaren proiektua ere martxan dago. Hezkuntza proiektua bera ere berritzen eta egokitzen ari dira. «Arautegi demokratiko eta denon artekoa egiten» ere bai. Agenda 21ean ere sartu dira. Etorkinen mintegian ere buru-belarri. Errozek esan digunez, «etorkinak etorri dira eta gero eta gehiago etorriko dira. Adibidez, senegaldar pare bat etorri ziren iazko urtean. Denak harrituta daude euskara zein erraz ikasi duten ikusita». Maila ezberdinen arteko harremana ere lantzen dute. Askotan lau eta bost urtekoen gelak batzen dituzte. «Elkarreragin hori baliatzen dugu askotan pedagogikoki». «Ikastola honek kutsu berezia dauka» dio Errozek. «Oso familiartekoa da eta oso berritzailea».

Boteiloia

Ibilaldietan eta antzeko jaietan boteiloia arazo bihurtzen ari dela ikusita, horren inguruko lan bat egin dute Txintxirriko arduradunek ikasleekin. Hausnarketa egin dute eta berau zabaldu dute beste eskola eta ikastoletara. «Guk ez dugu boteiloiarekin amaituko. Hala ere, prebentzio lana eta publizitate kanpaina txiki bat prestatu dugu». Helburua ikasleei pentsaraztea da. Jendea zertara joaten den Ibilaldira. Kontraesanen bila jarri diote izenburua. «Ea eragin txikiren bat lortzen dugun».

EFQM

Txintxirri ikastolak Zilarrezko Q-a lortu zuen 2003. urtean. Zilarrezko Q saria, Eusko Jaurlaritzak ematen duen saria da, erakunde publikoetan (osasungintza, hezkuntza) eta pribatuetan (enpresak, banka eta abar) egiten den kudeaketaren kalitatea aintzat hartuta. Sari hori lortzeko Euskalit Kalitatea sustatzeko Euskal Fundazioak egindako kudeaketa hori ebaluatu behar du. Ebaluaketa EFQM (Erabateko Kalitate Kudeaketa Sistema) ereduaren arabera egiten da. 1996an ezarri zuen Txintxirrik EFQM eredua. Eredu honek hiru zutabe nagusi ditu: bezeroen asebetetzea, etengabeko hobekuntza eta partehartzaile guztien inplikazioa. Ikastolako zuzendariak argitu digu datorren urtean Urrezko Q-a lortzea dutela helburu.


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Eguneraketa berriak daude