Mendebaldeko jan-neurrian izandako aldaketek -kontserbatzaile, gehigarri eta gantzen gorakadak, batik bat-, eta nutrigai garrantzitsu batzuek dietan duten pisu gero eta eskasagoak eragin kaltegarriak dituzte garunaren funtzionamenduan, eta hauek azal dezakete depresioa, arreta-falta, eskizofrenia eta Alzheimerra bezalako gaixotasun mentalek azken urteotan izan duten gorakada. Horrela diote, behintzat, azken 50 urteotan dietak izan dituen aldaketak aztertuz Erresuma Batuan egindako bi ikerketek.
Osasun mentalerako Fundazioak eta Sustain erakundeak elkarlanean egindako bi azterketa aurkeztu dituzte. Ikerketa horiek adierazten dutenez, janarien produkzio eta prozesamendurako metodo berriek eta "zabor jana" esaten zaionarekin lotutako ohitura eta jokamoldeek, biztanleria behar baino nutrigai gutxiago eta behar baino karbohidrato gehiago kontsumitzera behartzen dute. Eta horrekin alterazio mentalak izateko arrisku-faktoreak gehitu egiten dira.
Jan-neurria omen da, ikertzaile horien iritziz, gaixotasun mentalak agertzeko faktore egunetik egunera garrantzitsuagoa. Jan-neurri pobreak portaera-arazoekin eta aldarte-aldaketekin lotzen dira. Horrela, adibidez, depresio-kasuak ugariagoak dira arrain-kontsumo eskaseko lurraldeetan. Azido folikoaren, omega-3 gantz-azidoen, selenioaren eta triptofano izeneko aminoazidoaren eskasiak asko eragiten omen du depresioaren garapenean. Nahitaezko gantzen eta bitamina antioxidatzaileen faltak, bere aldetik, eskizofreniaren sorreran izango luke eragina.
Ikertzaileen ustez, jan-neurri orekatua funtsezkoa izan daiteke depresioa, eskizofrenia, kontzentrazio-falta, apatia edo geldotasuna eta oroimen-galera borrokatzeko. Horrexegatik, "zabor jana" alde batera utzi eta arraina, berdura ugari -barazkiek azido folikoa ematen digute-, fruitu lehorrak -selenio asko dute- eta proteina-kopuru neurrikoa emango diguten jan-neurriak gomendatzen dituzte. Azkenik, nutrizioan oinarritutako terapia oso baliagarria gertatu omen da botikekin medikatu nahi edo ezin duten pazienteetan. Ospitale psikiatriko batean paziente bat mantentzeak diru asko balio du; elikadura egokia, berriz, askoz ere merkeagoa da.