Euskararen inguruko albiste laburrak


2006ko maiatzaren 14an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas


2004ko Gipuzkoako Errenta Aitorpena %4k bete du euskaraz

Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikari Iñaki Arrutik gipuzkoaeuskara.net web gunean eman du datu horren berri, baita saiatu ere euskaraz hain gutxik egitearen arrazoiak azaltzen. %4 hori %8ra igo daiteke portzentaia euskara dakitenak kontuan hartuta ateratzen bada. Guztira 343.796 aitorpen egin dira eta 13.964 euskaraz. Arrutik aipatzen du, nabardurak nabardura, Gipuzkoako Foru Aldundiak aitorpena euskaraz egiteko aukera guztiak ematen dituela.
Arrutik «hizkuntza-hautua» kontzeptua hizkuntza komunitate txikien etorkizunerako klabetzat jo du. Kasu honetan, aukera berbera izatea gaztelaniaz eta euskaraz. Gizakia ohitura beti-berdineko animalia izaki, hizkuntza komunitate gutxituko gizakiak ohitura aldatzeko gaitasuna landu beharko omen du.


Euskalerria Irratiaren manifestazioa

1998ko banaketan irrati lizentziarik gabe geratu zen Iruñeko Euskalerria Irratia eta orain ere beste hainbeste gertatu zaio. Banaketa hura bertan behera uzteko agindu zuten epaileek eta prozesua errepikatzeko. Hala egin dute eta berriz ere lizentziarik gabe utzi du Nafarroako Gobernuak Iruñeko irratia. Euskalerria Irratiak maiatzaren 27rako egin du deialdia, lizentzia banaketa bidegabea berriz ere kalean salatzeko.


Bai Eskolak Euskalduntzeari! kanpaina amaitzear da

Maiatzaren 27an amaituko dute kanpaina. Martxoan hasi ziren 16 eragile eskolak euskalduntzearen aldeko kanpainarekin. Eragileek balorazio baikorra egin dute eta maiatzaren 27an, manifestazioaz gain (Donostian izango da), hilabete hauetan jaso duten atxikimendu (sinadura) kopuruaren berri emango dute.



Telefonoa euskaraz kanpaina abian da

Konpromiso horixe eskatu die Kontseiluak herritarrei: sakelako, etxeko, zein lantokiko telefonoa euskaraz erabiltzea. Erantzungailua euskaraz jartzea, sakelakotik mezuak euskaraz bidaltzea, sakelako hizkuntzatzat euskara ezartzea, operadoreei euskaraz hitz egiteko eskatzea... Horietako ekintza batzuk norbanakoaren esku daude, baina Kontseiluak berak frogatu ahal izan duen moduan, telefoniaren munduak ez dio tarte handirik egin euskarari.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude