Nerea Arrese: «Eskubideak ezin dira erdizka utzi, bermatuak dira edo urratuak»


2006ko maiatzaren 07an
* Nerea Arrese Bai Eskolak Euskalduntzeari ekimeneko koordinatzailea da.


Ekimenaren helburu nagusia ikasleen osoko euskalduntzea bermatuko duen prozesua zabaltzea da. Helburu eskuragarria al da?
Zalantzarik gabe. Helburuak ezin ditugu egun dagoen borondate faltaren eta politiken arabera zehaztu, horien baitan ez litzateke eskuragarria izango. Eskoletan egiturazko aldaketa aldarrikatzen dugu eta jendartea mugitu nahi dugu horren alde. Horrenbeste urtetako lege eta politikek ez dute ikasleen euskalduntzea ekarri, ezta etorkizunean ekarriko ere. Beraz, jendarteak, lehenago egin duen bezala, eskaera indartsua egin behar du euskalduntzearen alde eta urratsak eragin. Euskararekiko dagoen atxikimendu sozialean sinesten dugu, ezbairik gabe.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Tontxu Camposek eskolarako hizkuntz ereduen sistemari dagokionez, 2007an erabaki bat hartuko duela hitz eman du. Nolako proposamena espero duzue?
Ez dakigu, baina espero dugu euskaldunduko duen politika baten eskaerari erantzutea eta azken batean hizkuntza eskubideak behingoz bermatzeko baliagarria izatea. Kanpainak eskaera hori Euskal Herri osora begira bideratuko du eta gure asmoa instituzio guztietan eragitea da, baita Eusko Jaurlaritzan ere. Guk ez dugu txosten batean jasotako proposamen adostu bat aurkeztuko, baina kanpainaren eskaera argia da eta Eusko Jaurlaritzari ere euskaldunduko duen politikaren eskaera egiten zaio. Eurei baitagokie herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri politikoak hartzea.

Sinadura bilketa egin duzue otsailetik maiatza bitartera. Zer balorazio egiten duzu orain artekoa ikusita?
Balantzea ona da. Alde batetik, eragileen artean lorturiko adostasuna eta elkarlana azpimarragarria da. Euskal Herriko hezkuntza eta euskalgintzako 16 eragile biltzea urrats oso garrantzitsua da. Bestalde, azpimarragarria da herriz herri egiten ari den lan handia. Jende ugari murgildu da kanpainan eta milaka herritarrek euren sostengua erakutsi die. Honekin batera, eztabaida soziala aipatuko nuke. Egun, hezkuntzaren arloak bizi duen egoera kezkagarri eta larriaren inguruan kontzientzia argia dagoela ikusten ari gara eta aldaketaren beharra erroturik dagoen ideia da.

Sinadura bilketa: ekimen sinbolikoa ala ekimen praktikoa?
Sinadura bilketak helburu ezberdinak ditu: lehenik, jendartean kontzientzia eragin eta eztabaida soziala piztea. Bigarrenik, sinadura bilketak instituzioengan eta alderdiengan eragiteko balio praktikoa dauka. Milaka herritarrek euren iritzia emanda, arduradun politikoek ezin diote eskaera horri bizkarra eman. Gure asmoa da euskal herritarren gogoa eta sinadurak aurrez aurre jarri eta aldaketa eskatzea. Eskaera sozialak aldaketak eragiten dituela argi dugu. Ezinbestekoa da.

Gizartearen sostengua jaso duzue, baina politikariena?
Oraingoz ezer gutxi adierazi dute. Badugu asmoa eurengana jo eta kanpainaren amaiera aldera aldarrikapenarekiko aldekotasuna eskatzeko. Oinarrizko eskubideak aldarrikatzen ari garenean, nork esan behar digu horrekin ez datorrela bat? Baina, are eta larriagoa izango litzateke milaka sinadura mahai gainean izanda, horrekin bat ez egitea. Orduan jendartearen nahiari uko egingo liekete. Guk uste dugu politikariek garbi adierazi behar dutela euskalduntzearen aldeko borondatea eta hori neurri politiko garbi eta ausartekin erakutsi behar dute.

16 eragilek eman diote babesa ekimenari. Udalbiltzak ere atxikimendua erakutsi du. Helburuan bat egin arren berau erdiesteko bide ezberdinak proposatuko dituzte.
Euskalgintzan eta hezkuntzan lanean ari diren eragile gehienek bat egin dute helburuarekin. Bakoitzak bere lan eremutik eragiten du eta izaera ezberdinetako lan formak ditu. Guztietatik eragin behar da eta helburu berdinaren bidean osagarriak izan behar dira. Baina garrantzia eman behar diogu lortu dugun batasunari. Guztiok bat gatoz honekin: euskara ezagutzea herritar guztien eskubidea da eta eskolak eskubide hori bermatu behar die belaunaldi berri guztiei Euskal Herri osoan.

Eskolak ez du euskalduntzen. Hala ere, erantzukizuna ez dagokio soilik eskolari, hau da, eskolak ez baldin badaude euskararen erabilera eragiten duten eremuez inguratuta nekez euskaldunduko dira gazteak, ala?
Horretan inork gutxik egiten du zalantza. Guk ere ez. Nahikoa da kanpainarekin bat egin dugun eragileon izaera, ibilbidea eta lan eremuak ikustea horretaz jabetzeko. Baina eskolak, euskararen kontrako ordezkatze prozesuan funtsezko papera bete duen bezala, gure herriaren berreuskalduntzean ere lehen mailako funtzioa betetzen du.

Hizkuntz ereduen sistemaren xedea elebitasun orekatua lortzea da. Aitzitik, ikasleen %32 baino ez da euskalduntzen. Hizkuntz ereduen sistema gainditzea nahikoa al da arazoa konpontzeko?
Beste elementu batzuk ere kontuan hartu behar dira, baina ereduen sistema gainditzea beharrezkoa da egoera konpontzeko. Begibistakoa da jendarte esparru zabaletan eragin beharra dagoela, euskarak espazio berriak irabazi behar dituela, herri euskalduna maila guztietan egin behar dugula. Baina %32tik %100era igarotzeko, politikaren gainditzea ezinbestekoa da. Eskubideak ezin dira erdizka utzi. Bermatuak dira edo urratuak. Gaur gutxienez %68ri urratzen zaizkio eta horren jatorri nagusia egungo sisteman dago.

Joxerra Garziak hauxe zioen duela gutxi aldizkari honetan: «Hizkuntza ikasten da normalduta balego bezala, eta honek kalte egin dio euskarari. Agian guri hezkuntza anormal bat dagokigu». Ados zaude adierazpen horrekin?
Ez dut uste euskara normalduta balego bezala ikasten denik. Nire ustez, oso lotua dago bakoitzak duen kontzientzia mailarekin eta euskaldun izateari ematen dion garrantziarekin. Hala ere, normaltasun egoera batean gaudenaren sentsazioa badagoela uste dut. Hau, bereziki, elebitasunaren aldeko diskurtso eta politika egiten dutenek eta euskararen kontrakoek eragindako anestesiatze lana izan da. Egoeraren larritasuna ezkutatu eta ongi goazela esatearen beste ondorio bat dela esango nuke.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude