Koldo Ameztoik honakoak esan zizkion Berriari: «Frantzian hemengo kulturaz duten ikuspegia biziki atzeratua da. Eta hori gure hutsa da. Ez dugu sarerik osatu hemengo sorkuntzak ateratzeko. Parisen, adibidez, ez da deus! Kortsikarrak eta bretoiak presente dira, baina euskaldunak ez. Arazoa da Iparraldean amateur izateko ohitura dagoela. Eta hori gure kalterako dela iruditzen zait. Euskal kultura berria hedatzen lagunduko luke profesional gehiago izateak».
Xabier Mendigurenek Paperjalearen dieta blogean izkiriatuak: «Liburuak gero eta denbora gutxiago egingo du dendako apaletan (zer esanik ez erakusleihoan), uneoro erreferentzia berriak datozenez haiei tokia egin behar baitzaie. Aurrekoari lotuta, liburua ez da dagoeneko "betirako" gauza, produktu galkor eta iragankorra baino (...) Salmentak gutxieneko kritiko batetik behera eginez gero, irabaziak ez baizik galerak izango ditu editoreak (...) baina batek bere produkzioa jaisten badu, merkatu-kuota galduko du bere lehiakideen aurrean, salmahaiaren zati txikiagoa tokatuko zaio dendan».
Aitor Gorosabel Su Ta Garreko abeslaria 7Kn: «Musika taldea izateaz gainera beste zerbait ere bihurtu garela sentitzen dugu eta, jakina, horrek erantzukizun bat sortzen digu. Idazten dudana neurtu egiten dut, badakit ezin dudala edozer gauza idatzi jende gazteak nire hitzak irakurri egingo dituelako. Agian bai, musika taldea izateaz gainera, fenomeno sozial bilakatu gara».