Deustuko Unibertsitatea: Korridorean eta ikasgelan euskara gutxi


2006ko apirilaren 30an
Ibai Atutxa, Xabier Bilbao eta Mikel Petuyak osatu dute Agoan euskara taldea. Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako ikasketak egiten ari dira. Bilboko egoitzan euskara oso gutxi entzuten dela-eta kezka horrek bildu ditu, gure hizkuntzaren erabilera bultzatzeko. Deustuko Unibertsitatean ikasleen %60k daki euskaraz baina hitz egin oso gutxik egiten dute. Egoera irauli nahian, Euskara ahoan kanpaina jarri dute martxan.

Atutxaren esanetan, jende asko hurbildu zaie eta horrek ahalmena eman die hainbat ekintza martxan jartzeko. Gizartean beste hainbat erakunde aritzen dira euskararen erabilera eta ofizialtasuna lantzen baina Atutxak argi utzi nahi izan du zein den Agoan taldearen asmoa: «Euskal Herrian Euskaraz ofizialtasunaren alde dago, Kontseiluak ere euskararen inguruan beste egitasmo batzuk ditu. Gurea euskararen erabilera da. Ez dugu beste taldeek dituzten helburuak dituen talderik sortu nahi. Oraingoz, Deustuko Unibertsitatean jardun nahi dugu eta ondoren beste batzuetara zabaldu, baina betiere irakaskuntzari gagozkiola». Harremanetan daude hainbat unibertsitaterekin eta ekimena Bizkaia, Gipuzkoa, Baiona, Gasteiz eta Iruñera zabaldu nahi dute, horietan ere Agoan izenarekin taldeak sortzeko. Baina geroago izango omen da hori.

Euskalduntze planak garatzen ari diren herri batzuetan euskararen erabilera bultzatzeko praktikan jarritako proiektu bat ekarri nahi dute Agoanekoek Deustuko Unibertsitatera. Horrekin batera, euskaraz dakitenak identifikatzeko produktu sorta bat prestatu eta banatu dute. Taldearen leloa daramaten elastikoak, eranskailuak, pinak eta bestelakoak dira. Kanpainaren euskarri guztiak biltzen dituen multzoa bost euroren truke lor daiteke eta Atutxak esan digunez, atera eta berehala amaitu zaizkie elastikoak: «Ez dugu nahi kamisetena egun bateko kontua izaterik, konpromisoa betetzea nahi dugu, unibertsitatean enkartelada egingo dugu konpromisoa hartu dutenei gogorarazteko eguneroko lana dela euskara ahoan izatea». Izan ere, pinak eta bestelakoak soinean daramatzanak euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko du, eta hari ere euskaraz hitz egin beharko diote gainerakoek. Hortaz, produktuak jasotzen dituenak taldeak prestatu duen komunikatuko ideiekiko atxikimendua eta konpromisoa hartuko du -ikus hurrengo orrialdeko koadroa-.

Horrezaz gain, Interneten, www.goiena.net atarian, web blog bat ere jarri berri dute. Taldearen gaineko informazioa banatzeko bidea izango da, posta-zerrenda batekin batera.

Euskal Filologia uharte bat da Deustuko Unibertsitatean -30 urte bete ditu aurten-, eta uharte horretatik kanpo nekez entzuten da euskara. Proiektua sortu dela-eta jendea gogotsu eta oso esker onez bildu zaie Agoanekoei. «Jendeak ikusi du unibertsitatean hutsune bat zegoela, eta bete dugula. Mailarik apalenean euskaraz egitea bultzatu nahi dugu», esan digu Atutxak. «Rosa Miren Pagola unibertsitateko errektoreordeak lagundu digu asmoan, baina Gotzon Garate izan da hasieratik gidatu gaituena. Hasieratik harengana jo genuen eta asko zor diogu», gaineratu du.

Hastapenetan daude, zalantzak dituzte oraindik, baina indarra ere alde dute. Talde sendoa osatu nahi dute, ondoren gainerako euskal erakundeekin harremanetan jartzeko. Etorkizun hurbileko asmoez galdetuta, hitzordu garrantzitsurako deia egin dute Agoan taldekoek. Deustuko Unibertsitatean, apirilaren 27an, Euskararen Eguna antolatuko dute, unibertsitatekoentzat eta kanpokoentzat. Askaria, jolasak, hitzaldiak eta bestelakoak izango dira. Andoni Egaña eta Jon Maia bertsolariak ere lagun izango dituzte festan.



Titulazio guztietan kredituen %30 euskaraz ematea helburu

Baina zer dio honetaz guztiaz alderdi instituzionalak? Hain zuzen ere, ekimen hau martxan jartzearekin batera kaleratu da Deustuko Euskararen II. Plana. Rosa Miren Pagola Deustuko Unibertsitateko Hizkuntza Politikarako errektoreorde eta Euskal Filologiako irakaslearen ustez bi ekimenak, ikasleena eta unibertsitatearena, bateragarriak dira, eskutik helduta bidera daitezkeenak. Planak gainera hizkuntza paisaia -bistan diren seinaleak, kartelak...- eta irakasleak ditu hartzaile nagusi. Agoan taldeak, berriz, ikasleak ditu ardatz.

Euskararen II. Normalizazio Planak bi arlori eragingo die nagusiki. Batetik, ikasleak prestatu eta trebatzeko prozesuetan gaitasun linguistikoa sustatuko du, etorkizunean lanean euskaraz egiteko gai diren ikasleak hezteko. Bestetik, unibertsitateko bizitzako esparru guztietan euskararen erabilera indartzea du helburu planak. Egun indarrean dagoen hezkuntza Plan Estrategikoan, hiru sail hartuko ditu horretarako: Zerbitzuak, ikaskuntza-irakaskuntza eta ikerketa. Zerbitzuen esparruan, Deustuko Unibertsitateak euskaraz eman nahi ditu informazioa zabaltzeko modu guztiak, idatzizkoak -gutunak, jakinarazpenak, eskabideak…- nahiz ahozkoak -ekitaldiak, hitzaldiak, aurkezpenak…-. Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan, titulazio orotan kredituen %30 euskaraz ematea lortu nahi dute eta langile guztiek euskaraz egiteko gaitasuna edukitzea. Horrezaz gain, materialgintzan ere asko dago egiteko. Liburutegian eta bestelakoetan material oro euskaraz paratzea da asmoa, nahi duenak eskura izan dezan. Ikerketa arloa euskaraz normalizatzea ere erronkatzat hartu dute Deustun.

Beste ezer baino lehen, euskarak Deustun duen egoera aztertzeko, Pagolak ezinbesteko jo du bi eremu bereiztea. Deustuko Unibertsitateak bi campus ditu, Donostian bat eta Bilbon bestea. Bi horietan egoera ez da berdina, areago, oso ezberdina dela esan digu: «Donostian askoz ere sendoago dago euskara, osasuntsuago, erabileran eta irakaskuntzan. Giroak ere lagundu egiten du, eta titulazio guztietan ikasgaien %50 gutxienez euskaraz ematen dira. Bilbon askoz ere erdaldun gehiago dago oro har eta horrek eragin handia du erabileran. Horregatik zabaldu dute ikasleek euskara erabiltzeko kanpaina, Bilbon euskara urtuago dagoelako».

Euskararen egoeraz ari garela, Pagolak asmo handiko proiektu baten berri eman digu. Deustuko azken proiektuaren helburua ez da ikasketak %100ean euskaraz ematea, ikasleei nahi dutena euskaraz ikasteko modua bermatzea baizik. Horretarako, ALUD plataforma digitala jarri dute martxan, kreditu bidezko ECTS sisteman.

«Deustun aldatu egin da irakaskuntzaren kontzeptua. Eskola guztiak ez dira presentzialak, ikasleak lan handiagoa egin behar du taldean eta bere kabuz. Horregatik, irakaslearen presentzia ez da horren handia, jarraipena egitea, bilerak gidatzea eta ikasleei laguntzea da bere zeregin nagusia. Kredituak euskaraz ematea baino garrantzitsuagoa da ikasleei heziketa prozesua euskaraz egiteko aukera ematea», azaldu digu Pagolak.

Baliabideak euskaraz eman nahi dituzte Deustun nahi duten guztiek euskaraz ikas dezaten. ALUD plataforma digitalaren bitartez, irakaslearen eta ikaslearen arteko harremana erraztu egin dute. Gai guztiak plataforma horren bitartez ematen dira eta oso erreminta indartsua da. «Urratzaileak izango gara bide berri bat zabaltzen dugulako, eta aukera ezin hobea delako ikasleek euskaraz ikasteko. Europako lehen unibertsitatea gara ECTS europarren sisteman sartzen», gaineratu du Pagolak.

Ikasketak euskaraz egitea aukeratzen dutenen kopurua ere ez omen da handia unibertsitatean eta hori oztopoa izan da askotan euskarari eusteko. Heziketa programa berri honetan, ordea, euskarazko lerroak emateko aukera gehiago izan dituzte.

Lizentziaturak euskaraz eta gaztelaniaz
Deustuko Unibertsitatean ikas daitezkeen lizentziatura batzuk dira honakoak. Lehenengo zenbakiak euskaraz zenbat ikasgai irakasten diren adierazten du eta bigarrenak gaztelaniazkoen kopurua.


Lizentziaturak

Gizarte eta kultur antropologia 0-25
Zuzenbidea 26-49
Teologia 0-56
Hispaniar filologia 1-19
Ingeles filologia 6-44
Euskal filologia 19-41
Filosofia 0-45
Historia 0-58
Pedagogia 3-27
Psikologia 8-80
Psikopedagogia 4-29
Soziologia 0-13

Gotzon Garate, Deustuko Unibertsitateko irakasle ohia: «Hemen ez dago euskararekiko maitasunik»

Deustuko Unibertsitateko euskaran zeresana duten alderdi batzuk bateratu nahi izan ditugu hemen. Ikasleen iritzia eta instituzioarena bildu dugu, baina erpinetako bat falta zaigu hirukia osatzeko. Gotzon Garate idazle eta irakaslea ere betidanik aritu da euskararen inguruan. Deustun bizi da Gotzon eta han izan da irakasle hainbat urtean. Berak sortu zuen Euskal Filologia Saila Deustun »omenaldia egingo diote maiatzaren bian» eta Agoan taldekoen ekimenak erabat babestu ditu. Euskal Herri osoa euskalduntzeko Bilbo euskalduntzea oso garrantzitsua da Gotzonen ustez, eta horretarako ezinbestekoa da unibertsitatean lan egitea, gizarteko joeren hazitokia delako.
Gotzonek makina bat aldiz esan du Deustun euskararen egoera larria dela benetan. «Deustun oso gaizki gaude euskarazko ikasgaiei buruzkoetan. Zenbat guztira? Inork ez daki baina guztira %10era iristen garenik ez dugu uste». Gotzonen ustez, Euskararen II. Planak ere ez du bermatzen unibertsitatean euskara erabili eta indartuko denik. Deustun euskararen alde egin den guztia azpitik etorri dela dio, ikasleek bultzatuta. Baina Gotzonek berak lan handia egin du ikasleekin batera. Euskal Filologia sortu eta lau haizetara zabaldu du gure hizketa, han eta hemen agerraldiak eta hitzaldiak eginez, eta orobat, kazeta eta egunkarietan artikuluak idatzita. «Gaur pankarta handi bat zegoen Unibertsitate barruan. Orain ere hantxe dago: Deustuko Unibertsitateko Euskal eskaintza lotsagarria!», esan digu. Ikasketa gehienak gaztelania hutsean egiten dira eta kezkatuta baina itxaropentsu hitz egin digu: «Problema goitik dator. Gure komunitateko jesuitok gara unibertsitatea zuzentzen dugunak eta hemen ez dago euskararentzako maitasunik».

Euskara Ahoan kanpainaren manifestuaren 9 puntuak
1. Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da.
2. Deustuko Unibertsitatea Euskal Herriko unibertsitatea da.
3. Deustuko Unibertsitateko ikasleen % 60 inguruk daki euskaraz.
4. Hori horrela izanda ere, unibertsitatean euskaraz bizi direnen kopurua ez da aipatutako ehunekora hurbildu ere egiten.
5. Deustuko Unibertsitatean euskaraz bizi nahi duen orok horretarako aukera izan behar luke.
6. Konpromisoa euskara jakin eta euskaraz bizi nahi duen ikasle, irakasle eta langile ororentzat izango da.
7. Ekimenak ez du sinbolo huts izan behar, konpromisoa hartzea eskatzen da.
8. Konpromisoa hartzen duen oro euskalduna da eta euskaraz bizitzeko borondatea erakutsiko du.
9. Konpromisoa hartzea hautazkoa da erabat.

Ekimenean parte hartzen duenak, berriz, bi konpromiso nagusi hartuko ditu:
1. Ikurra daraman orori euskaraz egingo dio.
2. Ikurra daraman orori eskatuko dio, berari ere euskaraz egiteko.


ASTEKARIA
2006ko apirilaren 30a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude