Zapia astindu


2006ko apirilaren 16an
Guglielmo gazteak bazekien bere asmakuntza berria zerbait berezia zela, Bolonia aldeko mendietan gurasoei erakutsi zienean. Bere anaia Alfonsorengandik kilometro batera aldendu eta inongo haririk gabe seinale telegrafikoak igorri zizkion. Konkretuki mortse alfabetoaren "S" hizkia izan zen, "Sekula halakorik!" esan nahiko balu legez, baina modu laburtuan. Edo beharbada ez zuen hori esan nahiko, anaiarekin italieraz hitz egingo zuelako ziurrenik, baina guri bost. Adostu bezala, Alfonsok zapia gogoz astinduz erantzun zion, seinalea garbi asko jasotzen zuela adierazi nahian. Hamalau urte beranduago Fisikako Nobel saria jasoko zuen Guglielmok, Marconi abizenez. Garai hartan, baina, hogeitabi urte besterik ez zeuzkan irratiaren miraria posible egin zuen mukizu hark.

Asmakuntzaren patentea saltzen saiatu ziren orduan haren gurasoak, baina Italiako instituzioen destaina besterik ez zuten jaso. Etsi orduko, Ingalaterra aldera mugitu ziren eta bertan inbentuaren hobekuntzak erakusten jardun: konexioak lau kilometrotara, bostera, azkenik Kingstowneko estropadak TSH sistema bidez erretransmititu zituzten arte. Hura izan omen zen bertara hurbildutako gobernuen ordezkari, fisikari eta ingeniariak konbentzitu zituena. Orduan bai, orduan Milango agintariek milioi erdi lira eskaini zioten Marconiri, baina honek ezetz erantzun zien, bere garaian jasotako interes eskasa gogoan, duin.

Mende luze bat pasa da ordutik, eta egun inork ez du ezbaian jartzen irratiaren balioa. Irratia zaharra izan daiteke, baina ezin zaharkitua geratu denik esan; gailu boteretsua delako agian. Zeren mortseraz bakarrik ez, edozein hizkuntzatan zabal dezake mezua irratiak, eta hori beti izan da arriskugarri zenbait hitz -hizkuntza- isiltzen saiatu direnentzat, beti ere agintariez ari. Hor dago koxka: seinale telegrafikoa, mortseko "S" hizki inofensibo hori, Kingstowneko estropada bihurtu zeneko momentua. Ez ahaztu horrek konbentzitu zituela guztiak.

Gizartearentzat irratia tresna eraginkorra da hortaz, eta horrexegatik gobernu ezberdinek lizentziak banatzen dituzte aldian behin, horretarako irizpideak komeni bezala marraztuz. Nafarroan ere hala izaten da, noski, baina egunotan nahasi antzean dago afera. Komunikabide askotan hizki txiki-txikitan agertu da notizia -agertu denetan-, baina ziurrenik enteratuko zineten jada Iruñeko Euskalerria Irratiaren kasuaz. Hemezortzi urte daramatza euskara hutsean taxuzko programazioa eskaintzen, entzuleak pilatu eta iruñerriko euskaldungoari zerbitzu ematen. Bada ez du egundo lizentziarik lortu. Euskalerria Irratia sortu zenetik gutxienez birritan izan da FM lizentzia banaketa Concurso de concesión de licencias de Frecuencia Modulada delakoa, baina baliozko proiektuak aurkeztu arren, beti albo batera baztertuak izan dira. Azkeneko banaketa 1998an izan zen, eta Euskalerria Irratikoek, beste behin ere kanpoan geratu zirela ikusita, helegitea jarri zuten, lizentzien esleitzeari ez ziotelako justu irizten. Zazpi urteren bueltan epaileak arrazoia eman behar izan die: ebazpenak dioenaren arabera, orduko banaketan makurkeria, bidegabekeria, eta beste «keria» asko izan omen ziren; lizentzia erdietsi zuten hainbat emisorek faborezko tratua jaso zutela, alegia, legez merezia zuten beste irrati kateen kaltetan.

Lizentzien banaketa errepikatu egingo da horrenbestez, eta oraingoan bidezko prozesua izango denaren bermea nahi dugu Euskalerria Irratiko langile, kolaboratzaile zein entzuleok. Ez dugu Nobel Saririk eskatzen. Besterik gabe, guk ere Alfonso Marconiren moduan zapia astindu nahi dugu gogoz, seinalea garbi asko iristen dela adierazteko. Sekula halakorik!


Azkenak
Anne-Marie Lagarde. Matriarkatuaz (eta biziaz)
"Zukak puruki ezabatzen du sexu identitatea eta, hikak, aldiz, eraikitzen"

Matriarkatuaz doktore tesia egina da Anne-Marie Lagarde eta, gurean, gaiari buruzko espezialista egina da. Batean prima, bestean kadet, gure herrietako matriarkatua zertan zen deskribatu eta interpretatu digu, munduan diren formula matriarkalen berri emanez, eta bere historia... [+]


2024-05-19 | Lander Arretxea
Musika iruditan (II)
Bideoklipak: aurpegia ala gurutzea

Musikariaren lana musika sortzea eta jotzea da. Baina soilik hori? Irudiak eta sustapenak gero eta pisu gehiago dute alor gehienetan, eta musikariak ere ez dabiltza zurrunbilo horretatik aparte. Bideoklipa bilakatu da abesti edo disko bat kaleratzeko euskarri (ia) ezinbestekoa... [+]


Australiako aborigenen buztingintza

Australiako ipar ekialdean dagoen Jiigurru uhartean duela 2.000-3.000 urteko zeramika zatiak aurkitu dituzte James Cook unibertsitateko eta Australiako Ikerketa Kontseiluko kideek. Australian orain arte aurkitutako zeramika arrastorik zaharrenak dira. Arrastoen azterketa... [+]


Erroldan zentsuratuak

Erroma, K.a. 443. Lehenengoz zentsoreak aukeratu zituzten. Handik bi mendetara Errepublikako magistraturarik garrantzitsuena izango zen zentsurarena. Bost urtean behin bi zentsore aukeratzen zituzten, kontsul izandako senatarien artean.

Erantzukizun handiko kargua zen:... [+]


Eguneraketa berriak daude