Txomin Txueka: «Nire argazkiek begiekin hitz egiten dute»


2006ko apirilaren 09an
Nola atera zenion irribarrea Jassin xekeari?
Feeling kontua. Han geunden, biak bakarrik, bera arabieraz mintzo, eta ni berari euskaraz. Elkarri begiratu, irribarre egin, -begiak gora eta behera mugitu ditu, hain bizkor-... Barrez ari gara ezta?

Bai.
Ba bera ere berdin.

Hil zela jakitean zer aurpegi gelditu zitzaizun?
Berak ere martiri bezala hil nahi zuen, ez zuen ohean hil nahi, eta nolabait beraien borrokari mesede egin zien Jassinen heriotzak, onartua zeukan egun batean egoera horretara iritsiko zela, bazekien, eta prestatua zegoen.

Argazki horren istorioa ere berezia da, lehertu gabeko kamikazea bezala gelditu zen. Esplikatu ezazu.
Nik agentzia handietako batekin kontratua eduki nuen lan horretarako. «Joño, loteria» pentsatu nuen. Euskal Herritik ni bezalako txatxu bat azaldu, eta munduko agentzia handienetakoak kontratua, mundu osorako esklusiba, beraientzat bakarrik lan egiten nuela eta argazki haiek bion Copyrighta zirela. Baina zer gertatu zen? Argazkia kaxoi batean eduki zuten, ezkutatua. Txiapasen nengoela, deitu nien eta esan, «zer? Ez al duzue argitaratu behar beste hori? Nik jan egin behar dut». Izan ere denek esaten zidaten, «hik bai zortea! Munduko agentziarik handienetakoarekin kontratua!» «Bai, izena ondo zegok, baina argitaratuz gero! Niri izenak ez zidak jaten ematen, eta nik jan egin behar diat!». Ez zutela argitaratzen ikusita nire abokatuari deitu nion, eta hark esan zidan kontratua puskatzeko. Zer gertatzen zen? Nazioarteko prentsa multinazionalek kontrolatzen dutela, eta itxuraz ez zitzaien interesatzen Jassin xekearena. Nik gurpildun aulkitxoan atera bainion, beraien meskitatik ateratzen ari zela, errezatzetik. Misila ere hala jaurti zioten gero, eta argazki hori mahai gainean eduki zuten, eta ez zuten argitaratu! Zer atera zen? APkoek eta Reutersekoek ateratakoak, gurpildun aulkitxo puska bat, bere belarria ere ikusten ez zena. Nik beharrean beste batek atera izan balu nire argazkia, urrezko egingo zuten.

Munduan irudien jabetza edukitzea zenbateko boterea da?
Izugarria. Adibidez Bill Gates jabetu da Corbis agentziaz. Bankuak eta energia industriak nola ibiltzen dira elkar jaten, irudien bankuak ere hala ibiltzen dira. Negatiboak eta artxiboak erosten dituzte. Pentsa zer izango den Time-Lifen artxibo guztia, edo Magnumena. Azken berrogeita hamar urtean munduan gertatutako historia artxibo horietan dago, milaka eta milaka argazki, eta munduko argazkilari onenek ateratakoak. Gainera Magnum kooperatiba bat da, berak erakutsi zuen free lancek zer egin behar zuten: aske izan, elkartu, eta sortu. Eta kalitatean oinarritu beren lana, niretzat gaur egun hori da garrantzitsuena, kalitatea, kalitatea, eta kalitatea.

Kaxoi horietan ikusi gabeko argazki asko al dago?
Bai.

Mundua alda dezaketenak?
Mundua aldatu ez. Pasarte batzuk aldatu, agian bai, horra hor Abu Ghraibeko argazkiak. Eta ez dago profesional batek egina, soldadu batek filtratua baizik, kontzientziari tilin egingo ziolako-edo. Abu Ghraibekoak kaleratzeak zer eragin du? Chomsky, Michael Moore, eta hainbat jende mugitzea munduan zehar. Baina hortik argazkilari batek pentsatzea irudi batek mundua alda dezakeela... hori pretentsio gehiegitxo iruditzen zait. Askotan errealitate baten irudirik okerrenak ikusita ere gauzek berdin-berdin jarraitzen dute, edo igoal okerrago.
Pentsa, egunero bost urtetik beherako hogeita hamar mila ume hiltzen dira gosez. Nire ustez Teleberri guztia horri buruz egin behar litzateke, egunero-egunero. Esango lukete, «joder, baina aspertu egingo gintuzkete», bai, ba aspertu arte bota eta bota, hori ez baita posible. Munduan denentzat adina janari egonik, haur bat bost urte bete baino lehen ezin da gosez hil. Zer izango ote litzateke, etxetik ateratzen garen aldiro, gure aurrean, lurrean etzanda, ilaran, hogeita hamar mila ume, kolore guztietakoak, hilda jarriko balizkigute? Horren aurrean ez dago ez politikarik eta ez filosofiarik, ez dago ezertaz hitz egin beharrik, egin egin behar du eta kito. Ez anarkismo, ez komunismo, ez kapitalismo, ez neoliberalismo, hori aldatu egin behar da. Beraiek zer dira ba? Ume alu batzuk, ume txiki batzuk. Eta gu nora begira gaude?

Baina hori aldatuko duen argazkilari, politikari, edo jaungoikorik ez da inon azaltzen...
Zu zara jaungoikoa, zuk alda zenezake gizarte hau, zu izan zaitezke jatorra, zuk lagundu zeniezaieke besteei, zuk bakarrik, beraz zu jaungoikoa zara, ni jaungoikoa naiz, bakoitza gara gure jaungoikoa. Gu gara jaungoikoak, jaungoikoa ez bilatu Marten, edo galaxiatik kanpoko konstelazioetan, ez, gu gara jaungoikoak. Bakoitzak bere jaungoikoa bilatzea, hori da gakoa.

Norbaitek argazki latz horiek erakusteak besteen begirada alda dezake?
Espero dut baietz, hori sinestu nahi dut, bestela alferrik ari naiz. Baina lehenengo niri begirada aldatzea nahi dut, niri baliagarria egitea, pertsona bezala, eta gero, nire lana baliagarria baldin bada besteentzat, askoz hobeto.

Zuri ere begirada aldatu eta free lance izatea otu zitzaizun. Zer da free lance izatea?
Aske izatea. Jabegorik ez izatea eta nik nahi dudan tokira begiratu ahal izatea. Azken batean nire lanaren kontrola nik edukitzea, eta zaila da, baina bizitza bera ere hala da, egunerokotasuna erronka bat da, eta free lance batentzat are gehiago. Azken batean sistema global hau autopista bat da, baina bidetxurrak ere badaude, eta autopistan hesia jarri badute bidezidorra hartu behar duzu. «Joño, hemen ere beste oztopo bat zeukaagu», ba beste bidezidor bat hartu beharko duzu, eta agian oinez joan beharko duzu. Nik nire bidea aurkitu dut, eta badakit zer nahi dudan, zeri begiratu nahi diodan. Hemendik jarraituko dut hil arte.

Boliviako bidean ikasi al zenuen hori?
Boliviakoa jaunartze bat bezala izan zen nire bakarkako ibilbide honetan. Nire bidea aurkitu nuen, baina horretaz handik itzultzean jabetu nintzen, argazkiak errebelatu ondoren: «Joño, bazegok mamia Txomin, badaukak gaitasuna gauza politak egiteko, badaukak gaitasuna txiroari aurpegira begiratzeko, badaukak gaitasuna indarra daukanari begietara begiratzeko, badaukak gaitasuna».

Zer ikusi zenuen meategietako txiroei aurpegira begiratzean?
Eguneroko bizitzaren gogortasuna. Potosi mendia, zaila da, handia, baina kolonizazioaz geroztik termitek egingo luketen bezala alde guztietatik zulatua dago. Garai batean, Potosin, kale bat zegoen dena zilarrezko adokinez josia. Txanponei ere Potosi deitzen diete. Eta nik zer aurkitu nuen? Kolonizazio madarikatu hartatik menpean hartu eta gaizki tratatutako indioa, zapaldua eta egurra jasotakoa, eta oraindik ere han dagoena, eta bere kasa aritzen dena, zulotxoa egiten, noizbait, zilar-zainak aurkitu eta milioien jabe egingo den itxaropenarekin. Agian gertatuko da, segur aski ez. Baina nire argazkietan, salaketaz gain, beti dago itxaropen hori presente, argi izpi bat.

Jakina, Boliviako meatzari indigenekin izan zinen, eta hara Evo Morales lehendakari, Jassin xekearekin izan zinen, eta hara Hamas irabazle. Txiapasen ere izan zinen, zapatistek ere egingo dute bidea?
Ari dira pixkanaka. Nik behintzat baikortasuna ikusi nuen haien aurpegian, zentzua bilatu diote beraien bizitzari, eta antolakuntzaren eta bat egitearen bidetik duintasunari eusten diote. Han, denek jaten dute, sendagileak bilatzen dituzte, kolektibizazio ereduari esker denentzat iristen da.

Baina Marcos ezin denengana iritsi, eta ez zenuen lortu Jassin xekea bezala harrapatzerik.
Marcosen begiak nahi nituen nik, haien barrura sartu nahi nuen. Baina berak ez zuen nahi izan. Beretzat okerrago. Beste batzuei elkarrizketa eman zien, niri ez zidan aukerarik eman, baina harro nago, beste era batera harrapatu behar izan nuelako, eta horrela argazki hobeak atera ziren.

Beti baimena eskatzen al duzu argazkia atera aurretik?
Baimena begitara begiratuta eskatzen da, segidan antzematen diozu nahi duen edo ez.

Zergatik lan egiten duzu 35 mm-ko objektiboarekin bakarrik?
Robert Capak esaten zuen, «ez baduzu argazki ona atera gehiago ez zarelako gerturatu izan da». Eta nik filosofia hori segitzen dut. Erraza baita, nolabait, pertsona bati 500 mm-ko objektibo batekin eta urrundik argazkia ateratzea, futbol partidetan eta ateratzen diren bezala. Adibidez, Michel Valderramari barrabilak ukitzen, konforme, baina nondik dago aterata? Onak dira, bai, baina urrutikoak. Eta nire erronka bestea da, gerturatzea eta barruraino sartzea, 35 mm-ko objektiboak horretara behartzen nau.

Horregatik saiatzen zara proiektu bakoitzean, lehenik, bertako bihurtzen? Argazkilari izan baino lehen, meatzari, zapatista... dena delakoa, baina haien arteko bat gehiago izaten?
Bai, gerturatzea, zentzu guztietan da. Ez naiz inoiz berehala argazkiak ateratzen hasten. Lehenik beraien artean bizitzen hasten naiz. Lehen pertzepzio hori oso garrantzitsua da, eta horretarako argazkirik gabe jokatu behar duzu, gizaki bezala agertu behar duzu, beraiekin lo eginez, beraien baldintzekin bat eginez. Onartu egin behar zaituzte. Nik ezin dut miserian bizi direnekin egon, eta gero hotelera joan, dutxa ederra hartu, eta ederki bazkaldu. Ezin dut horrela lan egin. Pentsa, Etiopiara joan baino lehen astebetean egon nintzen jan gabe, ura edanez bakarrik, badaezpada, nire burua prestatzeko, egoera horretan aurkitzen baldin banintzen ere. Gero, beraiekin jaten duzunean, beraiekin lo egitean, beraiekin barre, azkenean beraiekin bat eginda zaude. Hori atarian egotea bezala da, eta momentu batean atea zabalduko dizute.

Noiz ohartzen zara atea zabaldu dizutela?
Azkenean, haiek esaten didate, «hi, kamera eta non dituk? Noiz arraio atera behar dituk argazkiak?», «horixe nahi nian, hik hori esatea, orain hasiko nauk argazkiak ateratzen». Eta orduan nahi duzun argazkia ateratzen utziko dizute.

Eta euskalduna izateak laguntzen al du ateak zabaltzen?
Batzutan traba izaten da eta bestetan atea zabaltzeko giltza. Bietarako balio du, baina kontuz ibili behar duzu, askotan zerbitzu sekretuetaz, enbaxadetaz, eta horrelakoetaz ari baikara hitz egiten, maiz ez dakizu zurekin dagoena zein den, tentuz ibili behar da.

Tentuz ibili beharko da kontroletan argazki-bobinak bizirik ateratzeko ere ezta?
Malezia handia behar da. Ez zara Hamasekoekin egunero egoten, eta beraz neurriak hartu behar dira. Ahal badute karretea kendu egingo dizute. Bazekiten ni han nengoela, ez dira tontoak, gai baldin badira Jassini misil bat jaurtitzeko nola ez zuten jakingo ni non nenbilen? Hara sartzeko beraien eskuetatik pasa nintzen eta. Baina zorionez ez dut inoiz bidean karreterik galdu, beti salbatu izan ditut.

Argazkilaririk iritsi gabeko leku asko al dago munduan?
Espero dut baietz. Eta ez badira ere, berdin zait, ni joango naiz eta nire ikuspuntua jarriko diot, ordura arte inork jarri gabea.

Etiopian zer aurkitu berri duzu?
«Jaungoikoaren aingerua» deitzen dioten bat, lau bat mila umezurtz babesten dituena, eta euskalduna. Gurasoak hiesarekin hildako haurrak dira, gizona putetxera joan, hiesa ekarri etxera, ama kutsatu, eta ama ere hil. Edo aitak ama jipoitu eta alde egindakoak. Ume horietaz ari naiz hizketan, hanka hutsik azaltzen dira, ezer gabe. Eta han bizi dira, oherik gabe, lurraren gainean, kafe pixka batekin, jakin ez bihar zer izango den. Eta hala ere umeek, gose izan arren, zer nahi dute? Boligrafoa! «Txomin, eman boligrafoa -esaten zidaten-, boligrafo bat, eskolara joan nahi dut». Horretan ere laguntzen die Anjelek «Abba Melaku», bera izugarria da. Gose direla eta boligrafoa nahi dute, ikasi egin nahi dute, eta berriz joaten naizenean eraman nahi dizkiet boligrafo pila bat. Zergatik hori? Egarria daukate, ikasteko egarria, ikusi egiten dute eta ikasten baldin badute baliabideak izango dituztela, zerbait gehiago eta hobeak izango direla, eta bizitzari aurre egiteko aukera izango dutela. Bestela ez.

Koadrorik ilunenean ere argia bilatzen duzu, hiesak jotako umezurtz horien artean non aurkitu duzu argia?
Nik ikusi ditut hiesak edo tuberkulosiak jota ohean daudenak, eta hala ere, irribarre bat ateratzen zaie gerturatzean. Duintasuna azaltzen zaie, duintasuna barruan daramate, eta begirada eder batean beraien barruan duten bizitza guztia aterako zaie.

Zergatik ez da zure argazkietan heriotza agertzen?
Ez diot heriotzari uko egiten, baina ez naiz morboa argazkietan atera zalea. Beste batzuk esango dute, masakre bat edo gaubeila bat ikusita, «a zer argazkia, zer potro dituen honek!», Palestinan-eta oso ohikoak dira umeak dinamitaz kargatutako gerrikoarekin azaltzen diren argazkiak, eta «suizida joango naiz» esango du, baina niri hori ez zait interesatzen. Nahi izan banu, Palestinan, aterako nion kamikaze bati argazkia, gerria dinamitaz bildua, baina ez, ezetz esan nuen. Ez zait interesatzen ama bat, sufritzen, garrasi batean, azaltzea, «mendekua! Mendekatu egingo gara!». Nire argazkiak isilik daude, soseguan, begiekin hitz egiten dute. Nahiago dut horrekin jokatu. Bestela ere badago nahiko argazkilari morboari begira dagoena.

Eta zu zeri begira zaude?
Iluntasunari begira nago. Nahiz eta iluntasuna ez den existitzen, iluntasuna argirik eza baino ez baita. Beltza ere ez da existitzen, hori Oteizarengandik ikasi nuen. Ez da existitzen, eta hala ere, berak esandako bidetik, nik iluntasunari ateratzen dizkiot argazkiak. Iluntasunean argia bilatzen dut. Esparru ilunak, ezkutukoak, erronka bihurtzen zaizkit niri, mundu klandestinoak, iluntasuna eta ezjakintasuna nagusi den hori, hor satorra bezala ibiltzea gustatzen zait.

Baina gero argira azaldu behar da han aurkitua, jende aurrera, zientzian dibulgazioa deitzen dena. Nolako lana da argazkigintzan norbere obra herriari azaltze hori, zirkuituak sortu behar hori?
Zaila da, oso zaila, gose asko pasa behar. Ate askotan jo behar aldaba, gehiegitan, gero igoal muturrarekin pareta jo, edo ate batetik sartzen hasi eta atea itxi, eta batik bat nire herrian gertatu zait hori, horrek ematen dit mina. Baina Oteizak esan zidan «Txomin, lasai, egunen batean bat edo bat jabetuko duk eta, hik segi hire bidean.» Bat edo bat jabetuko da eta maite zaituenak lagunduko dizu, maite ez zaituenak ez, saiatuko da oztopoa jartzen, baina nik jarraitu egingo dut, hemen ez bada han, baita galaxia batera joan behar baldin badut ere, nik jarraitu egingo dut sinesten dudana egiten.

Txuekaren bi argazkiri Amets Arzallusek eta Andoni Egañak jarritako bertsoak:

Argazkia: 'Lurraren kolorea' (Txiapas-Oaxaca, Mexiko 2001) / Bertsoa: Amets Arzallus

Argazkia: 'Sare artetik begira' (Euskal Herria 1997) / Bertsoa: Andoni Egaña

Nortasun agiria
Txomin Txueka Getarian jaio zen 1960an. Zarauzko La Sallen egin zituen ikasketak, eta lanean hasi zen azkar, baxurako arrantzan. Handik soldadutzara joan zen, eta geroztik argazkilari profesionala da. Hasieran egunkari batean jardun zuen hamar urtetan, baina 1996an bakarkako bideari ekin zion free-lance bezala. Bere kamera hartu eta bakar-bakarrik, Bolivian (1996), arrantzaleen artean (1997), Palestinan (1999) eta Txiapasen (2001) izana da. Bere lanak www.pontosdevista.net helbidean daude ikusgai. Berrogeita hamar erakusketatik gora emana da mundu osoan zehar. Orain, begi batetik Haile Gebresselassieri begiratuz, eta bestetik Abba Melaku «jaungoikoaren aingeru» euskaldunari, Etiopian jorratzen ari den proiektu batean dabil buru-belarri.

Hamasen garaipena
«Hamasek zergatik irabazi du? Arafaten inguru osoa, bere alde onak kendu gabe, usteldua zegoelako. Eta Hamasek zer egin du? Urtetako gizarte babesa bildu, beste askok inora begiratu gabe egin behar lukeena. Hamasek behartsuari lagundu dio, eskolak eman dizkio, ospitaleak eraiki, gizartea babestu du, baina behetik, behetik jorratu du gizartea. Eta horregatik daukate indarra. Aljerian horregatik irabazi zituzten islamistek hauteskundeak, eta Egipton ere irabazi egingo lituzkete, baita Turkian ere».

Bertsoa

Doinua: Nere bgogoa hegan

Argazki soil bat bada begien
bitartez mintzatzeko gai,
irudi batek baldin badauka
mila hitzek haina dohain,
zer behar luke argazki batek
edo zer ez zenuke nahi,
guztiak mutu uzteko bide
ala denen hizketa gai?

Euskal Herriko akreditazioa
«Ni akreditazio honekin ibiltzen naiz munduan zehar, Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen elkartea jartzen du, eta Basque Country. Hau erakusten diet bai militarrei, bai politikoei, edozeini. Onartzen didanak ondo, eta ez didanak onartzen 'aio'. Eta norbaitek aurpegira barre egiten baldin badit, 'hi, barre, egiok hire amari!'».

Soldadutzan argazkilari
«Orduan ez zegoen intsumisiorik eta horrelako konturik, eta soldadutza egin behar. Itsasoan ibilia nintzen ordurako baxurako arrantzan, Getarian, urte eta erdian, eta marinan ibiltzea tokatu zitzaidan ‘Elkano’n, beste urte eta erdian. Zazpi-zortzi hilabetez mundu erdiari bira eman genion. Cadizetik abiatu eta portua egin genuen Tenerifen. Nik diru pixka bat baneukan gordeta, eta argazki denda batera sartu nintzen. Nikon bat eta Canon bat zeuden, eta nik, beltz zalea izaki, Nikon beltzari heldu nion. Horrela hasi nintzen. Soldadutzan bertan, baforean zehar, jendea eskatzen hasi zitzaidan: «Argazkia atera egidak!», berdin zen koadrilan, paloan, lanean... Tarteka ateratzen nituen, eta hurrengo portura iristean, Argentinan, errebelatu, kopiak egin, eta dolar baten truke argazkia ematen nien. Horrela hasi nintzen, autofinantzaketan».

Erakutsi edo sortu?
«Erakusteko sortu egin behar da. Sormena da garrantzitsua, horrek esaten du zerbait zaren edo ez zaren. Nik artzaina izan nahi dut, ez artaldeko ardia. Nik nire pentsamoldeak dauzkat eta sinesten dudan bidetik jarraitu nahi dut. Gero, beste artzainekin batera artalde bat osatzen baldin bada, oso ondo».


Azkenak
Eskola inguruetako kutsadura maila neurtu dute, eta emaitzak oso kezkagarriak dira

Euskal Herrian 28 ikastetxe-ingurune aztertu dituzte: 28ek Osasunaren Mundu Erakundeak segurutzat duen kutsadura maila baino kutsadura handiagoa dute eta %75ak ez du lortzen Europako Batzordeak berak onargarritzat duen kutsadura maila. Maiatzaren 10ean kalera aterako dira... [+]


2024-05-08 | Hik Hasi
Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpena

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak 2024ko Udako Topaketa Pedagogikoen aurkezpen prentsaurrekoa egin du astearte goizean. Bertan parte hartu dute EHUko Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano Beñat Amenabarrek eta Hik Hasiko formazio arduradun Mikel... [+]


Beste preso bat hil da espetxean, oraingoan Basaurin

Ostiralean aurkitu zuten hilotz, “gaindosi” zantzuekin, Naiz-ek argitaratu duenez. Jaurlaritzak ez du heriotza baieztatu asteartera arte, eta autopsiaren emaitzen zain dagoela adierazi du. EAEko espetxeen eskumena hartu zuenetik espetxean hiltzen den bosgarren presoa... [+]


Eguneraketa berriak daude