ETAren su-eten iraunkorra: Irentsi beharreko arantzak


2006ko apirilaren 02an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Sarrerako metaforatik hizkuntza analitikora pasatuz, zergatik erabaki du orain ETAk su-eten iraunkorra eskaintzea? Erantzuna erraza bezain korapilatsua da. Erakunde armatua gidatzen dutenek oraingoa ikusi dutelako horretarako une aproposa. Ez 80ko hamarkadaren hasieran. Ezta Aljerko elkarrizketen porrotaren ondoren ere. Are gutxiago 1998an, Lizarra-Garaziko ateak parez pare zabaldu zirenean. Ez, unea 2006ko martxoaren 22a zen. Aurreko saio guztietan izan dira pentsatu dutenak hura zela une aproposena. Eta izan dira, halaber, unean uneko abaguneko garaileak, jarraitu behar zela pentsatzen zutenak. Nork daki oraingoan oreka zein den?


Irentsi beharreko arantzak

Denborak esango du oraingoan prozesu hau bere bururaino onik iritsiko den, baina badira baiezkoa adierazten duten faktore ugari: su-etenak hartu duen hasierako indarra, iraganean landu eta etorkizunerako iragarri den sukalde lana, sortu den egoera berriarekiko izan diren era guztietako sostenguak -mediatikoak, nazioartekoak, instituzionalak...-, euskal gizartean orain artean ezagutu gabekoa zen ilusio uholdea... Horiek eta askoz arrazoi gehiago ere badira oraingo saioarekiko konfiantza handia izateko. Besteak beste, badirudi ezker abertzaleak ondo olioztatu duela barne kohesioa, hitz larriz idatzitako Erabakia orain edo etzi hartzeko osagai funtsezkoa dena. Eta hala ere, oraindik zalantza guztiak ez dira guztiz askatu, bake prozesu batean, gutxienez erdibidea pasatu aurretik nekez iragarri baitaiteke halakorik.

Eta su-etenaren pilota ETAren teilatutik erori den indar berdinaz erortzen dira galderak. Galdera bakoitzak badu bere arantza. Batek halakoa egingo du: «Eta su-etenaren posizioa defendatzeagatik urtetan zergatik jaso dut nik halako egurra? Orain entzungo didate!». Eta zabaldu den bake prozesuan sinesten badu, galdegileak lehenengo arantza irentsi beharko du. Beste baten galdera halakoa izango da: «Horrenbesteko sufrimendu eta borrokaren ondoren, orain Euskal Herriaren erabaki eskubidearen bermea ere eskaini ez denean, hau onartu beharrean gaude?». Eta honek ere bere arantza barrura. «Bizitza guztia espetxean iragan behar zuten hiltzaile hauek kalera?». Eta arantza barrura. «Torturatzailea epaitu gabe, eta gainera niri irribarre eginez eta ezer lortu ez dudala adieraziz?». «Demokrazia negoziatzen, errendizioa eskura dugunean?». «Urtean 60 hildako izan ditugun garaian Espainiaren batasunari amore eman gabe eutsi bagenion, zergatik jarri arriskuan orain batasun hori?».

Galderak dozenaka pila daitezke eta denek izango dute euren arantza dosia. Baina atzerrian arrakastaz eraman diren bake prozesuetan ikasten den lehen ikasgaia horixe da, arantza ugari irentsi behar izaten dela eta alde bakoitzak bere parrokia arantza irenste horretarako prestatu behar duela. Alde horretatik, bake prozesu hau hasi besterik ez da egin, horrexegatik mentalizazio lana garrantzitsua izango da. Garai bat bukatu da eta beste bat hasi da, eta eragile politiko-sozialek, instituzioek eta herritarrek garai berriarekiko egokitze trantsizioa iragan beharko dute. Hor dago trantsizioaren gakoa: lerro nagusi batzuk marraztu ahal izango dira seguruenik, baina inork ez daki prozesua zehatz-mehatz nola bukatuko den.

Bada joera pentsatzeko ezer gutxi aldatuko dela eta egoerak antzera jarraituko duela. Batzuek saldu ere hala saltzen dute. Bakoitzak du aldaketa hitzaren bere adiera subjektiboa, baina aldaketa asko oso objektibagarriak izango dira, batez ere sufrimenduari dagozkionak. Gatazkak bizi izan dituzten beste herrialde batzuetara begiratuta, aldaketa ugari egon dira, nagusiki indar politiko-sozialen harremanei dagokienez.
Inor ez da horren inozoa arantza hauek guztiak baketsu, zintzo eta leial irentsiko direla pentsatzeko. Sukalde lanetan dabiltzanek prozesuaren luzera, gogortasun eta zailtasunari horrenbeste erreferentzia egiten dietenean, horrexegatik da, besteak beste. Baina bakoitzak jakin beharko du bere leialtasun eta zintzotasuna noraino eraman behar duen eta noraino ez, bai norbera eta bai prozesua bukaerara onik heltzea nahi bada. Iragana hor da beti, ahaztu ezina da eta begirunezko memoria sendoa ere eraiki beharko da. Bestelako kontua izango da iraganetik behin eta berriz prozesua oztopatzeko osagaiak berreskuratzen badira.


Prozesuaren puntu beroak

Bi legealdiko prozesua. Bake prozesua luzea izango da eta dena ondo badoa gutxienez Espainiako Legebiltzarreko zikloaren bi legealdi iraungo du. Dagoeneko lehenengoaren erdian gaude eta 2008an irekiko den bigarrena ere osorik beharko litzateke. Hori gutxienez. Alec Reid apaiz eta bitartekari irlandarrak aditzera eman duenez, Irlandan baino azkarrago joango da prozesua. Besteak beste, kontuan hartu behar da hemen ez dagoela hango komunitate zatiketa edota autogobernuaren bidean jadanik kilometro ugari egin direla. Prozesuaren denbora eta metodologia kontuak nahiko aurreratuta daudela dirudi, baina alderdien mahaia dela-eta sortu diren lehen eztabaida publikoek adierazten duten moduan, sei-zortzi urteko prozesu bat blindatzeko bada oraindik zer eraiki.

Bi mahaiak. Anoetako eskemari jarraituz, -edo komenientzien arabera, Ajuria Eneko Itunarenari, nahi bada- ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko mahaia abian da jada, nahiz eta ofizialki, Espainiako gobernu buru Jose Luis Rodriguez Zapaterok hilabete batzuk barru elkarrizketei ekiteko Kongresuaren baimena lortzen duenean eratuko den.

Alderdien mahaia eratzea korapilatsuagoa izango da, baina denbora kontua besterik ez da eta, ikusten denez, ez gehiegi ere, uda osteaz hitz egiten ari baita. Batzuek lehenago nahiko lukete, Batasunak moduan, eta beste batzuek beranduago, EAJk moduan, jeltzaleek bi mahaien arteko distantzia denboran irudikatu nahi dutelako.

Nafarroa. Prozesu osoan giltzarri bilakatuko da. Alderdien mahaiei dagokienez, esaterako, seguruenik bi mahai eratuko dira, bata EAE mailan eta bestea Nafarroan eta ikusi beharko da biak nola lotu teilatu bereko dinamikan ibili daitezen. UPNk hartuko duen jarrera izango da oztopo handiena, beste indarrek, PSNk barne, argi baitute eratu behar dela. Datorren urteko hauteskunde ostera arte zaila izango da zerbait serioa eta eraginkorra eratzea eta orduan ere funtsezkoa izango da UPN Gobernutik kanporatzea eta gainerako indarrek hartzea Nafarroako gidaritza instituzionalaren lidergoa.

Euskal Herriaren erabaki ahalmena. Eduki mailan prozesuaren giltza nagusia da, ez berau prozesuan zehar gauzatuko delako, baina bai etorkizunean gauzatu ahal izan dadin ateak irekitzeko. Formulazio adostuak izango diren edo hauek nola gauzatuko diren asmatu ezinean, hona eszenatoki posible bat. Bistan da indar burujabe zaleen biltze prozesu bat ematen ari dela, Oinarrizko Hitzarmena sinatutako indarrak hor dira eta EAJk ere garbi adierazia du Euskal Herriak subjektu gisa erabakitzeko duen eskubidea. Baina nola eraman hori errealitatera? Katalunian bada begiratu beharreko ispilu txiki bat: gorabehera ugari ondoren, PSOE eta CiUk akordioa sinatu dute, Artur Masen alderdiaren esanetan «une historiko honetan horraino hel daitekeelako». EAJ eta PSOEren arteko eszenatoki posible bat da Kataluniako hori, baina EAJn ere bi joera ezagunak lehian dira alderdia PSOEren gurpil horretara edo bloke soberanistara bideratzeko.

Alderdien lidergoa. Legealdi honi begira PSOE eta Batasunaren unea da, orain arte ikusten ari den moduan, baina EAJk ere ez du jokoz kanpo geratu nahi. Bai EAJ bai beste indar politikoak jakitun dira herri honetan jeltzaleek duten indarraz, baina, aldi berean, ezaguna da trantsizio garaiek asko alda ditzaketela indar harremanak eta inork ez du lasterketaren aurrean egoteko aukerarik galdu nahi. PSOEk bi norabidetan jokatuko du alde horretatik: PSOE arduratuko da EAJri eskua luzatzeaz eta PSE Batasunarekin eskuz esku aritzeaz. 2008tik aurrera, bigarren legealdiari begira, PSOEren eta EAJren arteko dialektika handitu daiteke, baina ordurako Batasunak ere beste indar bat izan dezakeela irudikatzen du, batez ere prozesuan duen protagonismoak izugarri indartuko duela pentsatzen duelako. Eskema posible nagusi bat da aipatutakoa, eta tartean mugimendu askok norabide batean edo bestean jarri ditzakete aktoreak, edozelako trantsizio garaietan gertatzen den moduan.

Batasuna. Adierazpen publikoetan ahots esanguratsuetan entzuten den arabera, ez dirudi datozen hauteskundeetara izen horrekin aurkeztu ahal izango denik. Sukalde inguruetan ere hori da entzuten dena. Batasunan, sinesten da, edo behintzat hala adierazten da, bake prozesuaren indarrak gauza asko alda ditzakeela eta kontu honetan ere posible dela azkenean aurkeztu ahal izatea.

Presoak. Sasoi honetan inozoenak ere badaki ezin dela horrelako prozesu bat amaierara eraman, konpondu beharreko gatazka horren ondorioz preso diren guztiak kaleratu arte. Baina bistan da prozesu mingarria izango dela. Dagoeneko, besteak beste, Parot doktrina hor dago galga gisa, baina espetxe munduan giro berriaren aztarnak sumatzen hasiko dira. Prozesua indarrez hasiz gero, Madrilen argi dute hurbilketa mugimenduak hilabete batzutan has daitezkeela, ez preso guztiena, baina bai mugimendu esanguratsuak. Askatze kontuak bestelakoak dira eta preso askoren atzerriratzeaz ere irakurri eta entzun da.

Biktimak. Gai korapilatsuena, zalantzarik gabe, ia mende erdiko gatazkak sufrimendu ugari barreiatu duelako han-hemenka. Alde horretatik Espainiako Gobernuarena da posizio gaitzena, ezker abertzalearen eremuan sufritzen dutenek beti jakin izan dutelako garaia heltzen denean berradiskidetze prozesua ezinbestekoa dela; biktimen artean behintzat ez dela garaile eta garaiturik izango. Gaitza denentzat izango da, baina ETAren biktima izan direnen artean zailago, batez ere urteetan garaile bakarraren diskurtsoa oso indar handiz landu izan delako. Bere burua gatazka honen biktimatzat duen bakoitzak eta gizarte osoak lan itzela egin beharko dute memoria eta begirunearen ikuspegitik.


«Ez ditut lagunak berriz armekin ikusi nahi»

Osagai asko dira klabeak prozesu luze honetan eta izango da hariari jarraitzeko denborarik. Euskal Herriaren ondoren Irlanda da bizitzen ari garen prozesu honetan ia gehien entzuten den herrialdea. Hango esperientzia funtsezkoa izan ei da gauden uneraino iristeko. Kazetari honek Ostiral Santuko Akordioen ondorengo lehen hauteskundeak bertatik bertara bizi izan zituen Ipar Irlandan eta Sinn Feineko militante bati barrutik ateratako esaldia iltzatu zitzaion urdailaren barrenean. Ezagun hori ere zenbait urtez espetxean izandakoa zen.

Hauteskunde eguna zen eta Sinn Feineko militante eta laguntzaileek zenbait herritar etxeetatik hautestontzietara laguntzen zituzten beren autoekin, bestela bazen batzuk etxean geratzearen arriskua-eta. Kalean baziren prozesua zalantzan jarri eta abstentzioa bultzatzen zuten kartel batzuk, Republican Sinn Fein alderdiak sinatzen zituen, iraganean mugimendu errepublikarrean izandako zatiketa txiki baten ondorioa zen. «Zer indar dute?», galdetu nion lagunari. «Txikia -erantzun zidan-, jende jatorra da eta gauza askotan nahiko ados nago haiekin». Eta nik, «baina abstentzioa eskatzen dute gaurko, eta zu Sinn Fein laguntzen ari zara jendea zure autoan bozkatzera eramanez». Eta haren erantzuna: «Bai, ez ditut lagunak berriz armekin ikusi nahi».

Iñaki Antiguedad (EHKo legebiltzarkide ohia): «Badaezpada ere»

ETAren etenaldi iraunkorra sukaldeko ezkutuan egindako ibilbide luze baten ageriko bidearen abiapuntu hartu behar da, azken hilabeteotan batzuek eta besteek esana aintzat hartuta. Ageriko maratoia oraintxe hasten da. Denok diote bide luze eta gorabeheratsuko maratoia izango dela; abialekuan baten batek eman behar zuen irteteko pistola-tiroa, eta erakunde armatuak egin du tiro hori su-etena emanez. Ustezko traba izan zitekeena jada ez da traba. Eta hori oso ona da, beste batzuen benetako trabak, orain arte ezkutuan, agerian geratuko bide direlako epe motzean. Izan ere, mozorroen garaia iraganean utzi du etenaldi iraunkorrak eta bakoitzak dena eta duena islatu beharko ditu lehendabiziko kilometroetan.

Ez da fededuna izan behar etenaren iragarria bera orain arteko bidearen blindajearen ondorio dela sinesteko. Beste kontua da, blindaje horren gaurtik aurrerako baldintzak nolakoak izango diren, edukietan eta edukion denborazko garapenean. Hainbat euskal eragileren partetik berresana dago prozesua luzea izango dela, baina, hala ere, gaurko marko politikoa ahalik eta gutxien aldatzea nahi dutenak tentaldian erori daitezke, euren aldetiko eraso etenik gabe, abian jartzeko den prozesua motela izan dadin, hainbat kontu larritan batez ere (presoak, epaiketak...); horrela burujabetzaren aldeko eragileak ahuldu nahian mahai politikoari begira. Hortaz, pazientzia eraikitzailea urrezko dohaina izango da maratoi honetan.

Galdera asko pasatzen zaizkit burutik, erantzunak baino. Hitza eta Erabakia, eta biak errespetatuak, horixe giltzarria. Horretan behintzat bat egiten du Euskal Herriko gero eta sektore zabalagoak, Kataluniakoa hemen errepikatu ez dadin. Sektore hori da, konpromisoz, gizendu beharra, politikoan eta sozialean, bietan, inoiz baino gehiago. Badaezpada ere. Izan ere, datorren prozesua hutsean amaituko balitz, sektore horrek hartu beharko luke gidaritza, armen bideak berea eman duelako eta hasitako bidean atzera egiterik egon ez dadin. Hurrengo urratsa Bilbon, larunbatean.

Xabier Aierdi (EHUKo soziologia irakaslea): «Zapateroren norabide-orri argia»

Igandean El País egunkariari egindako adierazpenetan, Zapaterok bake prozesuaren ibilbidea oso argi duela erakutsi du: mahaiak (bat, bi edo nahi beste) ez ditu eredu bakartzat ezta agian egokitzat ikusten; berifikazio prozesu bat zabalduko du eta baiezkoan presoak hurbilduko lituzke eta Batasunari berriro aurkezteko alderdia birfundatzearen beharra iradoki dio. Beraz, Zapaterok argi utzi du nondik nora joango diren bake-bidearen norabide orriko lerro nagusiak. Ozenago agian esan daiteke, argiago ez.

Argitasun honek gainontzeko eragileen segurtasunak hankaz gora jarri ditu: PPk berregokitze prozesu bat hasi beharra du, duela bost egunera arte dena engainu hutsa zela zioten eta; biktimen erakundeek parte hartuko dutela adierazi dute, baketzearena benetan doa eta; EAJk leialtasun osoa bermatu du eta prozesu honetan oztoporik jarriko ez duela agindu. Batasunak ere prozesu honen urrats iragarriak ontzat eman ditu.

Beraz, badirudi, denek makurtu egin direla Zapaterok diseinatu duen norabide orrira eta inork ez duela alternatiba posiblerik planteatzen: edo ez omen dagoelako edo eta Zapateroren borondatea oso indartsua delako. Bai bat edo beste izan arrazoia, badirudi bake prozesu honen garapen eta arrakastarako bide oso zehatz bat jarri izana lagungarri izango dela. Inork ez zuen uste Zapaterok hain sendo jokatuko zuenik eta bide ertzetako mugetan abantailak ateratzeko esperantzekin aritu izan direnak aukera barik geratu dira. Bide zentripeto honek jokaldi zentrifugoak inposibilitatu egiten ditu eta hor datza prozesu hasi berriaren indarra.

Egoera honetan, hala PSOEri nola Batasunari bakegintzan aritu daitezela eskatu behar zaie, zeren beranduago ere, normalizazio prozesuan, ezinbestekoak izango baitira. Orain arte egon izan den arrisku bat, eta beti presente egon daitekeena, prozesuak metatzearena da, momentu bakoitzean zertan ari garen bereizi gabe. Orain, bakearen garaia da; normalizazioarena, beranduago dator.


Azkenak
2025-07-17 | Piztu Donostia
Ez dakigu ahoa ixten

Azken sei urteotan Piztu Donostia eragile sozialaren talde motorra osatu dugunoi txanda pasatzeko unea iritsi zaigu, mila gai eta beste mila fronte zabalik geratzen diren arren.

Duela sei urte Eneko Goiak, PSOEren laguntzarekin, osaturiko Donostiako Udalak bideratzen zuen... [+]


2025-07-17 | Joan Mari Beloki
Ekialde Hurbila sutan

Ekainaren 13an hasi eta 24an amaitu zena “12 Egunetako Gerra” bezala ezagutuko da aurrerantzean. Gauza harrigarri batzuk gertatu ziren bertan, pentsaezinak ordura arte. Nahiz eta lerro hauek idaztean egun gutxi igaro diren bukatu zenetik, ondorio batzuk atera... [+]


Epai euskarafoboen gainetik, euskaraz jarraituko dutela jakinarazi eta protestara deitu du UEMAk

​UEMAren zuzendaritza batzordeko kideek hedabideen aurrean agerraldia egin dute ostegun eguerdian Zarautzen, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboa salatzeko. Epaia "larria" dela adierazi dute, eta batez ere udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen... [+]


2025-07-17 | ARGIA
EH Bildu: “Ez da nahikoa salaketa, hizkuntza politika ausartak behar dira”

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzakideak prentsa agerraldi batean esan du Eusko Legebiltzarrean dauden "gehiengoak" baliatu beharko liratekeela "hizkuntza politika berri bat ahalbidetzeko". 


2025-07-17 | ARGIA
Jaurlaritzak esan du ez duela bat egiten Auzitegi Gorenaren erabakiarekin

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, “indar politiko batzuk erabaki politikoak judizializatzen ari dira”.


Tortura argitara atera ezinik oraindik Euskal Herrian

Ondo jakina da Euskal Herriak bere buruaren jabe izateko beharrezko duen botere politikoa ukatua duela Espainia eta Frantziako estatuen aldetik. Euskal Herrian, bertan bizi, lan egin eta euskaldun izan nahi duen biztanleriari, herritar gisa bizi-proiektu duin eta ziurra garatu... [+]


Langile bat hil da Gasteizen, altueratik erori eta gero

Langilea uztailaren 15ean hil zen eraikin baten estalduraren konpontze lanak egiten zebilela, eta ostegunean jakinarazi du ELA sindikatuak. Estaldura apurtu, eta altueratik erori zen. Guztira 31 langile hil dira Hego Euskal Herrian 2025ean, bostgarrena Araban.


Israelek Damasko bonbardatu du, eta Siriako armada su-eten akordio batera heldu da milizia drusoekin

Israelen bonbardaketek Siriako Defentsa Ministerioa eta presidentearen egoitzaren ingurua izan dituzte jo-puntuan. Asteburuan tribu beduinoen eta milizia drusoen artean piztutako liskarrek gutxienez 300 hildako eragin dituzte As-Suwayda hirian. Israelen erasoen ondoren, Siriako... [+]


Baionako eguneko harrera zentroa itxi dute higiene baldintza txarrak direla eta

Atherbea elkarteak Baionako eguneko harrera zentroa ixtea erabaki du higiene falta dela eta. Egunero 100 pertsona ingururi ematen zien dutxa hartzeko eta gosaltzeko aukera, baina lokalean labezomorro eta arratoi asko daudenez, itxi egin behar izan dute. 


Israeli armak ez saltzea adostu dute hamabi estatuk Kolonbiako goi bileran

Hagako taldeak deituta 30 estatu bildu dira bi egunez Kolonbian, eta horietako hamabik sei neurri sinatu dituzte "Israelen Palestinako kolonizazio ilegala" gelditzeko. Horietako bat, Tel Avivekin duten kontratu publiko oro berrikustea, okupazioan eraginik duen ala ez... [+]


Migrazio politikak gogortzeko eskuin muturrarekin bat egin du Portugalgo Gobernuak

Portugalgo Gobernua osatzen duten Alderdi Sozialdemokratak eta CDS-Alderdi Popularrak Chega eskuin muturreko alderdiarekin bat egin dute Atzerritarren Legea erreformatzeko. Delitu larriak egiten dituzten migratzaile nazionalizatuei pasaportea kenduko diete, herritartasuna... [+]


Udaletan euskara normalizatzeko dekretuaren zati handi bat baliogabe utzi du Espainiako Justiziak

Vox alderdi ultraeskuindarraren eskariz EAEko Auzitegi Nagusiak 2023ko irailean baliogabetu zituen EAEKo Udal Legearen hainbat artikulu, euskararen normalizazioaren ingurukoak. Erabaki hura berretsi du orain Espainiako Auzitegi Gorenak, eta ez dago helegiterako aukerarik... [+]


DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenike Landiribar
“Zientzialaria izatea pribilegio bat da, eta horrek ardura bat dakar”

DIPCko bere bulegoan izan da elkarrizketa. Argazkilaria lanean hasi denean, arroparengatik desenkusatu da [kirol-jertse bat dauka jantzita]: “Ez nintzen gogoratzen elkarrizketa genuenik”. Baina Elhuyar aldizkariarentzako dela eta, gustura egingo omen du. Euskaraz... [+]


2025-07-17 | Sustatu
WeTransfer: erabilpen baldintza berri ez oso fidatzekoak

Hautsak harrotu ditu azken orduetan Interneten WeTransfer zerbitzu oso praktiko eta erabiliak iragarri dituen erabilpen baldintza berriek, abuztuan jarriko direnak indarrean. WeTransfer da oso fitxategi (edo fitxategi multzo) handiak bidaltzeko modu bat. Ez dira kabitzen e-posta... [+]


2025-07-17 | Gedar
Faxisten protestak porrot egin du Torre Pachecon: Polizia eta prentsa gehiago, manifestariak baino

Lintxamenduen ostean immigrazioaren aurka izan den lehen mobilizazio-saiakerak ez du jarraitzaile gehiegi erakarri, baina izu arrazistak hartu du herria.


Eguneraketa berriak daude