The Uski's: Olatu arteko rock&rolla


2006ko martxoaren 26an

Ibarrangelutik hiru eta Elantxobetik bi, Bizkaiko kostaldetik datoz denak. Diskoa eskuetan hartu eta azala ikusi ahala asma daiteke gazteoi kresala dariela zirrikitu guztietatik. Rock&rolla eta olatuak dituzte gustuko eta beraien herriko euskalkian abesten dute. Anartz Laka (gitarra, baxua eta koroak), Oier Laka (gitarra, baxua eta koroak), Iñigo Egiguren (ahotsa), Jon Zameza (gitarra, baxua eta koroak) eta Iñaki Astoreka (bateria) dira taldea osatzen dutenak. The Uski's estreinako banda da guztientzat beraien musika ibilbidean.


60ko hamarkadako rock&rolla

Egiten duten musika estiloa definitzerakoan ez dute beren burua surf musikaren baitan ikusten: "Surf musikan hasiera batean ez zen abesten, oso instrumentala zen, ez dugu esango haren kutsurik ez dugunik, gustatzen zaigu surf musika, baina gurea beste gauza bat da, ahotsekin jolastea asko gustatzen zaigu, adibidez", diosku Oierrek. Ez dago dudarik, ahotsen harmonia kanta guztien ezaugarri nagusietakoa da. Etxetik, tradizioz, jaso dute abesteko grina bizkaitarrek. Taldeko kide gehienak senitartekoak dira, bi anaia, lehengusu bat eta urrutiko beste ahaide bat badira taldean. "Familiako bazkarietan abesteko ohitura izan dugu beti, Hego Amerikako kanta asko abestu ohi ditugu, ea koro gehien nork egiten dituen...", diosku Jon Zamezak. Gurasoen diskoetan dituzte eraginik nabarmenenak, The Animals, The Rolling Stones, The Beatles eta Creedence Clearwater Revival bezalako taldeen izenak aipatzen dituzte horien artean.


Hiru urteko ibilbidea

Duela hiru urte sortu zen The Uski's. Diskoa grabatu baino lehenago maketa bat argitaratu zuten eta 300 bat ale saldu zituzten. Hainbat kontzertu eskaini ondoren, irabazitako diruarekin eta kamiseta eta maketen salmentaz lortutakoarekin Lamiña Produkzioak estudiora jo zuten. Gaur egungo merkatuaren egoeraz eta diskoetxeen jarreraz ohartuta diskoa beraiek ordaintzea erabaki zuten. Eta gero gerokoak. Diskoa grabatu eta pare bat ate jo ostean Oihuka diskoetxea izan zen taldeaz interesatu eta Itxosun zarati karrikaratzeaz arduratu dena.

2005eko hasieran sartu ziren estudioan eta hogeita lau egun eman zituzten bertan, Natxo Liberty teknikari eta ekoizle zutela. "Estudioan sartu ginenean, hasiera batean shocka izan zen guretzat, ordura arte gitarra soinu oso garbiak erabiltzen genituen eta Natxok gogortu egin zituen, baina aldaketa onerako izan da eta soinuarekin oso pozik gaude", diosku Jonek. Iñigo abeslariak, berriz, diskoa behin eta berriro entzun eta gero zenbait aldaketa ere egingo zituela onartzen du. Lagunen artean, adibidez, bateria "flojo xamar" gelditu denaren kritika jaso dute, baina azken emaitza taldeak nahi zuenarekin bat dator: "Hirurogeiko hamarkadako kaxaren soinua nahi genuen eta ez sekulako danbatekoa entzutea, hori zen lortu nahi genuen soinua eta gustura gelditu gara". Asebeteta gelditu dira Natxo Liberty ekoizlearen lanarekin. Estudioan sartu aurretik, The Beatles eta The Beach Boys taldeen diskografia osoak goitik behera aztertu zituzten eta ondoren taldearekin entsegu lokalean elkartu eta lanean hasi ziren. Disko bat grabatzea bezalaxe, berria zen bizkaitarrentzat ekoizlearen lana eta betebeharra.

The Uski'seko partaideek beraien musika "sinplea" dela onartzen dute, baina horixe da beraiei gustatzen zaiena: "erraz entzuteko musika eta ahots melodia onak". Izan ere, denak bat datoz kanta on bat egiteko ez direla makina bat akorde behar. Anartz Lakak The Animals taldeak jotzen zuen Inside looking out abestia dakar gogora: "Denbora guztian Sol-en dago eta izugarria da". Hori esan eta guztiak kantatzen hasi dira Burdon eta konpainiaren kanta ezaguna.


Neskak, parranda eta olatuak

Talde askotan gertatu izan den bezala, broma artean sortu zen bandaren izena. "Uzkia" hitzetik eratorritako hitz asmatua da Uski, eta beraz, euskarazko hitzaren esanahiarekin zerikusirik ez duena. Fonetikoki erakartzen zituen hitzak, horrexegatik "z" hizkia "s"gatik aldatu eta ukitu anglosaxoia ematearren "The" famatua gehitu zioten bizkaitarrek. Horra hor izenaren nondik norakoa. Betidanik entzun izan duten musikaren mundura era batera edo bestera hurbildu dituena ere bai. We are The Uski's kantua, kasurako, ingelesez abestu dute. Orokorrean The Uski'sek inguruko gauzetaz berba egiten du bere kantetan: "Hirietan bizi direnak egunero autoak, semaforoak, etxe handiak... ikusten ditu; guk, berriz, hondartza, olatuak, mendia eta eguzkia ikusten ditugu, beraz, horretaz hitz egiten dugu", adierazi digu Iñigo Egiguren abeslariak. Kantak eguneroko arazo eta arduretatik ihes egiteko sortzen dituzte eta, beraz, ongi pasatzeko hitzak idazten dituzte Elantxobe eta Ibarrangeluko mutilek.

Itxosun zarati lanean bederatzi kanta eta bi bonus track bildu dituzte: "Bederatzi kantuz osatutako lana Oihukako Ritxi Aizpururi erakutsi genionean disko bat izateko motza iruditzen zitzaiola komentatu zigun, beraz, estudiora itzuli eta beste bi abesti grabatu genituen", diosku Jon Zamezak. Egin beharreko lana ez zen hain erraza. Bateria berriro muntatu eta lehen lortutako soinu berdina lortzea ezinezkoa zen. Hala, kanta akustiko bat grabatzea otu zitzaien, Gitarri eskuen hain zuzen ere. Kanta honetan, gainera, Argi Zamezak abesten du Iñigo Egigurenekin batera. Bestetik, "Bizitzeko behar dodana" kantaren remix bat ere egin zuten, kasu honetan Natxo Libertyren eskutik.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude