Egizu irribarre, arren


2006ko martxoaren 19an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Horrela zioen duela urte batzuk Donostia inguruan, bederen, oso modan egon zen esloganak. Ez da hortz-haginak erakusteko beldurrik eduki behar. Irribarre egiteak arnasketa eta zirkulazioa bizkortzen ditu, eta presio arteriala igo egiten du -neurri normalen barruan, hala ere-, eta horrek halako euforia-egoera bat sortzen du. Irribarreak -eta barre-algarak zer esanik ez- eragindako diafragmaren mugimenduek beste organoak ere "kutsatzen" dituzte, eta organo horiek bibrazioen bidezko masaje-moduko bat jasotzen dute, bere erresistentzia biologikoa gehituz. Frogatua dago barre egitea osasungarria dela, eta horrez gain, irribarreak gaztetu egiten du.

Baina beldurrik gabe irribarre egiteko, hortz-haginak erakutsi behar dira, eta horretarako higiene ohiturak gordetzea komeni da. Hortz-haginak bizitza osorako dira, eta baldintza ahalik eta onenetan gorde behar dira. Ez bakarrik kolore zurikoak eta ondo kokatutakoak, estetika hutsari begira; baita txantxarrik, lertzunik edo zikinik, oietako (hortzen inguruko haragiko) gaixotasunik eta usain txarrik gabe.

Hona beldurrik gabe irribarre egiteko truku batzuk:

- Ezinbestekoa da egunean hiru aldiz hortzak garbitzea: gosaldu, bazkaldu eta afaldu ondoren.

- Kontrola itzazu egunean hartzen dituzun kafe edo te-katiluak, edo kola-freskagarriak. Gehiegi hartuz gero, esmaltea horituko da.

- Zigarro nikotina ezin okerragoa da zure hortzentzat, kolore ilunez tindatu eta aho-hatsa eragiten baitu.

- Kontuz gozoekin: azukreak esmaltea erasaten du, eta txantxarra sor dezake. Garrantzi handikoa da umeei azukre-kontsumoa kontrolatzen erakustea, eta gozokiak eta litxarreriak neurrian hartzea.

- Elikadurak askotarikoa eta orekatua izan behar du. Dieta mediterraneoa da zure ahoarentzat osasungarriena.

- Aldatu zure hortz-eskuila 2-3 hilabetean behin, eta aukeratu beti zure adinarentzat eta ahoaren ezaugarrientzat egokiena. Aukeran dauzkazu gogorragoak edo bigunagoak, zure oiak ez mintzeko.

- Erabili zeta-haria hortzen arteko tarteak garbitzeko, eta baita likido freskagarriren bat ere, ahoa freskatzeko.

- Ez ahaztu urtean behin odontologoari bisita egitea.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude