My Jok: Iparraldeko postal zaharrari agur

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Ziburuko frontoiaren argazkiarekin Iparraldeko postal eder eta lasaia egin genezake. Baina zer gertatuko litzateke irudi tipiko horretan bi artista gaztek 90 lagun bildu eta, euren pop kutsuko kamisetekin, Tupperware bilgune moduko bat prestatuko balute? Horixe egin zuten 2003ko irailean Maiana Agorrodyk -Ustaritze, 27 urte- eta Jokin Etcheverriak -Donibane Lohizune, 26 urte-, edo, gauza bera dena, My Jok plataforma artistikoak. Bikotea Bordelen sortu zen; Maiana Arte Ederrak ikasten ari zen eta Jokin Antzerki Eskolako ikasle zen.

Ziburuko happening hori izan zen euren lehenbiziko ekintza. Eurek diseinatutako nikiekin produktu-test modukoa irudikatu zuten, bertaratutakoei euren lana gustatzen ote zitzaien, zein kolore maite zituzten... galdetuz. «Kamisetak egin genituen eta serigrafia garestia izan zen; saldu egin behar genituen» azaldu du Maianak. Hala da, hainbat ekintza egin dute kamisetak saltzeko. Baina, alderantziz ere, kamisetak saltzen dituzte euren ekintzak egin ahal izateko eta kamisetak berak aitzaki moduan erabiltzen dituzte euren sormen lanerako. My Jok Show da horren beste adibide bat: 2003ko ekainean Bordelen eta Ziburun ordubeteko ikuskizuna prestatu zuten publizitatea eta artea nahastuz. DJ bat eta Rap kantari bat inguratu, bideoarekin lagundu eta antzezlana burutu zuten muturreko publizitate kanpaina irudikatuz, «multinazional bat bagina bezala».

My Jok sormen artistikoa da eta marka komertziala ere bai, eta bi izaerak elkarren osagarri dira.


Egitura komertzial «euskalduna»

Beren arteaz bizi nahi izan dutenak maiz kexu izan dira publikotik eta merkatutik urrun zeudela. «Hori lehen zen» dio Maianak, egun aukerak baitaude distantzia hori murrizteko; My Jokek behintzat aukera horiei heldu die, proiektuan adar komertziala sortuz. Jokinen ustez hori «oso euskalduna da, gure ezaugarri bat da. Euskal Herrian artearen inguruko proiektu asko enpresa moduan antolatuta dago eta gune komertziala dute. Honetaz bizi nahi baduzu garrantzitsua da eta, gainera, zure nortasuna atxiki ahal duzu egitura komertziala izanik ere». Ideia honen haritik bikoteak denda zabalduko du maiatzean, Bilbon. Gaur goizean bertan lokal bat ikusten egon badira ere, oraindik ez dute zehaztua non izango den. «Alde Zaharrean izango dela badakigu, bertan gazte asko baitabil, besta giroa ere bada, gune bizia da...» dio Maianak. «Denda»z hitz egiten dute baina ez da saltoki hutsa izango, Jokinek azaldu bezala: «Bertan My Jok-en moda produktuak salgai izanen dira, baina ez hori soilik. Toki bizi bat paratu nahi dugu, arte elkargune bat». Hori guztia laburbilduz, «My Jok mundua egin nahi dugu nolabait» esan du Maianak.



My Jok mundua

My eta Joken mundua kolore biziz eta baikortasunez beteta dago. «Gure mundua sobera serioa badelarik, -dio Maianak- guk jendea animatu nahi dugu, mezu positiboa bidali». Euren estetika pop artearen bidetik doa eta kutsu koloretsu eta optimista hori nabari da www.myjok.com web orrialdean sartu bezain pronto. Euren lana definitzean, funny, smily, positive edo magic bezalako adjektiboak hautatu dituzte, ingelesez paratu duten orrian. Hasierako web orrialde eleanitzetik ingeles hutsezkora pasa dira «errazagoa eta zabalagoa delako». Jokinen esanetan, «ingeles eder bat hautatu dugu, guk dakigun ingelesa, ingeles internazionala, denek ulertzeko modukoa».

My Jok-ek moda, marrazkia, antzerkia, bideoa... uztartzen ditu, arte garaikidearen gero eta diziplina aniztasun handiagoari helduz. Lan kolektiboa gustatzen zaiela bistan da: besteak beste, Iruñeko Funtsak kolektiboarekin eta Bilboko Funky Project-ekin batera aritu dira. Eta kalean aritzea ere maite dute, jendearengandik gertu egotea: «Ez dugu elitistak izan nahi, ez gara batere ‘pijoak’ Hegoaldean esaten duzuen bezala. Jende guztiarentzat mintzatu nahi dugu, guztiengana heldu».



Sorlekua utzirik

Denda Bilbon paratuko dute, egun My eta Jok bertan bizi direlako. «Bilbora etorri gara lan egin ahal izateko, arteaz bizitzeko». Iparraldean arte garaikidearen panorama zein den azaltzeko eskatu diegunean, Maianak hitz esanguratsua hautatu du: «Desertia». Ipar Euskal Herrian arte garaikidea bizibide izatea soilik dirulaguntzei esker posible litzatekeela diote eta «guk subentzioak ukaiteko gure lana aldatu beharko genuke, lan tradizionalagoa egin beharko genuke». Hori dute kexa eta kezka nagusia, Iparraldeko instituzioek soilik kutsu folklorikoa duen arte tradizionala, turismoari begira bereziki, bultzatzen dutela. Arte galeriak ere berdin: kontserbadoreak dira eta ez dute arte garaikidearekin arriskatu nahi.

Erakundeen laguntza eza azaltzeko adibide bat ipini digu Jokinek: «Miarritzeko Herriko Etxeak Parisko agentzia bati milaka euro ordaindu dizkio berriki bere logoa egiteko eta Iparraldean baditugu artistak hori egiteko gai direnak». Lasai-ren liburuxka zabaldu eta Franck Cazenaveri dagokion orrialdean ipini du hatza: «Miarritz bertakoa da eta lan ederrak egiten ditu. Hori anitz pasatzen da Iparraldean; domaia da bertako artistei lanik ez dietela ematen eta, gu bezala, jendea ez dela bertan gelditzen. Gu Euskal Herrian geratu gara, baina asko eta asko Bordelera edo Parisera joaten dira».

Bilbora mugitzeko arrazoien artean, ez dute soilik diru kontua aipatzen, giro egokiaren bila ere etorri baitira: «Inguruan dinamismoa ukaiteak, beste artista batzuk ukaiteak on egiten dio artistari» Maianaren hitzetan. Eta giro hori lehenagotik ere ezagutzen zuten Bilbon topatu dutela dio Maianak: «Hegoaldeko jendearekin eta, bereziki, Bilboko jendearekin usu egin dugu lan, mugimendu berdinean ari gara nolabait».

Baina Hegoaldera mugitzea eta Iparraldea ahaztea ez dira gauza bera. 2005ean bezala, aurten ere Lasai proiektua bultzatuko du My Jok-ek eta irailean Iparraldeari buruzko film bat egingo dute Euskal Kultur Erakundearekin batera. «EKEkoek ulertu dute guk egin nahi duguna, ulertu dute gure modura egingo dugula edo bestela ez dugula egingo, eta ongi laguntzen gaituzte».


Paris, Tokio, Bartzelona...

Jokin Tokiotik heldu berri da, bertako Prêt- -Porter ferian egun batzuk eman ondoren neoprenozko jantziak egiten dituen Thomas Renaudekin batera. Lehenago ere, joan den otsailaren hasieran, Parisen euren lanak aurkezteko aukera izan zuten. Uztailean, aldiz, Bartzelonako Bread and Butter feriara joango dira. Atzerrira egindako bidaiotan saltokietako arduradunekin harremana egiteko aukera dute eta, beraz, euren produktuen salmenta lotzeko balio dute. «Gure jantzien merkatua ez da soilik lokala, zabalagoa da eta gehiago zabaldu nahi dugu, -dio Jokinek- alderdi komertziala kanpoan jorratu nahi dugu gehienbat eta Bilbon, aldiz, artea landu». Baina kanpoan ere ez diote uko egiten beste artista batzuk ezagutzeari eta haiekin esperientziak trukatzeari. Tokion, esaterako, Jokinek bi japoniar gazte ezagutu ditu eta uda honetan hona etorrarazten saiatuko dira, lan kolektibo baterako. Etorkizun hurbileko lanetaz galdetuta Iparraldeari buruzko filma, Lasai-en edizio berria, aurki zabalduko duten denda... aipatu dituzte, baita zehaztu nahi ez dizkiguten hainbat ekintza ere: «Baditugu pentsatuta sorpresa batzuk Bilborentzat». Agur esan eta alde zaharreko kaleetan urruntzen ikusi dugu bikotea, My Jok-eko jantziak soinean; argazkia eginez gero, Bilboko postal garaikide eta bizia egin genezake.

Beharrei erantzunez, Lasai
Iparraldeko artista garaikideek ez zuten elkar ezagutzen, ez zuten bilgunerik. Horregatik, Maianak dioenez «ikusi genuen behar zela zerbait egin, artisten promozioa egin, hor direla erakutsi eta sare ttipi bat sortu». Horrela sortu zen iaz Lasai proiektua My Jok plataforma artistikoaren bidez. Iparraldeko sortzaile garaikideak biltzen dituen katalogo osatu eta 5.000 liburuxka banatu zituzten. Honako artistak biltzen ditu Lasaik, My Jok-ez gain:

- Franck Cazenave. Arte zuzendari moduan euskarri grafiko guztiak ukitzen ditu.

- Eric Dicharry. Uda da aldizkariaren sortzaile eta Kalamu agentziaren zuzendari, kutsu dadaista du bere lanak. www.udada.fr

- Pantxika Ospital.«Konpainia gauzakiak» kontzeptupean, forma eta funtzio berezirik gabeko objektuak sortzen ditu.

- On The Moon. Kontzertu, erakusketa edo proiekzioen bidez gazteen sormena kultura alternatiboa hedatzeko erabiltzen du kolektibo honek. //on.the.moon.free.fr

- Isa Suarez. Kutsu politiko eta kritikoa dute soinu artista honen lanek. www.isasuarez.com

- Zebra 3. Arte plastikoetan hainbat lan burutu eta laguntzeaz gain Buy Sellf aldizkaria argitaratzen du elkarte honek. www.buy-sellf.com

- Christophe Nowakowski. Altzari berezi eta pertsonalak egiten ditu.

- Action Futur. Eskultura eta arkitekturaren artean, etorkizuneko bizilekuak proposatzen ditu taldeak. www.actionfutur.org

- Kalage. Ikusentzunezko sorkuntza lantzen du.

- Caligrayk. Umorez betetako CD-ROM egiten dituzte. www.caligrayk.com

- Maitetxu Etcheverria. Ikusleari zalantza sorrarazten dion argazkilaria.

- Combhard. Thomas Renaudek neoprenozko moda sortzen du. www.combhard.com

- Aldudarrak bideo. Tokiko telebistaz lantzeaz gain bestelako ikusentzunezkoak ere egiten ditu, 1997az geroztik. www.kanaldude.org

- Sylvestre Gobart. Fruta exotikoak dira bere lanaren oinarri.

Gainera, 2005eko azaroan Ustaritzen elkarretaratze bat egin zuten, fisikoki elkar ezagutu ahal izateko eta bakoitzaren lanak erakusteko. Ekimenaren balorazio positiboa egiten dute: «Harremanak atxiki ditugu eta hasi gara gauzak elkarrekin egiten» dio Maianak, aurten ere beste Lasai bat argitaratzeko asmoa adierazten duen bitartean. Aurtengoan, Hegoaldeko artistak ere kontuan izango dituzte, Iparraldekoekin harremanetan jartzeko.

«Lehen urrats bat eman behar zen eta egin genuen» diote My Jok-ekoek, oraingoan kritiko, «baina hori ez da gure lana; instituzioek egin beharko lukete».


Azkenak
Plastikoaren kutsadura mugatzeko itun baten negoziaketan ari dira NBEko herrialdeak Genevan

Erabilera bakarreko plastikoen ekoizpenari eta erabilerari jarri nahi dizkiete mugak bereziki. Plastikoaren ekoizpena bikoiztu dute mende hasieratik, eta igoera horren arrazoia erabilera bakarreko plastikoak dira nagusiki.


600.000 milioi euro inbertitu ezean, %35eko muga zergak jarriko dizkio Trumpek Europako Batasunari

Von der Leyenek eta Trumpek akordioa lortu eta astebetera egin du mehatxua AEBetako presidenteak, Europako herrialdeek hitzartutakoa beteko ez dutela kezkatuta. Europako produktuei %15eko muga zergak ipintzeaz gain, Europako Batasunak AEBetan 600.000 milioi euro gehiago... [+]


Kontrolpean dute Nafarroako baso sutea, eta gobernuak suteak saihesteko neurriak hartu ditu

Suhiltzaileek kontrolpean dute Ibarbeibar ibarreko sutea, Eneritz, Muruzabal, Añorbe eta Obanos herrietan egondakoak hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuak behin-behineko debekua ezarri dio nekazaritzan sua erabiltzen duen edo sor dezakeen makineriari. 


2025-08-05 | El Salto-Hordago
Plastikoak eragindako kutsadurak 1,3 bilioi euroko osasun gastuak eragiten ditu

The Lancet aldizkariak argitaratutako ikerketa batek eman du datua eta ohartarazi du plastikoaren ekoizpenak osasunean eragina duela bere ekoizpen prozesu osoan eta gazte zein helduei eragiten diela. Gehitu du 1950tik 200 aldiz biderkatu dela plastikoen ekoizpena.


Etxeko atxiloaldia ezarri diote Bolsonarori, 2023an estatu kolpe bat ematen saiatzeagatik

Brasilgo Auzitegi Gorenak eman du sententziaren berri, Bolsonaro oraindik Luiz Inazio da Silva Lula Brasilgo egungo presidentea pozoitu eta Alexandre de Moraes epailea hil nahi izateagatik epaitzen ari diren bitartean. Sare sozialik erabili ezin zuenean,... [+]


Bilboko Konpartsek “gustu guztientzako” 600 ekintzatik gora antolatu dituzte

Bilboko Konpartsen Federazioak 2025eko Aste Nagusirako prestatu duen egitaraua aurkeztu du Arriaga Plazan. Federazioak, konpartsek eta Jai Batzorde Mistoak 600 jarduera baino gehiago prestatu dituzte, "gustu guztientzako ekintzez betetako Aste Nagusiaz gozatzeko". 


2025-08-05 | Mikel Aramendi
Gero eta fede gutxiagorekin esanda: ‘No More Hibakusha!’

Hiroshima eta Nagasakiko masakre nuklearren 80. urtemuga heldu zaigu, eta inoiz baino eskasagoak dira itxaropentsu izateko inputak. Hala ere, No More Hibakusha! aldarrikatzen jarraitu beharko dugu... ordukoei ez ezik geure buruari zor diogulako.

Iazko Bakearen Nobel... [+]


Gaza osoa okupatzeko erabakia, atzeratuta

Israelgo lehen ministroa Segurtasun Kabinetearekin biltzekoa zen asteartean, "Gaza osorik okupatzeko planaz" eztabaidatzeko eta hori aurrera eramateko; baina atzeratu egin dute bilera. Israelgo armadaren buru Eyal Zamirrek, aldiz, Gazan diharduten lurreko soldaduei... [+]


Sendo eta dotore

Zer: Orquestra de la Comunitat Valenciana
Zuzendaria: Mark Elder
Bakarlaria: Nelson Goerner (pianoa)
Egitaraua: Txaikovsky eta Xostakovitxen lanak
Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.
Data: abuztuaren 3a.

-------------------------

Orquestra de la Comunitat Valenciana... [+]


Poloniak berriz ireki du Pablo Gonzalezen kontrako prozesu judiziala

Pablo Gonzalez Polonian atxilotu zuten 2022an espioitza leporatuta. 2024ko abuztuan aske utzi zuten baina ez zuten bere prozesua itxi. Orain, prozesua berriz ireki eta epaileek 2025eko udazkenean epaitu nahi dute Gonzalez.  


Konstituzioa aldatu eta betiereko presidente bihurtzeko ateak zabaldu ditu Nayib Bukelek

Bigarren aldiz da El Salvadorko presidente Bukele, konstituzioak legegintzaldi bat baino gehiagoz presidente izatea debekatzen badu ere. Orain, konstituzioa aldatu eta nahi beste aldiz hautatu dezakete presidentea.


20.000 sinadura bildu dituzte txosnak Euskal Herriko ondare immaterial izendatzeko

Gasteizen igandean eginiko agerraldian, Txosnak. Gureak, denonak dinamikako kideek gaitzetsi dute txosnak ez direla enpresen gisara tratatu behar: "Gure ospakizunak edukiz hustu nahi dituztenen kontra, konpromisoaren, aniztasunaren eta autogestioaren alde egiten... [+]


Sarek eta Etxeratek mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan

Urtero legez, hitzordua izan dute igandean Sare eta Etxerat elkarteek Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan. Euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen aldeko aldarriak egin dituzte. 


NBEren Segurtasun Kontseilua Gazan bahituta dauden israeldarrez mintzatuko da asteartean

Bahituen "egoera larriaz" eztabaidatuko dute biltzarrean egongo diren herrialdeek, Danny Danon Israelek Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadorearen arabera. Hamasek adierazi du bahituek osasun arreta jasoko dutela baldin eta Israelek Gazara laguntza humanitarioa... [+]


AEBn euskararen irakaskuntza bultzatzeko akordioa sinatu dute Etxepare Euskal Institutuak eta NABOk

Euskal diasporaren Boiseko Jaialdiaren testuinguruan, Etxepare Euskal Institutuak eta AEBetako euskal erakunde NABOk euskararen irakaskuntza sustatzeko akordioa sinatu dute. Hori horrela, AEBetako Euskal Etxeek euskara "sustatuko eta trinkotuko" dute, eta Jaurlaritzak... [+]


Eguneraketa berriak daude