Ereduak


2006ko martxoaren 12an
Madrilen egun batzuk pasatzeak Euskal Herrian dugun egoerari buruz pentsarazten laguntzen du. Urruntasunak mesede egiten du eta hainbat gauza garbiago ikusten dira distantziari esker.

Arco Arte Azoka handia ikustera joan ondoren Espainiako hiriburuko erakusketak bisitatzea ia derrigorrezkoa da, eta bitartean lagunekin izandako elkarrizketak aberasgarriak izaten dira non gauden konturatzeko.

Non gaude eta zer nahi dugun galdera filosofikoa ez da horrelako bidaietan erantzuten, baina burutazio interesgarriak eman ditzake, adibidez zein dira euskaldunak erabiltzen ditugun ereduak gure azpiegitura kulturalak osatzerako orduan?

Nire lankideak aipatzen zidan Finlandiara egindako bidaia batean Helsinkiko Arte Eskolan Finlandiako telebistak ordaindutako, mantendutako eta eguneratutako platoa zutela, ordainetan ikasle eta irakasleak telebistarako programak egin zitzaten. Inbidia handiz begiratu ondoren gure artean horrelakorik ezinezkoa izango zela onartu genuen, Euskal Telebistak ez lukeelako horrelako hitzarmenik inoiz onartuko, ez baitzaio interesatzen unibertsitate publikoan sortutako programarik; audientzia arazoak, badakizue.

Euskal Autonomia Erkidegoko agintariek ez dituzte Finlandiako eredu kulturalak jarraituko, ez hizkuntzaren normalizazioan, ezta kultura sustapenean ere. Horren ordez kultura kolonizatzaileak izan diren bi Estatuen ereduak jarraitzen tematuta daude. Espainiako eta Frantziako telebistetako ispiluetan begiratzen diogu geure buruari eta txikiak ikusten ditugu buruak eta gorputzak, eta konplexuz beteta bueltatzen diogu ispiluko irudia gure buruari. Ez da harritzekoa 40 milioi eta 60 milioi biztanle eta hiztun dituzten estatu eta hizkuntzekin alderatuta.

Agian ispilu txikiagoak bilatu beharko genituzke gure buru txikiak ikusteko. Finlandia aipatu dut lehen, Portugal ere ez litzateke gaizki egongo Arcon ikusitako artelanak ikusi ondoren. Herrialde txikia da inguratzen duen erraldoiaren aldean, baina, hala ere, ez du arte maila txikiagorik, osasuntsu baitabil Portugalgo artea, ez bakarrik Espainiako merkatuan, baina nazioartekoan ere. Alemaniatik, Suitzatik edo Erresuma Batutik urruti dabil, baina antzeko eragin ekonomikoa duen herrialdeekin alderatuta askoz ere hobeto.

Arcoko Portugalgo galeriak ikusten ari nintzenean galdera bat bururatu zitzaidan: zenbat maila handiko arte galeria daude 700.000 biztanle inguruko Lisboan edo 300.000ko Oporton? Bilbon eta inguruko herrietan ia milioia gara eta Arcon parte hartu duten hiru galeria besterik ez daude, Donostiako eta Iruñeko bana eta Gasteizkorik berriz, ez zegoen.

Ez dakit zein izan daitekeen Portugalen arrakasta erlatiboaren arrazoia, ez dut uste arte azpiegitura handiagoak dituztenik, edo Guggenheim museoaren antzeko ezer jasan dutenik azken urtetan, hala ere hor daude artista on eta artelan ederrekin. Herri independentea dela izango da? Irlandak, independente izan arren, ezin izan dio Erresuma Batuko eragin kulturalari ihes egin eta beldur naiz guri ere antzekoa gertatuko litzaigukeela balizko egoera horretan egongo bagina.

Beraz, kulturalki independentea dela izan daiteke herrialde batzuen arrakastaren arrazoia. Noiz hasi behar dugu lan horretan?

Azpiegitura erraldoietan gastatzeak ez dirudi aipatutako bidean jartzen gaituenik. Bilboko turismoa eta ekonomia bultzatu duen museo erraldoia dugu, baina kultur ekoizle izan beharrean beste toki batean asmatutako kulturari babesa emateko balio du. Adibidez, zein da Guggenheim museoa biltzen ari den bildumaren ardatza? Berezia da edo munduko edozein tokitan bilatu dezakeguna da? Ez dut euskal berezitasuna defendatzen, baina bai arte bilduma bereziz osatutako museoak, horregatik ez dut uste odolusten gaituen artelanak erostea mesedegarria denik.

Gauza bera gertatzen da Tabako fabrikaren proiektuarekin. Zein dira ereduak? Zergatik da beharrezkoa erakundeek errepikatzen duten bezala? Beharrezkoa bada zergatik hain garestia? Ezin al da merkeago den zerbait egin? Egokiagoa al litzateke -eta merkeagoa- Arteleku bezalako hiru zentro?

Azkenean kultur produktu onak sortzeko ez da gauza handirik behar. Heziketa zaindu, sormena babestu eta dirua ondo bideratu. Zertarako nahi dugu mantenuan aurrekontuaren erdia xahutuko duen Tabako fabrika bezalako eraikuntza erraldoia, unibertsitate publikoan dagoen arte ederren fakultatea itoginez beteta badago? "Arteak errealitatea eralda dezake" esaldia eraman zuen Bizkaiko Aldundiak Arcoko erakus-mahaira. Interesen arabera gehituko nioke nik, ekonomiarako eta politikarako balio duten irizpideak ez baitute balio heziketa zentro bati buruz hitz egiten dugunean, hau da Guggenheim museoa eraikitzeko erraztasun handiak bai baina Arte Ederren fakultatea hirian txertatzeko ez dago ez dirurik ez borondaterik.

Besterik gabe, ezin al dugu onartu konplexurik gabe herri txikia garela eta beste neurri bateko azpiegiturak behar ditugula eta gainera herri txikietako ereduak jarraitu beharko genituzkeela, gutxieneko kultural baten jabe garelako? Nora begira ari gara?


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude