Anorexiak eta bulimiak gorantz neska gazteetan


2006ko otsailaren 19an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Elikaduraren asaldu edo trastornoak direla-eta, ospitaleetan ingresatu beharrean gertatu diren kasuen kopuruak %59 egin du gora azken urteotan. Osasunaren Sistema Nazionalak kudeatzen duen ospitaleko alta-erregistroaren arabera, urtetik urtera anorexia eta bulimia kasu gehiago diagnostikatzen dira, eta orain urte batzuk, gaitz horiek apenas diagnostikatzen ziren, edota bestela oharkabean pasatzen ziren ia.

Arrazoi horiek direla medio ospitaleratua izateko batez besteko adina 23 urtekoa da. Baina kasurik gehienetan, patologia 17 urte ingururekin hasten da agerian jartzen.

Elikaduraren trastornoek emakumeei erasaten diete ia esklusiban (%95); baina azken urteotan nabarmen gehitu da gizonezkoen -edo mutil gazteen- kopurua.

Gaixorik dauden pertsona gehienek sei urte behar izaten dituzte, batez beste, erabat sendatzeko.

Elikaduraren asalduek jotako gaixoak maila sozio-ekonomiko ertain/altukoak izaten dira (%85), eta ia gehienek bigarren mailako edo baita unibertsitateko ikasketak dituzte, batzuetan ikasketak bukatzera iristen ez badira ere.

Era horretako trastornoen gorakada azaltzeko arrazoiak, berriz, hainbat dira: gizarteak eta komunikabideek ezarritako edertasunaren estereotipoak, gazteek itsu-itsuan jarraitzen dituztenak; autoestimuan adin horretan oso ohikoak diren beherakadak; eta gehiegizko perfekzio-zentzua.

Elikaduraren trastornoak aztertzen dituen AETCA elkarteko kide den Luis Rojo doktorearen hitzetan, anorexia nerbiosoa duten pertsonen profila "neska gazte batena da, 13-14 urtetik 16-17 bitartekoa, adin horretatik aurrera ere kasuak ager daitezkeen arren. Paziente bulimikoa, berriz, zertxobait zaharragoa da, 20 urtetik aurrerako neska: perfekziozaleak, oso seguruak, baina krisia datorrenean konponbide anormalak bilatzeko joera eduki ohi dutenak" dira.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude