Euskararen inguruko albiste laburrak


2006ko otsailaren 05an

Eibar Kirol Elkarteak euskara-plana jarri du abian Foru Aldundiak lagunduta

Eibar Kirol Elkarteak hitzarmena sinatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin euskararen erabilera normalizatzeko, bai barne funtzionamenduan zein kanpokoan. Foru Aldundiak laguntza ekonomikoa eta teknikoa eskainiko dio. Euskara normalizatzeko plana berariaz prestatu dute Eibar Kirol Elkartearentzat eta plana prestatzen Eibarko ...eta Kitto euskara elkartea aritu da. Lau urteko plana diseinatu dute eta dagoeneko hainbat neurri hartuak dituzte, hala nola, partidetako megafonia bidezko mezuak elebitan egiten dira, Ipurua Futbol Zelaiko errotulazio nagusia elebitan dago eta Jaime Barriuso elkarteko presidentea euskara gaitasuna hobetzeko trebakuntza saioak jasotzen ari da. 2006an goi mailako jokalariak, behe mailako entrenatzaileak eta administrazioko langileak arituko dira euskara ikasten. Lehen taldeko hamar jokalarik adierazi dute euskara ikastaroetan izena emango dutela.


Aisa harrera ikastaroetan 325 ikasle aritu dira euskara ikasten

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailen elkarlanaren bidez, sortu zen duela bi urte Aisa egitasmoa. Euskal Autonomia Erkidegoko etorkinentzat euskara ikasteko ikastaroak eskaintzen ditu programa horrek. Iaz, 54 herrialdetako 325 etorkin aritu ziren euskara ikasten. Ikasleen batez besteko adina 33 urtekoa izan da eta hirutik bi emakumeak ziren. 325 ikasle horietatik 214 Amerikatik etorritakoak ziren; 53 kolonbiar, 34 boliviar, 28 argentinar eta 22 ekuatoriar. Magrebeko ikasleak 28 izan dira eta Errumaniakoak ziren 14 ikasle. EAEko 21 udalerritan 32 ikastaro eskaini ziren iaz Aisa programaren bidez.


Bizkaiko Herri Izendegia onartu du Euskaltzaindiak

Bizkaiko Herri Izendegia 1979. urteaz geroztik egina zuen Euskaltzaindiak, baina ez zuen arau mailarik, proposamena zen. Gainera, 2006. urtea bitartean herriak sortu dira Bizkaian eta horiek ere jaso ditu Euskaltzaindiak izendegi berrian. Arau maila dute Zuberoako, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Gipuzkoako herri izendegiek eta orain Bizkaikoak. Euskaltzaindiaren nahia da gutxi gorabehera urtebete barrurako Nafarroako eta Arabako herri izenak ere araututa izatea.


Euskarazko Wikipedia 5.000 artikuluetara iritsi da

Interneten sortutako entziklopedia askeak (edonork sar ditzake artikuluak) 5.000 artikulu ditu dagoeneko. Duela urte batzuk sortu bazen ere, euskarazko bertsioak 2004. urtean hartu zuen indarra eta orain, 200 bat hizkuntzetan egindako Wikipedietatik 50. tokian dago gutxi gorabehera. Lehenengo postuan dago ingelesez egindako wikipedia eta 930.000 artikulu ditu. Euskarazko bertsioa elikatzen 350 bat lankide ari dira eta sarean euskaraz dagoen entziklopediarik handiena da.


Eguneraketa berriak daude