Hiriak emakumea baztertzen du


2006ko urtarrilaren 22an

Itxura batez, urbanismoa eta genero-ikuspegia ez dira erraz uztartzen. Beatriz Moral, Donostiako Farapi antropologia-aholkularitzako kidearen hitzetan, "jendeari aipatuz gero harrituta begiratzen zaituzte, baina azaldu ostean eguneroko kontuez ari garela ohartzen dira, oso ageriko kontuez". Beharbada hain ageriko izateak bihurtzen ditu ikustezin. Moralen ustez, zoriaren araberako halabeharra bailitzan onartzen dugu hiriaren izaera. "Gaua da, euria ari du, eta hiria horrelakoa da, onerako zein txarrerako. Oso gutxitan pentsatzen dugu pentsamolde baten ondorioa denik, baina hala da".

Pentsamolde horren muina Teresa del Valle antropologoak azaldu digu: "Hiria sexista da ekoizpen-ugalketa binomioaren arabera diseinatu den heinean. Ekoizpenak, alegia, ekonomiarekin zerikusia daukanak, etxetik kanpo egon behar du, eta ugalketak (hots, familia zaintzeak), berriz, etxe barruan baino ez. Hori gezurra da ordea". Gezur horren ondorioz, ugalketarekin zerikusia daukan oro ez dago hiriaren ariman txertatuta, ikertzaile donostiarraren ustez.

Esandakoaren adibide on bat garraioa da, garraio publiko eta pribatu arteko aldeak batez ere. Bolognako (Italia) feminista talde batek hausnarketa egiten zuen horretaz orain dela urte batzuk. Teresa del Vallek dioenez, denbora aldatzen duen legea ere definitu zuten, euren ikerketaren ondorioz. "Begibistakoa zen askoz garraio publiko gehiago zegoela lanera joateko edo lanetik bueltatzeko orduetan, ugalketari lotutako zereginak gauzatzen direnetan baino". Ugalketari lotutako zereginak, izan ere, ez dira etxe barrukoak soilik. Esan dugu goraxeago hori gezurra dela. Erosketak egitea, menpeko pertsonak zaintzea (umeak, zaharrak...), norbait medikuarengana eramatea, zenbait kudeaketa... etxetik kanpo egin beharrekoak dira.

Horrek emakumeei egiten die kalte batez ere, oraindik ere haien esku baitago ugalketa-lana gehienbat. Hala dioskue sen hutsak zein datu hotzek. 2000an argitaratutako EAEko Etxeko Produkzioaren Kontu Sateliteak dioenez, esaterako, 1998an erkidego horretako andreek etxeko lanen hiru laurden egiten zuten. Aparteko testuan ematen dugu horren berri zabalagoa.


Familia eta lana uztartu ezinik

Egia da gauzak aldatzen ari direla, baina horrek ez du hobekuntza ekarri maila guztietan. Emakume gehienei, etxetik kanpoko lan ordaindua izateak ez die etxeko beharren zama arindu, lan-egun amaiezinak ekarri baizik. "Orain asko hitz egiten da familia eta lana uztartzeaz -dio Beatriz Moralek-, baina hori emakumeen arazoa da batez ere. Nik beti esaten dut familia eta lana uztartzeko dauzkagun zailtasunak kalkulu oker baten ondorioa direla: emakumeei lan-merkatuko ateak zabaldu zitzaizkionean, ez zen ugalketa-lana kontuan hartu".

Arazoaren jatorria industrializazio garaian dago, Moralen esanetan. "Orduantxe ezarri zen gaur hain arrunta iruditzen zaigun lanaren sexu-banaketa. Emakumeak etxean familia zaintzen, eta gizonak kanpora dirua irabaztera, hau da, familiaren hornitzaile". Langilea, horrenbestez, etxeko lanen zamarik gabekotzat jotzen zen, edozein ordutan fabrikarako gertu. Gaur egun ez da hala, baina lan-ordutegiek duela mende biko moldeei eusten diete oraindik, etxeko lanak eta kanpokoak uztartu behar dituztenei kalte eraginez. "Okerrena da -iritzi dio Moralek- hau ez omen dela gizarte osoaren arazoa, norberarena baizik, eta emakume askok ere hala onartzen dute".


Ibilbide zuzenak vs. zatikako ibilbideak

Hamaika ikerketa egin dira honezkero gizon eta emakumeek hiri barruan egiten dituzten eguneroko ibilbideez. Ondorioa argia da, eta beti bera: gizonek, oro har, ibilbide zuzenak egiten dituzte, eta emakumeek askoz zatikatuagoak. Bestela esanda: gizona etxetik lanera eta lanetik etxera joaten da, edo baliteke lanetik bueltan gimnasio batean edo taberna batean geldialdia egitea. Andrazkoaren bideek, berriz, askoz bihurgune gehiago daukate, Teresa del Vallek emandako adibide honetan argi uzten duen bezala (Bartzelonan egindako ikerketa batetik hartua): "Emakumea ohetik altxatu eta ogia erostera doa alboko dendara; ondoren, bere umeak eta bizilagunarenak daramatza eskolara -aurretik bizilagunaren etxetik igaro da noski-; horren ostean, osasun-zentrora errezeta batzuk hartzera; gero etxera berriz bazkaria prestatzera; arratsaldez bere lanera, eta handik itzultzean umea jaso solfeotik". Beti estu, eta besteen ordutegien menpe sarritan.

Gaurko hiriak ez du errealitate hori aintzat hartzen. Tolosako Udaleko berdintasun-teknikari Jone Hernandezek dioskunez, "garraio publikoa ez dago halako ibilbideetarako pentsatuta, eta emakumeok gara garraio publikoa gehien erabiltzen dugunak, beste talde batzuekin batera: etorkinak, gazteak, zaharrak...". Hiria auto-gidarien mesederako diseinatuta dago Hernandezen (eta gurekin hitz egiten duten gainerakoen) esanetan, eta horiek, oraindik ere, gizonak dira gehienbat; ez edozelangoak gainera. Hernandezek dio, hain zuzen, hiria gizon mota batentzat eginda dagoela batik bat: "Heldua, ekonomia aldetik nolabaiteko boterea-edo duena, lan mota jakina duena, lanera autoz joaten dena...". Egia da, bestalde, gero eta andre gehiagok gidatzen duela autoa. Haatik, hori ere euren kalterako dateke, emakume askok taxi-gidariarena egin behar baitute familia osoarentzat, Beatriz Moralek gogorarazi duenez.


Hiria, leku beldurgarri hori

Zerbitzuez eta lan-banaketaz mintzatu gara gehienbat, baina hiriaren itxurak berak ere eragiten die emakumeei, gizonek askotan igarri ere egiten ez duten moduan. Donostiako Plazandreok hautes-plataforma feministak orain dela hamar urte ekin zion hiri debekatuaren mapa osatzeari. "Emakumeok desberdin bizi dugu hiria, eta hori nolabait islatu nahi genuen", dio elkarteko kide Eva Martinezek.

Emakumeei galdezka, Plazandreokek Donostiako leku arriskutsuen eta oztopo arkitektonikoen zerrenda osatu zuen; "oztopo arkitektonikoak geuk jasaten ditugu-eta gehien, erosketetarako gurditxoak daramatzagunean, edo umeen aulkitxoak". Emakumeei beldur ematen dieten lekuei dagokienez, harrituta geratu ziren hiriko zenbait txoko erantzun guzti-guztietan agertzen zirela ikustean.

Emaitzak mapa batean jaso eta ezagutarazi egin zituzten, baina harrera onik ez zutela eduki salatzen du Eva Martinezek: "Komunikabide askotan barre egin ziguten, guk genioena ez zetorren bat saldu beharreko postaletako Donostia horrekin. Kontua da emakumeok ez dugula Donostiako leku batzutatik ibili nahi, eta horietako batzuk erdigunean daude eta oso ederrak dira".


Basaurin, udal babesaz

2002an, Basauriko Udalak antzeko zerbait egin zuen, baina orduko hartan hedabideen arreta oso bestelakoa izan zen, erakunde publiko batek kaleratutako lana zelako beharbada. Funtsean, Donostia eta Basaurin gauza bera egin zuten, eta ez kasualitatez: Basauriko hiri debekatuaren mapa bertako berdintasun-teknikari Anabel Sanzen ekimenez gauzatu zen, eta hura Plazandreokeko kidea izan zen lehenago.

"Emakumeek zioskuen jenderik gabeko lekuek ematen zietela beldur, ilun, zikin edota konpondu gabe daudenek, ezkutatzeko aukera eskaintzen dutenek...", azaldu digu Sanzek. Mapa argitaratzeaz batera, Udalak konpromisoa hartu zuen bertan agertzen ziren guneetan -bederatzi baino ez zituzten aipatu, galdetutako emakumeek zerrenda oparoagoa eman arren- hartu beharreko neurriak hartzeko. Orobat, ez ziren beste munduko ezer: argia ipini, ispilu bat paratu, pixka bat txukundu... Denak gauzatu ziren.


Segurtasun subjektiboa

Beatriz Moralen iritziz, "segurtasun-kontuak konpontzea oso erraza da askotan, porlana, beira edo zura jartzea baino ez". Farapikoak azpimarratu egin nahi du segurtasun subjektiboak daukan garrantzia -"alegia, emakumeok nola ikusten dugu hiria"-, eta diseinatzeko garaian beste irizpide batzuk eskatzen ditu. Adibide moduan, elbarriei irisgarritasuna errazteko sortutako legedia gogorarazten du Moralek. "Emakumeen segurtasunari dagokionez gauza bera egin daiteke, baina gai horri ez zaio behar duen garrantzia ematen".

Ikerketak egin dira arlo honetan, eta proposamen zehatzak daude emakumeak lasai ibiltzeko moduko hiria "berrasmatze" aldera. Nolakoak izan behar duten argiek, kaleek, atariek, garajeek... "Batez ere ikustea erraztu behar da -dio Moralek-, bai nik ikustea bai ni ikus nazaten. Eta gainera, garrantzi handikoa da auzo-antolaketa. Ildo horretan, zenbat eta jende gehiago, orduan eta seguruago. Merkataritzarik, parkerik, bizitzarik gabeko guneetan beldurra da nagusi".


Politika publikoetan zer?

Hiri antolamenduaren genero-ikuspegiak gero eta garrantzi handiagoa du, Beatriz Moralen ustez, baina nahiko kontu berria da nolanahi. "Bi hamarkada baino gutxiago izango da gai honen inguruan lan egiten hasi zela, eta 90ekoan hasi zen indar hartzen". Urratsak, hala ere, apurka-apurka datoz. "Politikariak hasiak dira honetaz pentsatzen -dio Teresa del Vallek-, baina ideiak gauzatu egin behar dira, ezin dira ideia huts modura geratu. Ikusi beharko nola egiten den hori; hiria berrasmatzea sekula amaitzen ez den lana da, hiritarron beharrak aldatuz doazelako. Garrantzitsuena hori da: hiriak pertsonentzat egina behar du, hiritarrok baikara muina".

Del Vallek zenbait udaletan egiten ari diren ekimenak goraipatu ditu, "proposamen txikiak beti ere". Goragoko mailan, ezer gutxi dago oraindik teoriaz landa. Emakunde, berbarako, orain urte batzuk hasi zen hiriaren genero-ikuspegiaz hitz egiten, baina gaia jorratu gabe dagoela aitortzen du Ander Bergara erakundeko aholkulariak. "Kontu hauek ezezagunak ziren orain arte, eta horregatik berdintasun-politikek beste alderdi batzuei begiratu diete gehiago. Bada momentua bultzada emateko".

Bergarak gogorarazi egin digu berdintasun legearen 46. artikuluak botere publiko guztiak genero-ikuspegia txertatzera behartzen dituela, euren hirigintza, etxebizitza, ingurumen eta garraio politiketan. "Baina ez da erraza izango gaurko antolamendutik abiatuta aldaketa ematea", onartu du Emakundekoak. Ekoizpenak lehentasuna dauka ugalketaren aldean, eta autoan doazen gizon heldu dirudunek, antza, jaun eta jabe izaten segituko dute puska batez.

Kaleak seguruagoak izan daitezen, autodefentsa ikastaroak
Bizkaiko Emakumeen Asanblada orain dela hamabost urte baino gehiago hasi zen emakumeentzako autodefentsa ikastaroak ematen. Hasieran Asanbladako kide askotxo zebilen irakasle, baina apurka-apurka utziz joan ziren, eta gaur egun bik baino ez diraute zeregin horretan. Biak dabiltza lanez gainezka.

Maite Monroy da irakasle horietako bat. Ikastaroak bere kabuz ematen ditu orain, baina Bizkaiko Emakumeen Asanbladako aspaldiko kidea izanik, hasierako filosofiari eusten dio: "Emakumeok gure defentsaren protagonistak izan behar genuelako hasi ginen ikastaroak eskaintzen". Gaur egun, Euskal Herrian ematen diren autodefentsa ikastaro gehienak talde feministen eskutik datoz.

Ikastaro bakoitzak hiru alde ditu. Horietako bat emakumeen aurkako indarkeriaren zergatiak aztertzea da. "Jendarteak bultzatutako indarkeria da -dio Monroyk-, eta erro kulturalak ditu. Emakumeek eta gizonek munduan egoteko modu desberdinak dauzkaten bitartean, oso zaila izango da desagertzea".

Beste alderdi bat fisikoa da, hau da, non eta nola jo ikastea. "Emakumeok, sarritan, beldur izaten dugu jotzeko orduan, geure burua ez defendatzeko hezi gaituztelako. 'Gizon batek eraso egiten badigu, onena ezer ez egitea da' hala irakatsi digute". Ikastaroen hirugarren zutabea, hain zuzen, era horretako aurreiritziei aurre egitea da, emakumeen autoestimua landuz.

"Emakumeak euren burua defendatzeko gauza ez direlako ideia hautsi behar da", dio Monroyk. "Ikastaroetan oso teknika errazak irakasten ditugu erasoei aurre egiteko, eta batez ere erasook saihesteko". Horregatik, kalean ibiltzeko moduak eta seguruago sentitzeko trikimailu txikiak ere esplikatzen dira. Baina sekula ez da esaten zenbait lekutan ibili behar ez denik. "Alegia, ez diegu bizitzeari uzteko eskatzen".

Etxeko lanen hiru laurdenak, andrazkoen esku
2000ko martxoan, Eustatek -EAEko estatistika erakundeak- Euskal Autonomia Erkidegoari buruzko etxeko produkzioaren kontu satelitea argitaratu zuen. "Bertan, etxeko lanak egiten zenbat ordu ematen ditugun kalkulatzen da -azaldu digu Beatriz Moralek-, lan horrek Barne Produktu Gordinean zer nolako garrantzia daukan jakite aldera. Baina interesgarriena, diruzko balioaz gain, emakume eta gizonek zenbat ordu egiten dituzten ezagutzea da. Emaitzek agerian uzten dute etxeko produkzioak emakumeen esku jarraitzen duela".

Kontu Satelitearen arabera, 1998an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako emakumeek etxeko lanen %75 inguru egiten zuten. 1993ko datuekin konparatuta (%79), gizonen parte hartzea zertxobait handiagoa zen, baina hala ere alde handia zegoen oraindik munduko zenbait herrialde aurreraturekin. Izan ere, Kontu Sateliteak emandako taulak agertzen duenez, Japoniako emakumeek besterik ez dute EAEkoek baino parte hartze handiagoa etxeko lanetan. Europa, Amerika eta Ozeaniako herrialde garatuenetan 90eko hamarkadan zehar egindako ikerketek gureak baino askoz kopuru txikiagoak ematen dituzte arlo horri dagokionez.

- Kanada: %63 (1992)
- Australia: %66 (1992)
- Zeelanda Berria: %65 (1991)
- Norvegia: %66 (1990)
- Suitza: %67 (1997)
- Japonia: %85 (1996)

Kirola ere, gizonarentzat
Edozein hiritan garrantzi handia daukate aisialdi-zerbitzuek, eta horien artean kirolek, ikusle nahiz egile modura. Bai alderdi batean bai bestean, gizonak dira gehien oraindik ere. "Gipuzkoan egindako ikerketa batek dioenez, neskek mutilek baino lehenago uzten diote kirol egiteari", azaldu digu Farapiko Beatriz Moralek; "kirola, izan ere, gizonezkoei lotuta agertu da historian zehar".

Moralek dioskunez, industrializazioaren ondorioz emandako zatiketak -gizonak fabriketara, lanera; emakumeak etxean, umeak zaintzen- zerikusi handia eduki du horrekin. "Seme-alabek amarekin ematen zutenez denbora gehien, mutilak gehiegi ‘emakumetuko’ ote ziren beldurra zabaldu zen, eta orduantxe hasi zen kirola gaur ezagutzen dugun bezala antolatzen, haiek ‘gizontzeko’". Hortaz, kirola ez da hain erakargarria neskentzat, ezta ikusle izateko ere.

Maiz aipatzen da, hala ere, gero eta andrazko gehiago joaten omen dela futbol zelaietara. "Dagoeneko zenbaitek gogorarazi duenez, berdintasuna ematen ari da emakumeak gizonen mundura hurbiltzen ari direlako, eta ez alderantziz", Beatriz Moralen esanetan. Horren zergatia argia da haren ustez: gizonezkoekin zerikusia daukanak prestigioa dauka, emakumezkoekin zerikusia daukanak ez. "Emakumeak esparru publikora irtetzen hasi dira, baina esparru hori gizonezkoena denez erabat, emakumeek haien eredura egokitu behar izan dute. Nik esango nuke kirol eskaintza gizonei zuzendutakoa dela batik bat, eta emakumeak horri heltzea beste konponbiderik ez dutela eduki".

Emakumeak memoriatik kanporatuta
Teresa Del Vallek urte asko eman du orrialdeotan darabilgun gaia aztertzen, eta lan horrek, besteak beste, argitalpen uzta ederra utzi du. 1997an, konparazio baterako, Andamios para una nueva ciudad liburua kaleratu zuen, hemen aipatu ditugun ideietako asko guk baino askoz maisutasun handiagoz jasoz. Lan hura burutzeko, del Vallek ondo ezagun dituen hiri bitako kaleetan barna ibili zen gora eta behera, galdetzen eta behatzen. Hiri horiek Bilbo eta Donostia dira, eta Andamios para una nueva ciudaden pasarte mardula eskaintzen die bien kale-izendegiei. Ondorioak ez du zalantzarako betarik uzten: "Izaera sexista agerikoa da". Beste horrenbeste esan daiteke munduko hiri gehienez.

Del Vallek kale-izendegiaren garrantzia azpimarratu digu: "Kale-izenak memoria nola sortzen den azaltzen diguten erreferentziak dira. Haien bitartez ikus daiteke gizarte batek nor goraipatu nahi duen, noren oroitzapena utzi nahi dien datozen belaunaldiei". Hara, gauzek orain bezala jarraituz gero, datozen belaunaldiek ezer gutxi gutxi jakingo dute euren antzinako emakumeez.

Adibide batzuk: Bilbon, 725 kaletan 28k besterik ez zeukaten andrazko izena 1997an. "Bilbotarrei euren hiriko emakume izendun kaleez galdetuta -dio del Vallek Andamios para una nueva ciudaden-, jendeak pentsatu egin behar zuen, baita emakumeek ere. Azkenean, gogora etortzen ziren bakarrak Maria Muñoz, Epalzaren alarguna eta Doña Casildaren parkea ziren". Inork ez zion aipatu Epalzaren alarguna eta Casilda de Iturrizar pertsona bera zirela.

Kale bati izena eman dioten emakumeen artean -Bilbon beti ere-, zenbaitek gizon nabarmenekin ezkontzeari esker lortu zuten ospea. Casilda de Iturrizar bera da horren adibidea. Hala ere, Bizkaiko hiriburuko kale-izendegiko emakume gehienak erlijiotik datoz: santuak edo amabirjinak dira batez ere. Azkenik, hiruk baino ez dute euren lanbideari esker lortu kale-bataiatzaileen onespena. Gizonen kasuan guztiz alderantziz da: gehienak euren ogibidearen kariaz nabarmendu ziren.

Sukaldaritza etxe barruan eta etxetik kanpo
Andamios para una nueva ciudad liburuan, Teresa del Vallek hainbat orrialde eskaintzen dizkio sukaldaritzari. Esaldi honekin laburbil dezakegu donostiar antropologoak bertan dioena: "Euskal gizartean, sukaldaritza-ezagupideak etxetik kalera ateratzen direnean gizonezkoen jabetza bihurtzen dira, horrek dakarren prestigioa eta guzti".

Zer gordetzen da gizonak baizik onartzen ez dituzten gastronomia-elkarteetan?, galdetzen du del Vallek. Etxeari -eta beraz emakumeei- dagozkion jakintza batzuk, azken batean. Hau da, jatekoa prestatzeari buruz ostutako jakintzak, "gizonen menpeko leku batera eramanak eta testuinguru horretan jarriak". Prestakuntza hori ez da etxekoa bezalakoa. Lasai egiten da, lagun arteko giro alaian, gozatuz. Ez da arineketan eta sarritan aurrekontu murritzegiaz prestatutako eguneroko otordua, dio del Vallek, zerbait bereziagoa baizik: "Inork ez du esaten 'hau ez dut gustuko’ edo ‘hau atzo ere ipini zenigun'". Etxetik kalera jauzi egitean -bestela esanda, emakumeengandik gizonengana-, sukaldaritzak duintasuna eta ospea eskuratzen ditu.

Gizonek sarritan aipatzen omen dute jakintza horren iturria emakumeak direla. "Era horretan, nire ustez, inork usurpatzaileak direla esaterik saihestu nahi dute", dio del Vallek, "aipamena eginez emakumeak baztertuta ez sentitzea lortzen da". Eta aldi berean, etxeko sukaldean emakumeek egon behar dutela gogorarazten da. "Hala, andrazkook lan eskerga egiten dugu etxe barruan, senar eta semeek errezetak erakuts ditzaten kanpoan, harro". Del Vallek azpimarratzen duenez, joera hori komunikabideetara ere iritsi zen aspaldi: telebistako errezeta-saiorik gehienetan gizonak dira sukaldariak, eta emakumeak ikusleak.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude