Gizatasuna zalantzan


2006ko urtarrilaren 15an
Bartzelonan, berriki, hiru gazte atxilotu dituzte andrazko eskale bat hil izana leporatuta; eta nola hil, gainera. Hasieran, 18 urteko gazte bik bortizki jipoitu zuten, baina eskaleak kutxazain batean babestea lortu zuen, bertako atea itxirik. Handik gutxira, berriz itzuli ziren, 16 urteko gazte bat amu bezala erabilita atea ireki ziezaien. Eta behin hori lortuta, su eman zioten andreari. Horrelaxe, bizirik erre zuten. Udal agintarien arabera, mutilak familia arruntekoak dira, klase ertainekoak. Gazteok, antza denez, errudun direla aitortu dute, baina jolastu baizik ez zutela nahi esan dute euren burua defendatu guran.

Tankera horretako albisteek ezinegona eragiten dute edonorengan. Animalia hutsak dira: horixe da burura datorkigun lehendabiziko ideia; eta ziztu bizian saiatzen gara gizateriaren eta ale bakan batzuen arteko mugak ezartzen. Esaten dutenez, alta, ankerkeria giza ezaugarria omen da; hots, animaliek biziraupena ziurtatzeko baino ez omen diote beste bati minik eragiten. Ez dakit egia den edo ez. Edozein modutan, aipatu albistea entzutean, barruko ahots txiki bat hasten zaigu berbaz, apur bat etsita, gizakiaren eta gizateriaren izenean han-hemenka egiten diren hainbat eta hainbat sakrifiziok, ametsek, proiektuk... merezi ote duten zalantzan ipintzen duena.

Azken batez, edozein zeregin kolektibo bati ekiten dionak gizakiari buruzko ikusmolde jakin bati eusten dio, nahiz eta batzuetan jabetu ere ez garen egiten horretaz. Ugariak dira ikusmoldeok, baina oinarrian denek dute honelako ideia: pertsonak badu halako izaera sakratu bat, beste edozeren gainetik dagoena. Esate baterako, sentiberatasun ekologikoa izugarri hazi da azken aldian, eta, horren ondorioz, naturari egindako eraso bakoitzak -berdin da parke bateko zuhaitzak edo Amazoniako baso erraldoi bat izan- egiazko tristezia sorrarazten du gugan. Baina edozein hondamendi ekologikok beste izari bat hartzen du tartean hildakorik egonez gero, zeren eta gizakia eta bere bizitza -eta ondorioz, bere heriotza- gauza guztien gainetik daudela uste baitugu. Bestela esanda, ekologistek ere ez dute maila berean jartzen astoaren desagerpena eta gizakiarena. Hori horrela, norbanakoaren duintasuna, askatasuna eta ongizatea jotzen ditugu balio gorentzat. Giza aberea abere guztiz berezi bezala ikustean bat egiten dute tradizio kristauak eta pentsamendu filosofiko nagusiak. Mendebaldeko gogoeta intelektualean ez ezik, gaur egun ondo sustraitua aurki dezakegu ikusmolde hori jende xehearen irudikapen eta egintzetan; horregatik esaten nuen gorago, batzuetan, sentipena inkontzientea izan daitekeela.

Hala ere, ondo sustraitua egoteak edota sakonki hausnartua izateak ez du saihesten ikuspegi okerra izatea, alde askotatik begiratuta. Zenbaitek uste du, horrela, alferrikakoa dela gure animaltasunari uko egin gura izate hori. Alferrikakoa ez ezik, patetikoa ere bada. Diotenez, antropozentrismoa alboratu ezinik gabiltza, orain mende batzuk gure planeta unibertsoaren erdigunea zela pentsatzen zutenak bezalaxe, harro-harro, itsu-itsuan. Eta ez dugu Darwin behar animaltasunaren katebegi bat baino ez garela jabetzeko; egunerokotasunari begiratu baino ez zaio egin behar, ordea. Mingarria da, apur bat fribolo jarrita, baina onartu beharra dago: gu ez gara filmearen protagonista; bilakaeraren zori hutsaren emaitza baizik. Akabo, beraz, duintasun guztiak. Edo ez?

Dudarik gabe, eztabaidaren ondorioetan dago gako nagusietako bat, ez baikaude intelektual batzuen arteko tira-bira teoriko huts baten aurrean. Animaliei dagokienez, uste dut ondorio zuzen -eta onuragarri- asko egon daitezkeela. Ni neu ezjakina naiz animaliek guk bezalaxe sentitzen eta arrazionalizatzen duten edo ez ebazteko, edo horretaz iritzi sustaturik emateko, baina nago eztabaida bera mesedegarria izan behar dela haien bizi baldintzak eta haiekin dugun jokabidea zuzentzeko. Milaka urtetako zorra kitatuko genuke horrela. Natura/kultura binomioaren arteko mugei buruzko gogoetaren ur sakonetan murgildu gabe, beraz, gora animaliak! oihuari ongi etorria eman beharko genioke herritar xumeok.

Baina zer gertatzen da gizakiok elkarri zor diogun jokabidearekin? Zenbait ekinbide kolektiboren jardunean, adibidez, inplikazio zuzen bat baino gehiago izan lezake. Burura datorkidan lehena feminismoa da, neurri handi batez, naturak ezarritako baldintzei uko etengabean eta horiek gainditzean oinarritu baita mugimendu hori. Nola edo hala, ekinbide kolektibo oro ukiturik gelditzen da eztabaida honekin. Hasiera batez, irudi lezake ekologismoa indartzeko mesedegarri izan litekeela antropozentrismoa alboratzea, baina, zergatik izan behar gara ekologista eboluzioaren zori hutsez baldin bagaude planetan? Zergatik sentituko ginateke gure ondorengo belaunaldiekin zorretan?

Hortaz, animaltasunaren errebindikazio erradikalak ekinbide morala ere indargabetu dezake. Agian horrela sentituko ziren kristauak Darwinek bere tesi ospetsuak azaleratu zituenean.


ASTEKARIA
2006ko urtarrilaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude