Legaltasunean eta baikor


2005eko abenduaren 18an

Gamarte herrikoa da lehendakaria. Esne mozkineko behiak hazten ditu. Lehendakariordea Itsasukoa da, ardiak hazi eta gazta ekoizten du. Hirugarrena Bankakoa da, mendiko laborantzan ari da. Ardiaz gain, behi gorriak eta euskal txerria hazten ditu.

Mixel Ozafrainek AOC Ossau-Irati sor-markaren afera hurbiletik segitu du, Ossau-Iratiren betekizun ituna kendu izanak kezkatzen du: "Laborari gisa tristea atzematen dut. Anitz urtez lan egin dugu Ossau-Irati sor-markaren araudia egokitzeko, araudia ona zen ardi gasnaren sor-marka hobetzeko. Kontsumitzaileentzat mozkinen kalitatea garantizatzen zuen, orain gibelerako urrats handia eman dugu. Ministroaren jarrera bai marka dela, berak sinatutako araudia bertan behera utzi du. Horrelakorik ez genuen inoiz ikusi. FDSEAk boterean duen eragina ageri da».

Mixel Berhokoirigoineren iritziz AOC Ossau-Iratiren inguruan gertatuari ez zaio duen baino inportantzia gehiago ez gutxiago eman behar. Kezkatzen ditu, baina momentuko afera dela dio. Adibidez, gertatuak ez du erran nahi Paueko Laborantza Ganberako hauteskundeetan eraginen duenik: "Paueko Laborantza Ganberako hauteskundeetako emaitzak ez dira horregatik aldatuko, jendea biziki ilusionatuta dago. FDSEAkoek une bateko garaipena izan dute, baina orain agertuko da jendea tronpatu dutela. Arrisku hori hartu nahi izan dute, geroak erranen du".

Mayse Cachenautek gurasoen etxaldea hartu zuen segidan: "Gero eta emazte gehiago ari da laborantzan plantatzen, arauz Frantziako beste eskualdetan baino gehiago, gureak etxalde tipiak dira eta laneko moldeak errazten ditu. Lan egiteko ez da lehen beste indarra behar, eta, bestalde, ekoizpena bururaino egiteak -gazta egiteak, adibidez- ekarri du emazteak leku gehiago izatea. Laborariek badute errespetua emaztearekiko".

Laborantza Ganbara legaltasunean

Urte batean prentsaren bidez berri nahasiak zabaldu dira. Alta, inork ez luke dudarik izan behar, Euskal Herriko Laborantza Ganbara egitura legala da. Erakunde honen estatutuak Baionako Prefeturan erregistratuta daude. Estatuko aldizkari ofizialean agertu zen, egitura legala da. Bertan ari diren langile eta teknikari kualifikatuak ofizialki deklaratuak daude. Inork ez luke dudarik izan behar. Alabaina, Estatua saiatzen da egitura hau ez dela legala frogatzen eta aldi berean herritarren eta laborarien artean duda-muda ezartzen. Ganbarak normaltasunez funtzionatzen segitzen du, eta prefetaren erasoek segitzen dute. Esaterako, Laborantza Ganbaran lagundu duten auzapezen aurka. Auzapezak auzitegi administratibora deituak izan dira. Afera auzitegian eta abokatuen esku dago. Eraso hauen helburua Laborantza Ganbarak Herriko Etxeetatik jasotako diru laguntza bertan behera gelditzea da. Orain arte, 159 Herriko Etxeetatik 30 inguruk eman zuten laguntza eta berriki, debekua ezagutu ondoren, Lekorneko Herriko Etxeak ere sostengua eman du. Bien bitartean, Ainhize-Monjeloseko erakundea laguntzen duten laborariek EHLG biziarazi nahi duten laborariek bietan pagatzen dute, bat obligazioz eta bestea militante gisara. Alabaina, laborari bat aholku edo zerbitzu eske joaten bazaie -eskaria egiten duenak laguntzen ez badu ere- erakunde honek zerbitzuak urririk eskaintzen dizkie.

EHLGk bi helburu nagusi ditu: bat, laborantza iraunkorra bultzatzea; eta bi, erakundea finkatzea. Laborantza iraunkorrari gorputza ematen hasi zaizkio laborari hauek. Sailetan antolatu dute beren lana, eta kontzeptu hori gauzatzeko ildoak abian dira. Proiektuak ahalen arabera garatuko dira, baina betiere laborantza iraunkorraren ildoan. Instituzio mailan, lehen urtea bere ukazioaren urtea izan da. Horrek markatu du erakundea. Konfrontazioak erakutsi du administrazioa, prefeta, kontseilu nagusiaren nahiz hautetsi handien aldetik ez dutela oraindik urratsik eman nahi laborantza mailako erakunde bat izan dadin.

Laborantza Ganbararen egitura eta geroa

Proiektuak milioi bat euroko aurrekontua du helburu urte bakoitzeko. Erakunde honek 300.000 erabili ditu lehen urtean. Heldu den urterako 600.000 euro aurreikusi dituzte. Beraz, bikoiztuko dute eta kontent daude. 6 langile izan dituzte orain arte eta zazpigarrena hasi berri da: kalitatezko ekoizpenen komertzializatzeaz arduratuko dena. Heldu den urtean beste lau izatea nahi lukete, 11 beraz. Laborantza Ganbararen funtzionamendu normal batek 16 langile beharko lituzke. Lortuko dutelakoan, arduraz eta gogoz segitzen dute lanean.

Dudarik gabe, Frantziako Estatuaren auzitegiek erabakiko dute neurri batean EHLGren geroa. Hala ere, gutxienez 2006ko urte bukaera arte ez da afera trenkatuko. Bien bitartean, ELBko eta Laborantza Ganbarako laborariek soka-tiran dihardute Estatuarekin. Urte hau garrantzizkoa da inondik inora ere. 2006an, onerako eta txarrerako, testuingurua aldatuko da. Laborari hauek aurten lortuko diren emaitzen araberako izanen da 2007ko indar korrelazioa. EHLG eta Estatuaren arteko konfrontazio demokratikoa ikusgarria eta ikasgai modukoa izan da 2005. urtean zehar. 2006an beste hainbeste eginez gero, geroa irabazia dute.

Natura 2000: mendiko laborantzari buruzko egiaztatzeak
Laborantza Ganbara laborantza iraunkor eta herrikoiaren aldeko ekimena izaki, jendarteko beste sektoreekin batera Iparraldeko lurraldearen garapena bermatzea du helburu. Baserritarren baliabideak lurra eta ura izanda, horiek zaindu behar ditu bereziki. Natura zaindu beharra denok onartzen dugu, Europako Batasunak bultzatutako Natura 2000 plana denok hobesten dugu. Frantziako Gobernuak baietza eman zion aspaldi. Besterik da, asmoak lantzea eta etekin onak ekartzea. Administrazioak informazio eskasa emateaz gain, ekimen honen garapena blokeatuta dago. Natura 2000 proiektua blokeatua izanik mendiko laborariak dira petzero handienak. Egoera tamalgarri honen aitzinean, Laborantza Ganbarak informazio zuzena zabaltzeaz batera, elkarrizketaren bidea lantzen ari da.

Natura 2000 programa

Natura 2000 Europa mailako sarea da, biodibertsitate mailako aberastasun handia duten eremuak zaintzeko egitasmoa. Ekimen honetan garapen iraunkorra sartzen da, eta ingurumena zaintzea bermatzeaz gain, lekuko errealitate ekonomiko sozial eta kulturalarekin uztartzea xede ditu. Frantziako Estatuak 1995ean sinatu zuen prozesu hau garatzeko dekretua, Michel Barnier ingurumen ministroa zelarik. Alta bada, Frantzia ez da sinatutakoa betetzen ari. 2000, 2001eta 2002. urteetan Frantzia zigortua izan zen, ez baitzituen bere konpromisoak bete. 2004tik plangintza aurrera eramateko berretsi zuen bere engaiamendua. Plangintza ziurtatu ahal izateko ehun lanpostu sortu behar ziren, Frantziako Gobernuak ez ditu berauek antolatu eta berriz ere Europako Batzordetik isun handia jaso lezake.

DOCOB prozedura

Kontseilu Nagusiak eta Eskualdeko prefetak bereziki izendatutako zientifikoek izendatu behar dituzte Natura 2000 programa aplikatu beharreko eremuak. Prefetak -hautetsien ikusmoldearekin batera- Europako erakundeari proposatzen dio eta honek finkatzen ditu prozedurak. Prozedura honi DOCOB deritzo (Gertakarien ebaluazio eta hitzarmenak). Zona bakoitzean, negoziazioaren bitartez, helburua eta garapen bideak errespetatzeko moldeak finkatzen dira. DOCOBek Europako Batzordearen araberako arauak bete behar ditu biodibertsitatearen eremuan. Bertako eragileek -laborariak, besteak beste- eremuko ezaugarriak zaindu behar dituzte tokian tokiko ekimen ekonomikoen baldintzei segituz.

Laborantza Ganbararen iritzia eta ondorioa

Pirinio Atlantikoetako departamenduak duela 10 urte hasi zen Natura 2000 egitasmoa aplikatzen, baina ez ditu ekimenak nahikoa garatu. Prefetak ez du ondo desmartxa kudeatu eta hautetsiek ondorioz ez dute onartu bere jokamolde politikoan sartzea. Aitortzen dugu Natura 2000 delakoaren aplikazioa konplikatua dela Euskal Herrian. Alta bada, egitasmo hau Goi Pirinio departamenduan ongi garatua izan da. Ondorioz, Laborantza Ganbara honen ustez, biodibertsitatearen zaintzea ziurtatu daiteke Natura 2000 egitasmoaren politikaren bidez. Artzantzaren presentzia ziurtatzen bada, mendiko laborantzak bizirik jarraituko du. Horretarako baina, Europatik heldu diren ekimenak bultzatzea funtsezko da.

2X2 proiektuari buruzko gogoeta
EHLGren (2005eko irailaren 17an burutua) azken biltzar nagusian Nafarroa Beherea zeharkatuko lukeen 2X2 errepidearen proiektuari buruzko ikerketa mamitsua aurkeztu zen. Prisca Boiteau Di Marco adituak landutako txostena kontuan hartuta, Laborantza Ganbarak hiru aspektu hauetan oinarritu du proiektuaren aurkako bere iritzia:

Laborantza munduaren eragilea

Iparraldean etxalde kopurua handia izaki, bide sare handiek ez dute zentzurik etxalde hauen garapenean. Aitzitik, bide zabalek ondorio txarrik besterik ez dakarte laborantza jardueran. 2X2 errepidearen zabalerak (23,5 metrokoa) lur eta etxalde zatiketa asko eraginen du. Lur eremu asko zatituko ditu eta kabala edo abereak ezin izango dira ibilarazi orain arte bezala. Bideak ez ditu etxalde horiek iraunaraziko, ezta laborari gazteak laborantzan plantatzera bultzatuko. Benetako instalazio politika behar den garai honetan, 2X2 delakoak kalitatea bermatuko lukeen ekoizpen sistema autonomoa eta ekonomikoa sostengatu beharrean, mozkin hauen merkaturatze ekimenak sustatu ordez, uxatu egiten ditu.

Euskal lurraldearen eragilea

Laborantza Ganbara biziki engaiatua da lurralde antolaketa eta garapenean. Proiektuaren bultzatzaileen erranetan errepide honek eskualdeen arteko harremanak erraztuko lituzke: Paueko Kontseilu Nagusiaren iritziz, proiektuaren bidez trafikoa %20an emendatuko litzateke -100 kamioi gehiago egunero-. Alabaina, gure ikerketen arabera trantsito edo iragateko trafikoak 1.300 eta 4.800 arteko kamioi kopurua ekarriko luke. Trafiko honek ez du gure eskualdeko garapen ekonomikoa lagunduko. Tokian tokiko azpiegiturak kolokan jartzeaz gain, jendea hiri handietara bizitzera bultzatzen ditu. Industrialde edo artisautza guneak hustu egiten dira. Proiektu honetan, Nafarroako Gobernuaren nahikeria ageri da, EAEko Eusko Jaurlaritzaren azpiegitura politikatik aldendu nahian ari da. Gainera, Ipar Euskal Herriarentzako garapen programek itsasaldeko eta barnealdeko errepide proiektuei lehentasuna ematen diete.

Herritarren desmartxetan eragilea

2X2 proiektuak tokian tokiko antolaketan eragiteaz gain, antolaketa globala ere ukitzen du. Errepidezko trafikoak kutsadura eta CO2 tasa igotzen ditu. Europako Batasunak, Frantziako Estatuak eta Akitania Eskualdeko Gobernuak itsas eta trenbide proiektuak garatu nahi dituzte. Erakunde hauek hautu hori egiten dutelarik, zergatik tematzen da Departamenduko Kontseilu Nagusia 2X2 bezalako proiektuan? Are gehiago, printzipio demokratikoen aurka jo eta eztabaida publikoa errefusatzen ari delarik.

Laborantza Ganbararen erabakiak

Barnealde eta Nafarroa Garaiaren arteko harremanetarako RD 933 izeneko bidearen hobetze eta apailatzea proposatzen dugu, baita mugaren bi aldeetako bigarren mailako errepideak berritzea ere. Halaber, itsasalde eta barnealdea lotuko dituen bide berri bat hobetsiko genuke. Donibane Lohizune, Senpere, Kanbo, Hazparne, Donapaleu, Maule eta Atharratze herriak lotuko lituzkeenak.


ASTEKARIA
2005eko abenduaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


2024-04-17 | dantzan.eus
Dantzan babestu ziren Garaziko errefuxiatuen kolonian

Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Eguneraketa berriak daude