Antzerkigintza eta hezkuntza


2005eko abenduaren 04an

Orain dela gutxi, antzerki ofizioko zenbait, mahai-inguru batean geunden, antzerkiaren hezkuntzari buruz jarduten. Unibertsitate baten beharraz hain zuzen.

Nik dakidanez, ofizioa ez da espiritu santuaren graziaz ikasten. Gure herrian antzerkigintzak hezkuntzan ez dauka tokirik. Antzerkiaren mekanismoak ulertzeko hezkuntza beharrezkoa da. Antzerkigintzaren historia, estetika, dramagileak... eremu handia hartzen du. Normala orduan antzokiak hutsik egotea. Hezkuntzarik gabe ez dago gozamen artistikorik ezta estetikorik ere, ez dago ez jakin-min ez jakin dohainik ere.

Gogoratzen naiz, gaztetan antzerkia ikasi nahi eta ikastolan ikasle, guraso eta irakasleak elkartzen gintuzten unibertsitateko karrerei buruz hitz egiteko. Enpresa bat etortzen zen informazioa ematera. Enpresa horretako profesionalek informazio ugari zuten eskuartean. Etorkizun oparoa izango zuten lanbideei buruz hitz egiten ziguten: psikologia, zuzenbidea, medikuntza eta abar. Gaztetan ere buru gogorra nintzen eta nik antzerkia egin nahi nuen. Baina antzerkiarekiko ez zegoen ezelako informaziorik. Beno bai, periodiko orri baten fotokopia bat eman zidaten, eta kito. Uste dut, gaur egun, hemezortzi urteko gazte batentzat gauzak ez direla gehiegi aldatu.

Hala ere, han joan nintzen ni, amaren marmarrak entzuten eta periodiko zati bat besapean. Harrezkero, ofizioa ikasi nuen eta oraindik ikasten nabil. Baina ikasitakoa abian jartzeko oztopoak baino ez ditut aurkitu. Telebistak ere ez dio asko lagundu gure ofizioari. Izan ere, edonork egin al dezake pertsonaia bat edozein espaziotan? Telebistan agertzen zaizkigun pertsonaia interpretatzeko modu horiek klixez beterik daude, eta aurpegi pixka bat jarrita nahikoa da, famaren kontua giza masaren arabera doa.

Ostera, nik nahi nuena lortzeko, hau da, bufoi, komediante, aktore, zarapastrero, ergel, gezurti, ametsen lapur, ijito eta antzezle izateko, mila gauza gehiago ikasi eta egin behar izan ditut. Antzerki obra bat aurrera eramateko zenbat gauza behar diren lehenago jakin izan banu! Eta sortze prozesua gau orduetan egiten den kontua bihurtu zait. Ez luke horrela izan behar, baina hala da.

Enpresa bat eraiki, talde bat sortu, aurre ekoizpena martxan jarri, zuzendaritza, musika, testua, jantziak, eszenografia, aktoreen lana, argiak, atrezzoa, aurrekontua, ekoizpena garatu, entseguen lokala alokatu, proiektua defendatu, dramaturgia ezberdin guztiak bideratu, komunikabideekin kontaktuan jarri, estreinaldia prestatu, elkarrizketak egin, web orria zaindu, taldearen gestioa ondo eraman, distribuzio lana bideratu, antzoki guztietako programatzaileekin hitz egin… azkenean, ohean sartu eta almoadari galdetuko diot: Bihar plater bero bat izango al dut?

Utz iezadazue tropoekin jolasten: arrantzalea naiz, atun bila ateratzen naiz itsasora, baina itsasontzia behar dut, baita lan talde bat ere. Ezin dut edozein garaitan atun bila irten, itsasontzia mantentzea gastu handia da eta petrolioa geroz eta garestiago dago, inoiz ez dakit zenbat atun hartuko dudan, bueltatzen naizenean saldu egin behar dut, horretarako beste enpresa bat sortzea beharrezkoa da, langile gehiago, produktua merkatuan sartu behar da, distribuzio egokia egin behar zaio produktuari, eta agian lan asko egin ondoren atun lataren bat salduko dut… azkenean, ohean sartu eta almoadari galdetuko diot: Eta itsas pirata egiten banaiz?

Gaurko gizartean, ez luke horrela izan behar baina, kultura ere burtsaren merkatuan barrenetaraino sartua dago, eta nahiko debaluatuta dagoela ikusten dut. Hemezortzi urte nituenetik gauzak ez dira asko aldatu. Beno bai, pirata izateko ilusioa oraindik ez dut galdu.

Behin, kargu publiko garrantzitsua betetzen zuen politikari batek zera esan zidan: "Nik, nik ez naz Olentzero". Beste behin, eta inoiz baino serioago ari naiz, antzerki lan bati buruz galdezka nindoala, zera erantzun zidaten: "Teatroa! Teatroa! Zera! Nahikoa teatro dago nire etxean!".

Ondorioa: Arrandegian arrain ona, freskoa eta kalitatezkoa oso preziatua izaten da. Antzerkian kalitatea bilatzen dutenak -erosleak, programadoreak- gutxi dira.

Teloia.


Azkenak
Eneko Etxeberria: “Ez nioke nire semeari Jose Miguelen bilaketaren zama utzi nahi”

Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpua aurkitu gabe bukatu da Frantziako Landetan egindako bigarren indusketa. 44 urte dira militantea desagertu zenetik eta bere familiaren belaunaldi batetik bestera pasa da bere bilaketaren zama. Azken indusketa honek ez du, berriki hildako... [+]


2024-05-06 | Gedar
Asteartean hustu nahi dituzte Otxantegi Herri Lurrak

 

Hirugarren aldiz, Berangon birjabetutako lurrak husteko data berri bat ezarri dute. 08:00etan bertaratzera deitu dute Otxantegi Herri Lurretako kideek.

 


"Elkarren berririk izan gabe lelo berdina hautatu dugu, 'Palestinako umeak gureak ere badira': esanguratsua da"

Gasteizko hezkuntza komunitateko hainbat zentrok eta eragilek ekimena antolatu dute maiatzaren 10erako, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Urriaz geroztik zenbait eskola ekimenak antolatzen hasi ziren Paletinarekin elkartasunez, nork berea;... [+]


Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


Eguneraketa berriak daude