Ikasleen euskalduntzean eskolaren egitekoak. Ereduen sistemaz harago

  • Ikasleek ez daukate nahi bezain besteko euskara mailarik. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak udaberrian aurkeztu zituen euskararen B2 maila neurtzeko DBH-4ko (derrigorrezko irakaskuntzaren amaieran ziren) ikasleei egindako azterketaren emaitzak. B eta D ereduetan ikasten duten gaztetxoen emaitzak ez dira pozik egotekoak izan, baina ezta ustekabekoak ere. A, B, D... hizkuntz ereduen letra joko horretaz harago, eskolak haur eta gazteak euskalduntzeko zein norabide hartu beharko lukeen azaltzen saiatu dira lau mahaikideak. Euskara ez da ordea, eskolan tokia duen hizkuntza bakarra. Legeak dio euskara eta gaztelania menderatu behar dituela 16 urteko gazteak. Hirugarren hizkuntza eta laugarrena ere eskoletan dira. Nola uztartu horiek guztiak? Ikasleak euskalduntzean eskolak duen betebeharraz hitz egin dute, baina eskolatik kanpoko mila faktorek, zuzen-zuzenean, euskararen ikasketan nola eragiten duen era garbi azaldu da.
Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran ikasleei euskararen B2 mailarekiko neurketak egin dizkie. Zein da zuen balorazioa emaitzekiko? Emaitzak ikusita zerk kezkatu zaituzte bereziki?
Xabier Garagorri. Lehendabizi datuen irakurketa egingo dut. Batetik, egiaztatzen da ikasleen erdiak ez duela gainditzen euskara proba. Bestetik, D ereduko ikasleek B eredukoek baino emaitza hobeak lortzen dituzte, baina horrek ez du esan nahi D eredukoek emaitza onak lortzen dituztenik, D eredukoek ere, emaitza kaxkarrak lortzen dituzte. A eredukoei buruz ez da aipamen zehatzik egiten, baina badakigu A eredukoek ez dituztela lortzen emaitza onak.
Zerbait ebaluatzen denean, datu baliagarriak eta fidagarriak jasotzea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Ebaluazioak jasotako datuak baloratzea eskatzen du eta horretarako balorazioa egiteko irizpideak beharrezkoak dira. Zergatik emaitza horiek? Emaitza horien aurrean galdera, arrazoi eta esplikazio piloa datorkit burura eta horien artean bat izango da ereduena, baina bat baino ez. Adibidez, burura datozkidan galderak dira ea B2 erreferentzia maila egokia ote den ala ez, proba zailegia ala errazegia den... Beste galdera bat ere badatorkit: zergatik emaitza horiek? Etxean euskaraz hitz egiten ez delako? Proba horretan agertzen da ikasleen artean euskaraz hitz egin ala ez hitz egin, datu horien artean 34 puntuko aldea dagoela. Badirudi aldagai inportantea dela. Beste galdera bat: Ikaslearen jatorrizko hizkuntza euskara ala erdara delako? Edo ikaslearen hizkuntza eremua erdalduna delako? Ikaslea eremu euskaldunetan edo eremu erdaldunetan kokatu, 38 puntuko aldea dago batzuen eta besteen artean, batez beste. Edo ikasleen ekosistema erdalduna delako: komunikabideak, kultur industria, ekonomia... Familian ikasketa maila baxua delako? Familiaren ikasketa mailaren arabera 25 puntuko aldea dago batzuen eta besteen artean. Mutila ala neska delako? 11 punturen aldea dago nesken alde. A, D edo B ereduan ikasten delako? 30 puntuko aldea dago batzuen eta besteen artean. Eta aipa ditzaket ikerketan sartzen ez diren beste arrazoiak, baina esplikazio moduan sar daitezkeenak: Euskara errorik gabe eta euskal kulturan txertatu gabe irakasten delako? Euskara ez delako curriculum osoan era integratuan ikasten? Irakasleek euskaraz ondo hitz egiten ez dakitelako? Irakasleek euskaraz irakasteko metodologia egokirik erabiltzen ez dutelako? Ikasmaterial egokirik ez dagoelako? Euskararen ezagutza eta erabilpena uztartzen ez direlako? Administrazioak neurriak hartzen ez dituelako euskara behar den moduan ebaluatzeko eta euskaraz jakiteak ala ez jakiteak ondorio akademikorik ez duelako? Eta abar. Datu horien aurrean hausnarketa sakona egin behar da eta hausnarketa horretan ikusten da arrazoi batzuk eskolari badagozkiola eta beste asko eta asko hezkuntza sistematik eta eskolatik kanpo egon badaudela.
Eta zerk kezkatzen nauen? Emaitza hauek kezkatzen naute, jakina, baina aurretik ere ezagunak ziren, bai Hezkuntza Sailak berak egindako ebaluazioei esker, bai bestelako hainbat ikerketa eta tesiei esker ere. Ez dira inolako sorpresa. Aldaketak eta proposamen berriak egiterakoan kezkagarria iruditzen zait sinplekerian erortzea eta hizkuntza eredua aldatuz, besterik gabe, arazoa konponduko dela uste izatea. Hau da, ez ote dugun auzi hau D ala B ala A ereduen kontu horretara mugatuko, eta berriro ere, erantzun magikoa bilatzen ez ote garen hasiko ereduen inguruan. Garbi dago hizkuntzak ikasteko denboraren aldagaia eraginkorra dela, baina ez bakarra, ezta gutxiago ere.

Maria-Jose Azurmendi. Ikerketaren emaitzen inguruan egin dudan balorazioa nahiko kaxkarra da, txarra ez esateagatik. Emaitzek ez dute harridurarik sortu, ezagunak dira. Kontua da lan hau horren garrantzitsua, prototipikoa baldin bada zergatik ez den lehenago egin. 20 urte daramatzagu ereduen sistemarekin. Bestalde, A ereduan ia euskararik ez omen da ikasten. Beste ikerketa batzuetako datuak ikusita, esan daiteke A ereduan ingelesa gehiago ikasten dutela euskara bera baino, nahiz eta euskarak presentzia sozial handiagoa izan ingelesak baino. Presentzia sozial hori ez da aprobetxatzen, egongo ez balitz bezala jokatzen da. Horrela, euskara atzerriko hizkuntza balitz bezala ikasten da.
Argi geratzen da zientziaren ikuspegitik diziplina bakarrarekin ezin direla arrazoi hauek denak azaldu eta bestelako diziplinen ekarria ere kontuan hartu behar dela: soziologiarena, soziolinguistikarena, psikopedagogiarena... Emaitzak aztertzerakoan hainbat diziplinatako alderdiak kontuan hartu beharko lirateke (adibidez, Xabierrek kontuan hartu dituen horiek).
B ereduarekin ezer gutxi lortzen da. Askotan Lehen Hezkuntzan B ereduan aritzen dira eta Bigarren Hezkuntzan A eredura pasatzen dira. B ereduak akats asko ditu helburua lortzeko. Helburua zera da: euskalduntzearekin batera elebiduntzea, bi hizkuntza ofizialak ondo eta antzeko mailan jakitea, elebitasun orekatua lortzea, alegia. Horretarako, badirudi, B eredua ere eskasa dela eta horrela jarraitzen badu esperantza gutxi dugu eredu horrekin.
Nahiz eta D ereduan teorian dena euskaraz egin, badirudi ez dela nahikoa eskolaren bitartez guztiz euskalduntzeko. Eskolatik kanpo erdarara gehiago jotzen dute euskarara baino, nahiz eta lurralde soziolinguistiko euskalduna izan. Erraztasun gehiago hartzen dute erdaraz eta joera naturala da errazena zaigun hizkuntzara jotzea. Beraz, A eta B ereduek nahi genuen helburua ez lortzea kezkagarria da, baina D ereduarekin ere zalantzak egotea are kezkagarriagoa da.

Mikel Zalbide. Datuak aintzakotzat hartzeko modukoak iruditzen zaizkit. Hemen esan da, eta egia da, ez dela lehenengo aldia horrelako ebaluazio-lanak egiten direla. Badugu, 20 urtetik gorako esperientzia, EAEn behintzat, ikasleen euskara eta gaztelania neurtzen. Ikerketa honek baditu, dena den, aintzakotzat hartzeko ezaugarri berriak: besteak beste, Europako erreferentzia markoa kontuan hartuz eta bertako erreferentzia maila bateratuak (maila jakin bat) aplikatuz egin den neurketa da eta, nire ustez, zenbait gauzatarako kalte baino mesede gehiago egingo du horrek.
Berez, atera diren emaitzetan, eta hori ere esan duzue, ez dago ezusteko larririk. Egoera horren berri ez zuela esaten duenak zera esaten digu bidenabar: eskoletan zer gertatzen den ezer asko ez dakiela. Zeren eskolen berri dakienak badaki gutxi-asko gauzak nola diren. Beraz, ez du ustekabekorik ekarri, baina konparaziorako aukera batzuk ematen ditu eta horrek badu zerbait berria.
Bestalde, emaitzek beraiek alde onik ere badute eta balorazioa egiterakoen uste dut inportantea dela hori ere esatea. Botila erdi hutsik dagoela esaten denean ez da esaten erdi beterik dagoenik, eta hemen ere fenomeno hori agerian da. Hemen gauden gehienok ez gara 25 urteko gaztetxoak eta badakigu, orain dela 30 urte demagun, eskoletako egoera, euskara ikasteari edo euskarazko trebetasunak garatzeari dagokionez, zein zen. Perspektiba hori ere kontuan hartuz baloratu behar izaten dira era honetako gauzak. Beraz, alde ona ere azpimarratzea inportantea da gauzak bere neurrian hartu nahi baldin badira.
Jakina, ikerketa gehiago behar da, adin franja gehiagotan, ikuspegi gehiagorekin, ahozkoari batzuetan eta idatzizkoari besteetan hurbilagotik helduz. Egiten diren ikerketetan garrantzitsua da, gainera, azterlana egiteaz gainera lan hori, ahal delarik, publikatzea.

Rikardo Ederra. Benetako Euskal Herriak hezkuntza sistema berezi eta euskaldundua izateko eta gure kultura transmititzeko helburua kontuan hartuta, emaitza horiek erakusten dute ez dugula oraindik gorpuztu behar den curriculuma, ez EAEn eta ezta Nafarroan ere. Nafarroako Gobernuak egin du ereduen inguruan ikerketa, zalantza askokoa baldin bada ere. Ikerketan D ereduarekiko kontrako emaitzak lortu nahi zituzten, eta hala ere, ez zituzten lortu, beste ereduenak baino emaitza hobeak eman zituen. Horregatik, ez dira publiko egin emaitzak. Horrek ez du esan nahi D ereduak hutsune handiak ez dituenik, baditu: irakasleen formakuntza 25 urte hauetan erdara hutsez egin da. Badira abantailak ere: D ereduak eremu mugatua du, Nafarroako %30 da. Geografikoki Nafarroaren erdiak baino gehiagok ezin du D eredua aukeratu. Kanpo geratzen dira ekonomikoki okerren dauden eta kulturalki mugatuen dauden sektore sozialak. Baldintza hauek emaitzak baldintzatzen dituzte.

X. Garagorri. Probarena aipatu dudanean ez dakit nire pentsamendua ondo azaldu dudan: emaitzak ez dira diren bezalakoak probak maila altuegia daukalako. Proba egokia iruditzen zait, B2 hartu da erreferentzia moduan, baina ez da beste munduko maila. 16 urterako C1 erreferentzia hartu beharko genuke. Ez da gehiegi eskatu eta hala eta guztiz ere, emaitzak apalak izan dira.

Emaitzek nola eragingo dute hizkuntz ereduen sistemaren etorkizunean? Emaitzak ikusita, zuek zein etorkizun opa diozue hizkuntz ereduen sistemari? Hezkuntza sailburua berria da. Zein bideri jarraituko diola uste duzue?
X. Garagorri. Kontuan hartzeko datuak dira, baina hizkuntz ereduak etorkizunari begira pentsatzen direnean emaitza horiei baino gehiago beste elementu bati begiratu behar zaio: gaur egungo gizartearen arabera zein diren hizkuntz eskaerak. Bizi garen mundu honetan eta etorkizuneko munduan zein hizkuntz planteamendu egin beharra daukagun hezkuntza sisteman. Horrek eramango gaitu gero planteatutako galderara. Ikastolen munduan gabiltzanon (eta pentsatzen dut beste askorena ere) planteamendua da elebitasun planteamendutik eleaniztasunera egitea, beti ere euskara ardatz hartuta.

M. J. Azurmendi. Emaitzek nola eragingo duten ez dakit, baina euskalduntze eta elebiduntze helburuak mantendu nahi badira eragina izan beharko dute. Eraginak bi bide dituela iruditzen zait: edo dauden hiru ereduak erabat aldatu, A eredua gutxienez oraingo B ereduaren modukoa bihurtuz, B eredua oraingo D ereduaren modukoa bihurtuz, eta D eredua zerbait aldatuz, eskola barnea eta kanpoa gehiago lotuz. Edo eredu bakar batera pasatuz, oraingo D eredu modukoa unibertsalki ezarriz.
Zein etorkizun opa diodan hizkuntz ereduen sistemari? Galdera hau erantzun daiteke hainbat ikuspegi kontuan hartuz. Ikuspegi politikoa kontuan hartuz, agian errazagoa da hiru ereduak izenez mantentzea, baina lehen aipatu dudan aldakuntzak eginez. Horrela, gehiengoen adostasuna errazago lor daiteke. Edo nahikoa erraza ere gerta daiteke hiru eredutik bi eredura pasatzea (elebiduna eta euskalduna). Horrela ziurtatzen da euskalduntzea eta honekin batera espainieraren ikasketa ere lortzen da.
Ikuspegi zientifikotik, hau da, psikolinguistika, soziolinguistika eta abar kontuan hartuko bagenitu, eredu bakarrera pasa beharko genuke, eredu euskaldun batera, oraingo D eredu moduko bakarrera (Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan behinik behin), oraingoz behintzat horrela baino ezingo genukeelako lortu nahi dugun helburua: euskalduntzea eta elebiduntzea (euskara eta espainiera ikastea), elebitasun gehigarria lortzea, alegia.
Hezkuntza sailburu berriak ez dakit zein bide segituko duen. Nik dakidala ez du ezer esan gauzak aldatzeko, baina aldaketaren baten zain gaudela jakin beharko luke. Gauzak aldatzeko zerbait egingo duen itxaropena badugu. Egin ditzala azkar eta sakon.

M. Zalbide. Emaitzek etorkizunean hizkuntza-ereduen sisteman nola eragingo duten ez dakit. Emaitzak ikusita, hori bai, ereduen sistemari zein etorkizun opa diodan esan dezaket. Ni ez naiz egungo ereduak ezabatzearen aldekoa, inondik inora. Motiboak ugari dira, eta une honetan bat esango dut: euskarazko irakaskuntzak aurrera egin du justu-justu ereduak sortu diren neurrian eta ereduak indarrean dauden neurrian. Eredurik ez dagoen lekuan ez da euskarazko irakaskuntza handirik sortu edo zabaldu. Ereduak ez du berez guztia konpontzen, inondik inora; baina gizarte anitz batean dauden ikuspegi, aukera, gogo eta jokabide desberdinei lekua ematen die eta horren barruan aukera dago euskarazko irakaskuntzak bere bidea egiteko eta garatzeko.
Eta garapenean, dudarik gabe, zer hobetua badago. Eredu guztietan dago zer hobetua, eta ez eredu batean edo bestean soilik. Ni hobekuntza horietan zentratuko nintzateke, dudarik gabe, eta ez bestelako aldaketetan.

R. Ederra. Bat nator neurri handi batean Xabierrek esandakoarekin. Ereduen sistema hori gainditu beharko litzateke. Gainditu ordea, ez dakit kenduz edo jarriz egin behar den, baizik eta oso gutxi garatuta dagoen D eredua, eredu euskalduna, hobetuz. Eredu euskaldunak hezkuntza sistemaren ardatza izan behar du. Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, soziolinguistikoki bestelako ezaugarriak dituzten giza taldeei (etorkinak adibidez) ez zaienik malgutasunez, eredu berean, tratamendu egokia eman behar. Ikastetxe bakoitzak, gehiago esanda, herri bakoitzak, giza talde bakoitzak, izan behar du bere hezkuntza proiektua. Hezkuntza proiektu horri erantzun behar dio ikastetxearen antolamendu guztiak. Hezkuntza proiektu horretan ordea, eredu euskalduna kontuan hartzea ez da nahikoa, hizkuntzaren ezagupena ez da nahikoa, gizartearen parte hartzea hartu behar da kontuan, ikasleen garapena eta baita ere, oso inportantea, hizkuntzaren erabilpena, edozein hizkuntzaren erabilpena. Xabierrek aipatu du eleaniztasuna. Hala izan beharko da. Hizkuntza bakoitzak badu bere helburua eta ailegatu behar da helburuaren zehaztapenetara, bai euskarari, bai erdarari, bai ingelesari dagokionean. EAEn ereduen borroka gainditzeko modua horrela ikusten dut. Nafarroan ez gaude egoera berean. Gehien egin dezakeguna da ziurtatzea D eredua gutxienez oraingo kalitatean eta aukera hori Nafarroa osora zabaltzea. Bestetik, arrotza den eredu erdalduna desagertzea, G eredua, alegia. Euskal Herri osorako hizkuntza politika berria behar dugu, euskalduntzea planifikatuko duena, behar den malgutasunez, bakoitzak bere erritmoa gara dezan.

Legeak dio 16 urterekin ikasle guztiek euskara eta gaztelania menderatu behar dituztela. Helburu zehazgabeez hitz egiten da. Zer da euskararekiko 16 urteko ikasleak jakin behar duena? Eta urtez urteko helburuak finkatuta al daude? Zein dira helburu horiek?
X. Garagorri. Euskararen Erabilera Arautzeko Oinarrizko Legean (1982), LOGSEren Dekretuetan (1990) eta Euskal Eskola Publikoaren Legean (1993) esaten da zerbait, baina oso-oso zehaztasun gabeko formulazioak dira. Euskal Eskola Publikoaren Legearen 18. atalean, adibidez, hau dator: «Euskara eta gaztelania nahitaez sartuko dira euskal eskola publikoan gara daitezen programetan, bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko ulermena eta adierazpena benetakoa izan eta gutxienez ohiko harremanetarako eta erabilerarako hizkuntza gisa erabili ahal izan daitezen». Nolabait ere, bi hizkuntzek derrigorrezko hezkuntza bukatzen denean garapen berdina izan dezatela.
Ez dago zehaztuta derrigorrezko eskolaldia bukatzerakoan zein den ikasleek euskaraz-gaztelaniaz-ingelesez… erakutsi behar duten «benetako» ahozko zein idatzizko ulermen eta adierazpen maila, eta aurreko hori gabe ezinezkoa da urtez urteko helburuak finkatzea. Hori egingo bagenu uste dut gauza asko argituko genituzkeela eta ereduen gaia ere dezente argituko litzatekeela. Azken batean, ereduen kontua ez dago helburutzat hartzerik, tresna moduan baizik. Eta orduan galdera izango litzateke: zein da ikastetxe bakoitzak behar lukeen hizkuntz proiektua eta behar dituen baliabideak, bere egoeraren arabera, ezarrita dauden helburuak lortzeko? Baina hizkuntza mailak zehaztearekin batera, maila horiek lortzen diren ala ez jakiteko ebaluazio probak prestatu beharko lirateke eta proba horiek gainditzea beharrezkotzat hartu derrigorrezko eskolaldia gainditu ahal izateko, beste edozein ikas arlorekin egiten den antzera.

M. J. Azurmendi. Legeak dioenean 16 urterako euskara eta gaztelania menderatu behar dituztela esan nahi du euskara eta gaztelania (edo espainiera) jakitea. Alde batetik, oinarrizko lau gaitasun linguistikoak menderatzea: ulertzea, hitz egitea, irakurtzea eta idaztea, lauetan gaitasun handia lortuz. Elebitasun ona (orekatua, gehigarria...) lortzeak esan nahi du, bi hizkuntzetan gaitasun maila handia eta antzekoa edo berdina lortzea. Bestetik, gaitasun komunikatiboak eta pragmatikoak ere menderatzea bi hizkuntzetan. Horretarako beharrezkoa da hizkuntza horiek asko eta ingurune-eremu-arlo guztietan erabiltzea, gaitasun horiek erabiliz baino ez direlako lortzen.
Urtez urteko helburuak ondo finkatuta al dauden? Ez dut ezagutzen errealitate hori, baina hala ere, oso desberdina litzateke helburu zehatzak finkatzea 2-5 urteko haurrentzat, Lehen Hezkuntzako haurrentzat eta Bigarren Hezkuntzako gazteentzat. Adinak garrantzia handia du eskolako helburuak planifikatzerakoan. 2-3 urterekin eskola euskaldunean (oraingo D ereduan gutxienez) eskolatzea, eredu euskalduna erabiltzea da helburu nagusia, nahi dena baldin bada haurrari bi hizkuntzak (euskara eta espainiera) "naturalak" iruditzea. Hau lortuko bagenu errazagoa litzateke beste hezkuntza mailak linguistikoki planifikatzea, bai euskalduntzea eta elebiduntzea, eta baita eleaniztasuna lortzeko ere.

M. Zalbide. Legeak zer dioen esan da eta bere labur-zurrean badakigu lege-xedapen horren esanahia zer den: euskaraz eta gaztelaniaz behar adinako gaitasuna behar dutela izan ikasleek, derrigorrezko ikasketaldia amaitzerakoan. Hori, nolabaiteko «nora joan nahi den» adierazten duen xede nagusia da. Hori gero hezurmamitu egin behar da eta hezurmamitzeko orduan, lehendabizi, saiatu egin behar da batez besteko iritzi nagusi hori trebetasun jakinetan eta gainerako zertzeladetan konkretatzen. Konkretatzeko orduan, legeak ez dauka inon zehatz-mehatz ezer esana eta beraz, hortik aurrerako kontua da, ez da lege mailako kontua, hortik aurrera egin beharko litzatekeen zehaztapena baizik.
Nolanahi ere, garbi esan behar da, badagoela xede moduan elebitasun orekatuaren ideal bat edo azken helburu moduko bat legeak dioena. Jakin badakigu, eguneroko praktikak erakusten duelako eta atzerriko espezialistek behin eta berriro esan digutelako, elebidun orekatuaren eredu hori gutxitan lortzen dela gizartean, ehuneko ehun. Ele biko hiztun gehienek errazago egiten dute hizkuntza batean bestean baino, edota trebetasun batzuk landuagoak dituzte hizkuntza batean eta beste trebetasun batzuetan beste hizkuntzan errazago manejatzen dira. Hori izan ohi da arau nagusia. Hizkuntza bietan eta hizkuntza bakoitzeko trebetasun guztietan maila berbera duten hiztunak salbuespen izaten dira. Hemen ere hala gertatzen da eta nekez gertatuko da etorkizunean oso bestela. Oso zaila da gaitasun guztietan eta maila berean diharduen pertsona aurkitzea eta are zailagoa gizarte osoa maila horretara eramatea. Ideal moduan definituta dago, xede bat markatzen du, orientazio bat. Ez zait batere desegokia iruditzen norabide hori planteatzea, baina gero konkretatzeko orduan egongo litzateke zer esana, eta asko.
Bat nator maila jakin batzuk ezartzea mesedegarri izan daitekeela diotenekin, bai 16 urteren inguruan eta baita agian Lehen Hezkuntzaren amaieran ere (12 urterekin). Mailaketa hori, gainera, ereduen arabera, etxetik ikasleak dakarren gaitasunaren arabera eta daraman ikasbidearen arabera bereiztea ona litzateke. Eta bi kontu aipatu nahi ditut. Batetik, Ataunen jaio, egun osoa euskaraz bizi, D eredura joan eta 16 urterekin halako maila lortzen duen ikaslearen maila bera ikasle denek lortuko dutela uste izatea ez da errealista. Bestela, denentzako maila bakarra (onenean erdibidekoa) jarri behar badugu, euskaldun garbiekin (etxetik ondo dakitenekin) zer gertatuko da? Eskolak ez al du haientzat ere aurrerabiderik ekarri behar?

R. Ederra. Ikasturtez ikasturte edo etapaz etapa zehaztuta daude helmugak edo trebakuntzak. Hori hor dago, baina hori hezkuntza sistemaren alde bat besterik ez da. Hizkuntza ez da komunikatzeko bitarteko bat soilik, kultura transmititzeko baliabide nagusietako bat da, eta zentzu horretan, badira helburu asko zehaztu gabeak, adibidez, euskararen geografia, euskararen egoera soziolinguistikoa, ahozko tradizioa... Eremu kulturala gutxi irakasten zaie gure haur eta gazteei. Irakaskuntza oso formala da, gure ahozko tradizioa adibidez arriskuan dago.

Eskolak haur eta gazteak euskalduntzeaz ari gara. Agerikoa da eskola ez dela gazte hauen euskalduntzearen erantzule bakarra, baina zenbaterainoko erantzukizuna dauka gaur egun? Eta, zuen ustez, zenbaterainoko pisua behar luke izan?
X. Garagorri. Garbi dago ez dela erantzule bakarra. Gai hori aztertzen dutenean, batetik, esaten da eskolak eragin handia daukala, baina, bestetik, eskolak bakarrik ez duela euskalduntzen. Hori horrela dela garbi dago. Lehenengo galderan aipatu ditudan aldagai horiek guztiak barruan daude. Euskara Biziberritzeko Planean hiru eratako eragileak ikusten dira eta eragile horien artean dago eskola. Lehenengo eremuan euskara ondorengoetaratzeko eragileak aipatzen dira: familia, eskola eta euskalduntze-alfabetatzea. Bigarren eremuan aipatzen dira euskararen erabilera eragiten duten eremuak: administrazioa, gune euskaldunak, informazio-komunikazio teknologiak, enpresa mundua, kirola, erlijioa... Eskola ez baldin badago inguratuta euskararen erabilera eragiten duten eremuez, eskolak ezin dezake euskalduntze prozesua berak bakarrik egin. Hirugarren eremua da euskararen elikaduran eragiten duena: hizkuntzaren corpusa eta kalitatea, prentsa idatzia, liburugintza, irratia, telebista, publizitatea, kulturgintza... Irakaskuntza, eskola, testuinguru horren barruan eragile moduan jarri behar da. Hori esanda badirudi "gureak egin du" esan behar dela, eskolak eragin gutxi daukala, baina ni ez naiz horietakoa. Irakaskuntzan, beharbada, erraza zaigu momentu honetan esatea, eragile bakarra ez denez, eragile potenteagoak badaudenez, haien errua dela. Jakinik eta kritiko izanik eskolak eman dezakeenaz, iruditzen zait ematen duena baino askoz ere gehiago eman dezakeela, bai hizkuntza ondorengoetaratzeko eta baita euskararen erabilera eragiteko ere.

M. J. Azurmendi. Gure ingurunean ere argi dago, esperientziaren arabera, eskola ez dela nahikoa haurren eta gazteen euskalduntzea lortzeko, batik bat gazteen euskalduntzea lortzeko, adinarekin batera bizitzaren eremuak zabaltzen doazelako eta irabazten diren eremu berriak eskola eremua baino garrantzitsuagoak gerta daitezkeelako.
Literatura zientifikoan nahikoa ezaguna da fenomeno hau, ez bakarrik ukipenezko bigarren hizkuntza ikasterakoan, baita bigarren hizkuntza atzerritarra ikasterakoan ere. Horrela uler daiteke adibidez, ingelesa ondo ikasteko Ingalaterrara joan eta han ingelesez bizitzea behar izatea. Antzekoa da euskararekin egin beharrekoa: euskaraz bizi gizarteko eremu guztiak, gaitasun komunikatibo eta pragmatikoak lortzeko. Gure ingurunean hori ere ezaguna da, batez ere azken urteetan. Eskolaz kanpoko zenbait ekintza euskaraz antolatzen dira. Gauza da eskolaz kanpoko ingurunea aberatsagoa dela espainieraz euskaraz baino, erakargarriagoa gazteentzat. Horregatik fenomeno konplexua da. Eskolak, neurri batean, bete ditzake eskolatik kanpo dauden eremuak, baina neurri batean eta gehienbat txikienentzako. Alabaina, eskolatik kanpo ere plangintzaren bat beharrezkoa da, gazteak eremu berritan euskaraz bizi ahal izateko, hezkuntzako bigarren mailakoentzat batik bat. Eremu horiek antolatzerakoan, gazteen interesak kontuan hartu beharko dira eta baita gazteen eta helduen eremuen arteko lotura ziurtatu ere. Gazteentzako helduen mundua eredu eta gertuko zerbait izan ohi da. Eskolako eta eskolatik kanpoko zenbait arloren artean ere loturaren bat egin beharko da, arlo guztietan euskararen erabilera «naturala» izatea lortzeko.

M. Zalbide. Zenbaterainoko erantzukizuna du gaur egun eskolak gazteen euskalduntze alorrean? Batetik, eskolak bere eginkizunetako bat hizkuntza-gaitasuna hobetzea izan ohi du: berdin da, horretarako, gaitasun hori izan elebakarra, ele bikoa, ele anitza... Gure artean, eskolak bi multzo nagusi hartzen ditu kontuan: batetik, etxetik eta familiatik erdaldunak diren ikasleak (%75) eta bestetik, etxetik gutxi-asko euskaldun direnak (%25). Euskaldun berriak sortzea da lehenengo multzoaren eginkizuna eta horrenbestez elebidunak sortzea. Gaztelania galtzeko arrisku benetakorik ez dute, horrek ez du esan nahi eskolan, eta familian, gaztelaniarekiko atentziorik behar ez denik, baina arazo nagusia euskararekin izan ohi da. Euskara ikasteko orduan, batetik, trebetasun hartzaileak (pasiboak) landu behar izaten dituzte eta horiek errazago landu ohi dira ikasle horiekin. Ikasle erdaldunek ulermenean eta irakurmenean maila hobea lortzen dute eta etxetikako euskaldunengandik hurbilago gelditzen dira. Lan handiagoa izaten da trebetasun aktiboetan. Horietan zailagoa da euskaldun etxetik direnekin parekatzea, eta eskolaren eragina mugatuagoa da. Besteak beste, eskolan lantzen den hizkuntza kodea informala baino formala gehiago da, eta jakina, mintzamenean, eguneroko bizimoduari eta elkarrekiko jardunari gatz eta piper emango dion bizibidea antolatu nahi denean, hizkuntza informala da lehenik eta behin behar dena. Hori da eskolak gutxien lantzen duena eta agian gutxien landu dezakeena. Bere muga eta guzti hori hor dago eta inportantea da.
Aldiz, etxetik euskaldun edo elebidun diren ikasleekin, nolabait euskaldun zaharrekin, gaztelaniaren eta gutxienik ingelesaren ezagutza egokia eskuratzeaz gainera, euskal eskolak hizkuntza gaitasunari dagokionez, egin ditzakeen hobekuntzak ugariak dira. Lehendabizi etxetik dakartena sendotu. Euskalkia edo lekuan lekuko hizkera izango da zenbaitetan eta inportantea da ikasleak hori ez galtzea, oinarri sendoa baitu eguneroko jardunean, familian, lagunekin, gurasoekin gehien erabili ahal izango duen erregistroak eskueran izatea. Bere buruari konfiantza emateko orduan, bertako mintzamoldearen ezagutza hori plus bat da eta ez minus bat. Bestalde, ikasleei eskolan eskuratu behar zaie hizkera jasoa, landua: erregistro zabalagoa, Euskal Herriko edozein hiritarrekin hitz egiteko errazagoa gertatuko zaiena. Bere espazio soziofuntzionalean edozein interakzio esparrutan erabiltzeko balio izango dion hizkera landua osatzen eta garatzen lagun dezake eskolak. Eta noski, eskolak baizik nekez beste inork emango liokeen trebetasuna ere ematen zaie etxetik euskaldunak direnei: euskaraz idazten eta irakurtzen erakusten zaie eskolan. Eta hori ere oso inportantea da: are gehiago kontuan izaten badugu gure tradizioan euskarazko irakurketak eta idazketak aski leku mugatua izan dutela menderik mende. Orain ari gara ahozko trebetasunetik idatzizkora doan errepide-zabaltzea egiten, eta ez genuke besterik gabe gutxietsi behar, lan zaila, nekeza eta guk uste baino eragozpen handiagokoa delako. Askotan hor antzematen da ikasle euskaldunen ahulezietako bat.
Nolanahi ere, bai euskaldun berriekin, etxetik erdaldun direnekin eta bai euskaldun zaharrekin, etxetik euskaldun edo elebidun direnekin, gaitasun hobekuntza bada eskolak egin dezakeen eta legez eta gogoz egin behar duen lana. Baina horrezaz aparte, badago hizkuntzaren transmisio hori ikuspegi zabalagoan, ikuspegi soziokulturalean txertatu beharra. Izan ere, eskolak transmititzen dituen ezaguera, trebetasun, balore eta ikuspegi desberdinen artean, badira unibertsalak edo aski unibertsalak direnak, badira estatuek beren alorrean ezartzen dituztenak eta badira Euskal Herriak ere beharrezkoa duen bere dimentsio hori lantzeko elementuak. Hori ere transmititu egin behar du, transmititu dezake eta hori ere bada eskolari eska diezaiokeguna.
Azkenik, ahalik eta ikasle gehienek euskaraz jarduteko ahalik eta erraztasun handiena izatea baldin badugu xede, bestelakoak zertan gutxietsi gabe, dudarik ez dago eskola ingurumena ere hizkuntzaren erabilera areagotzeko neurriez eta dinamizazio ekimenez osatu behar dela.

R. Ederra. Ez nago ados galderarekin. Ez dut uste eskolak euskaldundu bakarrik egin behar duenik. Eskolak lortu behar duena da haurrak afektiboki euskarara hurbiltzea. Murgiltze ereduek ez dute arrakastarik afektibitaterik ez baldin badago. Euskalduntzea baino gehiago da eskolaren betebeharra. Euskara maitatzeari, gure kultura maitatzeari ekin behar dio eskolak. Hori egiten da noski, euskara ikastearen bidez, euskalduntzearen bidez. Eskolak baditu bere mugak eta argi dago eskolaren zeregina baldin bada euskalduntzea sortzen direla arazo larriak: eskolan bertan ez da euskaraz hitz egiten ezta soziolinguistikoki eremu euskaldunak direnetan ere... Azken 25 urtetan gizartearen gain utzi da euskararekiko eta euskal kulturarekiko izan behar den sentsibilitatea. Giza mugimenduak behar du administrazio eraginkorra, administrazioak behar du giza mugimendua eta eskola administrazioaren zati bat da. Eskolak behar du giza mugimendua arrakasta izateko, eskolak behar du gizartearen lana. Beraz, eginbehar horiek oso erlazionatuta ikusten ditut. Eskolak asko egin dezake eta orain ez du egiten oso formala delako. Curriculumean ez da agertzen euskarari buruzko inolako hausnarketarik. Badirudi gure hezkuntza sistema hizkuntza normalizatua duten herrialdeetakoa bezalakoa dela. Ez du, inolaz ere, berdina izan behar euskararekiko sentsibilitateak hemen eta erdararekikoak Madrilen. Euskara eskolan sartu da gizarteari esker eta hala segi behar du arrakastatsua izan dadin. Hori elikatu behar da alde guztietatik, administraziotik ere bai, gobernutik ere bai. Nafarroan horren falta dugunez horren argi ikusten dugu kontu hau.

Zein dira beraz, eskolako ekosisteman jarritako helburuak lortzeko protagonistak eta eman beharreko pausoak?
X. Garagorri. Batetik, euskara eta euskarazko irakaskuntza hedatzeko orain arte egin ditugun ahaleginak egiten jarraitu. Azken helburua litzateke D ereduranzko bidea orain doan erritmoan edo ahal bada bizkorrago bideratzen jarraitzea eta horretarako protagonista asko daude: hezkuntza sistema, gurasoak... Bestetik, eskolaren funtzio nagusia da euskara ona eta ondo erakustea eta hori, ikasleek etxetik euskararik ez dakartenean, eskolak bakarrik egin dezake. Euskara ona eta ondo erakutsi horren azpitik dagoen metraila ikaragarria da. Horrela esatea erraza da, baina euskara ona erakusteko gauza asko behar dira. Bereziki irakasleen prestakuntzan ahalegin handiak egiten jarraitu beharko dugu. Bestetik, eskolaren funtzio nagusia euskara ona eta ondo erakustea izango da, baina badakigu euskararen erabilera ez badugu ziurtatzen, erabilpenik gabeko ezagutzak ez duela etorkizunik izango. Egia da erabilera sustatzeko badirela eskola baino eraginkorragoak diren beste eragile batzuk, baina eskolak berak ere egiten duena baino askoz gehiago egin beharra dauka bide horretatik. Beste elementu bat da euskararen irakaskuntza euskal kulturan txertatzea. Irudipena daukat euskararen irakaskuntza ez dela arimarik gabeko hizkuntza baten irakaskuntza, euskararen irakaskuntza errotu beharra dago bere ekosistema kulturalean. Alde horretatik ahalegin handiak egiteko dauzkagu, bestela sustrairik gabeko hizkuntza irakasten dugu eta atxikimendurik gabeko hizkuntza irakats dezakegu. Bestetik, euskara eta euskal kultura ardatz izanik eleaniztasuneko planteamenduak sustatzea litzateke beste lerro bat, nahiz eta ez den gauza berria. Bestalde, etorkinekin erne egon behar dugu eta euskalduntzeko bideak asmatu. Azkeneko lerroa: eskolaren eta gizarteko beste eragileen arteko elkarlangintza bideratu behar da. Eskolak ezin daitezke lau pareten artean egon itxita.

M. J. Azurmendi. Protagonistak dira eskolarekin zuzenean eta zeharka zerikusia duten guztiak: ikasleak beraiek (haurrak eta gazteak), gurasoak, irakasleak, hezkuntzako instituzioak, bestelako instituzioak (osasungintza...), gizarte instituzioak (udalak...), gizarte erakundeak (kiroletakoak, aisialdikoak, kulturalak...)... bizitzan dauden bizigune guztiak, beraien artean osagarri dira-eta. Baina hezkuntzaren alorrean ari garenez, eskolaren protagonismoa azpimarratuko nuke; batetik, eskola barneko esparrua planifikatzeko eta bestetik, eskolatik kanpoko esparrua (aisialdia, adibidez), neurri batean behintzat, bestelako protagonistekin batera planifikatzeko.

M. Zalbide. Protagonistak? Lau multzo ikusten ditut nik. Batetik, Herri Agintea. Hemen ez da horretaz ezer esan, eta hori esan egin behar da. Gaur egun EAEn indarrean dagoena, aurreko aginte-markoa amaitu eta berria sortzeko orduan oinarri-oinarrian adostu zen ele biko marko baten altzoan sortu eta garatu da. Horrek eztabaida eta adostasun bilaketa zabala eskatu zuen goi mailan, eta hori egin egin zen. Nik 78ko paradigma deitu izan diot saio hari, garai hartan gauza asko batera gertatu zirelako. Eta agian, orain ere, paradigma berri baten bilaketa inportantea da herri aginteen eta herri aginteen ordezkarien artean. Nik uste dut horretan begirunea eta itzala zor diegula zeren maila horretan konpontzen ez diren gauzak zenbait neurritan ezin dira beste mailatan konpondu. Beraz, hori ere kontuan hartu behar da.
Horrekin batera, bestetik, gizarte-eragileak aipatu behar dira. 78ko paradigma hura indarrean jarri baldin bazen, besteak beste, honegatik izan zen: han-hemen bazirelako elite akademiko batzuk, orobat elite sozioekonomiko batzuk, erlijiosoak, sindikalak eta abar, neurri batean beren iritzia eta bateratze gogoa aditzera eman zutenak eta oinarrizko marko baten aldeko apustua egin zutenak. Beraz, gizarte eragileen parte hartzea orain ere garrantzitsua da.
Hirugarrenik, eskola-esparruko helburuak betetzeari dagokionez protagonista-protagonistetara bagatoz, eskolaren beraren muinera bagatoz, lehendabizi eskolak eta zuzendaritzak aipatu behar dira. Hauek garrantzi handia izan dute orain arte, garrantzia dute orain eta gero ere hala izango dute. Inportantea da, hizkuntzarekin zer egin nahi den finkatzerakoan, ez bakarrik hizkuntzako irakasleari eta ingurukoei ardura hori botatzea, baizik eta horien gainetik pentsatu, adostu egin behar dira irakasbide batzuk, ikastetxeak ikastetxe gisa urratu beharko dituenak.
Laugarrenik, inportantea da horrekin batera irakasle klaustro osoa horren jakitun eta adostutako neurri batzuen aldeko izatea. Eta jakina, ikaslearen aurrean mila gauza asmatuko ditugu, baina azkenean protagonista nagusia (eta nik uste dut bere aurrean txapela kendu behar dugula) irakaslea da.
Horiek dira, eskolari dagokionez, gogora datozkidan protagonistak. Guztiok esan duzue, eta ni ere konforme nago horrekin, hizkuntza eskola bidez indarberritzeko saioak aurrera egingo badu beste ingurune zabalago batean txertaturik egon behar duela eskolak: etxea, familia, auzoa, hiria... Haurrak umetatik euskaraz jarduteko interesa, gogoa, beharra sentitzen eta bizi duen neurrian euskaraz jarduteko, dakien hori aplikatzeko eta aplikatuz gehiago jakiteko, gurpil horri bueltak ugariago eta errazago emango dizkio. Saio horretan, urrundik ere, eskola bakarrik ez da aski. Beharbada, azken urteotan, ez dugu behar adina azpimarratu ingurune horrek zer garrantzia duen eskolari, lehen goitik behera azaldu dudan ikuspegi horri, behetik gorako bultzada erantsi eta bizi sendoago batez hornituko bazaio.

R. Ederra. Ados nago orokorrean esandako guztiarekin. 78ko adostasun minimo hark agian zerbaitetarako balio izan du, ez dugu zalantzan jarriko. Orain eskatzen dut adostasun hori benetan herri honek, Euskal Herriak, garatzeko eta etorkizunean islatzeko behar duen akordio minimoa izatea. Akordio zabala beste eragile guztiek hor lan egin ahal izateko. Behar beharrezkoa da, horrek islatzen du hezkuntza sistema guztia. Hortik beheraino joanda, eskolak bultzatu behar duena da ikaslearen ezagutzaren eta bizitza kritikoaren autonomia. Ikasleak dira protagonista, gure herriaren etorkizuna direlako, gu desagertuko gara. Ondoren datoz beste protagonistak: irakasleak, herri mailako giza erakundeak, udalak eta abar.

Eskoletan dagoeneko hiru hizkuntza irakasten dira. Tontxu Campos, Hezkuntza sailburuak Bigarren Hezkuntza amaitzerako laugarren hizkuntza menderatzea lortu behar dela esan du. Nola ezkonduko dira hizkuntza horiek denak? Bateren batek esan du ez dela oso logikoa ingelesa hain txikiei erakusten hastea euskararekin ditugun arazoak izanda.
X. Garagorri. Gure planteamendua eleaniztasunaren bidetik doa, baina oso garbi utziz (eta oso-oso argi ibili behar gara) eleaniztasunak euskara ardatz izango duela. Izan ere, gerta liteke Nafarroan gertatzen ari dena: ingelesa nolabait amu bezala jarri, «hemen daukagu prestigioko hizkuntza» eta euskara gutxiestea. Euskal Autonomia Erkidegoan ere, erne ez bagara ibiltzen, ez bada euskararen ardatza garbi uzten, izan daiteke euskararentzat kaltegarri. Bide horretatik, hizkuntzak mailakatzeko proposamena, «Hizkuntzen erreferentzi marko europar bateratua»n oinarrituz egiten dugu: Euskara eta harremanetarako hizkuntza (gaztelania edo frantsesa, kasuaren arabera) bere kasako erabiltzaile erosoaren mailan menderatzea (B2); hirugarren hizkuntza, gehienetan ingelesa, bere kasako erabiltzaile maila apalagoan menderatzea (B1); laugarren hizkuntza, gehienetan frantsesa, oinarrizko erabiltze mailan (A1-A2).
Eleaniztasuna ez da gauza berria. Ikastoletan urte asko daramatzagu esperientzia hau lantzen eta EAEko sare publikoan ere bai eta kristau eskolak ere gero eta gehiago. Ikastolen kasuan emaitzak ere ezagunak zaizkigu. Galderan aipatzen den beldurra, hau da, ez ote den izango euskararen kaltetan, jakina, gauzak nola egiten direnaren arabera, baina ez du zergatik euskararen kaltetan izan. Pentsatzen dut eta ikusi dugu gauzak uztargarriak direla, azken batean hizkuntzak metatu egiten direlako, ez direlako konpartimendu itxiak eta gaitasun hori zabaldu daitekeela planteamendu integratu baten bidez hizkuntzen garapenerako. Gure esperientzian garbi ikusi dugu eleaniztasun goiztiarra ez dela izan kaltegarria ikasleentzako, ez dutela kalterik izan euskarari dagokionez, mesedetxoa baizik, ez dutela kalterik izan gaztelaniari dagokionez, mesedetxoa baizik, ez dutela kalterik izan adimenari dagokionez, mesedetxoa baizik, ez dutela izan kalterik euskararekiko jarrerari dagokionez, berdintsu. 12 urteko esperientziaren eta ebaluazioaren ondoren horretara iritsi gara. Beraz, lasai gaude.
Ingelesari dagokionez, lau urterekin hasi ziren ikasle guztiek 16 urtera iritsi zirenean, kanpoko ebaluatzaileen aurrean Trinity Collegeko ESOL proba zuten eta %70a iritsi zen zazpigarren mailara. Zortzigarren maila izango litzateke Cambridgeko First Certificate azterketaren parekidea eta gu A eredua ginateke ingelesari dagokionez.
Beraz, hemen esaten den eta hain zabaldurik dagoen mamu hori, beldur hori, ingelesa txikiei erakustea... gauzak nola egiten diren baitan izan daitezke mesedegarriak ala kaltegarriak.

M. J. Azurmendi. Xabierrek esan duen bezala eleaniztasuna lortu beharko litzateke euskara azpimarratuz. Eskolaren bitartez, ukipeneko euskara eta espainiera (Hegoaldean) ikasteaz gain, 16 urte arteko plangintza egokiaren bidez, bi atzerritar hizkuntza ere ikas daitezkeela uste dut. Horretarako, besteak beste, honakoak kontuan hartu beharko dira: 1) Lehentasunak argi izan. Adibidez, lehentasuna euskaran jarriz, eta ukipeneko bigarren hizkuntzan ere bai; 2) Lehentasunen arabera, helburuak ere argi jarri, helburu juridikoak betez. Adibidez, euskaraz eta espainieraz gaitasun osoa lortzea, euskara lehenetsiz, bi hizkuntzak ikasleentzat "naturalak" izan daitezen; 3) Adina kontuan hartu eta hezkuntzako mailetan lau hizkuntzekiko plangintza bateragarria eraiki; 4) Modu egokienak zeintzuk diren kontuan hartu: murgiltzea, curriculumaren ikasgaiak hainbat hizkuntzatan ikasiz eta biziz. Hainbat esperientzia egin da orain arte eta badirudi, emaitza onak lortu dituztela. Horrela, adituek jadanik eztabaida dezakete eleaniztasunaren plangintzari buruz. Eztabaida honetan parte hartu nahian, eta esandakoak kontuan hartuz, eztabaidagai izan daitekeen proposamena egitera ausartzen naiz. Adinaren arabera banatu dut proposamena:
- 2-3 urterekin hasi eta 6 urtera arte eredu euskalduna (D ereduaren antzekoa unibertsalki jarriz) erabili, euskara eta euskaraz bakarrik irakatsiz.
- D ereduan, 6 urterekin (Lehen Hezkuntza hasterakoan) espainiera eta ingelesa sartu, hizkuntza moduan irakatsiz eta hiru-lau egunez eskola ordu bat emanez.
- D ereduan segituz, 8 urterekin hasi eta 16 urte arte espainierarekin eta ingelesarekin jarraitu, baina curriculumeko ikasgairen bat espainieraz eta ingelesez ikasiz (hiru-lau egunez eskola ordu bat). Espainieraz eta ingelesez ikasiko diren curriculumeko ikasgaiek ikasturte osoa iraun dezatela eta urtero edo bi urtez behin alda dadila ikasgaia. Helburua da hizkuntza horietan ere, ikasgai bakoitzeko ohitura linguistikoak (lexikoa, ortografia, estilo diskurtsiboak...) ikastea eta lortzea.
- D ereduan jarraituz, Bigarren Hezkuntzan (12-16 urte) beste atzerritar hizkuntza batekin hasi: frantsesa agian (Iparraldeko ukipeneko hizkuntza delako euskararen ondoan), alemana... Hasierako bi edo hiru urtetan hizkuntza moduan ikasiz. Hurrengo urteetan, agian, curriculumeko ikasgairen bat hizkuntza honetan ikas daiteke.
Horrela lortuko litzateke euskaraz eta espainieraz (Hegoaldean) gaitasun osoa eta ingelesez maila oso ona. Frantsesez edo atzerriko beste hizkuntzaren batean, maila nahiko ona, gutxienez akademietan lortzen den gaitasun pasibo eta aktibo erdiko maila lortuko litzateke.
Helburuak lortu nahi badira, eguneroko bizitzan erabat ondo moldatzeko adina jakin beharko dituzte euskara eta gaztelania. Ingelesa ere ondo menderatuko dute eta frantsesa ere Hegoaldean (edo besteren bat) nahiko ondo, ez nahitaez eguneroko bizitzarako, baina bai eremu jakinetan erabiltzeko. Badirudi, ingelesa gero eta eremu gehiagotan erabiliko dela gainera. Eztabaidarako beste kontu bat ere badugu, etorkinena, baina ez naiz orain horretaz hitz egiten hasiko.
Tontxu Camposek dioen bezala, posible da lau hizkuntzak ikastea, Xabierrek esan duen bezala gauzak ondo antolatzen badira.

M. Zalbide. Ele anitzeko irakaskuntza ez da gauza berria gure artean. Hemen ez ezik atzerrian ere Lewisek-eta zehatz eta ederki agertu zutenez, gutxienez 4.000 urteko historia dauka gure mundualde euromediterranear honetan ele biko edo ele anitzeko hezkuntzak. Beraz, oso urrutitik datorren kontua da. Gure artean ere, orain ia galdurik dauden arren, latinak eta grekoak orain ez bezalako lekua izan dute. Beraz, ez gara hutsetik abiatzen. Are gehiago, XX. mendean zehar, Gipuzkoan eta Bizkaian bereziki, ez dakit noraino Nafarroan, Iparraldean eta Araban, kolegio alemanak, frantsesak eta azken 30 urteotan kolegio ingelesak zabalduz joan izan dira. Hor ere gutxienez 80 urteko tradizioa dago. Kontuan izan behar dugu, hori dena horrela izanik ere, ezin ditugula euskara, gaztelania eta ingelesa (atzerri hizkuntza ezagunena aipatzeagatik) zaku berean sartu, hiru horien trataera ez da inola ere gauza bera. Ikuspegi juridikotik hizkuntza ofizialak bi dira, eta beraz bai hiritarren eskubide nagusiak eta bai agintarien obligazio nagusiak bi horietan zentratzen dira, ez hirugarrenean. Bestelako trataera izan dezake hirugarren honek, baina ez da gauza bera. Ikuspegi soziokulturaletik ere, ezin dira munduan zehar luze-zabal dabilen ingelesa eta gaztelania eta euskara pare berean jarri. Eskolak ahula sendotzeko xedea bere gain hartua duen neurrian, ezin du pentsatu: «Trataera bateratuak dena konponduko du». Dena ez du konponduko, beharrezkoa edo desiragarria izanik ere.
Horrezaz aparte badaude problema operatiboak. Badakigu gaur zenbat neke eta zer-nolako buruhauste ekarri dituen ia erdaldun hutsa zen irakaslegoa pausoz pauso euskaldunduz eta elebidunduz joateak. Hasieran, gogoan duzuenez, bide-urratzaile izan ziren ikastolak eta gero ikastetxe publiko eta gainerako pribatuak horretan jardun ondoren, 25 urte pasa eta gero (zifra bat esateagatik), oraindik ere badakigu non gauden. Beraz, pausoak kontuz eta tentuz ematea beharrezkoa gertatuko da eta hor ere ebaluazioak izan beharko luke oinarri. Hots, aurreragoko pausoak eman aurretik zer lortzen ari garen ikusi behar genuke, zer hobetu litekeen aztertzen eta identifikatzen saiatuz.

R. Ederra. Elebitasunean bezala, eleaniztasunean ere gauzak zehaztu egin behar dira, ez da oreka, inolaz ere, hitzarekin batera datorren gauza bat. Oreka hori edo zer nolako tratamendua izan behar duten hizkuntzek curriculumean, argi dago definitu behar dela gure hezkuntza sisteman, alegia, nolako hezkuntza sistema nahi dugun, zertarako eta zeri erantzuteko. Euskal Herriaren ikuspegitik argi dago hemen ardatza euskara dela eta horri erantzun behar zaio. Hori kontuan izanda, argi dago bi hizkuntza bizi direla euskararekin, frantsesa eta gaztelania eta horiei ere erantzun egokia eman behar zaie, curriculumean zehaztu behar da. Alabaina, helburuak desberdinak dira ez baitira azken horiek ardatzak, ez gaztelaniak ez frantsesak ez gaituzte euskaldun guztiak batzen, euskarak baizik. Hori esanda, garbi dago, gizarte honetan, ofiziala izan ala ez, ingelesak nazioarteko hizkuntzaren funtzioa betetzen duela eta gizartearen behar horri hezkuntza sistemak erantzun egin behar dio.

Bestalde, eleaniztasuna ona da ez denean erabiltzen zerbaiten kontra. Hori da Nafarroan gertatzen ari dena, ingelesaren ezarpena erabili izan da euskararen eta D ereduaren izaera hondatzeko edo aldatzeko, emaitzak baldintzatzeko, argi eta garbi. Oso kuriosoa da; I eta J eredu alegal-ilegalak jarri dituzte martxan eta horiek A eta G ereduen parekotasuna dute. Argi dago D ereduak ez duela ingelesak duen tratamenduarekin parekotasunik. Ez dute beste eredu bat sortu D ereduaren barruan ingelesa izango lukeena. Denok dakigu euskalduntasuna politikoki erasotua dela emaitzak lortzeko eta ingelesaren gaia erabili dute euskara eta euskal nortasuna hondatzeko edo gutxienez baldintzatzeko.

Mixel Esteban, Ikas-Biren lehendakaria: «Euskararen guduka hiriguneetan»

Orain dela hogeita bat urte sortu da sare elebiduna eskola publikoan. Saran, hain zuzen. Datorren urtean, Ikas-Bi gurasoen elkarteak hogeigarren urtemuga ospatuko du. Bide luzea eta askotan trabatua izan arren, ondorioak ez dira hain txarrak gaur egun. Aurtengo sartzeari dagokionez, Ipar Euskal Herriko 205 eskola publikoetako 70ek irakaskuntza elebiduna proposatzen dute. Ikastetxe edo kolegioei dagokienez, 17tik 10ek irakaskuntza elebiduna proposatzen dute. Gurasoen determinazioa nabaritzen da. Dudarik gabe, itxaropentsua da euskararentzat. Jakinez euskarak ofizialtasunik ez duela Iparraldean.

Baina zertan dago irakaskuntzaren mapa? Pixkanaka, gauzak hobetzen ahal dira Euskal Herriko barnealdean. Hainbat guduka irabazten dugu barnealdean eskola berriak irekiz, batez ere azken hamar urte hauetan. Bestalde, gauzak nahiko ongi dabiltza Hego Lapurdiko kostaldean. Hendaian adibidez, euskararen guduka irabazteko bidean gaude, haurren artean.

Donibane Lohizuneko eskualdean, nahiko lan badago, baina arazoa ez da hain larria, orain dela hogei urte bezala.

Aldiz, gure kezka nagusia Baiona, Angelu, Miarritze eskualdean dago. Orain dela hiru urte, lau eskola publikok baizik ez zuten irakaskuntza elebiduna proposatzen. Azken bi urte hauetatik, elebitasuna bertze bi eskoletan zabalarazi dugu, Miarritzen eta Angelun, hain zuzen. Eskualde honetan egonez, irakaskuntzaren bigarren mailako egoera zalantzan dago ikastetxeetan eta irakaskuntza elebiduna ez dago lizeo publikoetan. Noski, gure bidea jarraitzen dugu, euskararen guduka irabazteko hiriguneetan. Ipar Euskal Herriko ikasleen kopuruaren erdia Baiona, Angelu eta Miarritzeko hiriguneetan kokatzen da, lehen mailan. Bestalde, ikastetxe eta lizeo handienak bertan aurkitzen dira.

Euskararen egoera gaizki dago hiri hauetan: biztanleriaren %10ak baino ez daki euskara. GIP delako euskararen aldeko erakunde publikoa sortu da orain dela urte bat, euskararen planifikazioa bultzatzeko, bereziki eskoletan. Tresna interesgarria da, baina ez dugu ahaztu behar gurasoen eta haien elkartearen tokia. Nahiz eta erakunde publikoen partaide leialak izan, Ikas-Bik bere bidea jarraitzen du. Orain dela hogei urte sortu zen militantismo berri bat eskola publikoan eta jarraitzen dugu. Ahal bezain ongi, indarrak bateratuz, eskola publikoaren baloreak ahaztu gabe, eskola publikoa denentzako eskola baita, laikoa, dohain eta herrikoia. Ipar Euskal Herriko familien %70ak eskola publikoa hautatu du. Eskola publikoaren lehen mailan diren 15.000 ikasleetatik %20ak euskarazko irakaskuntza jarraitzen du. Azken finean, Iparraldeko haur elebidun guztien erdia baino gehiago eskola publikoan kokatzen da. Ez da dudarik, eskola publikoa berreuskalduntzeko prozesuan izan behar da, euskararen guduka irabazteko.

Mahaikideak
Maria-Jose Azurmendi. Gizarte Psikologiako katedraduna EHUn
61 urte ditu eta Donostian jaio eta bertan bizi da. 13 urte egin zituen Deustuko Unibertsitatean, Donostiako Campusean, Filologia Erromanikoa irakasten. 1983az geroztik EHUn, Psikologia Fakultatean ari da irakasten titulazio hauek: Eleaniztasunaren Psikologia eta Gizarte Psikologia eta Hizkuntza Psikologia, eta Gizarte Psikologia Psikopedagogia. Soziolinguistika Klusterraren Bat Soziolinguistika aldizkariaren zuzendaria da.

Rikardo Ederra. Dindaia Fundazioko lehendakaria
Nafarroako Otxobi herrian jaio zen duela 46 urte eta bertan bizi da. Irakasle hasi zen Irurtzunen eta Errenterian eta Goizuetan ere aritu zen. Ondoren, Irakasleentzako Laguntza Zentroan egin zuen lan, 1999an, osasun arazoak medio, erretiroa hartu zuen arte. Sortzen-Ikasbatuazeko fundatzailea eta koordinatzailea izan da. Orain, azaroan urtebete sortu zuten Dindaia Fundazioko lehendakaria da. Fundazioaren egitekoa aisialdian euskarak tokia izan dezan lan egitea da.

Xabier Garagorri. EHUko irakaslea
1944. urtean jaio zen Xabier Garagorri eta Donostian bizi da. Euskal Herriko Unibertsitatean, Donostiako Campusean, Magisteritza Fakultatean ematen ditu eskolak. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioan aholkulari pedagogikoa da gaur egun. Aurten dira hogeita bost urte Ikastolen Konfederazioan laguntzen ari dela.
Euskal Curriculumaren zuzendaria ere bada.

Mikel Zalbide. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuaren burua
1951n Donostian jaio eta bertan bizi da. Industria Ingeniaritza ikasi zuen. Elhuyar-en sortzaileetakoa da eta ondoren, UZEIren sorrera urteetan aritu zen lanean. Ia hogeita bost urte daramatza lanean Eusko Jaurlaritzan. 1981az geroztik Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuaren burua da. Euskarazko irakaskuntzaren garapenean beharrezko neurriak aplikatzean datza bere egitekoa.

Isabel Celaá, PSE-EEko bozeramalea Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza eta Kultura batzordean: «Euskal hezkuntzaren erronka linguistikoa»

Desberdina dena aintzat hartzea, giza eskubideak errespetatzea eta komunikazioa nahiz beste errealitateak ezagutzea ahalbidetzen dituen heziketa linguistikoa hartu behar dira heziketa kosmopolitaren hiru zutabe nagusitzat. Gero eta globalizatuagoa den mundu honetan ezinbesteko zeregina du hori eskolak.

Euskal hezkuntza sistemak, gutxienez hirukoitza den erronka linguistikoari aurre egin behar dio, izan ere bi hizkuntza ofizial dituen herrialdean bizi garenez, lehenik eta behin, aukera berdintasuna eta gizarte kohesioa ahalbidetzen lagunduko duen elebitasun aktibo eta orekatua lortu nahi baldin badu, biak sartu behar baititu curriculumean. Bestalde, Europan herritarren joan-etorri askea errazagoa izan dadin, curriculumean derrigor landu behar du Europako beste hizkuntzetako bat gutxienez.

Hortaz, heziketaren helburuak -baloreak eta ezagupenak transmititzea- helburu linguistikoekin nahastu gabe, Derrigorrezko Hezkuntzaren bukaeran euskaraz zein gaztelaniaz ahozko eta idatzizko trebetasun nahikoak izatea da, gure ustez, hezkuntzaren lehen helburua. Helburu hori bera ezarri zuen 1990ean Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Lege Organikoak (LOGSEk, hain zuzen ere).

Alabaina, aurreko baieztapen horrek ondoriorik izan dezan, desberdinak izan arren bata bestearekin zerikusia duten bi arrisku handi saihestu behar dira. Euskara ikuspegi ideologiko-politikotik erabiltzen da, eta horrek praktikan dakarrena da gure erkidegoan ia ez dagoela irizpide zientifikorik eta ia ez dela ebaluazio linguistikorik egiten. Gauzak horrela, emaitza oso kaxkarrak lortzen ditugu, izan ere, batzuek, euskara jabego propiotzat hartzen baitute eta hizkuntza politikaren kudeaketari egiten zaion edozein kritika nahita identifikatzen baitute hizkuntzaren kontrako eraso bezala. Beste zenbait, alderantziz, euskaraz "desjabetzen" dira, arrotza balitzaie bezala, eta ez dute onartu nahi aurrera egiten uzten ez diguten inkognitak argitu beharra dagoela.

Aitortu beharra dago nazionalismoak -ez guztiak baina bai zati handi batek- euskara erabili izan duela eta erabiltzen jarraitzen duela elementu bereizle gisa eta ez-nazionalismoak -ez guztiak baina bai zati handi batek- euskara laga duela, nazionalismoaren beste adierazgarri bat bezala sentitzen duelako. Alabaina, inondik ere -ezta hizkuntzei dagokionez ere- inozentziarik gabea ez den paisaia honetan jokatzea egokitu zaigu; zorrotz jokatu behar dugu gainera, zientzia erabiliz eta aurreiritziak alde batera utzita.

Euskal gizartearen borondatea da hezkuntza izatea gizarte elebiduna ahalbidetuko duen esparrua. Hezkuntza Sistemak bere garapen gorena izan du Eskola Publikoaren Legearen, Irakasle Kidegoen Legearen eta Hizkuntza Eskakizunei buruzko Dekretuaren ezarpenarekin. Horiek guztiak molde sozialistaren arabera eratu ziren, eta beroiei esker lortu da, euskararen ezagutzari dagokionez, 80ko hamarkadan bost pertsonatik elebidun bat izatetik 2005ean hirutik bat izatea elebiduna.

A, B eta D hiru hizkuntza ereduen arabera, maila batean edo bestean aurrera egin dugu euskararen presentziari dagokionez. Trantsizioaren hasieran irakasle euskaldunak %5 besterik ez ziren. Egoera horretan hasi ginen, eta gaur egun ia %80 dira euskaldundutako irakasleak hezkuntza publikoan. Bide hori egitea ezinezkoa izango litzateke euskal irakasleek egindako sakrifiziorik gabe eta eskola publikoko gurasoen borondate faltarekin. Aitortu beharra dago, kritika moduan, gainera, batzuek eta besteek gizarte presio gogorra egin dugula instituzioetatik.

Gaur egun, egindako lana zientifikoki ebaluatu eta aurrerantz egiteko moduan egon beharko genuke, teorian behintzat aukera daukagulako eredu iragazgaitzetan oinarritutako hizkuntza tratamendu zurrunetik aldendu eta bi hizkuntza ofizialak modu orekatuan darabiltzan hizkuntza tratamendu malgurantz jotzeko. Eredu mistoa litzateke hori, benetako eredu elebiduna, alegia. Eredu horrek bi hizkuntzak landuko lituzke curriculumean, biak izango lirateke irakaspen hizkuntzak, une desberdinetan eta jakintza arlo desberdinetan, egoeren arabera; hau da, eremu soziolinguistikoaren, ikastetxe bakoitzaren ikasketa proiektuaren, familien borondatearen, ama hizkuntzaren edo taldeen osaeraren arabera. Ikastetxe bakoitza egoera horietako bakoitzera behar bezala egokituko litzateke, bere autonomiaz baliatuz.

Hortaz, esperimentu gisa, irakasleen oniritziarekin eta familien baimenarekin, irakaskuntza publikoko zenbait mailetan gaur egungo ereduak gaindituko lituzkeen tratamendu linguistikoari ekitea proposatzen dugu. Eredu horrek bi hizkuntza ofizialetan, euskaraz eta gaztelaniaz, lan egingo luke eskolaren eremuan, eta ebaluatu egingo litzateke aurrera egin ahal izateko.

Azken finean, euskara eta gaztelania integrazio faktoreak izan daitezela nahi dugu eta ez hezkuntza sistemako liskar iturriak, nahiz eta horretarako hezkuntza itun bat baino zerbait gehiago beharko den. Beharrezkoa da guk bultzatu nahi dugun hezkuntza ituna kultur itun batekin eta hizkuntza itun batekin osatzea. Itun horrek herri honetako bi hizkuntza eremuek bat egiteko guneak eratu behar ditu. Hitzarmen sozial eta politikoa izan behar du, orain dela 22 urte hizkuntza mailan lortutako adostasunak, orain zartatuta edo erabat galduta daudenak, berreskuratuko dituena.

Baina itun hori gauzatzeko, ezinbestekoa izango da konfiantza politikoa lantzea, konfiantzari esker eta jarrera totalitarioak alde batera utzita bakarrik lortuko baitugu hiritarrak euskara jakitetik erabiltzera pasatzea. Horretarako, ordea, hauxe onartu beharko genuke lehenik: nahiz eta euskara Euskal Herriko berariazko hizkuntza izan, gaztelania ere berezko hizkuntza dela, euskaldunen %80ren ama hizkuntza baita. Azken batean, ez da garra politikoa izango elebitasunean aurrera egitea ahalbidetuko duena, baizik eta errealitatea onartzea, zientzia, eta gizarte elebiduna garatzeko konpromiso aktiboa hartzeko borondate demokratikoa.

Horrekin guztiarekin ere ez da bukatzen euskal hezkuntza sistemaren erronka linguistikoa. Izan ere, elebitasun orekatuarekin batera ingelesa ere sartu behar baita curriculumean. Haurrek txikitatik hasi behar dute ingelesa ikasten eta gero eta leku handiagoa eman behar zaio hizkuntza horri, derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzan espazio linguistikoaren %30 hartu arte. Hala egiten ez badugu, Europan joan-etorri askean ibiltzeko ezinbesteko tresnarik gabe utziko ditugu gure gazteak.


Azkenak
2024-05-05 | Ainize Madariaga
Maskaraden hegaletan

Lehentze franko ditu Pagolako maskaradak: lehentze da Pagola herriak maskaradak ematen dituela; lehentze ere da Kabana pertsonaia neska batek jokatzen duela; lehentze ere da maskaradako txirulariak oro neskak izan direla, Urdiñarbeko barrikaden denboran; lehentze da... [+]


2024-05-05 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


Pertson(alismo)en politika

Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez Sánchez. Bost egun errepikaren errepikaz. Enpatxura arte eztabaidatu da “hausnarketa” egun batzuk hartzeak zenbat duen zintzotik eta zenbat jokaldi politikotik. Baina deus ez bere egiteko... [+]


Alejandra Burgos eta Karla Guevara, El Salvadorko trans aktibistak:
"LGTBI komunitatea eta emakumeak beti egon gara salbuespen egoeran"

Pasa den otsailaren 24an Egia, Justizia eta Erreparaziorako ekitaldi bat antolatu zuten Bilbon, Mugarik Gabe erakundeak, Bizitu Elkarteak, Feministaldek, Mujeres del Mundok, Zehar Errefuxiatuekin elkarteak eta Colectiva Feminista Para el Desarrollok. Hiru indarkeriak ardaztu... [+]


Euskara okupatu, marisolasteko

Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi hitzak aldatzen doaz, eta horiekin batera hitzen esanahia. Modu asko daude norbere burua izendatzeko: soropil, biziosa, marioker, ez-binario, maritxu, eta beste. Pertsona sexu-genero disidenteen beharrak asetzeko euskara zikintzeaz eta... [+]


Eguneraketa berriak daude